Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 abuztua 2019 13:49

Gaur goizean hasi dira Beti Jai pilotalekuen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak. Obrak 1.104.954 euroan esleitu ziren, bost hilabeteko epean gauzatzeko. Zehazki, lan hauek egingo dira: esparrua sektoretan banatu, publikoa ebakuatzeko bideak hobetu, suterik izanez gero kea kanporatzeko bideak berritu, suteen kontra babesteko instalazioak indarrean dagoen araudira egokitu, komunen kopurua handitu eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat irisgarriago bihurtu.

Orobat, larrialdietako irteerak egingo dira eraikinaren ekialdean zein mendebaldean, eta harmailak eta goiko solairuak ebakuatzeko eskailerak jarriko. Gaur bertan ekin zaio Lasarteko atera ematen duen fatxadako lanak prestatzeari, eskailera egitekoa den lekuan bi zuhaitz kendu baitira.

Kirol Zerbitzuak Lakuako pilotalekua irekiko du abuztuaren 19tik 31ra arte, 08:00etatik 22:00etara, herritarrek pilotan jokatzerik izan dezaten.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:34

Udaltzaingoaren agenteek 45 urteko gizonezko bat atxilotu dute, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekidea iraindu eta jotzeagatik.

Emakume batek poliziaren zentralera deitu zuen larunbat goizaldean, eta adierazi zuen bere bikotekidea mozkortuta zegoela eta enbarazu egiten ari zitzaiola. Udaltzainak banan-banan elkarrizketatu ziren bi bikotekideekin Alde Zaharreko beren etxebizitzan; emakumeak esan zuen bikotekideak iraindu eta jo egin zuela, eta gizonezkoak, aldiz, aitortu zuen eztabaida gogor bat eduki zutela, eta labearen aurka aulki bat jaurti eta puskatu egin zuela. Gizonezkoa atxilotu ondoren, polizia-etxera eraman zuten, eta ordu batzuk geroago epailearen eskuetan gelditu zen.

Bi pertsona zauritu dira istripuan

Larunbatean, Kexaako Gaztelua kalean txirrindulari baten eta auto baten artean gertatutako trafiko-istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. 31 urteko txirrindularia zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Gaur goizeko 7:15ak aldera Maite Zuñiga eta Lasarteko Atea kaleen elkargunean auto baten eta furgoneta baten artean izandako istripuan esku hartu behar izan dute Udaltzainek eta Suhiltzaileek; istripuaren ondorioz, furgoneta alde batera iraulita geratu da, eta bertan zihoan gidaria, 79 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu da eta Santiago Ospitalera eraman dute.

Udaltzaingoak beste hamahiru trafiko-istriputan esku hartu behar izan du asteburuan, nahiz ez den zauriturik izan, eta lau gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik.

Ostiralean, Praga hiribidean, ibilgailu batek trafiko-arau bat urratu zuen, eta hura gidatzen zihoan 36 urteko gizonezkoak uko egin zion drogak hautemateko probak egiteari, eta horren ondorioz, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

59 eta 41 urteko beste bi gidari trafiko-arauak urratzen ikusi zituzten; lehenak, Bergarako Atea kalearen eta Kantauriko hiribidearen arteko biribilgunean aparkatu zuen, eta bigarrena, gehiegizko abiaduran derrapatzen ari zen Wellington Dukea eta Baiona kaleak elkartzen dituen biribilgunean, eta horren ondorioz, biei alkoholemia-probak eginarazi zizkieten eta biek emaitza positiboa eman zuten.

Halaber, Udaltzaingoa beste argiketa bat egiten ari da, eta horren bidez, 29 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira Juan de Garay kalean auto bat gida-baimenik gabe gidatzeagatik, haren indarraldia galdua baitzuen.

Joan den ostiralaz geroztik, Udaltzaingoak alkoholemiako bederatzi prebentzio-kontrol egin ditu hirian, eta horietan, 155 gidarik egin behar izan dituzte arauzko probak; seik emaitza positiboa eman dute.

Udaltzaingoak asteburuan 29 salaketa izapidetu ditu eta polizia judizialaren 8 jarduera egin ditu.

Alarma leiho batean kea zegoelako

Suhiltzaileek dei bat jaso zuten Mendateen Zidorra kaleko etxebizitza baten leihotik kea ateratzen ari zelako larunbatean, baina hara iritsi zirenean ikusi zuten barbakoa bat egiten ari zirela, eta beraz, eskaileran sartutako ke hori ezabatzeari ekin zioten, presio positibo bidezko aireztapena baliatuz; gero, Udaltzaingoak bere gain hartu zuen esku-hartze horren ardura.

Suhiltzaileek, halaber, Domingo Beltran kalean pertsona bat etxeko leihotik kanporatzeko esku hartu zuten atzo, anbulantziako langileek ezin zutelako komunitateko eskailera estuegia zelako, eta leihotik kanporatzeko, beraz, auto-eskaladun ibilgailua erabili zuten. Horrez gain, neurri handiko zuhaitz baten zati lehorrak kendu zituzten Andaluzia kalean, erortzeko arriskuan zeudelako.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:23

Urriaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dira eskabideak; bi urterako baimena emango da, eta beste bi urtez luzatu ahalko da

Borja Rodríguez zinegotziak zuzentzen duen Partaidetza Zerbitzuak epea ireki du Simone de Beauvoir, Rogelia de Álvaro e Itziar elkarteen etxeetan aretoak egoitza gisa erabiltzen uzteko baimena eskatzeko.

Gasteizko Udalak Simone de Beauvoir elkarteen etxean, Rogelia de Álvaro elkarteen etxean eta Itziar elkarteen etxean dituen lokalak jabari publikoko ondasunak dira. Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuaren bitartez, eta deialdi publikoa eginez, lokal eta ekipamendu horiek irabazte-xederik ez duten eta helburutzat gizarte, kultura eta hezkuntza sustapena duten entitateen esku jartzen ditu, udalerriaren interes orokorreko programa eta jarduerak gara ditzaten, erabiltzeko baimenaren figura juridikoa baliatuz.

Herritarren parte hartzea, banaka edo taldeen bitartez, funtsezkoa da gizarte demokratikoagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko prozesuan, eta ezinbestekoa gizartearen aurrerabiderako“, adierazi du Rodríguezek.

Betekizunak betetzen dituztelarik udalaren elkarteen etxeetako batean aretoak —banaka nahiz beste elkarte batzuekin batera— erabili nahi dituzten elkarte, fundazio eta entitateek 2019ko urriaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dute eskabidea.

Lokalak erabili ahal izateko, baimena eskuratu beharko da; baimenak bi urte iraungo du, eta beste bi urtez luzatu ahalko da, hau da, gehienez lau urterako izango da. Baimena lortzeko, dagokion eskabidea aurkeztu behar da Gasteizko Udalaren herritarrei laguntzeko bulegoetako batean, eta baldintza hauek bete:

  • Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.
  • Gizarte, kultura edo hezkuntza alorrekin lotutako helburuak dituzten elkarteak izatea.
  • Jabetzan aretorik ez edukitzea.
  • Gasteizen helbide soziala edo ordezkaritza izatea.

Eskabidearekin batera zenbait agiri aurkeztu beharko dira, besteak beste, entitateak 2018an egindako jarduerei buruzko informazioa eta 2020an garatzekoa den proiektua.

Erabiltzeko baimenak arautzeaz gain, elkarteen etxeetako armairuen esleipena ere arautzen dute deialdiaren oinarriek; elkarteen etxeetako lokalak noizean behin erabiltzen dituzten entitateei eskaintzen zaizkie horiek, bilera, lantegi, ikastaro eta bestelako jardueretarako materiala gordetzerik izan dezaten.

Bide hauetatik lor daiteke deialdiaren izapide, eskabide eta agiriei buruzko informazioa: Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoa, herritarrei laguntzeko bulegoak, 010 telefonoa, edo Herritarren Partaidetzaren Zerbitzua (945161687 telefonoa).

 

Share