Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 abuztua 2019 22:09

“Gasteizko bizilagunok. Zuen pregoilari naizen aldetik, azalpen bat zor dizuet, eta azalpen hori ordaindu egingo dizuet; izan ere, zuen pregoilari naizen aldetik, azalpen bat zor dizuet, eta azalpen ordaindu egingo dizuet, zor dizuedalako, zuek adimentsuak eta buruargiak zaretelako…” 

Espainiar zinemaren esaldi ezagunenetako baten egokitzapen bitxi horrekin hasi du Kepa Sojok 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoia, gaur gauean Espainia plazan, milaka jenderen aurrean.

Zinema-erreferentzia ugaridun eta umoreonez jositako hitzaldian –“gure hiriaren ziena eman diete printzesei, esaterako  Suediako Vitoriari, beste hiri batzuei, Brasileko Vitoria de Bahía kasu, eta baita Vitoria ur-jauziei ere”­–, Kepa Sojok zazpigarren artean egin zituen lehen urratsak gogoratu ditu, Ana de Begoña unibertsitate-irakaslearen eta Luis García Berlangaren beraren eraginpean, azken ikasle izan baitzen zen Madrileko Arte ederren Zirkuluan“nire ikasleei errepikatzen diet halako irakaslea izatea margolaritzan Ignacio Díaz de Olano edo musikan Jesus Guridi” izatearen parekoa dela.

Kepa Sojok azpimarratu duenez “Gasteiz modako dago, ez soilik zinemaren alorrean, baita beste diziplina askotan ere, eta horrek guztiak handiago bihurtzen du Gasteiz”, eta deia egin die gasteiztarrei “datozen egunetan egin beharrekoak apuntatzeko. Horietako askotan nireak eta bost ematen ikusiko nauzue. Esaterako: txupinazoaren egunean ezin hobeto pasatzea eta Zeledon jaitsierarekin gozatzea, etxe berririk egin ote duen egiaztatzea eta , hala izatera, leiho eta balkoirik ba ote dituen, gure Andre maria Zuria maitea gurtzea…”.

“Emakumeekiko errespetua eskatu du zinema-zuzendari eta irakasle ezagunak Gure ama, arreba eta ahizpa, alaba eta bikoteak lasai goza dezatela jaiez, erasoen beldurrik gabe. Sinestezina da 2019an oraindik ere koldar halakoak emakumeak erasotzen ibiltzea. Bada mezu argi bat, ezin errazago ulertzekoa, eta mila bider eta bat gehiago errepikatu behar duguna, ohartu daitezen: EZ BETI DA EZ. Guztion konpromisoa da sexu-erasoen eta genero-indarkeriaren basakeriarekin behingoz  eta betirako amaitzea. Ez diegu halako otso-saldoei –nik zerri-talde deituko nituzke– jaia aitzaki eta jarrera koldarrak mozorro baliatuta zigor gabe jokatzen utzi behar. Berriro esango dut: EZ BETI DA EZ. Zuen bila goaz”.

Errespetu berbera eskatu du gero “LGTBI kolektiboko jendearentzat, festaz askatasun osoz gozatu ahal dezaten, arlote zarpail eta basatien albo-begirada, hitz iraingarri edo erasoak agoantatu beharrik gabe. Errespetua beste ararza eta kultur batzuetako jendearentzat. Errespetua.

Kepa sojok desio batekin amaitu du: “Egun hauek zorionez eta sentimendu onez beterik datozela, eta nahigabea eta kontu txarrak betirako desagertu daitezela”.

Pregoiaren ostean, ELE artista (Elena Iturrieta) taula gainera igo da eta kontzertu bat eskaini du. Madrildar artista soul musikaren munduan agertu zen 2015ean, Summer Rain diskoarekin, eta ordutik aurrera soul musikaren itxaropen handienetakoa da.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, abuztuak 2

  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López Andre Maria Zuriaren Futbol Txapelketa ikusten izango da 19:00etan, Olaranbe futbol zelaian.
  • Kepa Sojok emango duen pregoian izango da Udalbatza 21:30ean, Plaza Berrian.

 

Igandea, abuztuak 4

  • Udalbatza 2019ko Jaien txupinazoan eta Zeledonen jaitsieran izango da 18:00etan.
  • Udalbatza segizioan joango da San Migel elizara 19:15ean, Andre Maria Zuriaren ohore bezperetan parte hartzeko; udal musika banda, txistulariak, erraldoien konpartsak, buruhandiak, zaldiak eta txotak, eta gaita-jotzaileak izango ditu lagun.
  • Udalbatza Farolen Arrosarioaren Prozesioan izango da 22:00etan, erdialdean.

 

Astelehena, abuztuak 5

  • Andre Maria Zuriaren Kofradiak antolatzen duen lapur-mezan izango da Udalbatza 8:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Udalbatza Andre Maria Zuriaren ohorez egingo den meza pontifikalean izango da 10:30ean, San Migel elizan.
  • Udalbatza Gasteizko Zortzikoan izango da 12:00etan, Plaza berrian.
Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:01

Kontuan izanik laster Gasteizko jaiak ospatzekoak direla eta udako oporraldian lekualdaketak ugaritu egiten direla, Udaltzaingoak abuztuaren 3tik 11ra alkoholemiaren kontrolerako trafiko-kanpaina berezi bat egingo du udalerriko kaleetatik doazen gidarien artean, eta halaber, gidaritzari kalte egiten dioten beste era bateko drogak edo estupefazienteak kontsumitzea zainduko du, istripuen arriskua areagotzen dutelako.

Kanpaina hori hurrengo bi asteburuetan errepikatuko da eta Eusko Jaurlaritzaren Planari atxikitako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako 2018-2023 Udal Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontroleko jardueren barruan sartzen da; horren helburua bide-segurtasuna bermatzea da, Euskadiko errepideetan ezbeharren kopurua eta horrekin loturiko lesio-aukera murriztuz.

Irteera-operazioaren bigarren fasea

Gaur Irteera Operazioaren bigarren fasea abiaraziko da, Forondako Atean Burgos eta Madrilerako noranzkoan etenaldi batzuk eginez, eta horrenbestez, noranzko horretan A-1 errepide nazionalean sartu nahi duten ibilgailuak ekialderantz desbideratuko dira Zadorra hiribidetik Gamarrarantz, eta han N-240 errepideak A-1era sartzeko duen lotunea hartuko dute.

Beraz, N-102 errepidearen irteera hartzea gomendatzen da (Armentiako irteera) Ariñezerantz, edo bestela, arestian aipatu bezala, N-240 errepidetik A-1era joateko Gamarrako lotunea hartzea.

Desbideraketa horien datak eta ordutegiak hurrengo hauek dira:

  • Ostirala, abuztuak 2: 8:00etatik 21:00etara
  • Larunbata, abuztuak 3: 7:00etatik 22:00etara
  • Igandea, abuztuak 4: 7:00etatik 17:00etara

Bilbo (N-622), Donostia eta Iruñeko (A-1) noranzkoan egiten diren irteerek ez dute aldaketarik izango.

Hurrengo egunetan ibilgailu pribatuetan oporretara joateko aurreikusten diren lekualdaketak direla eta, Udaltzaingoak gomendatu egiten du bi orduz behin edo 200 kilometroz behin atseden hartzea, ezarritako abiadura-mugak errespetatzea, segurtasun-uhala eta kaskoak erabiltzea eta janari oparoegirik ez egitea.

Gainera, oporretan egiten diren lekualdaketa laburretan gidatzen arreta guztia jartzea zein garrantzitsua den gogoratzen dute, istripuen kopururik handiena orduantxe izaten delako.

Udaltzain baten aurka eraso egiteagatik emakume bat atxilotu dute

Udaltzaingoaren agenteek 41 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo, agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delitu baten ustezko egile gisa.

092 zenbakira egindako telefono-dei batek eskatu zuen Prudencio María Verastegui kaleko ostalaritza-establezimendu batera etor zedila polizia, bi gizonezko eta emakume baten artean izandako eztabaidan eraso bat gertatu zelako.  Patruilak izandako esku-hartze horretan, emakumeak udaltzain baten aurka eraso egin zuen, eta hori dela eta, atxilotu egin zuten eta, Guardiako Epaitegian dagozkion izapideak bete ondoren, aske utzi zuten.

Bi pertsona zauritu dira istripuetan

Txirrinduan zihoan 19 urteko neska bat zaurituta geratu zen atzo, bizikleta gainean beste pertsona batekin Herrandarren kaleko bidegorritik barrena zihoala, bidea emateko zioen agindua ez bete eta Jesús Guridi kalera behar bezala sartzen ari zen ibilgailu batek harrapatu egin zuelako. Zauritutako neska Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Cadena y Eleta kalean izandako beste istripu batean ere pertsona bat harrapatu zuten. Herri barruko autobus bat eta bizikleta bat zeuden nahastuta, eta bizikleta horretan bi adingabe zihoazen, horietako bat eskulekuaren gainean eserita. Herri-garraioko ibilgailuaren aurka talka egin zutenean, bidaiari gisa zihoan 12 urteko neska zaurituta geratu zen eta anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Udaltzaingoak beste 4 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan eta ez zuten inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 23 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 14 jarduera egin dituzte.

Sutea edukiontzi batean

Atzo, Lasarteko Atea kalean, hiri-hondakin solidoen edukiontzi batean piztutako sua itzaltzeko esku hartu zuten suhiltzaileek, eta horrez gain, beste dei bat jaso zuten, Zamaraga auzoan paperontzi bat sutan zegoela ohartaraziz, baina Ertzaintzak su-itzalgailu batez itzali zuen sua.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:38

Igandean Zeledonen jaitsiera gero eta berdeagoa eta iraunkorragoa izan dadin lanean arituko diren Egibideko 42 boluntarioak Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuko teknikariekin bildu dira gaur.

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landa, Egibideko Ingurumen zuzendari Eduardo Ochoa de Aspuru eta Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti ere izan dira boluntarioekin. Aurten arreta berezia emango diote Vital Fundazioak eta Gasteizko Udalak plastikoaren kontsumoa gutxitzeko sustatu duten kanpainari; horretarako, behin erabiltzeko edalontzien ordez edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko eskatu dute bi erakundeek.

Horretaz gain, gaurtik abuztuaren 4ko goizera arte, informazio-karpa bat jarri da Andre Maria Zuriaren plazan, eta ume eta gazteentzako jarduerak eta jolasak antolatu dira, birziklatu eta berrerabiltzeko aukerez kontzientziatu eta informatzearren.

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

Gaur egin duen bilkuran, Tokiko Gobernu Batzarrak Sara Buesa izendatu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zuzendari.

Aurreko agintaldian ere Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko zuzendaria izan zen Buesa. Udal gobernu berria osatu ondoren, aldatu egin da sailaren izena, baita horretaz arduratzen den zinegotzi ordezkaria ere: orain Jon Armentia da.

Sara Buesa Psikologian lizentziaduna eta doktorea da, Deustuko Unibertsitatetik, eta Gasteizko Udaleko karrerako funtzionarioa; 2008tik egiten du lan udalaren gizarte-zerbitzuetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:28

Gorka Urtaranek “gure hiria distiraraztera eta gure tradizioez eta kulturaz harro agertzera” animatu du, “jai eredugarri batzuetan, azken urteetan izan diren bezala”

Gorka Urtaran alkateak ohiko prentsaurrekoa baliatu du herritarrak Andre Maria Zuriaren jaien atarikoaz eta jaiez gozatzera gonbidatzeko, “pertsonekin eta ingurunearekin dotore jokatuz“. Alkateak “gure hiria distiraraztera eta gure tradizioez eta kulturaz harro agertzera” animatu ditu gasteiztarrak, “jai eredugarri batzuetan, azken urteetan izan diren bezala”.

Pregoia, txosnak, kontzertuak eta jaien atariko jarduerak

Gaur gauean hasiko da jai giroa berotzen, 21:30eko pregoiarekin. Zine-zuzendari, zine-historialari eta irakasle Kepa Sojok emango du; Cortada jaialdiko zuzendaria ere bada. Pregoiaren ondoren, soul, gospel eta rhytm&blueseko kontzertu handia emango du Ele interpretatzaile madrildarrak. Txosnetan ere gaur hasiko da programazioa, eta Blusen eta Nesken taldeek zenbait jarduera antolatu dituzte astebururako. Bihar, larunbata, JL García eta Ramses López DJek “Los 40 sessions – La Blanca” emanaldia eskainiko dute Foru plazan, 23:00etan.

350 jarduera

 Andre Maria Zuriaren jaiak jairik onenetakoak dira hainbat alderdirengatik: giroa, tradizioaren eta dibertsioaren arteko nahasketa, askotariko jarduera eskaintza eta gasteiztarrok ematen diegun kolorea. Hiriaz harro agertu ohi garen egunak dira; tradizioez eta kulturaz harro. Dibertitzeko sasoia da, berriz elkartzekoa”, nabarmendu du alkateak, eta gogorarazi du 350 jarduera baino gehiagok beteko dutela Gasteiz.
Jaietan 350 ekitaldi inguru antolatu dira, dagoeneko identitate-ikur diren hauek barne: tokiko talde ugari izango dira jai eremu guztietan, euskarak presentzia handia edukiko du, eta irisgarritasunaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egingo da.

Jaietan ere libre izan nonahi

Orobat, indarkeria matxistarik gabeko jaiak izan daitezen eskatu du Gorka Urtaranek, horietaz aske eta ahaldunduta gozatzeko.
“Jaietan ere LIBRE izan nonahi! Celebra, Actúa, Responde” lemaren pean, Udalak indarkeria matxista prebenitzeko estrategia prestatu du, bereziki gazteei zuzendua, erantzunkidetasunetik.
Igandean irekiko da informazio-lekua Independentzia eta Posta kaleen arteko bidegurutzean, indarkeria matxista prebenitzeko eta haren aurrean jarduteko, eta prebentzioko lantalde ibiltari bat ere osatu da.

Zeledonen jaitsieran, mezu soziala

Igande arratsaldean, milaka eta milaka pertsona joango dira Andre Maria Zuriaren plazara, Zeledonen jaitsiera ikustera. Aurten Imanol Vega traumatologoa, Adela Fonseca erizain eta ebakuntza gelako instrumentista eta Francisco Granados ortopedista arduratuko dira suziria jaurtitzeaz; osasun arloko langile horiek aste batzuk igarotzen dituzte urtero Bolivian eta Benin errepublikan, osasun larriak dituzten eta baliabiderik ez duten biztanleei arreta emateko. “Keinu horren bidez, haien lana aitortu nahi dugu, eta gure esker ona eta miresmena adierazi, beren familiak eta lana aldi batez uzten baitituzte lan zoragarri hori egiteko; aldi berean, egiten dutena ezagutarazi nahi dugu, hartara pertsona gehiagok har dezaten parte horrelako ekintzetan, leku horietara joanez edo dirua eta materiala emanez. Grina handiz egiten dute lan hori, eta eskertzeko egin dezakegun gutxienekoa da“, azpimarratu du alkateak.

Gasteizek berebiziko ahalegina egingo du garbitzen eta birziklatzen

Bestetik, alkateak aipatu du Udalak berebiziko ahalegina egingo duela hiria garbitzen eta hondakinak biltzen Andre Maria Zuriaren jaietan.

Zeledonen jaitsieraren ondoren 120 langilek garbituko dute plaza, ahalik eta azkarren. Horretaz gain, garbiketa areagotu egingo da Egunsentiko Arrosarioaren aurreko orduetan, baita txosnetan, musika emanaldietan, feria-lekuan, azoka arabiarrean eta blusa eta nesken kalejiren ondoren ere.

 Bitarteko berezia jarriko da suziriaren jaurtiketarako: hamar kontrol beirarik, latarik eta bestelakorik sar ez dezaten; gainera, gaur, bihar eta etzi informazio-karpa ipiniko da Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertan lantegi eta jarduerak antolatuko dira ume eta gazteentzat.

Alkateak gogorarazi du, halaber, bihartik aurrera 30 establezimenduk baino gehiagok edalontzi berrerabilgarriak eskainiko dituztela Andre Maria Zuriaren jaietan, Vital Fundazioak eta Udalak sustatutako ekimen baten barruan.

Iazko berrikuntza nagusia ere —Edurne eta Zeledon Txiki jaisteko lekuaren aldaketa— mantendu egin da, eta Andre Maria Zuriaren plazan izango da berriro. Haurrentzako programazioan ere berrikuntzak sartu dira.

Andre Maria Zuriaren jaietako azoka lekuz aldatu da, eta 40 saltokiak dagoeneko ireki dira Santa Barbara plaza berrituan.

Beste berrikuntza batek Udaltzaingoarekin du zerikusia; izan ere, Ertzaintzarekin batera jasoko dituzte salaketak, Olagibel kaleko herritarrei laguntzeko bulegoan.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:24

Planak 3 kudeaketa-ildo eta 7 jarduera-ildo jasotzen ditu, zarata gutxitu, horren ebaluazioa hobetu, eremu lasaiak babestu eta aisialdiak eta ostalaritzak sortutako zarata kudeatzeko

 

Udal gobernuak behin betiko onetsi du Gasteizko Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Plana (2019-2023), hiri lasaiago eta osasungarriagoa lortzeko bidean aurrera egiteko eta soinuak herritarrengan eta ingurunean duen inpaktua progresiboki gutxitzeko.

Planak 3 kudeaketa-ildo jasotzen ditu: zarata kudeatzeko udal egitura bat sortzea, zaratari buruzko ingurumen-informazioko sistema bat abian jartzea, eta sentsibilizazio-ekintzak.

Gainera, ekintza planak 7 jarduera-ildo ezartzen ditu, besteak beste, zarata gutxitzea, horren ebaluazioa hobetzea, eremu lasaiak babestea eta aisialdiak eta ostalaritzak sortutako zarata kudeatzea. Horiek fitxen bitartez antolatu dira, helburuak eta ekintzak alditan banatuta.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:57

Gorka Urtaranek Gasteizko iraunkortasunerako eredua azalduko du Global Forum of Human Settlements izeneko foroan, zeina Addis Abeban (Etiopia) egingo baita, irailaren 5ean eta 6an 

“Saria lortuko bagenu gure proiekzioa handituko genuke nazioartean, bizi-kalitateari, lehiakortasun ekonomikoari eta iraunkortasunari dagokienez erreferente gisa sendotze aldera” 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri du Udalak hautagaitza aurkeztu duela Global Green City Award sarirako. Global Forum on Human Settlements irabazi-asmorik gabeko erakundeak ematen du saria, Nazio Batuen laguntzarekin. “Maila globaleko ‘European Green Capital’ sari moduko bat da”, zehaztu du alkateak. “Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak koordinatu du hautagaitza, eta udal sail guztiek lagundu dute lantzen. Gure ustez, oso ondo justifikatuta dago. Funtsean, gure eredua bat datorrelako sariarekin. Izan ere, guztiz inplikatuta gaude Nazio Batuen 2030 Agendarekin eta garapen iraunkorreko helburuekin”, azaldu du Gasteizko alkateak.

Aipatutako erakundeak urtero antolatzen du Global Forum on Human Settlements izeneko foroa. Aurtengoa 14. edizioa izango da eta Addis Abeban (Etiopia) egingo dute, Nazio Batuen konferentzia zentroan. Gasteizko Udalaren delegazio bat bertan izango da, Gorka Urtaran buru delarik. Alkateak, 6an, Gasteizko ingurumen iraunkortasun eredua azalduko du bere hitzaldian. Hitzaldiaren ondoren, Arabako hiriburuak saria jaso duen jakinaraziko du ebaluazio batzordeak.

“Gasteiz superhiria izatea nahi dugu, Europan erreferente izatea; hori funtsezko ildoa da udal gobernuak sustatzen duen Gasteizko Agendan. Saria lortuko bagenu gure proiekzioa handituko genuke munduan, beste bultzada bat emango lioke hamarkadatan egindako lanari, eta beste urrats bat litzateke gure hiriaren nazioarteko proiekzioan. Hori guztia, bizi-kalitateari, lehiakortasun ekonomikoari eta iraunkortasunari dagokienez erreferente gisa sendotzen jarraitzearren“, adierazi du Gorka Urtaranek.

NBEren garapen jasangarriari buruzko agenda tokiko mailan sustatzeko balio du foroak, eta hirietako eta hiri kokalekuetako baldintzak hobetzea du azken helburutzat. Besteak beste, hiri jasangarriak neurtzeko sistemak garatzen dituzte, arduradun politikoei eta industriei erreferentziak emateko txostenak lantzen, eta Sustainable Cities and Human Settlements Awards sariak sustatzen. Aitorpen horien bidez gobernu, enpresa, komunitate, antolakunde eta banakoen lorpen gailenak nabarmendu nahi dituzte.  Global Green City da sari horietako bat.

Gasteizek aurkeztutako hautagaitza balioesten duen batzordeak 85 adierazle aztertuko ditu, sei ataletan banatuta: iraunkortasuna, ekitatea, identitatea, segurtasuna, oparotasuna eta zoriona. Sei multzo handi horien barruan 18 kategoria sartzen dira, askotarikoak eta zeharkakoak: mugikortasun jasangarria, energia-eraginkortasuna, ‘smart city’, ‘zero waste’, espazio publikorako politikak, lurraldearen erabilera jasangarria, ura, ingurumena, oinarrizko zerbitzuak, lurralde garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, nekazaritzako elikagaien estrategia, gobernantza, berrikuntza, ondarearen babesa…

Aurreko edizioetan hiri hauek eskuratu dute saria, besteak beste: Viena (Austria); Cuenca (Ekuador); Vancouver (Kanada); Oakland (AEB); Curitiba (Brasil); Nantes (Frantzia); Mannheim (Alemania); Surabaya (Indonesia); Yokohama (Japonia); Rockdale (Australia); Bogota (Kolonbia); HuaHin (Tailandia); Indore (India); Port Vila (Vanuatu); Lijiang, Sanya, Dali, Wuxi, Changsha, Jiangshan, Sino-Singapore Tianjin Ecocity eta Qingdao Sino-German Ecopark (Txina).

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:49

 

  • Opacua S.A. enpresak egingo ditu lanak, 2,1 milioiko inbertsioarekin
  • Esku-hartzeak bost kale hauek ukituko ditu: San Frantzisko, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutua eta Mateo Moraza
  • Azpimarratzekoak dira oinezkoentzako sortuko diren eremu berriak eta Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasunaren hobekuntza

Oroimenezko Zentroaren ingurunea DOSSIERRA

Tokiko Gobernu Batzarrak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko lanen kontratazio-dosierra esleitu du. Opacua S.A. enpresak egingo ditu, 2,1 milioi eurotan, %28,54ko beherapena eskaini ostean. Inbertsioak kanpo-finantziazioa izango du, hain zuzen ere Estatuko aurrekontu orokorretik. Obrak gauzatzeko epea 11 hilabetekoa izango da, eta horien ondorioz bost kaletako espazioa berrantolatuko da:zoladura aldatuko da (leku askotan zaharkitu eta narriatuta baitago), berritu egingo dira instalazio eta zerbitzuak (esaterako argiztapena eta saneamendua), oinezkoentzako lekua irabaziko da eta hobetu egingo da Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna, igogailu eta eskailera mekaniko berrien bitartez.

Udalak erredaktatu eta lehiaketara deitu duen proiektuak berekin ekarriko du la gaur egun Arkupeen alboan dabilen trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzako izango da, halako moduan non are gehiago nabarmenduko den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortuko da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortuko da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere esku-hartze handia egingo da. Gaur egungo zoladura erabat aldatuko da 18. zenbakitik aurrera, eta inguru horretako aparkalekuak desagerraraziko dira. Nabarmen handituko da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan (ikusita zeharkako malda handia duela) zabalera aldakorreko terraza proiektatu da, luzean. Zarama bilketa pneumatikorako ontziak bi gunetan bilduko, eta ez hirutan (gaur egun horrela antolatuta daude), eta hondakinak biltzeko ohiko edukiontziak lurperatzea aurreikusi da. Horrez gain, zuhaitz berriak landatuko dira, eta argiztapen apaingarriaz hornitutako Virgen Blanca modeloko eserleku luzeak instalatuko dira bi espaloietan, bai eta Vitoria modeloko aulkiak ere hegoaldekoan.

Beste alde handiak Gernikako Estatutuaren kaleari eragingo dio: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu aurreikusten dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Eta igogailuaren alboan eskailera mekanikoak ere instalatuko dira, igotzeko eta jaisteko alda banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna izango du.

Eraberritze lanek San Bizente aldapa ere ukituko dute: arazoak eman dituen lauzazko zoladura altxatuko da, eta horren ordez aglomeratu asfaltikoko zoladura jarraitu malgua ipiniko da, zeinak kale honen azpian dauden Aihotz plazako lokaletako hezetasun-arazoak ekiditea ahalbidetuko duen.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egingo da Gernikako Estatutuaren kaleko bide berriarekin lotzeraino, eta trafikotik aske utziko ditu Oroimenezko Zentroaren sarrera eta Postetxearen atzealdearekiko lotunea. eraikin zaharberrituaren paraleloan joango den bide paralelo horren zabalera 4,7 metrokoa izango da guztira, eta 3 metroko zabaleradun espaloiak bereziko du. Inguru horretan argiztapenaren tratamendu berezia egingo da, aintzat hartuta Erdialdearen eta haren inguruaren ezaugarriak. Kale horretan dagoen bilketa pneumatikorako buzoien gunearen alboan bi edukiontzi lurperatu paratuko dira (beira eta ontziak biltzeko, hurrenez hurren); hartara, ekidin egin ahal izango da gaur egun Arkupeen ondoan daudenen ikus-inpaktua.

Berrikuntzaren beste elementu bat Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrea izango da. Erabat aldatuko da parterrea, halako moduan non hegoaldera lekua irabaziko den, gaurko gaztainondo-ilara gordeko da eta zuhaixka berriak landatuko dira. Kendu egingo da gaur egun bertan dagoen iturri apaingarria, eta horren ordez beste bat ipiniko, turrusta bikoitzekoa eta geiser erakoa.

Bizikleten mugikortasunak tratamendu berezia izango dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektuan; izan ere, bi errei sortuko dira Gernikako Estatutuaren kalean (2,15 metroko zabalerakoak) eta luzatu egingo da Mateo Morazako Oroimenezko Zentroaren alboan (1,7 metroko zabalera). Hartara, nabarmen hobetuko da Olagoibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna.

Lehiaketara aurkeztuko diren enpresen eskaintzen balorazioan kontuan hartu da egin beharreko lanen memoria, esaterako lanak egin bitartean ahalik eta eragin urriena izatea (30 puntu gehienez), eskaintza ekonomikoa (35 puntu gehienez) eta berme-epea luzatzea (10 puntu gehienez).

 

Lan horiek guztiak ez dute eraberritze baten lehen fasea baino osatzen; ondotik egingo direnekin, plaza bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen atzealdean, zein Oroimenaren plaza deituko den. Horri guztiari esker, espazio berezi bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren inguruan, non gerora, eskultura edo elementu sinbolikoren bat jartzea aurreikusi den.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:44

Andre Maria Zuriaren jaien ondoren, Gasteizko Udalak hainbat kaletako zoladura sendotu eta zuloak betetzeko lanei ekingo die, ohi bezala, 180.000 euroko inbertsioa eginez. Gaur goizean esleitu du Tokiko Gobernu Batzarrak kontratuaren lehiaketa, Arabako hiriburuko kaleen egoera hobetzearren. Firmes Alaveses enpresak egingo ditu lanak, 12tik 19ra.

Aurten leku hauetan egingo dira lanak:

– Zadorra hiribidea

– Oto hiribidea

– Ramiro de Maeztu – Domingo Beltran.

– Gorbea kalea

– Zumabide kalea

– Beato Tomas de Zumarraga Ramiro de Meztu eta Gorbea artean.

– Armentiako bidea

– Jacinto Benavente kalea (trenbidearen pasalekuan)

– Las Arenas kalea

– Santiago hiribidea (Herrandarren eta Bake kalearen artean)

– Adriano VI, 17

– Honduras eta Venezuela (autobus geltokia)

– Osasun iturria kalea, 5.

Andre Maria Zuriaren jaien ostean, urtero bezala, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak zoladura sendotu eta zuloak betetzeko ohiko lanak egingo ditu hiriko kaleetan. Horrelako lanek enbarazu sortzen dute, eta horrexegatik egiten dira aipatutako egunetan.

 

Share