Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 abuztua 2019 12:59

Gure udalerrian jazo berri den eraso matxistaren aurkako gaitzespen eta arbuio irmoenak erakutsi nahi ditu Gasteizko Udalak. Halaber, laguntza eta hurbiltasuna eskaintzen dizkio hala biktimari, nola biktimaren inguruari, eta bere eskura jarri behar dituzten baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak nahiz babes- eta harrera-baliabideak, bere interesei eragiten dien informazio guztia eduki dezala bermatzearekin bat.

Zentzu horretan, Gasteizko Udalak, kasuaren berri izan eta horren gaineko ikuspegi ahalik eta oso eta zuhurrena izateko informazioa erkatu ondoren, Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean Jendaurreko Erantzun Publikoa emateko Protokoloa aktibatu du. Hortaz, premiazko bilera deitu du, bai informazio guztia biltzeko, bai erantzun instituzionala nahiz biktimari eta bere inguruari emango zaion arreta koordinatzeko xedez.

Azpimarratu egin nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela eta gizartearen berebiziko arazoa dela, berori jasaten duten eta horri aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko zein moralaren aurka jarduten baitu. Indarkeria mota hau ez dute ekintza isolatuek osatzen: gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sarea da, zeinak emakumeak gizonen mende edukitzeko xedea duen, bai eta indarreko sistema heteropatriarkalak ezartzen dituen mugak gainditzen dituen gorputzik, eredurik edota jokaerarik ez baimentzeko asmoa eduki ere.

Bada, Gasteizko Udalak, emakumeen eta LGTBI pertsonen giza eskubideak benetan erabiltzen direla bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa denez, udal-erakundeek eta herritarrek oro har edozein eraso matxistaren aurrean berehala eta irmo erantzuteko, biktimari lehentasunezko arreta emateko, emakumeei eta LGTBI pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak emango dizkieten prebentzio-neurriak garatzeko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala desagerrarazteko neurriak sustatzen jarraituko du. Era berean, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko lanean jarraituko du Udalak, bere eskumenak erabiliz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:43

Eraso matxistek ilundu dute azken balantzea, baina Gasteizko gizarteak horren aurka adierazitako arbuioa azpimarratu beharra dago

Audioa: Gorka Urtaran alkatea

Gasteizko Udalak amaitu berri diren 2019ko Andre Maria Zuriaren jaien balantzea egin du. Alkate Gorka Urtaranek eta alkateorde eta Hezkuntza eta Kultura zinegotzi ordezkari Felipe Garcíak egin dute balorazio ofiziala, gaur goizean.

Alkateak jaien oso balantze positiboa egin du, baina eraso matxistek zikindu egin dituztela adierazi du. “Gasteizek argi utzi du herriaz harro gaudela, ondo pasatzen dakigula eta modu dotorean egiten dugula gainera. Jarduera guztietan partaidetza handia izan da eta giroa bikaina kale, plaza, ikuskizun, prozesio, su eta abarretan.  Atzo datorren urtera arte agurtu genuen Zeledon, azken urteotako jairik onenak bizi izan ditugulako sentsazioarekin, baina eraso matxistek jaiak zikinduta.  Jaietan, eta urte guztian ere, argi eta garbi jarraituko dugu esaten gure hirian ez dugula onartuko horrelako jarrerarik. Gasteizen giza eskubideen defentsan, berdintasunean eta askatasunean sinesten dugu” adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Alkateak nabarmendu egin ditu bi alderdi: batetik, herritarrak gero eta inplikatuago daudela Andre Maria Zuriaren jaiak urtetik urtera iraunkorragoak eta ingurumenarekiko begirune handiagokoak izatearekin eta suziriaren jaurtiketan beira eta lata desagertzearekin, eta, bestetik, Vital Fundazioak abiarazitako edalontzi berrerabilgarriaren ekimenari emandako erantzuna.  Orobat nabarmendu nahi izan ditu kale, plaza eta jai-guneen garbiketaren balantze positiboa eta eskaripeko geraldiak Gautxori zerbitzuaren linea guztietara zabaltzeko erabaki egokia.

Gorka Urtaranek esker ona adierazi die udal langile guztiei, kontratatutako enpresei, hiriko ostalaritzari eta zerbitzuei, oro har, “jaien balantze orokorra, jai atseginak, aktiboak eta parte-hartzaileak izateko lanagatik”. Oso ondo funtzionatu du denak. Zorionak guztioi.”

Alkateordeak, berriz, berritasunen arrakasta nabarmendu du, “jarduera tradizionalenek bezain ongi funtzionatu baitute eta elementu berriak betikoekin oso ondo uztartu baitira“. Horretaz gain, Garcíak “kontratatutako emanaldien kalitatea” azpimarratu du, baita “inprobisatuena” ere, “berriro ere kaleko artista askok hartu  dutelako parte, eta giro handia sortu“. Zorionak eman dizkie blusa eta neskei, teknikariei zein     artistei, “berebiziko ahalegina egin baitute jaiak guztiontzat izan daitezen lortzearren“. Azkenik, deitoratu du “zoritxarrez emakumeen askatasunaren kontrako ekintzek zikindu dituzte[la] berriro jaiak“, eta argi utzi du: “ez dugu etsiko jazarpen matxistarik gabeko jaiak lortzeko ahaleginean“.

 

DATU NAGUSIAK

Jaien pregoia: abuztuaren 2an, plaza jendez gainezka egon zen Kepa Sojoren pregoia eta ELEren kontzertua entzuteko, eta jarritako 1.500 aulkiak bete ziren.

Zeledonen jaitsiera eta igoera: jaitsieraren eta igoeraren kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira, inguru guztiak jendez lepo egon baitira. Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera iaz baino arrakastatsuagoa izan da —Espainia plazan biltzen zen jendea halako hiru—.

Foru plaza: bost kontzertu, jaien atarikoa barne. Guztira 63.500 ikusle bertaratu dira, eta egunero bete da plaza: Los 40 Sessions, 9.500 pertsona; Huntza, 10.000 pertsona; La M.O.D.A., 11.000 pertsona; Fangoria, 12.000 pertsona; Gatillazo, 9.500 pertsona; Mago de Oz, 11.500 pertsona.

Aihotz plaza: guztira 30.000 pertsona, gaueko kontzertuak eta eguneroko egitarauko bestelako ekitaldiak batuta: bertsolariak eta trikitixa goizez, eta txistularien kontzertua, La Musgaza, Gasteiz Big Band & Udal Txistulari Band, Kolme Katu eta Folklore Akademiaren Dantza Plazan arratsaldez. Gaueko lau kontzertuetako kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira: Joseba Tapia, 500 pertsona; Modus Operandi, 800 pertsona; Nogen, 1200 pertsona; Anje Duhalde, 600 pertsona.

Plaza Berria: 6 orkestra handik jo dute, eta 40.000 pertsonatik gora bildu dira bertan. Egunero-egunero betetzen da plaza. Gainera, hilaren 5ean 75 dantzari bikote dantzatu ziren Udal Txistulari Bandarekin (iaz baino 10 gehiago).

Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategia: 20.000 pertsona baino gehiago igaro dira Umore Txokotik antolatutako bost saioetan. Abuztuaren 7koa nabarmendu beharra dago, 4.500 pertsonatik gora bildu baitziren.

Abentura gunea, Gargantua eta ekitaldiak Peñafloridako Kondearen plazan: 35.000 lagunetik gora.

Olagibel kalea: 8 zezen suzko izan dira, eta 25.000 pertsona inguru erakarri dituzte.

Probintzia plaza: 10.000 ikusle.

Foru plaza: hegaluze eta hanburgesa pintxoetan 2000tik gora banatu ziren, eta jasotako dirua Araba Dantzarien Biltzarraren alde erabili da.

Principal antzokia: aurtengo jaien balantzea oso pozgarria da. Guztira 13.526 ikuslek gozatu dute jaietako zein jaien aurreko programazioaz Principal antzokian; batez besteko okupazioa % 91ekoa izan da, eta hainbat egunetan bete da.

Uztailaren 25etik (“FAMILIA ADDAMS“ musikalak abiarazi zuen programazioa) abuztuaren 9ra arte, 4 ikuskizun eskaini dira Principal antzokian, eta 16 emanaldi guztira.

“FAMILIA ADDAMS”: 4.469 ikusle, eta % 83ko asistentzia lau emanaldietan.

“PERFECTOS DESCONOCIDOS”: 2.558 ikusle eta % 88ko batez besteko asistentzia hiru saioetan; abuztuaren 5eko 20:00etako emanaldian bete egin zen.  

“CONDUCTAS ALTERADAS”: erabateko estreinaldia zen Canco Rodríguez eta Ana Morgaderen lana, abuztuaren 6an eta 7an eskainitakoa, eta % 94ko okupazioa lortu du, 3.589 ikusle guztira.

“AIGUANTOLIVEINAMERICA II”, GOYO JIMENEZekin: hiru emanaldietan bete du aretoa, beraz, % 100eko okupazioa izan du, eta 2.910 ikusle guztira.

OSASUN BALANTZEA

Sanitateari dagokionez, jaietan 318 asistentzia zenbatu dira osasun antolaketan; iaz, berriz, 303 izan ziren.

Jaitsieraren egunean ez zen zauriturik izan beira ebaketak zirela eta (bigarren urtez jarraian), eta gainerako egunetan 137 pertsonari eman zitzaien arreta intoxikazio etilikoengatik (horietako 17 adingabeak). Ondoren, traumatismoak izan dira ugarienak: 67.

Suziriaren jaurtiketa, gero eta berdeagoa

Aurtengo jaietako garbiketaren balantzea ere oso positiboa izan da, bereziki hilaren 4ko arratsaldean eta abuztuaren 5ean Egunsentiko Arrosarioaren aurretik zerbitzuek egin behar izaten duten ahaleginari dagokionez.

125 pertsona (langileak eta Egibideko boluntarioak) arduratu ziren Andre Maria Zuriaren plaza ahalik eta azkarren garbitzeaz Zeledonen jaitsieraren ondoren. Plazan beira eta latak sartzea debekatu delarik, Zeledonen jaitsiera garbiagoa eta iraunkorragoa da urtetik urtera. Garbiketa antolaketak, berriz, erloju baten doitasunez funtzionatu zuen:  83 langile aritu ziren garbitzen, 42 monitorek lagunduta, eta 24 ibilgailu berezi erabili ziren.   3.200 litroko 6 edukiontzi bete ziren, eta sarreretan jarritako 30 edukiontzi txikiago; horien edukia osorik birziklatuko da. Gehien bat plastikozko ontziak bildu ziren, zeinak birziklatze lantegira igorriko baitira.

Kaleetako garbiketaren balantzea ere ona izan da, jaiguneak garbi izan baitira, garbiketa-zerbitzuen lanari, boluntarioen konpromisoari eta jaietako une garrantzitsuenetan Herritarren Segurtasunaren Sailak emandako laguntzari esker.

Vital Fundazioak eta Udalak plastikoaren kontsumoa gutxitzeko eta berrerabiltzea sustatzeko egin duten kanpainak ere erantzun ona izan du. 30 establezimenduk baino gehiagok egin dute bat kanpainarekin, eta 100.000 edalontzi berrerabilgarri banatu dituzte.

Berdintasuneko prebentzio kanpaina

Libre Izan Nonahi! Celebra, Actúa Responde lemaren pean, Andre Maria Zuriaren jaietako berdintasuneko kanpainan sendotu egin da informazio-gunea udal mailako erreferentzia gisa indarkeria matxistako kasuei dagokienez, Udalaren beste zerbitzu eta baliabide batzuekin koordinatuta. Aurten dinamizazio ekintzak antolatu dira, eta entzumenaren aldetik aniztasun funtzionala duen profesional bat aritu da taldean, zeinu-hizkuntzan komunikatzeko. Irisgarria izan da, eta arreta intimo eta seguruagoa eskaintzeko espazioa ere eskaini du.

Orotara, 3.500 pertsona hurbildu dira gunea irekita egon den sei egunetan; abuztuaren 4an izan zen jende gehien. Bisitak generoen eta adinen arabera aztertuz gero, gehienak emakumeak izan dira (% 75), eta gazteak ( 10 eta 30 urte artekoa izan da bisitarien % 50).  Gehien bat neskak eta identitate binarioa ez duten pertsonak  —nerabezaro-aurrekoak, nerabeak eta gazteak— hurbildu dira gunera, informazioa eta materialak eskuratzera. Helduagoek berdintasunaren eta indarkeria-prebentzioaren alorreko hezkuntza materiala eskatu dute bereziki. Bertara joan diren emakumeek beren bizitzako une ezberdinetan jasandako genero-ezberdintasunen eta indarkeria matxistaren bizipenak eta esperientziak ere jaso dira egunero.

Informazio-lekuan material hau banatu da: 800 bisera, 2.000 landyard, 5.000 txapa, 1.000 tatuaje, 5.000 txarteldegi eta 1.200 Beldur Barik gida. Orobat, eraso matxisten aurrean jokatzeko irizpideak eman dira, eta alor horretan gazteei zuzenduta dauden baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa.

Jai guneetan prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko xedez, bigarren urtez jarraian talde ibiltari bat ibili da gazte gehien biltzen den leku eta orduetan. Gazteen beharrak eta egoerak identifikatu dira, ezberdintasunen eta indarkeria matxistaren aurrean gizonek zein egiteko duten aztertu, eta txarteldegiak eta materialak banatu dira esku-hartzeen bukaeran. 40 talderekin bildu dira, eta 202 pertsonak hartu dute parte elkarrizketetan: 25 urtetik beherako 152 mutil, 25 urtetik gorako 11 gizon, eta 25 urtetik beherako 50 neska. Adin-tarte ohikoenak 12-14 urte eta 15-17 urte izan dira.

Indarkeria matxistaren aurrean erantzun publikoa emateko protokoloari dagokionez,  gaitzesteko bi adierazpen egin dira, eta elkarretaratzea egin zen abuztuaren 8ko 13:00etan Andre Maria Zuriaren plazan, protokoloa aktibatzeko moduko kasuren aurreko arbuioa azaltzearren; orobat, hilaren 7ko eta 8ko gauerdian eten egin zen musika, eta ostalaritzako establezimenduei gauza bera egiteko eskatu. Era berean, eta Udalak eskaturik, Blusen eta Nesken taldeek eten egin zuten kalejira abuztuaren 7an eta 8an, eta mugimendu feministak deitutako elkarretaratzeetan parte hartu zen, baita herritarrei parte hartzeko eskatu ere.

TURISMOA

Turismo Bulegoan 4.500 pertsonari baino gehiagori eman zaie arreta Andre Maria Zuriaren jaietan, udal teknikarien kalkuluen arabera. Iazko aldean zertxobait igo da kopurua. Laster jakingo da zein diren behin betiko kopuruak eta zein egunetan izan den bisitari gehien, hilaren 9ko datuak eskuratu ondoren zenbaketa ixten denean. Izan ere, jaietako azken egunean egin ohi da kontsulta gehien.

Estatuko bisitarien jatorriari dagokionez, Euskal Herrikoak dira ugarienak (% 27,5), eta ondoren, Kataluniakoak (% 15,82) eta Madrilekoak (% 12,09). Iazko kopuruen aldean, jaitsi egin da Euskadiko bisiten kopurua (% 29,18tik % 27,59ra) eta hazi egin dira Katalunia eta Madrilekoak (% 13,20tik % 15,82ra eta % 8,13tik % 12,09ra, hurrenez hurren).

Atzerritik iritsitako turisten kontsultak % 8,67 izan dira. Beti bezala, Frantziatik etorritakoek egin dute kontsulta gehien (% 4,21), eta ondoren, Italiatik (% 1,24) eta Erresuma Batutik (% 0,77) etorritakoek.

Share