Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 abuztua 2019 17:00

Prentsaurrekoa. 2019ko Andre Maria Zuriaren Jaietako balantzea aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Enpleguaren, Merkataritzaren eta Biltzarren zinegotzi Felipe Garcia

Eguna. Larunbata, abuztuak 10

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:02

Udaltzaingoaren Agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean, kondena urratzearen delitu baten ustezko egile gisa.

04:30ak aldera, uniformerik gabeko patruila batek, Alde Zaharrean zaintza-lanak egiten ari zen bitartean, bikotekideen arteko eztabaida baten garrasiak entzun ditu Bakardadearen Kantoian. Nahastuta zeuden pertsonei erreparatu dietenean, gizonezkoa ezagutu dute, hainbat aldiz esku hartu behar izan dutelako berarekin, eta polizia bertan zela ohartu denean, lasterka ihes egin du Hedegile kaletik aurrera, nahiz eta harrapatzea lortu duten.

Bi pertsonak identifikatu ondoren, Udaltzaingoak ikusi du gizonezkoak bikotekidearenganako urruntze-agindu bat zuela, eta horren ondorioz, atxilotu egin dute eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Lau pertsona zauritu dira trafiko-istripuetan

Azken 24 orduetan, 11 trafiko-istripu gertatu dira eta horietan 4 pertsona zauritu dira.

83 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen atzo goizeko lehen orduan, bere bizikletaz Valladolid kalean barrena zihoala markesina baten aurka kolpea hartuta. Larrialdiko zerbitzuek tokian bertan artatu zuten, baina uko egin zion ospitalera joateari.

Aldi berean, Valladolid eta Andaluzia kaleen arteko elkargunean, 64 urteko gizonezko bat, oinezkoen pasabidetik gurutzatzen ari zela, auto batek jo zuen, eta errepidera erori ondoren, zenbait lesio jasan zituen beso batean, baita beste zenbait ubeldura ere. Anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Eguerdia baino geroxeago istripu bat gertatu zen Wellington Dukearen kalean, tranbiaren eta lur orotako ibilgailu baten artean elkarren aurka talka egin ondoren. Tranbiaren gidaria sorbaldan zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek istripuaren lekuan bertan artatu zuen.

18:30ak aldera 47 urteko emakume bat, patinete bat gidatzen ari zela, zaurituta geratu zen Lermandabidea kalean, eta larrialdi-zerbitzuek Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Azken orduetan 49 salaketa aurkeztu dira Agirrelandako Udaltzaingoaren Egoitzan.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:29

 

  • Abuztuaren 12tik aurrera, Ama Birjina Zuriaren jaiak amaitu ondoren, Angulema eta adar berria lotzeko lanak hasiko dira

 

  • Halaber, Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak asfaltatu egingo dira, eta aurrera jarraituko dute geralekuak unitate berrietara egokitzeko lanek

 

Vitoria-Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenaren lanak behin betiko fasera helduko dira datorren abuztuaren 12tik aurrera, Angulema eta adar berria lotuko dituen trenbidearen lanekin eta Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak erabat lehengoratuz. Tranbiaren lanek, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren 10 milioi eurotik gorako inbertsioa dute.

Ama Birjina Zuriaren jaien ondoren hiriaren erdialdean jarduerak behera egingo duenez, beste urte batzuetan bezala Euskal Trenbide Sareak (ETS), beste une batzuetan ekiteko zailak izango liratekeen lan handiak hasi ahal izango ditu, herritarrek jasan beharreko eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Zerbitzua ematen ari den egungo linearen eta etorkizuneko adarraren arteko konexiorako Angulema kalean egiten ari diren lanen ondorioz trenbidearen 6 eta 8 metro arteko zatia altxatu eta eraitsi beharko da, trazatua Floridarako egingo den bira berrira egokitzeko. Inguru eta epealdi berean, Angulemako geralekua egokitzeko eta handitzeko lanak egingo dira eta, ondorioz, Paz kaletik Canciller Ayala kalera dagoen sarbidea moztu beharko da. Trenbide horretara Pío XII kaletik joan beharko da, zaku hondoan. Lan guztiak egunez egingo dira.

Lanen programa berri horren ondorioz, abuztuaren 12tik irailaren 1era Angulemako amaierako geltokia moztu egin beharko da. Hiru aste horietan, metro arinaren azken geralekua Legebiltzarrekoa izango da.

Tranbiaren lanen aurrerapausoak erakutsiko dituen beste puntu bat Las Trianas zubia izango da. Abuztuaren 11tik 13ra bitarteko gauetan zubiaren oholtzaren parte bat eraitsiko da, handitzeko prestatzeko. Lan horiek gauez egin beharko dira, zubiaren azpian Adif-en trenbideak baitaude. Trenbide azpiegituren estatuko kudeatzaileak ezartzen du baldintza hori, izan ere, bestela zirkulazioak moztu beharko lituzke. Lanak 23:00etatik 05.00etara egingo dira, eta oso zaratatsuak izan daitezke. Zarata eraginak ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartuko dira: makinak geldik egongo dira lanerako beharrezkoak ez direnean, eta langileek lekua eta ordua kontuan izango dituzte elkarren artean komunikatzeko orduan.

Jarduketaren ondorioz zubiaren ekialdeko espaloia moztu egin beharko da, eta baita Osasunaren Zubiko sarbideko eskailerakoa ere. Horretarako ibilbide alternatiboak egokituko dira.

 

Asfaltatzea eta gainerako geralekuen egokitzapena

Epealdi berean Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleen behin betiko asfaltatzea eta margotzea egingo dira. Kale horien luzera kontuan izanda, lanak faseka egingo dira, eta batzuetan, behar bezala adieraziko diren behin behineko mozketak eta bestelakoak eragingo dituzte.

Geralekuak Euskotrenen unitate berrien luzerara egokitzeko eta horien irisgarritasuna hobetzeko kontratuaren nondik norakoari dagokionez, aurreikusitako egutegia betetzen ari da eta, une honetan, batera egiten ari da aurrera Arriagan, Txagorritxun, Gernikako Arbolan, Lakuabizkarran eta Wellingtonen martxan dauden lanetan.

Share