Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdia (2017-08-30)

– Jabetze Feministarako Eskolaren programaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Miren Fernández de Landa, Berdintasuneko zinegotzia, eta Estitxu Pereda, Alkatetzako zuzendaria

Eguna: Ostirala, abuztuak 30

Ordua: 11.30.

Lekua: Etxanobe jauregia (Santa Maria kalea, 11)

Share

Gizonezko bat atxilotu dute bere bikotekidea jo, iraindu eta mugikorra lapurtzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekidea jo, iraindu eta mugikorra lapurtzeagatik.

Bi lekukok Udaltzaingoaren koordinazio-zentralera deitu zuten gizon batek bere bikotekidea jo zuela esateko, Ehari-Gobeoko industrialdean kokatuta dagoen gaztentzako lokal batean. Gero, bikotekidea Salburua auzora joan zen.

Patruila batek taberna batean topatu zuen bikotekidea, eta udaltzainek gizonezkoarekin eduki zuten elkarrizketan, neska gaztearen mugikorra soinean eduki arren, ukatu egin zuen bere neskalaguna jo zuenik, eta esan zuen mugikorra berak zeukala neskak gordetzeko eskatu ziolako.

18 urteko neska gazteak hantura handi samar bat zuen aurpegian, eta jakinarazi zien beldurra ziola bere bikotekideari, erasokorra delako eta etengabe iraintzen duelako; lokalean ukabilkada bat eman omen zion aurpegian eta beste bat saihetsean, mugikorra emateari uko egin ziolako, baina azkenean kendu egin zion jo ondoren. Udaltzaingoak atxilotu egin zuen gizonezkoa eta gaur goizean epailearen esku geratuko da. 

Udaltzainek, halaber, 29 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart goizaldera Koroatze auzoan, Gasteizko Epaitegi batek hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuelako.

Lau pertsona zauritu dira istripuetan

Atzo Frai Francisco Pasealekuaren eta Lasarteko Atea kalearen arteko biribilgunean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. 66 urteko emakume bat lurrera erori zen, oinezkoentzako pasabide batetik errepidea gurutzatzen ari zenean, berarengana furgoneta bat hurbiltzen ari zela ikusita.  Furgonetak ez zuen emakumea jo eta, horrenbestez, ez zen harrapaketa bat izan, eragindako istriputzat hartu izan dena baizik. Emakumea Santiago Ospitalera eraman zuten.

Beste alde batetik, auto bat gidatzen zihoan 33 urteko emakumea zaurituta geratu zen Lermandabide kalean izandako istripu batean, biribilgune batean sartu ahal izateko itxaroten ari zela bere ibilgailuaren atzealdearen aurka furgoneta batek jo zuenean. Emakumea Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Sansomendiko Paula Montal kalean, 2 zenbakiaren parean, gertatutako beste istripu bat ikertzen ari da argiketa-talde bat. Istripu horretan lau ibilgailu zeuden nahastuta, eta horietatik bi zirkulazioan zeuden eta beste biak aparkatuta. Gidarietako bat, 36 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bizikletan zihoan 61 urteko gizonezko bat zauritu zen atzo, Zabalganan Giza Eskubideen hiribidea eta Mariturri Bulebarra elkartzen diren biribilgunean auto batek harrapatuta. Antza denez, barrualdetik zihoan bizikletak lehentasuna eduki arren, ibilgailuak ez zuen errespetatu. Txirrindularia San Jose Poliklinikara eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak beste bederatzi trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 19 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren hiru jarduera egin dituzte.

Sutea orube batean

Beste alde batetik, Abraham Lincoln kalean bide publikoaren ondoko orube batean piztutako sutea itzaltzera joan behar izan zuten atzo suhiltzaileek. Belar lehor eta sastrakekin egindako su bat zen.

Share

Pedro Armestreren Haurren ezkontzak erakusketaren inaugurazioa, Gasteiz hiribidean

 

Lehen alkateorde Maider Etxebarria eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto Haurren ezkontzak erakusketaren inaugurazioan izan dira gaur, ‘Kazetaritza, bertatik bertara’ jardunaldien VII. Edizioaren barruan. Duela bi aste paratu zuten erakusketa Gasteiz hiribidean, baina gaurko ekitaldian Pedro Armestre prentsa-argazkilari izan da, eta bisita gidatua egin du, eta bere lanaren zenbait gako azaldu ditu. Paneletan Sierra Leonan nahitaezko ezkontzei buruzko argazkiak erakusten dira.

Maider Etxebarriak txalotu egin du prentsa-argazkilariaren lana, zeinen irudiek islatzen duten “zeinen zaila eta nekeza den kamera aurrean irribarre egitea, haurtzaroa lapurtu dizutenean”. Erakusketaren esperientziak barruak ukitzen dituen arren, alkateordeak azpimarratu du erakusketa hau dela “beharrezkoa bezain latza”. Estíbaliz Cantok zerbait gehitu du: “Sierra Leonan neska asko esklaboen pare bizi dira. Gizonezkei emanak, gizonezko horiek mendean hartuak, baldintza zinez gogorretan erditu beharra… Bakarrik sentitzen dira, benetako amesgaizto baten erdian”.

‘Derecho Humano al Agua’ (“Ura eskura izateko giza eskubidea”) Izeneko hitzaldia eskainiko du gar arratsaldean pedro Armestrek Europa jauregian, horixe ere jardunaldien baitan. Hitzaldian, Armestrek hausnar egingo du Erdialdeko Amerikaren kasuario buruz, non eskubide hori kolokan baitago, kudeaketa txarraren eta multinazionalen interesen ondorioz.

Erakusketa Gasteiz hiribidean egongo da, Europa jauregiaren aurrean, irailaren 1era arte.

Share

[Eguneratua] Datorren astelehenean hasiko dira Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanak

Lanak gauzatzeko epea, guztira, 11 hilabetekoa da, eta aurrekontua, 2.169.787 euro

 

 

 

 

Amaia Barredo audioa

Datorren astelehenean (irailak 2) hasiko dira Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa ingurua hobetzeko proiektuaren lanak, zeinen bitartez bost kaletako espazioa berrantolatuko den: egungo zoladura aldatuko da (leku askotan zaharkitu eta narriatuta baitago), berritu egingo dira instalazio eta zerbitzuak (esaterako argiztapena eta saneamendua), oinezkoentzako lekua irabaziko da eta hobetu egingo da Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna, igogailu eta eskailera mekaniko berrien bitartez.

Opacua S.A. arduratuko da datozen 11 hilabetetan obrak egiteaz, 2,1 milioi euroko inbertsioa bitarte, bost kale hauetan: San Frantzisko, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutuaren kalea eta Mateo Benigno Moraza kalea.

Proiektu globala 3 fasetan planifikatu da: San Frantzisko aldapa eta Oroimenezko Zentroaren atzealdea; Oroimenaren plaza; eta Errege atea. Horietako lehena, astelehean hasiko dena, 5 etapatan planifikatu da. Lehena 5 hilabete barru burutuko da eta epe horretan ez da zirkulazio-mozketarik aurreikusten, unean uneko lan txiki batzuengatik baino.

Erdigunerako Masterplanean sartuta dagoen jarduera horrek izugarri duinduko du espazioa. Eraberritzearen ondorioz, hiria biziberritzeaz gain, alderdi horretako jarduera ere dinamizatuko da. Horrek bultzada handia emango die espazio publikoaren eraberritzeari eta hiriaren erdialdea eta Erdi Aroko hirigunea dinamizatzeari”, azpimarratu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok, zeinek nabarmendu nahi izan duen erakundeen arteko lankidetza. “Hauxe da lan egiteko modua, erakundeen artean elkarlanean aritzea, hiria eta pertsonen bizitza hobetzeko helburu komuna lortzearren”. Lanen aurrekontuetako 1.700.000 euro kanpo-finantziaziotik etorriko dira, hain zuzen ere Estatuko aurrekontu orokorretik.

Lanetako lehen astean hesiak eta obra-etxolak paratuko dira, eta zuinketa topografikoari ekingo zaie. Obra-etxolak astean zehar ipiniko dira plazan, Mateo Benigno Moraza eta Agirre Lehendakariaren kaleen artean, eta tarte bat utziko da zabor-edukiontzietara iritsi ahal izateko.

Irailaren 2an berean indargabetuko dira San Frantzisko aldaparen ezker aldeko eta Oroimenezko Zentroaren atzealdeko aparkalekuak. Hurrengo bost hilabetetan indargabetu egingo dira baita San Frantzisko aldaparen eskuin aldekoak ere. Asmoa behin betiko errei berria fase orretan bertan paratzea da, eta hartara obrak egin bitartean zirkulazioa moztu beharra ekiditea.

Gero igogailu eta arrapala mekanikoen hormak egiteko nahitaezko hondeaketa-lanei ekingo zaie. Aldi berean, instalazio elektrikoak eta telefonoarenak desbideratuko dira aldi baterako, hartara hondeaketa-lanak osatu ahal izateko. Behin horma horiek eginda, betelanei ekingo zaie, bai eta elektrizitate-, telefonia-, saneamendu-, argiztapen- eta drainatze-instalazio berriak egingo dira, eta zoladura eta hormen estaldura berriak ipintzen hasiko.

Proiektuaren azalpena

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak erredaktatu duen proiektuak berekin ekarriko du la gaur egun Arkupeen alboan dabilen trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzako izango da, halako moduan non are gehiago nabarmenduko den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortuko da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortuko da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere esku-hartze handia egingo da. Gaur egungo zoladura erabat aldatuko da 18. zenbakitik aurrera, eta inguru horretako aparkalekuak desagerraraziko dira. Nabarmen handituko da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan (ikusita zeharkako malda handia duela) zabalera aldakorreko terraza proiektatu da, luzean. Zarama bilketa pneumatikorako ontziak bi gunetan bilduko, eta ez hirutan (gaur egun horrela antolatuta daude), eta hondakinak biltzeko ohiko edukiontziak lurperatzea aurreikusi da. Horrez gain, zuhaitz berriak landatuko dira, eta argiztapen apaingarriaz hornitutako Virgen Blanca modeloko bankuak instalatuko dira bi espaloietan, bai eta Vitoria modeloko aulkiak ere hegoaldekoan.

Beste aldaketa handi bat izango da Gernikako Estatutuaren kalean: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu aurreikusten dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Eta igogailuaren alboan eskailera mekanikoak ere instalatuko dira, igotzeko eta jaisteko alda banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna izango du.

Eraberritze lanek San Bizente aldapa ere ukituko dute: arazoak eman dituen lauzazko zoladura altxatuko da, eta horren ordez aglomeratu asfaltikoko zoladura jarraitu malgua ipiniko da, zeinak kale honen azpian dauden Aihotz plazako lokaletara jaisten diren hezetasun-filtrazioen arazoak ekiditea ahalbidetuko duen.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egingo da Gernikako Estatutuaren kaleko bide berriarekin lotzeraino, eta trafikotik aske utziko ditu Oroimenezko Zentroaren sarrera eta Postetxearen atzealdearekiko lotunea. eraikin zaharberrituaren paraleloan joango den bide paralelo horren zabalera 4,7 metrokoa izango da guztira, eta 3 metroko zabaleradun espaloiak bereziko du. Inguru horretan argiztapenaren tratamendu berezia egingo da, aintzat hartuta Erdialdearen eta haren inguruaren ezaugarriak. Kale horretan dagoen bilketa pneumatikorako buzoien gunearen alboan bi edukiontzi lurperatu paratuko dira (beira eta ontziak biltzeko, hurrenez hurren); hartara, ekidin egin ahal izango da gaur egun Arkupeen ondoan daudenen ikus-inpaktua.

Berrikuntzaren beste elementu bat Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrea izango da. Erabat aldatuko da parterrea eta bere topografia, halako moduan non hegoaldera lekua irabaziko den, gaurko gaztainondo-ilara gordeko da eta zuhaixka berriak landatuko dira. Kendu egingo da gaur egun bertan dagoen iturri apaingarria, eta horren ordez beste bat ipiniko, turrusta bikoitzekoa eta geiser erakoa.

Bizikleten mugikortasunak tratamendu berezia izango dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektuan; izan ere, bi errei berri sortuko dira Gernikako Estatutuaren kalean (2,15 metroko zabalerakoak) eta luzatu egingo da Mateo Benigno Moraza kalea Oroimenezko Zentroaren alboan (1,7 metroko zabalera). Hartara, nabarmen hobetuko da Olagibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna.

Lan horiek guztiak ez dute eraberritze baten lehen fasea baino osatzen; ondotik egingo direnekin, plaza bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen atzealdean, zein Oroimenaren plaza deituko den. Horri guztiari esker, espazio berezi bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren inguruan, non gerora, eskultura edo elementu sinbolikoren bat jartzea aurreikusi den.

DOSIERRA

 

 

 

 

 

Share