Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 abuztua 2019 13:07

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi  Amaia Barredok eskerrak eman dizkie auzokideei, lanek eragindako enbarazuaren aurrean izandako pazientziarengatik, eta ETS-ri, ahaleginarengatik eta arintasunarengatik

 

Amaia Barredo, audioa

Eusko Trenbide Sareak Udalari gaur goizean jakinarazi dionez, Angulemako zatia eta tranbiaren adar berria gauez lotzeko lanak burutu dira. Zehazki, gaueko 4:30ean amaitu dira lanak, beraz, auzokoek ez dute eragozpen gehiagorik izango gauez Triana zubiaren galtzada eraisteko lanak direla eta. Bestetik, gaur ez bada, datorren astelehenean amaituko dira makina astunen lanak inguruan. 

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi  Amaia Barredok eskerrak eman dizkie auzokideei, lanek eragindako enbarazuaren aurrean izandako pazientziarengatik, eta ETS-ri, ahaleginarengatik eta arintasunarengatik; izan ere, lanak “beharrezkoak dira hiriaren proiektu estrategiko hori betetzeko, baina ezinbestean  eragiten diote inguruko auzokoen bizi-kalitateari epe zehatz batean. Hain zuzen, herritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiten saiatu gara, munta handieneko lanak gauzatzean zarata murrizteko neurri bereziak hartuz, eta hiriaren erdialdean jarduera gutxitzen den garaian eginez. Biziki eskertzen dut auzokoen ulermena eta portaera”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak.

Asteon hasi ziren Gasteizko tranbia hegoaldera luzatzeko lanak, alegia, Angulemako zatia eta adar berria lotzea eta Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak lehengoratzea. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen dituzte tranbiaren lanak, zeinen kastua 10 milioi eurotik gorakoa baita.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:39

Suteen Prebentzio, Itzalketa eta Salbamendurako Zerbitzuak (SPEIS) furgoneta bateko gidariaren dei bat jaso zuen atzo 11:41ean, azido nitrikoz betetako 25 litroko 30 bidoi garraiatzen ari zela, haren barrualdean usain indartsu bat eta gasak sumatu zituelako, eta arrazoi horregatik gerarazi zuen ibilgailua N-622 errepidean, Zigoitia parean.

Suhiltzaileak bertara iritsi zirenean, ikusi zuten bidoi horietako batek ihes bat zuela eta, horren ondorioz, furgonetaren egurrezko ohea deskonposatzen hasia zela; ohe hori kendu eta isuritako produktua sepiolitaz estali zuten. Jarraian, azidoaz bustitako sepiolita hori hondakinen bidoietan sartu zuten, enpresa arduratu zedin horretaz, baita eraginik izan ez zuten gainerako bidoiez ere.

Pertsona bat zauritu da trafiko-istripuan 

Azkeneko 24 orduetan hamar trafiko-istripu gertatu dira, eta horietan pertsona bat zauritu da.

Atzo 17:30ak aldera gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da Argiketa talde bat; istripu horretan bi auto zeuden nahastuta. Bi autoen arteko talkaren ondorioz, gidatzen zihoan emakumeetako bat, 26 urtekoa, zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian.

Udaltzaingoak 19 salaketa erregistratu zituen Agirrelandako polizia-etxean.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:28

 

  • Uztailean 141 kirol eta aisialdi jarduera egin dira Mendizorrotzean eta Gamarran, aire zabalean

Orotara 1.114 pertsonak hartu dute parte Gasteizko Udalak “Uda aktiboa” programaren barruan antolatutako jardueretan; adin orotarako eta aire zabaleko 31 kirol eta aisialdi jarduera programatu dira, doan, Mendizorrotzeko eta Gamarrako esparruetan. Kirol federazio eta taldeek lagundu dute programa osatzen, uretako kiroletatik hasita pistako espezialitatetara. Musika oinarria zuten jarduerek, uretako jolasek eta erlaxatzeko jarduerek lortu dute harrera onena, ia erabileren erdia zenbatu baitute.

Asistentzia handiena lortu duen jarduera zumba —dantza mugimenduak eta aerobikeko pausuak nahasten dituen fitness mota— izan da: 267 lagun erakarri ditu. Aquamendi igerilekuan eta Gamarrako haurrentzako igerilekuan egindako uretako jolasetan 165 pertsonak hartu dute parte. Hirugarren lekuan squasha dugu, 104 pertsonak aukeratu baitute. Erraketa kirolek harrera ona izan dute oro har: 105 pertsonak hartu dute parte tenis eta familientzako tenis jardueretan eta padel txapelketan.

Nabarmentzekoa da, halaber, udako programazioan tai-jia hartzen ari den zabalkundea (92 parte-hartzaile), baita yoga ere (82 pertsona). Kirol esparruei dagokienez, Gamarran patinen gaineko kirolak (hastapenak, roller dance eta hockeya) nabarmendu dira, 57 parte-hartzaile izan baitituzte.

1.114 parte-hartzaileetako 625 Mendizorrotzean aritu dira; gainerako 489 pertsonak, Gamarran. Jardueretako batzuk adin guztietako pertsonentzat ziren eta beste batzuk 8/9/12/14 urtetik gorakoentzat; haur eta gazteei bereziki zuzendutako jarduerak ere eskaini dira.

 

 

Share