Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 abuztua 2019 13:50

Datu guztiak bildu direlarik, hauxe da 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietako emaitza garraio publikoaren erabilerari dagokionez: TUVISAren lineek orotara 211.592 erabiltzaile izan dute, hau da, inoizko kopururik handiena aldi honetan; iaz baino 1.681 erabiltzaile gehiago izan dira.

Gehien bat Gautxori zerbitzuaren erabilera handitu da. Izan ere, 23.206 pertsonak baliatu dituzte gaueko zerbitzuak, hau da, 2018an baino % 6,74 gehiagok; horrek aurreko urteetako goranzko joera berresten du.

Beti bezala, hauek izan dira erabiltzaile gehienek aukeratutako lineak: Gautxori 3 (Armentia-Zabalgana), 8.403 erabilera; Gautxori 4 (Sansomendi-Lakua), 6.660 erabilera, eta Gautxori 6 (Salburua-Aranbizkarra), 2.823.

Nabarmentzekoa da, halaber, aurten Gautxoriko linea guztietan ezarri direla eskaripeko geraldiak, zeinak emakumeek eta 18 urtetik beherakoek eska baititzakete; hartara, hobetu egin da herritarrei eskainitako zerbitzua. Zerbitzu horren erabilera % 1,29koa izan da: 277 emakumek eta 20 adingabek eskatu dute. 297 erabilera horietako 73 abuztuaren 4ko gauean izan ziren.

Blusa eta neska taldeentzako zerbitzuei dagokienez, azkenik, 2.680 erabilera zenbatu ziren, azken urteetan bezalatsu.

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

Pasa zen ostiralean  gertatutako eraso matxistak arbuiatu eta gaitzetsi ditu Gasteizek, eta sostengua eta hurbiltasuna adierazi die biktimei eta haien ingurukoei.

Gasteizko udalbatzako, Emakundeko, Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako zenbait kidek, eta herritarrek hartu dute parte gaur 13:00etara deitutako elkarretaratzean.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:17

Aurtengo udako kanpainan, milioi erditik gora erabiltzaile joan dira Mendizorrotzeko eta Gamarrako kirol esparruetara. Abuztuaren 8an gainditu zen kopuru hori; zehazki, 502.119 erabilerara iritsi zen egunaren bukaeran, udako kanpaina maiatzaren 24an hasi zenetik kontatuta.

Uztailean, 226.751 erabilera zenbatu dira bi kirol esparruetan: 132.985 Mendizorrotzean eta 93.766 Gamarran. 2015etik lortutako daturik onena da, urte hartan 259.539 erabileratara iritsi baitzen. Aurtengo ekainean 228.530 pertsona joan ziren udal instalazioetara.

Eguraldi onak ahalbidetu du datu positibo horiek lortzea. Abuztuan horrela jarraituz gero, azken hamarkadan igerilekuek jende gehien erakarri duten urteetako bat izango da aurtengoa.

 

 

Matxura Mendizorrotzean

Ura berritzeko sisteman gertatutako matxura bat dela eta, Mendizorrotzeko igerileku estaliak eta kanpoko igerileku olinpikoa itxi behar izan dituzte gaur goizean. Aquamendi jolas-igerilekua normaltasunez dabil. Instalazio estaliei erabiltzaileei Ibaiondoko igerileku estalietara joateko aukera eskaini zaie; matxura ahalik eta azkarren konpontzea espero da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:18

Amaia Barredoren Audioa

Andre Maria Zuriaren jaien ondoren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak zoladura sendotu eta zuloak betetzeko lanak egin ohi ditu.

Gaur goizean hasi dira zorua berritzeko lanak Jacinto Benavente kalean, Andre Maria Zuriaren jaiak bukatu ondoren Gasteizko Udalak zoladura sendotu eta zuloak betetzeko udan egin ohi duen kanpainaren barruan.

Lanek 180.000 eurotik gorako inbertsioa eskatuko dute, eta abuztuko azken astean amaitzea aurreikusi da.

“Urtero bezala, jaien ostean zoladura sendotu eta zuloak betetzeko ohiko lanak egingo ditugu kaleetan. Badakigu horrelako lanek enbarazu sortzen dutela, eta horrexegatik egiten dira egun hauetan. Helburu argia dugu: Gasteiz etengabe hobetzea, beti ere gasteiztarren bizi-kalitatea onena izan dadin”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak Amaia Barredok.

 

Aurten leku hauetan egingo dira lanak:

– Zadorra hiribidea

– Oto hiribidea

– Ramiro Maeztu eta Domingo Beltran de Otazu kaleak

– Gorbeia kalea

– Zumabide

– Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea (Ramiro Maeztu eta Gorbeia kaleen artean)

– Armentiabidea

– Jacinto Benavente kalea (trenbidearen azpian)

– Areatza kalea

– Done Jakue hiribidea (Herrandarren kalearen eta Bake kalearen artean)

– Adriano VI.aren kalea, 17

– Honduras eta Venezuela kaleen artean (bus geltokia)

– Osasun Iturri kalea, 5

– Jesus Guridi kalea

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:04

Elkarretaratzea Vitoria-Gasteizen izandako azken eraso marxista dela eta

Eguna. Astelehena, abuztuak 12

Ordua. 13:00

Tokia. Plaza Berria, udaletxearen aurrean

Share