Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 abuztua 2019 12:39

Udaltzaingoaren Agenteek 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, 5 urteko alabaren aurrean bikotekidea jotzeagatik.

Arratsaldeko 19:30ak aldera 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen emakume bat laguntza eske ari zela Koroatze auzoko etxebizitza batean. Patruila bat etxebizitzara joan zen eta, gertaerak egiaztatu ondoren, gizonezkoa atxilotzeari ekin zion, eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Udaltzaingoak, halaber, 18 eta 19 urteko bi mutil gazte atxilotu zituen atzo, indarkeria erabiliz lapurreta-delitu bat egin izanaren ustezko egile gisa.

Esku-hartze hori 16:00ak aldera izan zen, uniformerik gabe zihoan patruila batek ikusi egin baitzuen bi gazte borrokan ari zirela Frantzia kaleko merkataritza-establezimendu bateko langileekin, minutu batzuk lehenago zenbait salgai lapurtu zituztelako bertan. Udaltzainek atxilotu egin zituzten gazteak eta gaur goizean epailearen esku geratu dira.

Gida-baimenik gabe zihoan moto gidaria

Udaltzaingoak zauriturik gabeko zazpi trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo, eta 28 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira Aranbizkarra auzoan gida-baimenik gabe gidatzeagatik.

Patruila bateko udaltzainak Valladolid kalean dokumentazio-kontrol bat egiten ari zirela, ikusi zuten ziklomotor bateko gidaria gida-baimenik gabe gidatzen ari zela, eta horren ondorioz, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegira bideratu zitzaten.

Udaltzaingoak 16 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 2 jarduera egin zituen.

Sutea ezponda batean

Atzo, Iliada paselekuko ezponda batean piztutako sutea itzaltzeko esku hartu behar izan zuten suhiltzaileek, eta guztira 12 metro koadro inguru erre ziren. Sugarrak itzali ondoren, inguru hori guztia hoztu egin zuten.

Mauricio Valdivielso plazatxora ere joan ziren, Zumakadi Ibilbidera, haur-parkeko altzarietan zegoen arriskua ezabatzera, eta beren etxebizitzetan eroritako bi pertsonari laguntzera ere joan ziren: lehena Manuel Iradier kalean erori zen, eta bigarrena, Mendiguren herrixkan.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:22

 

Gasteizko Udalak abian jarri du ‘Itun Berdea’ sarien V. edizioa, Gasteizko enpresek ingurumen hobekuntzaren alorrean ezarritako proiektu onenak aintzatesteko. Hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 1ean hasiko da eta irekita izango da urriaren 4ra arte.

‘Itun Berdea’ sarien baitan hiru kategoria daude: mikroenpresena (1-9 langile dituzten enpresak), enpresa txikiena (10-49 langile) eta enpresa ertain eta handiena (50 langiletik gora). Saria irabazten duten hiru enpresek 2.000 euroko sari bana jasoko dute. Sariak azaroaren 14an banatuko dira, Goiuri jauregian.

Hiru baldintza hauek bete behar dira sarietan parte hartzeko: Arabako hiriburuan kokatzea, 2018-2019 tartean beren prozesu, produktu edo zerbitzuen ingurumen-inpaktu negatiboa modu aktiboan murrizteko jardunbide onen bat ezarri izatea, eta Itun Berdeari atxikita egotea. Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxeberriak gogorarazi duenez, “azken eskakizun hori betetzen ez duten baina komunitate horretako kide izan nahi duten enpresa gasteiztarrak garaiz daude oraindik, urriaren 4ra arte egin baitezakete ekimenarekin bat; izan ere, egun horretan amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea”.

Azken edizioko sarien irabazleak Iñaki Eceiza abeltzaina eta EGA Master eta Michelin enpresak izan ziren. Gainera, epaimahaiak erabaki zuen, aho batez, ohorezko saria ematea A&B Laboratorios enpresari, zeinak Europako Ingurumenaren Saria jasoa baitzuen Vienan.

Informazio gehiago

Informazio-telefonoa 010 (945 16 11 00) | pactoverde@vitoria-gasteiz.org

Atxikitzeko esteka, udalaren web orrian.

https://www.vitoria-gasteiz.org/j31-01w/formularioViewer/create?formularioId=102

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:31

Montehermoso kulturuneak antolatu duen eguneko kontzertu-zikloaren bigarren edizioan 11 emanaldi programatu dira, eta oraindik bost geratzen dira

 

Bihar, abuztuak 24, berriro abiatuko da Falerina lorategiko “Belar Sounds” kontzertu-zikloa,  atsedenaldi labur baten ondoren. Frank Blackfield Band blues, soul, country eta folk talde donostiarrak joko du, 13:30ean. Biharkoa kontatuta, bost emanaldi geratzen dira Montehermoso kulturuneko lorategian antolatutako kontzertu-zikloan; kalitateko musika era guztietako publikoari hurbiltzea eta hiriko hirigune historikoko txoko hori bizikidetza eta aisialdirako espazio gisa sustatzea dira helburu nagusiak.

Belar Sounds musika-topaketen programa hemengo zein estatuko panoraman sendotzen ari diren taldeen lana erakusteko asmoz sortu zen. Kontzertu horiek, gure hiriko hirigune historikoko ingurune eraberritu batean egingo dira, asteburuetako eguerdiak gozatzeko eta musika ona entzun bitartean topa egiteko”, azaldu du Kultura arduradun Estíbaliz Cantok.

Orotara 11 emanaldi aurreikusi dira bigarren edizioan, eta dagoeneko sei kontzertu egin dira. Hego Euskal Herriko 8 taldek hartuko dute parte (horietako hiru, Gasteizkoak), eta, horietaz gain, Bartzelonako bi taldek eta Madrilgo batek. Hamaika talde horietako zazpik badute emakumezko kideren bat, tresna-jolea izan zein kantari izan.

Belar Sounds 2019ko programazioa datozen asteetarako

  • FRANK BLACKFIELD BAND (Donostia) → abuztuaren 24a. Donostiako talde honen blues, soul, country eta folk soinuen erritmoak mugiaraziko ditu ikusleak.
  • WAX & BOGGIE (Bartzelona) → abuztuaren 31. Wax & Boogie 50eko hamarkadako rhythm & bluesean inspiratzen da, eta musika afroamerikarraren espiritua islatu nahi du.
  • KOMANDO FUNK (Iruñea) → irailaren 7a. Azken hamarkadetako klasiko handiak; emaitza sofistikatua, seduktorea, alaia eta dantzagarria da. Energia-dosi bat, zinez.
  • KOKO JEAN &THE TONICS. (Bartzelona) → irailaren 14a. Koko-Jean-ek, Anton Jarl-ek, Victor Puertas-ek eta Dani Baraldés-ek osatzen dute taldea; Bartzelonako eszenako musikaririk txalotuenetakoak. Rhythm & bluesaren, soularen eta rock & rollaren bidetatik dabiltza haien soinuak.
  • MONI GARAGE (Gasteiz) → urriaren 5a. Rock & rolla, Ingalaterrako puba, soulik gitarrazaleena, Eskandinavia Ramones-zaleari egindako omenaldia, Frantziako yé-yéa eta Japoniako punk-bluesa (besteak beste) jorratzen dituen musika.

Informazio gehiago

Share