Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 urtarrila 2020 13:51

Udaltzaingoko agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten genero-indarkeriako bi gertakaritan, bakoitzak bere bikotekideari egindako erasoagatik.

Asteartean, 20:30 inguruan, patruila bati dei egin zioten Santo Domingo kaleko lokal batera joan zedin, bikote bat eztabaidan zebilelako. Patruila iritsi zenean, emakume batek 24 urteko gazte bat seinalatu zuen eta, hura, patruila bertan zela ohartu zenean, korrika hasi zen, ihes egin nahian. Ez zuen helburua lortu, ordea, eta atzeman egin zuten.

Biktimaren eta lekuko baten adierazpenak entzun ondoren, agenteek gizonezkoa atxilotu zuten. Guardiako epaitegiari zegozkion eginbideak egindakoan, epaitegiaren esku jarri zen.

Asteazkenean, urtarrilaren 1ean, 04:00 inguruan, patruila bati dei egin zioten Bueno Monreal kalean. Bertan, emakume bat bide publikoan zegoen laguntza eskatzen, bikoteak, 41 urteko gizonezkoak, eraso egin berri baitzion. Agenteek atxilotu eta atzo goizean epaitegiaren esku utzi zuten.

 

Babes-agindua hausteagatik atxilotua

Urtarrilaren 1eko goizaldean, 06:00ak aldera, emakume batek polizia bertaratzeko eskatu zuen Domingo Beltrán kaleko ostalaritza-lokal batean. Izan ere, emakumearekiko urruntze-agindua zuen 28 urteko gizonezko bat lokalaren kanpoaldean zegoen. Identifikatu eta agindua indarrean zegoela egiaztatu ondoren, agenteek atxilotu egin zuten.

Bestalde, beroago, 09:00ak aldera, Udaltzaingoak 25 urte gizonezkoa atxilotu zuen, ustez agintaritza-agenteei jarkitzeagatik eta haien aurkako atentatuagatik, Fernandez de Lezeta kaleko ostalaritza-establezimendu batean eragozpenak sortu ondoren.  Guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak egin ostean, aske utzi zuten.

Gainera, udaltzainek errekisitoria judiziala zuen 37 urteko gizonezkoa atxilotu zuten astearte arratsaldean. Atxilotua bizikletaz zihoala izandako zirkulazio-istripu batean inplikatuta zegoen. Dokumentazioa aztertzean, Mallorcako epaitegi batek emandako bilatzeko, atxilotzeko eta aurkezteko agindua indarrean zuela ikusi eta, beraz, betearazi egin zuten.

Abenduaren 30etik, astelehenetik, hamabost zirkulazio-istripu erregistratu dira, eta pertsona bat zauritu da horietan.

 

Prebentziozko alkoholemia-kontrolak

Azken 48 orduotan prebentziozko bost alkoholemia-kontrol egin dira, eta 80 gidari baino gehixeagok egin behar izan dituzte alkoholemia-probak. Haietako bik izan dute emaitza positiboa: bat bide administratibotik salatu dute eta bestea, aldiz, bideko segurtasunaren aurkako delitu bategatik ikertzen ari dira.

Azken 48 orduotan polizia judizialean 70 salaketa aurkeztu dira.

 

Urtezaharretako balantzea 

Beste urte batez ere, Udaltzaingoak ahalegin operatibo berezia egin zuen abenduaren 31ko gauean zehar, urte berriaren hasiera ospatzeko parrandarako eremuetan jende ugari izango zelako eta kotilioi ugari izango zirelako. Data horietan ohikoa den moduan, dispositibo berezia arduratu zen jai mota horiek kontrolatzeaz, eta gau osoan zehar hogeita hamarren bat bisita egin zituzten.

Establezimenduek segurtasun-neurri eta aforoei dagokienez Alkatetzaren Bandoan eskatutakoa betetzen ote zuten berrikusi zuten agenteek, eta egiaztatu ahal izan zuten lauk gainditu egiten zituztela; ondorioz, zegozkien salaketa administratiboak izapidetu zituzten. Beste bitan, 700 lagun baino gehiagoko aforoa zutenez, Ertzaintza arduratu zen, arlo horretako eskumena duelako. Era berean, agenteek lokal bat salatu zuten itxierako ordutegia ez betetzeagatik, eta beste bat, berriz, barruan erretzen uzteagatik.

Arratsalde-iluntzean zehar, herritarren aldetik zenbait kexa jaso ziren petardoen erabileragatik, eta arrazoi horregatik hiru lagun identifikatu zituzten. Gainera, Udaltzaingoak eztabaida eta borroka partikularrak zirela eta hamar bat kasutan esku hartu eta bitartekari-lanetan aritu behar izan zuen.

Bestalde, Argentina kalearen inguruetan aparkatuta zeuden gutxienez hamaika ibilgailuren atzerako ispiluetan izandako kalteak nork egin ote dituen ikertzen ari dira. Lakua inguruan, berriz, bi edukiontzi erre zirela erregistratu zen; suhiltzaileek ere esku hartu behar izan zuten bertan. Haien inguruan aparkatutako turismo bat ere kaltetuta geratu zen.

Azkenik, gauean zehar, udaltzainek bide publikoko kale-edanak kontrolatu zituzten. Nabarmendu beharrekoa da haietako hiru detektatu eta disolbatu zituztela hiriko hiru puntutan.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:26

Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja García Ramajo

Herritarren partaidetza eta ahalduntzerako programak hogeita hamar jarduera berri proposatzen ditu, urtarriletik martxora bitartean. Gaur hasiko da izena emateko epea

HEI Jarduerak

Gaur hasiko da Herritartasunerako Eskola Irekian 2020ko lehen hiruhilekoan egingo diren jardueretan parte hartzeko izena emateko epea. Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja García Ramajok aurkeztu du programa, prentsaurrekoan.

Eduardo Sáenz de Cabezón matematikari youtuber ezagunaren eskutik inauguratuko da fase berri hori. Hain zuzen ere, plataforma birtualen dibulgazio- eta kontzientziazio-ahalmenari buruzko ‘El espejismo de la mayoría’ hitzaldia emango du. Datorren ostegunean izango da, urtarrilaren 9an, arratsaldeko zazpietan, Europa jauregian. 

“Eduardo Sáenz de Cabezón matematikaria da, ingeniaria eta Errioxako Unibertsitateko irakaslea, bakarrizketa zientifikoetan aditua eta “youtuberra”. Oratoria bikain bati esker —isilune adierazgarriak eta umorea tarteko—, gai da erakusteko zein ederra eta dibertigarria izan daitekeen zientzia, eta, azken batean, estereotipoak zalantzan jarri eta gehienek ere gauza korapilatsuei, bestelakoei, urrutikoei dieten beldurra uxatzeko”, azaldu du Rodríguez Borrajok.

Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotziak gaineratu duenez, “martxoaren bukaera arte iraungo duen programa oso baten abiapuntua izango da ekitaldi hori; 30 jarduera berri baino gehiago izango dira guztira, kultura parte-hartzailea hobetzera, demokrazia indartzera eta komunitate-espiritua indartzera bideratuta”.

 

Egitaraua

Herritartasunerako Eskola Irekiaren programak doako 30 jarduera baino gehiago biltzen ditu, eta horien artean aipatzekoak dira, inaugurazio-ekitaldiaz gain:

  • ‘Nuevas Economías’ prestakuntza-zikloa, lantegi hauekin: ‘Cambiar la economía desde lo local’, urtarrilaren 24an, eta ‘Aplicación práctica de la Guía Local por una Nueva Economía’, otsailaren 7an.
  • Herritarren Partaidetza Jardunaldia, ‘De la palabra a la acción’, otsailaren 13an. Partaidetza kontzeptuari —akordioak lortzeko eztabaida-modu gisa— eta komunitateak benetan eraldatzeko ekintzara jotzeko premiari buruzko hausnarketa.
  • Webinar bat, ‘Participación en políticas públicas y mujeres’, otsailaren 21ean.
  • Trebetasun sozialei buruzko jarduerak, hala nola ‘¿Cómo tomar decisiones en grupo?’ saioa, otsailaren 18an eta 25ean, eta ‘Humor y emociones’ lantegia, otsailaren 20an.
  • ‘¿Cómo participar en la ciudad’ heziketa-zikloa: ‘Elecciones, de Europa a lo local’, martxoaren 10ean; ‘Canales de participación ciudadana’, martxoaren 17an, eta ‘La defensora de la ciudadanía’ martxoaren 24an.

Herritartasunerako Eskola Irekiaren jarduera guztiak doakoak dira. Hitzaldietara joateko aldez aurretik gonbidapena jaso behar da gizarte-etxeetan, eta lantegi, ikastaro eta bisitetarako izen-emateak internet bidez egin daitezke —Udalaren webgunean—, 010 telefonoaren bidez edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, gaurtik aurrera. Izen-ematearen hurrenkeran esleituko dira lekuak.

 

 

 

 

Share