Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 urtarrila 2020 17:00

‘Salvemos la industria’ jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, urtarrilak 16

Ordua. 9:00

Tokia. Kutxabank eraikina, Biosfera ibilbidea

—————————————

Udalaren IV. Gazte Planaren amaiera ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, urtarrilak 16

Ordua. 18:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Green aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:53

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zirrara sortu nahi du entzule gazteenengan

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Euskadiko Orkestrak familientzako kontzertuen 22. edizioa aurkeztu dute; izan ere, ziklo didaktiko hori guztiz errotuta dago EOSen programazioan. Musika herritarrei oro har eta gazteenei bereziki hurbiltzea da zikloaren helburua.

Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular Robert Treviñok, EOSen zuzendari nagusi Oriol Rochek eta EOSen hezkuntza arduradun Mikel Cañadak aurkeztu dute programa prentsaren aurrean.

“Familientzako kontzertuak didaktikoak, pedagogikoak eta hurbilak dira, eta adin talde ezberdinei zuzenduta daude, 2 urtetik 16 urtera arte”, azaldu du Kultura zinegotziak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular Robert Treviñoren hitzetan, berriz,”kontzertu hauek aukera paregabea eskaintzen dute kultura eta historiaren kontzientzia sortzeko, gure arimak horrekin konprometitzeko, eta geroago erne daitekeenaren hazia ereiteko“.

Hiru proposamen

Hiru kontzertuak Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2019-2020 denboraldirako aukeratu duen lemarekin lerrotzen dira: “ezezagunera bidaia”.

Otsailaren 28an (ostirala), ‘Maitasun epikoak’ kontzertua eskainiko dute. Lucía Marín orkestra-zuzendariaren, EOS osoaren, dantzaren eta narratzaile baten eskutik Europako iparraldera bidaiatuko dute umeek, bertako konpositore garrantzitsuenetako biren —Grieg eta Sibelius— bitartez Eskandinaviako kultura deskubritzeko. 8 urtetik gorakoak. Principal antzokian.

Maiatzaren 17an (igandea), ‘Ekomusik’ programaren txanda izango da, musika klasikoaren eta ekologiaren artean harreman zuzena ezartzea helburu duen kontzertua; eskuz egindako musika-tresnak baliatuko dituzte, ingurunea errespetatuz eta itxuraz naturatik bertatik sortzen den musikaren esentzia bilatuz egin ere.  Musika barrokoa 8 urtetik gorakoentzat. Principal antzokian.

Martxoaren 1ean (igandea), azkenik, urtebete eta 3 urte bitarteko haurrentzako proposamena ekarriko du musika gelak: ‘Mozart, Nannerl eta lagunak’. Wolfgang Amadeus Mozart, eta haren arreba Maria Anna Mozart —hura ere konpositorea, zeinaren obra gehienak ez baitira gurenagana iritsi— Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren instrumentuei esker berpiztuko dira. Martxa turkiarraren erritmora eta haien obrak musika-estilo ezberdinen bidez eraldatzeko jolasekin gozatuko du publikoak. Jesús Ibáñez de Matauco antzokian.

“Kultura zinegotzia naizen aldetik, etorkizuneko musika audientziak sortzearen alde egin dugun apustu irmoa berretsi nahi dut, herritarrak grina beraz hunkitzen jarraitzearren”, azpimarratu du Estíbaliz Cantok.

Urtarrilaren 23tik 26ra bitartean erosi ahalko dira hiru kontzertuetarako abonamenduak; sarrera solteak, berriz, urtarrilaren 30etik aurrera jarriko dira salgai.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:40

Webgunean dago Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun Batzordeak urtarrilaren 21ean (asteartea), 12.00ean, egingo duen ohiko bilkura gai-zerrenda.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:20

‘Connect Ibailakua’ proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatu zen, eta Auzoen Planaren barruan sartuta dago.

 

Audioa Amaia Barredo

Gasteizko Udalak abiarazi ditu ‘Connect Ibailakua’ proiektua gauzatzeko lanak. Belaunaldien arteko aire zabaleko parkea egingo da Lakua auzoan, hutsik dauden lursailetan  jolasteko eremuak jarrita. ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’  partaidetza-programan proposatutako ekimena da, eta 375.702 euro inbertituko dira horretan. Balgorza enpresa arduratuko da lanez.

‘Connect Ibailakua’ proposamenak azpiegitura berdearen filosofia du oinarri, eta Urtaranen gobernuaren Auzoen Planaren barruan sartuta dago.  Lanak egiteko 3 hilabeteko epea aurreikusi da. BMX zirkuituko lanei ekin zaie lehenenik, Zarautz, Getaria eta Baiona kaleen arteko lursailean.

Udal gobernuak sustatutako Gasteizko Agendako proposamen eta lan-ildo nagusietako bat da Auzoen Plana. Hiriko eremu guztiak hobetu nahi ditugu, obra garrantzitsuak tarteko. Kasu honetan, erabiltzen ez diren espazioak berreskuratu egin ditugu herritarrek erabiltzeko, eta estrategia honek inguruko merkataritza dinamizatzen lagunduko du” adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

 

Auzoko 11 lekutan egingo dira lanak, espazio hauek sortzeko:

1- Aisialdirako eta kirol askotarako gunea. Baia Ibaiaren kalearen eta Santa Engrazia Ibaiaren kalearen arteko bidegurutzean eta Inglares Ibaiaren kaleko familia bakarreko etxeen atzealdean dagoen lursail bat egokituko da, 9.000 metro koadrokoa. Beisbola, softbeisbola, criqueta edo lacrossea praktikatu ahalko dira, gaur egun zaila baita horietan jarduteko lekuak aurkitzea hirian.

2- Kometentzako lekua. Iruñea kaleko bidegorriaren eta Landaberde eta Xabier kaleen ondoan dagoen lursail trapezoidal batean —4.500 metro koadro ditu— haize-mahuka duen masta bat jarriko da, haizeak nondik jotzen duen jakiteko.

3- Agertokia. Ibaiondoko gizarte etxetik gertu dagoen berdegune biribilean —980 metro koadro ditu—, Wellingtongo Dukearen kalearen eta Landaberde kalearen artean, agertoki bat jarriko da, 12 metroko hiru eserleku jarraitu, eta eskailerak. Korten altzairuz egingo da egitura, eta gizarte etxeko jardueren osagarri izango da.

4- Aisialdi eta kirol espazioa. Bi lekutan (Belate kalearen eta Iruñea kalearen artean). Horietako batean, egoteko zona bat proposatzen da, muinoz osatua; bertan askaltzeko sei eserleku irisgarri jarriko dira, eta futbol-ateak, belar artifizialaren gainean. Bestean saskibaloiko saskiak instalatzea aurreikusten du proiektuak, hormigoizko zolata baitu.

5-Zirkuitu bio-osasungarria. Orio kalean dagoen espazio batean, Landaberde eta Bartzelona kaleen artean, zirkuitu bio-osasungarria jartzea proposatzen da (orain haur-jolas batzuk daude han). Pedalak, arrauna, eskia, bielak, eskailerak, masajea eta paralelak jarriko dira, baita informazio kartelak ere. Lau jolasez osatuko da eremua: mahai-teniseko 2 mahai, xakeko mahai bat, eta partxiseko beste bat.

6- Jolas inprimatuak. Girona kalean, Landaberde eta Bartzelona kaleen artean, jolasteko eta apaintzeko marrazkiak inprimatuko dira zoladuraren gainean. Kolore askotako suge bat eta taula zenbakidun bat, eskailera eta sugea dituena.

7-Badmingtona. Galeoia dagoen inguruan, erabiltzen ez den espazio batean, badmingtonean aritzeko pista bat egokitu nahi da.

8, 9 eta 10- Ori kaleko parke linealean, zolatuta dauden eta erabiltzen ez diren hiru espaziotan, hiru jarduera diseinatu dira: diana forma duen marrazki bat inprimatzea zoladuraren gainean (Irati kalearekiko bidegurutzean), kalistenia zirkuitu bat (Getaria kalearekiko bidegurutzean), eta altzairu galvanizatuzko saskibaloiko saski bat, bandaloen kontrakoa (Girona kalearekiko bidegurutzean).

11- BMX zirkuitoa. Zarautz, Getaria eta Baiona kaleen arteko lursailean. Zirkuiturako pistak, muinotxoak eta donut bat sortuko dira, eta aisialdirako gune bat. Eserlekuak, argiak, landareak eta abar jarriko dira. Bi zirkuitu proiektatu dira: laburra, 65 metro luze eta 3 metro zabal izango dena, eta luzea, 190 luze izango dena.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:08

Gasteizko Udaleko Berdintasunerako Zerbitzuak prozesu bat abiatu du, hirian indarkeria matxistari buru egin edo egiten dioten emakumeen memoria aitortu, berreskuratu eta erreparatzeko neurriak artikulatzearren.

HARA! Berdintasunerako IV. Planaren barruko helburu estrategikoa da ekimen hori. Helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, Gasteizen indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen memoria berreskuratzeko modua definitzeko proiektu bat jarri zuen abian zerbitzuak. Batetik, indarkeria matxistarekin lotutako egoerak gainditu dituzten emakumeen lekukotasunak bildu dira, aitortza eta erreparaziorako eskubidea lantzearren; bestetik, elkarte feministetako edo berdintasunaren alde ari diren entitateetako kide diren emakumeen eztabaidak eta hausnarketak hartu dira kontuan.

Informazioa biltzeko prozesua amaitu ondoren, proiektua idatzi eta landutako ideiak sistematizatu dira, barneko lan prozesu baten bitartez. Alorrean eskumenak dituzten udal sail eta zerbitzuei ere helarazi zaizkie emaitzak eta ondorioak, eta Udalaren euskarrietan argitaratuko dira laster.

Agiriak tresna bat izan nahi du Gasteizko Udalean bide-orri posible bat identifikatzeko indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeak aitortu eta erreparaziorako eskubidearen alorrean. Testu honetan, politika publikoen esparruan eskubideak, zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko behar den kategoriatzat hartzen da biktima kontzeptua. Kontzeptu horren inguruan eztabaida badago ere, biktima kontzeptuarekin, besteak beste, bigarren aldiz biktimizatzen dela, estigma sortzen dela eta subjektu aktiboaren kategoriaren aurrean pasibotasuna azpimarratzen dela pentsa baitaiteke, dokumentu honetan erabiltzen den definizioak ikuspegi feminista, ahalduntzailea eta giza eskubideen ingurukoa dauka, eta eskubidedun subjektutzat nahiz indarkeriatik irteteko, errekuperatzeko eta erreparazioa egiteko prozesuan beren bizitzaren protagonistatzat jotzen dira indarkeria matxista jasan duten edo jasaten ari diren emakumeak“, azaldu du Berdintasunerako zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Zinegotziak azpimarratzen duenez, “gaur egungo lege- eta arau-esparruak duen gabeziarik handienetako bat da erreparaziorako eskubidea (kalte-ordaina, erabateko errekuperazioa, gogobetetasuna eta kaltea ez errepikatzeko bermeak), bai indarkeria matxistaren biktima diren emakumeena, bai indarkeria hori jasaten edo jasan duten LGTBI pertsonena. Alabaina, defizit hori egon arren, eta gaur egungo lege-esparruaren mugak gaindituz, jarduketa-esparrua zabaltzea eta urratutako eskubideak lehengoratzeari nahiz erreparatzeari zuzendutako politika publikoak abiatzea ahalbidetu duten tresnak garatu dira azken urteotan”.

Hori dela eta, Udalak prozesu kolektiboa abiatu du, indarkeria matxistari buru egin edo egiten dioten emakumeen memoria aitortu eta berreskuratzeko, erreparaziorako eskubidea oinarritzat hartuta.

Zenbait eztabaida talderen iritziak jaso dira prozesu kolektibo horretan. Emakumeen zuzeneko lekukotasunak ere jaso dira.

Talde horiek zenbait ekarpen eta proposamen egin dituzte biktimen eta bizirik irtendakoen memoria aitortu, berreskuratu eta erreparatzeko prozesuekin eta politika publikoekin lotuta. Dinamikan parte hartu duten emakume antolatuek behar hauek aipatu dituzte:

  • Biktimei lagun egitea eta egoeraren jarraipena; gizarte arretaren arloko profesionalek sentiberatasuna eta prestakuntza izan beharko dituzte, baliabidea edozein dela ere.
  • Erreferentziazko emakumeak aitortu eta izendatzea.
  • Espazio propio eta sinboliko bat sortzea, emakumeei ezartzen zaizkien desberdintasunak eta indarkeria ahantz ez daitezen eta, aldi berean, gizartearen ezinbesteko partetzat aitor ditzaten.
  • Intersekzionalitatea ikuspegi gisa.
  • Erakundeen presentzia, baina ez lidergoan, bideratzaile eta laguntzaile baizik.
  • Lan kolektiboa gizarte eraldaketarako ezinbesteko tresna gisa. Emakumeen sareak sortzea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:41

 

Urteko lehen seihilekoan emango da, eta 5 ordu iraungo du

Udaltzaingoak LGTBI arloko prestakuntza ikastaroa landu berri du, urteko lehen seihilekoan emateko xedez. Agente guztiek egin beharko dute nahitaez, eta 5 ordu iraungo du. Gaylespol elkartea (LGTBI+ diren polizien elkartea) arduratuko da ikastaroa emateaz, Udaleko Hezkuntza Zerbitzuaren laguntzarekin.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek azaldu ditu ikastaroaren xehetasunak: oinarrizko ikastaroa izango da eta, besteak beste, biktimari ematen zaion tratua, polizia jardunbide egokiak, gorroto eta bereizkeria delituen ikusezintasuna eta indarreko lege esparrua landuko dira.

“Gure agenteak ondo prestatuta egotea nahi dugu, eta talde horri ahalik eta arreta onena ematea. Gure gizartea gero eta pluralagoa eta kulturanitzagoa da, eta poliziarentzat erronka handia da delitu horiek prebenitzea, LGTBI pertsonen eskubideak babestea eta bereizkeriaren eta indarkeriaren biktimei laguntzea; jarrera horiek, bestetik, ez lukete lekurik izan behar hirian“, adierazi du zinegotziak.

20-25 agentek osatuko dituzte taldeak. Berdintasun Zerbitzuak eskainiko du lehenengo ordua; gainerakoak, Gaylespolek.

2021ean ikastaro espezializatuagoa bat eskaintzea aurreikusi da, baina ez da nahitaezkoa izango.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:35

Udaltzainek 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo droga-trafikoko delituaren ustezko egilea izateagatik.

21:30 baino zertxobait lehenago jazo zen, zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek Zumakadi ibilbideko taberna batetik eskuetan substantzia baten, ustez haxixaren, hiru barra zeramatzan gizonezko bat ateratzen ikusi zuenean. Udaltzainak gerturatu zirenean, taberna barruan erosi zituela esan zien.

Patruila berak kanpotik ikusi zuen tabernako zerbitzariak beste substantzia baten pusketa bat beste bezero bati eman ziola gero poltsikoan jaso zuen diruaren truke. Bi erosketak konfiskatu ostean, udaltzainak lokalean sartu eta arduradunarekin elkarrizketatu ziren. Beste patruila baten laguntzarekin, tokia erregistratu eta hainbat haxix puska, substantzia horren hondarrak zituen kuter metaliko bat, biltzeko film paperaren biribilki bat eta zerbitzariak billetetan zituen 390 euro topatu zituzten. Hori guztia ikusita, udaltzainek atxilotu egin zuten eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Arau-haustea

Udaltzainek 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Salburuan emakume batekiko urruntze-agindua hausteagatik. Emakumea izan zen poliziari abisua eman ziona.

Bestalde, azken 24 ordutan, Udaltzaingoak 10 zirkulazio-istripu erregistratu ditu. Horietan ez da zauriturik eta bide-segurtasunaren aurkako delituak direla eta ikertutako pertsonarik izan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:31

 

  • Bi informazio hitzalditan erabakiko da zein egun eta ordutan egingo diren saioak, baita zein hizkuntza baliatuko den ere. Urtarrilaren 22an eta 23an egingo dira hitzaldiak, Salburuko eta Zabalganeko gizarte etxeetan.

Udalaren Hezkuntza Zerbitzuak —Felipe García zinegotzia da buru— “Gure seme-alaben hazieraz eta hezkuntzaz arduratzen den aitatasuna eraikiz” lantegia antolatu du hirugarren urtez, udaleko haur-eskoletan zein Haurreskolak partzuergoan matrikulatuta dauden 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurren aitentzat.

Programak lau ardatz ditu. Lehen atalean, aitatasun tradizionala aztertuko da; bigarrenean, emozioen kudeaketa eta aiten eta seme- alaben arteko lotura landuko da; hirugarrenean, jarraibideak emango dira umeekiko tratu ona eta indarkeriarik gabeko komunikazioa sustatzeko; laugarrenean, azkenik, zereginen banaketa parekidea oinarritzat duen etxegunea eraikitzeko modua izango da hizpide.

Hezkuntza zinegotziak berak eta ON:GIZ elkarteko kide Eduardo Portillak aurkeztu dute programa prentsaurrekoan; hain zuzen ere, elkarte horrek genero-berdintasunaren alde egiten du lan, gizonak bide horretan inplikatzeari bereziki erreparatuz.

“Gizarte feminista eta benetan parekidea eraikitzeko ezinbestekoa da gizonek aktiboki parte hartzea hazieran, etxeko zereginen eta zaintzaren lan-kargaz arduratuz. Izan ere, hazieran dagoen ezberdintasuna galga handia da emakumeentzat, espazio pribatuan zein publikoan. Hori dela eta, beharrezkoak dira lantegi hauek bezalako ekimen publikoak”, azaldu du Garcíak.

Ikastaroaren helburua da aitek erantzukizun handiagoa hartzea umeen zaintzan eta hazieran, hausnarketaren eta prestakuntzaren bidez. Orotara 12 ordu iraungo du, eta otsailetik maiatzera bitartean egingo da, interesdunek zehazten dituzten egun-orduetan. Horretarako, aldez aurretik bi informazio-hitzaldi egingo dira: urtarrilaren 22an (asteazkena), 18:30ean, Salburuko gizarte etxean, eta urtarrilaren 23an (osteguna), 18:00etan, Zabalganeko gizarte etxean.

Gainera, Udalak bi telefono zenbaki eta helbide elektroniko bat eskaintzen dizkie lantegian parte hartzeko interesa izan arren bilera horietara joaterik ez dutenentzat. Zehazki, Udalaren Hezkuntza Zerbitzuko 945 16 16 16 zenbakira (6535 luzapena) deitu dezakete, edo eaxpe@vitoria-gasteiz.org helbidera idatzi.

Paternidad responsable 2020-euskera

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:17

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran audioa

 

  • Ur handietarako ibilguak ibaiaren hustubide-ahalmena handituko du; lubetak, berriz, ur handiei eutsiko die, eta inguruko trafikoaren inpaktu bisuala eta akustikoa murriztuko du
  • Bi milioi euroko inbertsioa duen obrak erabilera publikorako gune berde bat egokitzea ere aurreikusten du, eta Eraztun Berdeko oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena emango die
  • Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak adierazi duenez, obrek “uholdeak izateko arriskua nabarmen murriztuko dute, ibaiaren ibilgua hiri-parke gisa berreskuratzen den bitartean”

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren bigarren faseko obrak bisitatu dituzte. Ura Abetxuko zubiaren eta Gamarra Nagusiko zubiaren arteko zatian egiten ari da proiektua. Bisitan, Ernesto Martinez de Cabredo Uraren Euskal Agentziako zuzendaria, Ana Oregi Gasteizko alkateordea eta Cesar Fernandez de Landa Ingurumenaren Plangintza eta Kudeaketako zinegotzia ere izan dira.

Jarduketa Gamarra Nagusiko zubitik ibaian behera ur handiek hartuko duten ibilgu bat sortzean datza, Zadorraren ezkerraldean: ibaiaren hustubide-sekzioa handitzeko eta, horrela, uholdeen altuera eta hedadura murrizteko, bai tarte horretan, bai ibaian gora.

Behin ibilgu bikoitza sortuta, babes-lubeta bat eraikiko da ezkerreko ertzeko uholde-lautadan zehar, Zadorra etorbidearen paraleloan, bi helbururekin: errepikatze-denbora handiko uraldien (500 urte) ur-lamina industria-eremura iristea saihestea, eta ibilgailuen zirkulazioak aldameneko berdegunean eragiten duen inpaktu akustikoa eta bisuala murriztea.

Ubide bikoitza sortu denez, ingurumen-balio txikiko 500 zuhaitz inguru kendu behar izan dira (makalak, batez ere), eta horien ordez ibaiertzeko espezieen 800 ale berri landatuko dira, bai bidegorriaren parez pareko lubetan, bai birjarriko diren berdeguneetan.

Izan ere, obrak Zadorra ibaiaren parkean integratutako berdegune osoa erabilera publikorako egokitzea aurreikusten du, eta, hartara, hiriko Eraztun Berdearen zati diren oinezko eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena emango die.

Jarduera osoaren aurrekontua 2 milioi eurokoa da, eta 2020. urtearen amaieran amaitzea aurreikusten da.

Gainera, Zadorraren eskuinaldean, eremu berde bat eraikiko da: horretarako, gaur egun hondakin inerteak kontrolik gabe isurtzearen ondorioz degradatuta dagoen eremu baten paisaia lehengoratuko da, eta  oinezkoentzako bide-sare bat egitea aurreikusten da, besteak beste.

Arriola sailburuak proiektuaren izaera berritzailea nabarmendu du, “Inguru horretan uholdeak izateko arriskua nabarmen murrizteaz gain, ibilguaren ingurumena berreskuratzen da, eta  herritarrek gozatzeko hiri-parkea berriztatu egingo da“.

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak hiriarentzat estrategikoak eta positiboak diren proiektuen alde egindako apustua. “Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da garapen ekonomiko eta sozialean. Funtsezkoa da positiboan aurrera egiten jarraitzeko eta Gasteizko zonalde honetakoa bezalako beharrei erantzuna emateko, uholde-arriskuak murrizteko. Gainera, obra hauekin, hiriak Zadorra ibaiaren parkean integratutako gune berde bat izango du, oinezko eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena ematen diena eta gure bitxietako baten parte den Gasteizko Eraztun Berdea. Inbertsio honekin herritarrek irabazten dute, inguru naturalak irabazten du eta hiriak irabazten du ‘, nabarmendu du alkateak.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari Ernesto Martínez de Cabredok nabarmendu duenez, “honako jarduketa hau mugarri garrantzitsua da Gasteiz Zadorraren uholdeetatik babesteko. Azpiegitura berde batez ari gara:  ibaiaren berezko portaera imitatzen du, hiri-bilbeari ur-goraldiaren berezko errepikapenarekin batera bizitzeko aukera ematen dio, eta Zadorra ibaiari hiritik igarotzean egoera hobetzeko aukera handitzen du“.

Fase honetako lanekin jarraitzea, dagoeneko ekin baitzaie

Orain egiten ari diren Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko II. faseko lanek jarraipena ematen diete bere garaian aurreratu ziren beste jarduketa batzuei.

Alde batetik, 2018an amaitu zen Abetxukuko zubi zaharraren egokitzapen hidraulikoa eta arkitektonikoa; jarduketa horrek Zadorraren hustubide-ahalmena handitu zuen puntu horretan, 328 m ³/s-raino, 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen pareko emaria, eta XIX. mendeko zubiaren egitura birgaitzea ahalbidetu zuen, kultura-ondasun izendatua. Proiektuak 850.000 euroko egikaritze- kostua izan zuen.

Bestalde, 2015ean, Abetxukuko oinezkoen pasabide zaharraren ordez (Gasteizerako hornidura-hodiek osatzen zuten pasabide horrek uren jario askea oztopatzen zuten), beste pasabide bat jarri zen, aurrekoaren bi aldiz sekzio hidraulikoarekin. Horren ondorioz, ubidearen azpian (bypass) hodi bat eraiki behar izan zen hiria hornitzeko, pasabide zaharrari eusten zioten hodien ordez.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:26

  • Euskadiko hiriburuak Espainiako txapelketa egungo formatuan hartzen duen lehen aldia da.

Gasteiz Estatuko badmintonaren epizentro bihurtuko da seniorren mailako txapelketa nazionalari eta parabadmintoneko I. txapelketa nazionalari esker. Partidak Aranaldeko kiroldegian eta Zabalganeko gizarte-etxean jokatuko dira eta sarrera librea izango da. 14 autonomia-erkidegotako 44 klub (Euskal Herriko 6) lehiatuko dira badmintoneko txapelketa nazionalean; Espainiako txapelketarako puntuak ematen dituzten seniorrentzako zirkuituko 7 probetako bat da. Euskadiko hiriburuak lehen aldiz hartzen du txapelketa hau egungo formatuan, eta Arabako Federazioak eta Euskal Federazioak egindako lanari esker izan da.

Vital Fundazioaren babesletza nagusiari eta 19k eta Arabako Foru Aldundiak emandako laguntzari esker, urtarrilaren 18an eta 19an jokatuko da txapelketa, Aranaldeko kiroldegian. 112 kirolarik hartuko dute parte; 40 emakumezkoen kategorian eta 72 gizonezkoetan. Modalitate desberdinetako 24 proba aurreikusi dira: banakakoak (emakumezkoak eta gizonezkoak), bikoteka (emakumezkoak eta gizonezkoak) eta bikote mistoak. Adinaren arabera, 8 kategoria izango dira, 30 urtetik 65 urtera bitartekoentzat.

Kategoria gehienetan talde-fasea jokatuko da, eta talde bakoitzeko lehenengo biak sailkatuko dira azken faserako. Izen-emate kopuru txikiagoa duten kategorietan taldeen fasea bakarrik jokatuko da. Urtarrilaren 18an taldeen fasea egingo da, eta urtarrilaren 19an, finalaurrekoak eta finalak. Txapelketak alde inklusiboa ere izango du, desgaitasuna duten kirolariak ere hartuko dute parte.

Bertako kirolarien parte-hartzeari dagokionez, txapelketa aurkezteko ekitaldian Just Badminton taldeko Dina Abouzeidek eta Aronova taldeko Héctor Tobarrek hartu dute parte, eta dagozkien kategorietan jokatuko dute txapelketan. Arabako 10 jokalari egongo dira lehian, lurraldean dauden 100 federazio-lizentzia baino gehiago ordezkatuz.

Hurrengo hitzordua Parabadmintoneko txapelketa nazionala dugu. Otsailaren 1ean jokatuko da, Zabalganeko gizarte-etxean, 9:00etatik 13:00etara. Just Badminton klub inklusiboaren eta Espainiako federazioaren arteko lankidetzari esker lortu da txapelketa antolatzea. 30 kategoria programatu dira, eta urtarrilaren 17ra arte zabalik egongo da izena emateko epea. Egun horretatik aurrera egingo dira bikoteak.

“Nabarmendu egin nahi dugu gure klubek eta Arabako Badminton Federazioak  egindako ahalegina Gasteizek kirol honetan protagonismoa izan dezan, eta lehen mailako  kirolariak eta alderdi inklusibo nabarmena uztartu izana. Datozen asteetan izango dugun ekitaldiak bezalakoek kirolerako oztoporik ez dagoela erakusteko balio dute”, adierazi du Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak.

Informazio gehiago: Torneo del Circuito Nacional Senior de Bádminton

 

 

Share

Aurrekoak »