Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 urtarrila 2020 17:00

Prentsaurrekoa. Udal Liburutegi Sareko 2020ko otsaila-maiatza bitarteko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, urtarrilak 29

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. Etxe Berdeak programaren aurtengo edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumen Kudeaketa eta Plangintza zinegotzi Cesar Fernandez de Landa; Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakua; eta Leroy Merlin enpresako Giza-Baliabideak Kudeaketaren arduradun Saray Zarate

Eguna. Asteazkena, urtarrilak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. Arabako Mugikortasun Agintaritzak bultzatutako sakelako telefonoaz BAT txartela kargatzeko ‘app’ bat aurkeztea

Parte hartzaileak. Arabako Mugikortasun Agintaritzako presidente Amaia Barredo; Euskotren enpresako presidente Antonio Aiz; Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren saileko foru diputatu Javier Hurtado.

Eguna. Asteazkena, urtarrilak 29

Ordua. 12:00

Tokia. Euskaltzaindia plazako autobus geltokiko sarrera nagusia

——————————————-

Araba Ekinean eskola-enpresen Azoka

Parte hartzaileak. Alkateorde eta Ekonomia Sustapen ziengotzi Maider Etxebarria; Ekonomia Garapen foru diputatu Pilar Garcia de Salazar; BIC Arabako zuzendari David Montero; Vital Fundazioko zuzendari exekutibo Axier Urresti

Eguna. Asteazkena, urtarrilak 29

Ordua. 12:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

————————————

‘Somos Basket – Basket Gara’ dokumentalaren emanaldiaren ondoko mahai ingurua

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez, eta dokumentalean azaldutako beste protagonista batzuk

Eguna. Asteazkena, urtarrilak 29

Ordua. 19:30

Tokia. Vital Fundazioko aretoa

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:07

Urtarrilaren 30ean (osteguna), Gorka Urtaran alkatea Bordelera (Frantzia) joango da, trantsizio energetikoari buruzko europar topaketa batean parte hartzera. Zenbait alkatek eta beste arduradun politiko eta instituzional batzuek hartuko dute parte topaketan, alor horretan izandako esperientziak eta klima larrialdiaren aurrean koordinaturik har daitezkeen neurriak azaltzeko.

Lehenengo, Gorka Urtaranek “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planari buruzko hitzaldia emango du: hiriaren etorkizunerako plana da, ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritua, baita planeta babestuko duen trantsizio energetikoa aurrera ateratzeko neurrietan ere. Helsinkiko alkateordearekin batera mintzatuko da, Finlandiako hiriburuko ingurumen arloko arduraduna baita hura.

Ondoren, Gasteizko alkateak mahai-inguru batean hartuko du parte, beste hauekin batera: Bordeleko alkatea, Grenobleko alkateordea, La Gironde (Frantzia) departamenduko lehendakaria, Inbertsioen Europako Bankuko ordezkaria, Salzburgoko Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Institutuko lehendakaria, Bordeaux Métropole-ko lehendakaria, Grand Genève-ko lehendakaria, eta beste.

Hartu beharreko konpromisoez eztabaidatzea da helburua, trantsizio energetikoari buruzko tokiko planak berraztertzea eta, batez ere, ekintza bateratuak lantzea, larrialdi klimatikoari Europa mailan erantzuteko.

Biltzarra amaitzeko, Europako Batzordeko goi mailako ordezkari batek “European Green Deal” planari buruzko hitzaldia emango du, eta Gorka Urtaran ere gonbidatu dute.

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:02

Webgunean dago Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun Batzordeak otsailaren 04an (asteartea), 12.00ean, egingo duen ohiko bilkura gai-zerrenda.

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:54

Webgunean dago Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen Batzordeak otsailaren 04an (asteartea), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:21

Udaltzaingoak 31 gidari salatu zituen joan den astean arauzko epean IAT indarrean ez izateagatik.

Bideko Segurtasunaren Udaleko Plan Estrategikoaren baitan garatutako kanpaina berezi baten harira egin zituzten salaketak. Kanpainaren helburua ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzea zen.

Udaltzaingoak hogei kontrol inguru ezarri zituen eta horietatik 260 ibilgailu pasatu ziren. Haien artean, beste 7 gidari ere zigortu zituzten: 3, asegururik ez izateagatik, eta gainerakoak, beste arau-hauste batzuk egiteagatik, hala nola segurtasun-uhalik ez eramateagatik.

Beste jarduera batzuk

Udaltzainek atzo 43 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

Frantzia kalean 19:00ak inguruan erregistratutako borroka batean parte hartzeagatik identifikatu nahian zebilen patruilako udaltzain baten aurka egin zuen atxilotuak.

Bestalde, udaltzaingoak atzo 8 zirkulazio-istriputan esku hartu zuen. Horietan ez da zauriturik eta bide-segurtasunaren aurkako delituak direla eta ikertutako pertsonarik izan.

Trailer bat sutan

A-1 errepidean, Irungo noranzkoan zihoan trailer bateko trakzio-buruan sortutako sutea itzali zuten atzo suhiltzaileek. Suak ez zuen kalte pertsonalik eragin, baina zirkulazioan pilaketak sortu zituen.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:20

 

2018az geroztik, bertako biztanleek metatutako zaborrak eta hondakinak direla eta osasungaitz bilakatutako 8 etxebizitza aurkitu ditu Udaltzaingoko Ingurumen Atalak.

Azken kasua urtarrilaren 8an antzeman zuten: Erdi Aroko hiriguneko etxebizitza batean obra baten ohiko ikuskaritza egiten ari zirela, udaltzainek zabor kopuru handiak topatu zituzten, janari hondar ustelak eta era guztietako tresnak geletan pilatuta, hainbeste non ia  ezinezkoa baitzen haietan sartzea.

Ikusirik etxebizitzak ez zituela betetzen bertan bizi zen pertsonaren osasuna bermatzeko gutxieneko higiene- eta bizigarritasun-baldintzak, Udaltzaingoak txostena bidali zion Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuari, haren ardura baita egoera onbideratzeko eta pertsona horren zein auzokoen osasuna bermatzeko beharreko izapideak egitea.

2019an, Udaltzaingoak beste bi kasutan hartu zuen esku, ikuskatutako etxebizitzen higiene-, osasun- eta bizigarritasun-baldintzak oso eskasak zirelako. Horietako bat aipatutakoaren antzekoa zen; bestean, bi pertsona eta bi txakur bizi ziren etxebizitzan, higiene-baldintza eskasetan, etxea animalien gorotzez eta zaborrez beteta baitzegoen.

2018an antzeko kasuekin lotutako bost txosten egin zituen Udaltzaingoak.

Oro har, Diogenesen sindromea deritzona egon ohi da egoera horien atzean: portaera nahasmendu horrek gizartetik bakartzera eta etxean zabor kopuru handiak metatzera daramatza pertsona batzuk.

Udaltzaingoko Ingurumen Ataleko ofizialorde Aitor Albenizek ohartarazi duenez, “hondakin eta zaborrak metatzea, eragindako etxebizitzan zein inguruan osasun eta bizikidetza arazoak sortzeaz gain, arriskugarria da segurtasunaren ikuspuntutik, suteren bat gertatzeko arriskua areagotzen baitu, eta larrialdi zerbitzuek esku hartzea zailtzen“.

Horrelako kasuren bat antzematen duenean, Udaltzaingoak txostena bidaltzen dio berehala Kirol eta Osasun Sailari, eta hark hartzen ditu behar diren neurri zuzentzaileak, beste sail batzuen laguntzarekin. Horren harira, Agirrelandatik herritarren laguntza eskatu dute, antzeko kasuren bat ezagutzen badute, edo horren susmorik badute, salatu dezaten, behar diren neurriak hartu ahal izateko.

Hondakinak nekazaritza eremuko funts batean

 Hondakinak eta zaborra metatzea ez da hiriguneko etxebizitzetara mugatzen den fenomenoa. Udalerriko funtsetan ere gertatzen da aldian behin.

Hain zuzen ere, joan den astean bukatu ziren Arabako hiriburuko nekazaritza eremuko funts bat garbitzeko lanak, zeinean jabeak tresna ugari pilatuta baitzituen, etxetresna elektrikoetatik hasita erabilerarik gabeko sei ibilgailutaraino.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:15

 

 

 

 

 

 

 

Bihar, urtarrilak 29, izango da, ‘Isaac Albéniz’ areto nagusian

 Gasteizko Udal Musika Bandak urtero Jesús Guridi kontserbatorioan egin ohi duen kontzertua eskainiko du bihar, urtarrilak 29,  ‘Isaac Albéniz’ areto nagusian, ‘Gure musikariak’ izenburuaren pean.

Emanaldia arratsalde zazpi eta erdietan hasiko da. Lau musikari gazte arituko dira bakarlari, bandako profesionalek lagun eta Iker Olazabalen aginduetara.

Hauek izan dira kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan: Estíbaliz Canto, Gasteizko Kultura zinegotzia; Iker Olazabal, Udal Bandako zuzendariondokoa, eta Iñigo Ibaibarriaga, Jesus Guridi musika kontserbatorioko irakasle-idazkaria eta zuzendariordea.

Gasteizko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok kontzertuaren egiteko pedagogikoa azpimarratu du. “Udal Bandak musika ikasten ari diren haur eta gazteak prestatzen lagundu nahi  du. Erreferentea izan nahi du ikasle horientzat, musika talde profesional batek nola lan egiten duen ikusterik izan dezaten, hala funtzionamenduari eta entseguei  nola jotzen duten errepertorioari dagokienez”.

2005ean hasi ziren aipatutako kontzertua ematen, eta guztiz sendotuta dago. Lan hauek osatuko dute errepertorioa: ‘Concertino for marimba and winds, 3.mov toccata’ (Alfred Reed), zeinean Aitor Álvarez izango baita bakarlaria marinban; ‘Concertino’ (Cécile Chaminade), zeinean Itsaso Pérez de Arriluceak joko baitu txirula; ‘Carnaval de Venecia’ (Jean Baptiste Arban), Kirian Uralde tronpetan ari dela, eta ‘Clarinet Concerto’ (Artie Shaw), zeinean Adrián Santacruzek joko baitu klarinetea.

Kontzertuari amaiera emateko José Alberto Pinaren ‘Sendes’ lana joko dute 45 ikaslek, kontserbatorioko zenbait irakaslek eta Udal Bandako musikariek lagunduta.

 

Sarrera doakoa da, lekuak bete arte.

Udal Banda

Gasteizko Udal Musika Bandak 35 kide ditu, gasteiztarrei musika hurbiltzera emanak.

Alejandro Jiménez Elorriagak fundatu zuen, 1894an. 1905ean desegin zuten, eta José Escoriaza Lecetak osatu zuen berriro, 1916an. Geroztik etenik gabe jardun du, eta 2016an ospatu zuen mendeurrena.

programa

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:01

TUVISA 2019ko dosierra (1)

Gasteizko garraio enpresak, TUVISAk, errekor guztiak gainditu zituen 2019an, 16 milioi bidaiaritik gora izan baitzuen. Zehazki, 16.208.128 pertsonak erabili zituzten Arabako hiriburuko hiri autobusak iaz. Aurreko urtearen aldean % 2,84ko hazkundea da. Tranbiaren erabilerak gehituz gero, iaz 24,5 milioi pertsona mugitu ziren garraio publikoz hirian. 

“Ohartzen gara une erabakigarrian gaudela trantsizio energetikoari eta klima-aldaketaren kontrako borrokari dagokienez. Eta badakigu etorkizuneko mugikortasuna iraunkorra, elektrifikatua, eraginkorra eta efizientea izango dela. Berdeagoa, azken batean.  Udal gobernutik sustatzen dugun Agenda gasteiztarrak helburu hori lortzeko jarduera-ildoak jasotzen ditu. Lanean ari gara ondo konektatuta dagoen hiria lortzeko, ibilgailu partikularren ordez garraio publikoz, bizikletaz eta oinez mugitzearen aldeko apustua egiten duen hiria. Auzoen arteko konexioa handiagoa izatea lehentasunezkoa da udalarentzat, gobernuarentzat eta udal sozietate honentzat”, azaldu du TUVISAko lehendakari eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok. “Datuak onak dira, baina bide horretatik lan egiten jarraitu behar dugu”.

Lineen banaketari dagokionez, L2 da erabiliena, erabileren % 20 baita. Hain zuzen ere, ibilbide horretan ezarriko da autobus elektriko adimentsua (BEA). Ondoren, L6 (Zabalgana-Arkaiate), L4 (Lakua-Mariturri), L5 (Salburua-Elejalde) eta L7 (Borinbizkarra-Salburua) datoz. Zehazki, honela banatzen  dira:

Gautxori zerbitzua, berriz, 147.119 pertsonak erabili zuten, eta % 7,43 handitu zen erabilera aurreko urtearen aldean.

Bereziki aipatzekoa da eskaripeko geraldien zerbitzua, emakumeentzat eta 18 urtetik beherako adingabeentzat, zeina 2018ko Andre Maria Zuriaren jaietan hasi baitzen eskaintzen, G3 linean. 2019an linea guztietara zabaldu zen: lehenengo urtean 435 pertsonak erabili zuten; 2019ko azken bost hilabeteetan, berriz, 896 pertsonak. “Oso pozik gaude zerbitzu hori eskaini ahal izanaz. Garraio publikoaren erabilera sustatzen dugu eta, aldi berean, berdintasunaren alorreko neurri bat ezartzen”, adierazi du Amaia Barredok.

BUX zerbitzuaren erabilerak ere handitu dira. 2019an 9.023 erabiltzaile zenbatu ziren, hau da, % 10eko hazkundea.

 

Aparkalekuak eta plantilla

TUVISAk kudeatzen dituen aparkalekuetan (Molinuevo, Zaldiaran, Artium, Iradier, Santa Barbara eta Europa jauregia) handitu egin dira erabileren ratioak.

Bestetik, plantillan emakumeen ehunekoa handitzeko egindako ahalegina ere nabarmendu du TUVISAk urteko balantzean. Gaur egun, langileen % 16 dira emakumeak. 2015ean, aldiz, % 9 ziren. Agerikoa da aldea. “Ehuneko txikia da, estatuko garraio publikoko enpresetan emakume gehien dutenetako bat izan arren, baina gizarteak nola eboluzionatu duen erakusten digu, eta ildo horretatik saiatzen jarraitzeko akuilua da. Oso albiste ona da, bereziki gero eta emakume gidari gehiago izatea”, esan du Amaia Barredok. TUVISAko lehendakariak iragarri du laster LEP bat deituko dela udal sozietatearen plantilla handitzeko; orain 370 langile dira.

Eskertzeko kanpaina

Datu positibo horiek guztiak azpimarratzeko asmoz, eta egunero TUVISAren garraio publikoaren sarea erabiltzen dutenen konfiantza eskertzeko, Udalak komunikazio-kanpaina bat egingo du datozen asteetan. ‘16 milioi esker eta baino gehiago’ lema daramaten kartelen bidez 2019an lortutako bidaiari kopurua jakinaraziko da, eta herritarrak garraio publikora igotzera animatuko, hiri berdeagoa sustatzearren.

Share