Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urtarrila 2020 17:00

Prentsaurrekoa. 2020ko Inauterietako kartela aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Ostirala, urtarrilak 31

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urtarrilak 31

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa  aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort; Rafael Riqueni, gitarrajolea; eta ‘Antonio Benamargo, promotore artistikoa

Eguna. Ostirala, urtarrilak 31

Ordua. 12:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

————————————

‘Gazte Arte2019’ erakusketa inauguratzea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; Erakusketa komisario Ibon Saenz de Olazagoitia; eta 2019ko Gazte Arte lehiaketako artista irabazleak: Ibai Cobo, Adriana Fariñas, June Almarza, Aroa Arrizubieta eta Alba Tojo

Eguna. Ostirala, urtarrilak 31

Ordua.  18:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:37

Bordelen egindako foro europarrean, Gorka Urtaranek CO2ko isuriak murrizteko garatzen ari diren esperientziak azaldu ditu.

 

 Gorka Urtaran alkatearen audioa

Bordelen egindako hitzaldian, Alkateak Gasteiz hiri laborategi gisa aurkeztu du, iraunkortasuna eta eredu ekonomikoaren aldaketa gakotzat dituzten irtenbide berritzaileak praktikan jartzeko. Trantsizio energetikoari buruzko Europako foroaren aurrean, Arabako hiriburuan CO2ko isuriak murrizteko garatzen ari diren esperientziak azaldu ditu udal agintariak.

Frantziako hiriak egunotan hartu duen trantsizio energetikoari buruzko europar topaketak Gasteizko esperientzia ezagutu du goizean. Alkateek eta beste ordezkari politiko eta instituzional batzuek beren esperientziak elkarri azaldu dizkiete, eta modu koordinatuan har daitezkeen neurriak aztertu.

Gorka Urtaranek krisi klimatikoari nola egin dakiokeen aurre modu irmo eta eraginkorrean izan du hizpide, kontuan hartuta hiriek duten zeregin nagusia arlo horretan, klima-aldaketaren eragile nagusietako bat baitira eta bertan hartzen baitira kontsumo-ereduari, mugikortasunari eta eredu energetikoari buruzko erabaki garrantzitsuak.

Alkateak abian jarri berri den “Vitoria-Gasteiz Green Deal” plana aurkeztu du, hau da, hiriaren etorkizunerako plana, ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritua; joan den hilabetean plazaratu zen plan hori, Madrilen egindako Klimaren Gailurrean. “Hiriak Europa eta mundu mailan jaso dituen errekonozimenduak garrantzitsuak dira, baina orain erronka hiri benetan iraunkorra lortzeko neurriak arrakastaz garatzea da“, adierazi du. “Iraunkortasunaren ikuspegitik aldaketa garrantzitsuak bultzatzen jarraitu behar dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da eredu ekonomikoa eraldatzea”.

Ildo horri jarraituz, hiria proiektu pilotuak bultzatzen ari da, ikerketa akademikoa, zerbitzu publikoak, ekintzailetza eta enpresa-sarea lotuko dituztenak. “Gure asmoa da Gasteiz hiri laborategia bihurtzea, iraunkortasuna eta eredu ekonomikoaren aldaketa gakotzat dituzten irtenbide berritzaileak praktikan jartzeko“, adierazi du Bordeleko biltzar jauregiko entzuleen aurrean.

Adibide gisa, energia iraunkorragoetaranzko trantsizioan egiten ari diren zenbait esperientzia azaldu ditu alkateak. Esaterako, udal eraikinetan energia berriztagarriak sartzea, besteak beste, biomasa eta geotermia energia-iturri gisa erabiliz. Koroatze auzoan garatutako proiektua ere aipatu du, birgaitzearekin eta espazio publikoarekin lotuta eraginkortasun energetikoa lortu nahi baita bertan. Gorka Urtaranek azaldutako hirugarren esperientzia superetxadien garapena izan da, energia-kontsumoaren ereduan duten eraginagatik eta CO2 emisioak murrizteagatik. Horien barruan trafikoa orduko 10 km-ra eta kanpoaldean  orduko 30 km-ra motelduz, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea, oinez eta bizikletaz ibiltzea sustatzea, bide-segurtasuna hobetzea eta emisioak murriztea lortu nahi da. Azkenik, garraio publikoa elektrifikatzeko eta bus elektriko adimentsua martxan jartzeko hasitako bidea aipatu du, hori ezartzeko lanak hasiak baitira.

“Bide luzea dugu aurretik, eta ziur gaude egin beharra dagoela. Gure hiriak pauso garrantzitsuak eman ditu karbonoan neutraltasuna lortzeko. Eraikuntzetan emisioak murriztea eta mugikortasun eredu iraunkorrago baten aldeko apustua funtsezkoak dira modu koordinatuan garatzen ari garen zeregin horretan“, azaldu du alkateak. “Hori guztia bizi-kalitatea eta enplegu duina mantentzea bermatuz“, gaineratu du.

Gasteizko alkatearekin batera, Anne Sinnemaki Helsinkiko alkateordeak hartu du hitza, zeinak Finlandiako hiriburuko ingurumen arloko bide-orria azaldu baitu. Ondoren, Gasteizko alkateak mahai-inguru batean hartu du parte, beste hauekin batera: Helsinkiko alkateordea, Bordeleko alkatea, Grenobleko alkateordea, La Gironde (Frantzia) departamenduko lehendakaria, Inbertsioen Europako Bankuko ordezkaria, Salzburgoko Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Institutuko lehendakaria, Bordeaux Métropole-ko lehendakaria, Grand Genève-ko lehendakaria, eta beste.

Amaitzeko, “European Green Deal” berriak dakartzan aukerez eztabaidatu dute parte-hartzaile nagusiek.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Patinete bateko gidaria zauritu zen atzo talka baten ondorioz izandako istripuan. Istripua 22:00ak aldera gertatu zen, Fontetxako Gazteluaren kalean, Ariznabarran. Istripuaren ondorioz, 26 urteko gaztea Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak atzo beste hamar zirkulazio-istriputan esku hartu zuen. Horietan, ez zen zauriturik izan. Bestalde, 42 eta 52 urteko bi gidari ikerketapean daude bideko segurtasunaren aurkako delituengatik; lehenengoa, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, eta bigarrena, gidabaimenik gabe gidatzeagatik.

Sutea ezponda batean

Suhiltzaileak atzo N-104 errepideko ezponda batean sortutako sutea itzaltzera joan ziren. Ezpondaren 30 bat metrotan zabaldutako sutea eta handik gertu beste foku batean sortutakoa itzali zituzten suhiltzaileek.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:41

 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak astebururako zenbait jarduera antolatu ditu Atarian

Hezeguneen Mundu Egunaren gaia biodibertsitatea da aurten. Gasteizek bat egingo du nazioarteko lelo horrekin, udalerriko hezeguneak aldarrikatuz —Salburua bandera-ontzia dela— eta horien erabilera jasangarria eta biodibertsitatea mantentzea sustatuz.

Planetan biodibertsitatea galtzen ari da, zalantzarik gabe, eskura ditugun datu zientifikoek halaxe adierazten baitute. Espezieak inoiz baino arinago gutxitzen ari dira, erritmoa azkartzen ari da, eta klima-aldaketa okertzen. Joera horrek bereziki eragiten die ekosistema hezeetako espezieei. Hezeguneak lehengoratu, kontserbatu eta zentzuz erabiltzea biodibertsitate galera orokor hori geldiarazteko modu eraginkorrenetako bat da. Argi izan behar dugu irabazteko asko dugula hezegune osasuntsuak mantenduz eta hondatuta daudenak lehengoratuz“, aldeztu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Ana Oregik.

Izan ere, azken kalkuluek erakusten dute biodibertsitatea gutxitzen ari dela mundu osoan, eta hezeguneak basoak baino hiru aldiz azkarrago desagertzen ari direla. “Aurtengo leloa aukera paregabea da hezeguneen biodibertsitatea, haien egoera eta garrantziaren zergatiak nabarmentzeko, baita horien galera alderantzikatzeko ere”, adierazi du Ana Oregik.

 

Jarduerak asteburu osoan

IGIk zenbait sentsibilizazio ekintza antolatu ditu egun hori dela eta. Ostiral gauean, baso-igel jauzkaria behatzeko natur ibilbidea egingo da. Interesa dutenak Salburuko hezegunean barnetaratu ahalko dira bertako espezie enblematiko eta mehatxatuenetako baten bila.

Larunbatean, “Hezeguneko biztanle sekretuak” jarduera ludikoa antolatu da Atarian, 5 eta 10 urte bitarteko umeek haiek ezagutu eta zaindu ditzaten; goizeko hamaika eta erdietan hasiko da. Arratsaldean, “Naturalistaren lantegia” izeneko jarduera egingo da leku berean, Salburuko hezeguneko biztanleen arrastoak ezagutzeko ariketa praktikoa.

Iganderako, otsailak 2, hiru ekitaldi antolatu dira Atarian: familientzako ginkana hezegunean barrena, Galemys enpresaren gidaritzapean; marrazketa lantegia 9 eta 12 urte bitarteko umeentzat, Pili Aguadoren eskutik, eta Salburuko hegaztiak behatzeko irteera bat, jende guztiarentzat.

Egun seinalatu horrekin lotutako jarduerei amaiera emateko, otsailaren 6an (osteguna), “EcoASTILLERO XXI, los humedales clave de un futuro de calidad” hitzaldia emango du SEO/BirdLife-ren Kantabriako lurralde ordezkari Felipe González Sánchezek. Astilleroko Udalak eta SEO/BirdLife elkarteak ingurumena lehengoratzeko eta udalerriko natur espezie eta giro ugariak babesteko sortu duten ekimenaz hitz egingo digu. Arratsaldeko zazpietan izango da, Atarian.

Ramsarreko Hitzarmenak 49 urte beteko ditu

Igandean, otsailak 2, 49 urte beteko dira Iraneko Ramsar hirian hezeguneak babesteko nazioarteko hitzarmena izenpetu zenetik. Nazioarteko hitzarmen hori (Ramsarreko Hitzarmena izenez ezagunagoa) berezia da, ekosistema jakin bat babesten duen munduko bakarra: hezeguneak, habitat bakanak baitira. Hala eta guztiz ere, Europa da azken 40 urteetan hezegune gehien galdu duen kontinentea. Horrexegatik aukeratu da “Hezeguneak eta biodibertsitatea” leloa aurten, ekosistema horiek biodibertsitatea mantentzen duten zeregin garrantzitsuaz ohartarazteko.

Hezeguneak biodibertsitatearen erreserborio aberatsak dira. Hona hemen garrantzi hori zenbaterainokoa den ulertzeko kopuru batzuk:

  • Planetako landare eta animalia espezieen % 40 leku hezeetan bizi edo ugaltzen direla kalkulatzen da.
  • Gaur egunera arte, ur gezako 100.000 espezietik gora dokumentatu dira planeta osoko hezeguneetan.
  • Ezagutzen diren arrain espezieen % 30 hezeguneetakoak dira, eta urtero ur gezako 200 espezie berri aurkitzen dira.

Zifrak beldurgarriak dira: 1970etik 2012ra bitartean, arrain, hegazti, ugaztun, anfibio eta narrasti espezieak % 58 gutxitu ziren mundu osoan; 1970az geroztik, kontinenteetako hezeguneetako espezieen % 81 gutxitu da, eta kostaldeko eta itsasoko hezeguneetako espezieen % 36; hezeguneetako espezieen % 25ek desagertzeko arriskua dute, uretako hegaztiak, ur gezaren beharra duten ugaztunak, itsas dortokak eta koralezko uharriak eraikitzen dituzten espezieak barne hartuta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:22

Gazte Arte edozein ikusizko arteren lehiaketa da, 14 urtetik 25era bitarteko gazteentzat. Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak sorkuntza esparru eraberritzailea bultzatzea du helburu. Prosezu sortzailea hiru fasetan osatuta dago: lehiaketa, sorkuntza tutoretzapean eta erakusketa.

Gazte Arte lehiaketan hautatutako 4 pertsonek abenduaren amaieran, Montehermosoko Arte Gaztearen Lantegietan euren obra sortu zuten. Horretarako Ibon Sáenz de Olazagoitia ikus arteen eremuan artista espezializatua denaren tutoretza eta laguntza izan zuten.

Gazte horiek banakako sortze-prozesu horretan eginiko obrekin taldeko erakusketa bat osatu dute. Erakusketa Montehermoson, Jovellanos Aretoan, bihartik otsailaren 21era arte izango da.

Erakusketaren inaugurazioa Jovellanos Aretoan, arratsaldeko 18:00etan izango da bihar. Artista gazteek euren obraren espazioetatik bisita gidatu bat egingo dute; bertan etorriko diren pertsonei euren obra azalduko diete.

  • Sarrera librea tokiak bete arte.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

– Gasteizko Udalak, Foru Aldundiak eta  Last Tour enpresak ahaleginak batu dituzte, Arabako talde ospetsuak Mendizabalean jo dezan ekainaren 13an

– El Drogas, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida-k lagunduko diete historikoa izatekoa den egun horretan

 

Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko kultura sailek eta Last Tour musika enpresak ahaleginak batu dituzte La Polla Records taldeari “etxean eta merezi duten bezala” agur esan ahal izateko;  ekainaren 13an joko dute, Mendizabalean.

Ikuskizun handia izango da, Azkena Rock jaialdirako muntatzea baliatuko baita. Erakunde bakoitzak 24.200 euro inbertituko ditu, kontzertua ahalbidetzeaz gain sarrerak ohi baino merkeagoak izan daitezen (30 euro) eta ahalik eta jende gehien bildu dadin agurrean.

Gasteizko Udaleko Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok azpimarratu duenez,  “oso pozik gaude kontzertua egiteaz,  banda mitiko horren arrastoari jarraitu zioten beste talde batzuek ere parte hartuko baitute, baita musikaren munduan hasi berria den eta La Polla Records ispilu duen talde batek ere. Omenaldi argia da. Gainera, gure parte hartzea ezinbestekoa zen prezio merkeagoak eskaini ahal izateko.

Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valen hitzetan, berriz, “lurraldearentzat aukera paregabea zen astebete geroago Azkena Rock jaialdia egingo den lekua aprobetxatu ahal izatea, eta taldeak bere lurrean agur esateko prestutasuna eta gogoa izateak astro guztiak bateratzea ahalbidetu zuen, beraz, ezin genuen abagunea galdu“.

Egun berean eta agurra behar bezala egiteko, bestelako talde esanguratsu ugari arituko dira La Polla Recordsekin: El Drogas, musika eszenako konpromiso handieneko artistetako bat, eta estatuko rockaren munduan gurtutako ikonoa, bai bakarka egindako lanagatik zein Barricada taldean aritzeagatik. Lendakaris Muertos ere bertan izango dira, XXI. mendean punk eszena birsortzea ahalbidetu eta La Pollaren ondarea jarraitzen jakin zuten horiek; 2018an behin-behineko geldialdia egin ostean, bueltan dira berriro ere. Kaotiko ere Aguraingo taldea dugu, Evaristo bezalaxe, eta haiekin batera aritu da behin baino gehiagotan, El Drogasek egin duen era berean. Punk eta rockaren hitzordu hori lagunentzako topagunea dugu, kontzientzia kolektiboan iltzatzen diren aldarrikapenak egiteko asmoa duena.  Aipatutako taldeez gain, Cerveza Suicida taldea izango dugu, Gazte Talent 2019ko irabazleak.

Berrogei urteko ibilbidea

Abesti arinak eta zuzen-zuzenak, estribillo mitikoak eta punk zein rock aldarrikatzailearen osagarri onenak egongo dira Mendizabalean, gaztelerazko punk talde karismatikoenaren agurrean: La Polla Records. 80ko eta 90eko hamarkadetako euskal zein estatu mailako punk eszenaren oinarrien sortzaileak izan ziren, besteak beste, ‘Salve’ (1984) edo ‘Revolución’ (1985) diskoekin.  Haien letrek edozeren eta edozeinen aurka jo dute (demokrazia, polizia, arrazakeria, erlijioa, ezberdinkeria, kapitalismoa, errepresioa…), bat bera ere tente utzi gabe, eta gaur egun indarrean jarraitzen duten ereserki bihurtu dira.

40 urte igaro dira Agurainen sortu zirenetik (Araba) eta 2019an formazio osoarekin itzuli ziren, 16 urte geldirik  egon ondoren.  Hurrengo borrokarako prest, 2003an azken kontzertua eskaini zuen bostekoa elkartu da: Evaristo, Sumé, Abel, Txiki eta Tripi.

Belaunaldi askoren talde ikonikoa dugu, eta bai gure lurraldean bai Latinamerikan eragin handiena izan duten taldeetako bat. La Polla Records aurten itzuli dira errepidera, disko berri batekin itzuli ere: ‘Ni descanso ni paz’. Urteurrena ospatzeko bira berezia egin dute, estatuko lau hiritan barrena (Valentzia, Madril, Bilbo eta Bartzelona); leku guztietan agortu ziren sarrerak, eta orotara 100.000 lagun inguru batu zituzten.

2020an Latinamerikan hasiko dute bira eta ondoren gure lurraldera bueltatuko dira eta kontzertu gutxi batzuk eskainiko dituzte bertan, haien historiako azkenak, ondoren behin betiko desegiteko asmoa baitute.

 

LA POLLA RECORDS: ‘Ni descanso, ni paz’, 2020ko bira

Vitoria-Gasteizko Udala

ekainak 13, larunbata

 

Artista gonbidatuak:

EL DROGAS

LENDAKARIS MUERTOS

KAOTIKO

CERVEZA SUICIDA

 

Salmenta: lasttour.net

Prezioa: 30€ + gastuak

Sarrerak salgai daude dagoeneko

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:49

Espainiako Atletismo Federazioak jakinarazi dio Gasteizko Udalari Mendizorrotzeko kirol-esparruko kanpoko atletismo-pistaren homologazioa 2021eko uztailera arte luzatzea onetsi duela. Neurri hori ezinbestekoa zen erregistro homologatuak izango dituzten kirol lehiaketak hartzeko kirol-instalazio horretan, hurrengo denboraldian.

Espainiako Atletismo Federazioak baimen hori eman aurretik, pista horren zoladura berritzeko obrei ekiteko konpromisoa hartu zuen Udalak. Hain zuzen ere, behar diren jarduerak diseinatu eta lanen egutegia finkatzeko lanean dihardute Kirol eta Osasun Sailak eta Udal Administrazioaren Sailak. Orobat aurreikusi da nahikoa aurrekontu-zuzkidura izango dela beharrezko diren obrak ahalik eta eperik laburrenean egiteko, kirol-programazioari ahalik eta gutxien eraginez.

Luzapena ematea ekarri duen prozesuan, funtsezkoa izan da Arabako Atletismo Federazioaren laguntza, bera izan baita, Euskal Federazioarekin batera, pistaren homologazioari eusteko beharrezko izan diren gestioak bideratzeaz arduratu dena.

Mendizorrotzeko kanpoko atletismo-pistak 400 metroko zortzi kale ditu. Lurzoru sintetikoa du, eta hori da berrituko dena. Horrez gain, jauziak egiteko bi eremu, jaurtiketetarako bi kaiola eta ur-hobi bat ditu.

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:30

Webgunean Tokiko Gobernu Batzarra 2020ko urtarrilaren 31n (ostirala), 9:00an, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda

Share