Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2020 17:00

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko garraio publikoari buruzko informazioa

Parte hartzaileak. Tuvisako presidente, eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo

Eguna. Astelehena, urtarrilak 27

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Larunbata, urtarrilak 25

  • Alkateorde Maider Etxebarria eta Ana Oregi Deportivo Alavesen bandera igotzean izango dira 13:00etan, Mendizorrotza futbol zelaian

 

Igandea, urtarrilak 26

  • Alkateorde Ana Oregi Sabino Arana Fundazioaren sari-banaketan izango da 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokian.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

 Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Ikastaroetako aholku-batzorde zientifikoak bilera egin du gaur udaletxean; Gasteizen egiten dira ikastaroak, uztailean. Aurten 39 urte beteko dira Euskal Herriko Unibertsitateak horien ardura hartu zuenetik, baina aurretik ere egiten ziren.

Gorka Urtaran alkateak ongi etorria eman die batzorde zientifikoko kideei, eta Udalak laguntzeko asmoa duela adierazi, nazioarteko ospea duten ikastaro horiek arrakastatsuak gerta daitezen berriro ere.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:00

 

– Urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bitartean egingo dira lanak

– Asfaltatzeaz gain, seinaleztapen horizontala margotuko da zati horietan

Datorren astelehenean, urtarrilak 27, Euskal Trenbide Sareak —Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenaren eta Azpiegituren Sailaren mendeko ente publikoa— asfaltatzeko eta seinaleztapen horizontala margotzeko lanei ekingo die Nieves Cano eta Castro Urdiales kaleetan; izan ere, Gasteizko tranbia kale horietatik igaroko da otsailetik aurrera.

Tranbia hegoalderantz luzatzeko lanak azken txanpan sartu dira, eta tranbiak dagoeneko probak egiten ari dira 1,4 kilometro dituen trazatu berrian. Hiru geltoki berri izango ditu: Florida kalean, Hegoalde gizarte etxearen ondoan, eta Domingo Martinez de Aragon kalean, unibertsitate-campusaren ondoan.

Asfaltatze lanak direla eta, Nieves Cano kalea osorik itxiko da Domingo Martinez de Aragon kaletik Izarduy Komandantearen kaleraino, urtarrilaren 27ko (astelehena) 08.00etatik hilaren 30eko (osteguna) 01.00etara arte. Hiru egun horietan, inguruko garajeetara baino ezingo da sartu.

Gainera, hilaren 27tik (astelehena) 31ra arte (ostirala), Nieves Cano eta Castro Urdiales kaleek Izarduy Komandantearen kalearekin eta Shommer, Zendaguren eta Heraclio Fournier kaleekin zein Dantzari plazarekin dituzten bidegurutzeak itxiko dira, 20.00etatik 01.00etara. Inguru horretan aparkalekuak dituztenei sartu eta irteten utziko zaie une oro. Trafiko etenak ez dira gauez egingo, asfaltua fresatu, hedatu eta trinkotzeko lanen eragin akustikoa kontuan izanik.

Asfaltatzeko, seinaleztapen horizontala margotzeko, kutxatilak goratzeko eta erretenak egiteko lanak izango dira, oro har. Lanak egitekoak diren kaleetatik 11.000 ibilgailu pasa ohi dira astegunetan, eta bertatik TUVISAren lau linea igarotzen dira. Hain zuzen ere, urtarrilaren 27tik (astelehena) otsailaren 1era (larunbata) ez da zerbitzurik izango geltoki hauetan:

  1. linea:
  • Nieves Cano / Izardui Komandantea (urtarrilaren 27tik 29ra, egun osoan).
  • Castro Urdiales 2 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, egunaren amaieran).

3/9 lineak

  • Izardui Komandantea 14 (urtarrilaren 27tik 29ra, egun osoan).
  • Castro Urdiales 2 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, egunaren amaieran).

10 linea:

  • Heraclio Fournier 2-24-42, Zumakadi 29 eta Castro Urdiales 2 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, 20.00etatik aurrera).
  • Adurtza auzora iristen laguntzeko, ordezko geltoki hauek egokituko dira: Zumakadi 76 eta Zumakadi 94 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, 20.00etatik aurrera).

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen dituzte tranbiaren lanak, zeinen kastua 10 milioi eurotik gorakoa baita.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:42

Udaltzaingoak, azken 24 orduetan, zauriturik gabeko hamalau trafiko-istriputan esku hartu du eta 28 urteko gidari bat ikertu du Ariñizen, A-4360 errepidean, alkoholaren eraginpean zirkulatzeagatik.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek joan den asteazkenetik desagertuta zegoen pertsona baten gorpua erreskatatzen esku hartu zuten atzo. Gorpua Lopidan, A-3602 errepidean, ubide batean aurkitu zuten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:15

Gasteizek hautagaitza aurkeztuko du 2020-2021 epealdian Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) buru izateko eta Hiri Hezitzaileen XV. Topaketa antolatzeko. Halaxe onetsi du gaur udal gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Sailak proposaturik.

Espainiako 214 hirik osatzen dute sarea, eta Arabako hiriburuak leku garrantzitsua du horien artean, zortzi fundatzaileetako bat baita. Orobat, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko kide da.

“Gure lanak agerian uzten du Hiri Hezitzaile gisa bultzatzen ditugun ekimenak ezagutarazteko dugun borondatea eta, aldi berean, hezkuntza komunitate baten parte aktibo izateko borondatea erakusten du, zeinak proiektu bateratuak proposatzen baititu estatuan zein nazioartean, filosofia komun batean, Hiri Hezitzaileen Gutunean, oinarrituz”, azaldu du Hezkuntzako zinegotzi Felipe Garcíak.

Hiri hezitzaileek “aldaketarako palanka” izango den hezkuntzaren alde egiten dute, gaur eguneko erronkei (klima-aldaketa edo desparekotasun sozialak) aurre egiteko eta hiri ingurune iraunkorragoak, inklusiboagoak, kohesionatuagoak eta arduratsuagoak sortzeko.

“Hezkuntzaren ikuspegi zabal batekin konprometituta gaude, hau da, bizitza osoa barne hartzen duen hezkuntzarekin, ikasgelen barruan zein kanpoan. Gure udal politiken hezkuntza eregina maximizatu nahi dugu, eta hiria birpentsatu hezkuntza ekosistema inklusibo eta dinamiko gisa, bertan bizi direnekiko etengabeko elkarrizketan”, esan du Hezkuntzako zinegotziak.

 

Azken erabakia

 

Sarearen Biltzar Orokorrean aldeztuko du hautagaitza Gasteizek, orduan izendatuko baita koordinatzaile berria. Sevillan —oraingo koordinatzailea— egingo da biltzarra, martxoaren 13an.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:08

Tokiko Gobernu Batzarrak Afro egoliar afroamerikarren elkartearekiko hitzarmena sinatzea onetsi du, gizarte ahuldade-egoeran dauden edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden etorkinentzako zainpeko etxebizitzen programa bat kudeatzeko.

Gizarte eta hezkuntza taldeek ematen dute arreta etxebizitza horietan; bizitegirik ez duten pertsona eta familiei ostatua eta laguntza eskaintzen zaie, eta bitarteko urratsa dira bizimodu autonomo baterantz.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 509.412 euro emango dizkio Afro elkarteari, hura arduratuko baita programa 2020an kudeatzeaz.

Afro elkartea

Afro egoliar afroamerikarren elkartea duela 26 urte sortu zen, etorkinei sostengua emateko. Besteak beste, helburu hauek ditu: migratzaileak gizarte eta sostengu sareetan txertatzea, harremanak lotzen eta gizartean mugitzen laguntzearren; emakumeen garapen integrala lortzeko ekintzak burutzea, eta elkartasunaren eta garapenerako lankidetzaren alorretan jardutea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:04

Arabako hiriburuak hiru “paper-txori urdin” jaso ditu bigarren urtez jarraian 

Alkateak zorionak eman dizkie gasteiztarrei, biztanleko bilketa-tasak estatuko batez bestekoa bikoizten baitu

Gasteizek hiru “paper-txori urdin” jaso ditu bigarren urtez jarraian; Pasta, Paper eta Kartoiaren Ekoizleen Espainiako Elkarteak (ASPAPEL) paper eta kartoi bilketaren kudeaketa saritzen du horien bidez. Gorka Urtaran alkateak “gasteiztarren inplikazioari eta ohitura gero eta jasangarriagoei” egotzi die saria.  “Aitorpen honek herritarren kontzientziazioa nabarmentzen du, eta aukera bat da iraunkortasunaren alorrean hobetzen jarraitzeko”.

“Pajaritas Azules” deritzon programak papera eta kartoia gaika biltzeko udal kudeaketaren bikaintasuna saritzen du urtero, eta etengabe hobetzeko egindako ahalegina. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak jasoko du saria, otsailaren 4an, Valladoliden, beste 34 herri eta hirirekin batera.

 

43 kilo biztanleko

2018ko datuen arabera, Gasteizko biztanle bakoitzak batez beste 43 kilo birziklatzen ditu urtean, estatuko bataz bestekoaren oso gainetik (18,1 kilo). Udalerrian 768 edukiontzi urdin daude, eta 2018an 10,7 tona paper eta kartoi bildu ziren horietan. Alkateak gogorarazi duenez, hurrengo garbiketa-kontratuarekin 1.263 edukiontzi urdin izatea aurreikusi da.

Antolatzaileek paper-txori bat, bi edo hiru ematen dituzte, 21 adierazleren bitartez. Gasteizek iaz lortu zuen lehen aldiz aitorpena, eta orduan ere hiru paper-txori jaso zituen. Aurten, gainera, puntuazio hobea lortu du (73 puntu).

Alderdi hauek hartzen dira aintzat ebaluatzeko garaian: edukiontzi urdinetan eta bilketa osagarrietan bildutakoa, informazio kanpainak eta hiritarrak kontzientziatzeko ekintzak, kudeaketaren arautzearekin eta antolakuntzarekin lotura duten alderdiak, eta azken birziklatzearen emaitzak eta trazabilitatea.

Gasteiz adierazle hauetan nabarmendu da: edukiontzi kopurua biztanleko; biltzeko zerbitzuaren kalitatea; edukiontzien kokapena; saltoki txikietako, zentro publikoetako eta ikastetxeetako kartoiaren bilketaren maiztasuna; paper eta kartoiaren bilketari eta birziklatzeari buruzko informazioaren gardentasuna, eta kudeaketaren planifikazioa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:55
  • Ikastetxeetan matrikulatzeko eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea astelehenean, 2020ko urtarrilaren 27an, hasten da

Urtarrilaren 27an hasten da Euskal Autonomia Erkidegoan 2020-2021 ikasturterako Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleak matrikulatzeko kanpaina, bai ikastetxe publikoetan bai itundutako ikastetxe pribatuetan.

Pasa den urtean, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak areagotu egin zuten lankidetza, bizikidetzari eta hezkuntza-ekitateari buruzko hitzarmen bat sinatuta. Lankidetza horren ondorioz, Udalak Hezkuntza Sailari lagunduko dio pasa den urtean bezala matrikulazio prozesuari buruzko informazio eginkizunetan, Herritarrei Laguntzeko Bulego sarearen bitartez.

Horretarako, Gasteizko herritarren eskura jartzen ditu gizarte-etxeetan dauden Herritarrei Laguntzeko 11 bulegoak, eta baita San Antonio kaleko 10 zenbakian den bulegoa ere. Familiek bertan jaso ahalko dute euren seme-alabak matrikulatzeko behar duten informazio guztia. Gizarte-etxeetako bulegoetan herritarren arretarako ordutegia astelehenetik ostiralera 9:30etatik 20:00etara da, eta San Antonio kaleko bulegoan, berriz, astelehenetik ostiralera 8:30etatik 19:30etara.

Informazioa ikastetxeetan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikasgunea web-atarian ere eskura daiteke. Azken horretan, matrikulatze prozesuari buruzko ohiko galderen atal bat dago.

Eskabideak eta dokumentazioa ikaslearen amak, aitak edo tutoreak aurkeztuko ditu. Bi era daude eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko:

–         Aurrez aurre, familiek lehen tokian aukeratutako ikastetxeko idazkaritzan, urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra bitartean.

–         Online bidez, Ikasgunea atarian (https://ikasgunea.euskadi.eus) sartuta, urtarrilaren 27tik otsailaren 6ko 24:00ak arte. Une horretatik aurrera aplikazio informatikoak utzi egingo dio aktibo egoteari.

Izena emateko eskabide bat baino ezin da aurkeztu. Eskabidean 12 ikastetxetarako matrikula eska daiteke, gehienez, eta familiek lehentasunezko hurrenkeran adieraziko dituzte.

Zonakatzearen mapa osoa kontsulta daiteke Herritarren Laguntzarako Bulego bakoitzean, San Antonio 10 kaleko bulegoan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan (San Prudentzio, 18) eta Zuzenean zerbitzuan (Ramiro Maeztu kalea, 10).

Behin-behineko zerrendak martxoaren 17an argitaratuko dira, eta erreklamazio-epe bat zabalduko da martxoaren 25era arte. Behin betiko zerrendak, berriz, martxoaren 31n argitaratuko dira. Bai behin-behineko zerrendak bai behin betikoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikasgunea atarian kontsultatu ahal dira, eta baita ikastetxean ere, informazioa eskatzen duen pertsona ikastetxe horretan eskabidea aurkeztu duena bera dela aurretik egiaztatuta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:46

 

Europa jauregiak hartuko du otsailaren 1ean Gasteizko Zurrumurruen kontrako Sarearen urteko lehen bilera.

 

 

Joan den agintaldian Udalak sustatutako “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren baitan kokatzen delarik, 2017an eman zituen lehen urratsak Gasteizen Zurrumurruen kontrako Estrategiak, ordutik hona bide luzea egin duelarik. Hauek izan dira mugarri garrantzitsuenetako batzuk: Pilar-Iparralde, Salburua eta Araneko taldeen sorrera eta –gero– batasuna, adinekoen taldearen sorrera, eragileen sareak Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuarekin batera abiarazitako Zurrumurruen kontrako jarduera ugariak, eta sare sozialetan (Facebook eta Instagram) profilak irekitzea, informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko.

Otsailaren 1eko saioan, eta zenbait baliabideren bitartez, partaideek hausnarketa egingo dute Zurrumurruen kontrako Estrategiak sortu zenetik Gasteizen egindako ibilbideaz, eta, horrez gain, proiektuaren etorkizunari begiratuko diote, hobekuntza posibleak, interesak, helburuak eta Zurrumurruen kontrako herritar sarea indartzeko formulak identifikatuz.

Asier Gallastegi kontsultore eta prestatzaileak dinamizatuko du saioa, zeinek jarduera ikuspegi sortzaile eta berritzaile batetik abiatuta girotuko duen, zenbait ustekabe tarteko.

Zurrumurruen kontrako Udal Estrategia eraldaketa sozialaren aldeko sentsibilizazio-proiektua da, eta xede hauek ditu: pertsona-kopuru handi bat –bakarka edo erakunde eta elkarteen izenean– inplikatu eta gaitzea, eta estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuen eragin negatiboen gainean pentsaera kritikoa eta sentsibilizazioa sustatzea, eta aniztasunari buruzko kontakizun negatiboak kolokan jartzea. Gainera, agenda politikoan eta sozialean eragin nahi du, aurreiritziak murriztea eta diskriminazioa prebenitzea hiriaren helburu kolektibo oso garrantzitsua dela onartu dadin.

Gorka Urtaran alkateak Zurrumurruen kontrako Sareko boluntarioen inplikazioa eskertu du, “horiek bezain pertsona konprometituek Gasteiz hiri inklusiboagoa egiten dutelako, bizi errealitateaz kontzienteagoa, eta auzo bakoitzak bizitzaren etorkizunari ikuspegi konstruktibo eta positibo batekin begiratzen diona”. Ildo horri eutsita, alkateak animatu egin ditu gasteiztarrak otsailaren 1ean Europa jauregira hurbildu daitezen eta Zurrumurruen kontrako Estrategia ezagutu dezaten.

Informazio gehiago

Share

Aurrekoak »