Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urtarrila 2020 18:13

 

  • Udaleko Turismo arduradun Maider Etxebarriak BHrekiko proiektua aurkeztu du, Euskadik IFEMA feria-lekuan jarri duen standean.

Araba helmuga ezin hobea da zikloturismoa praktikatzeko eta era askotako bizikleta-bidaiak egiteko. Halaxe azaldu du Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak Fitur turismo azokan, zeina Madrilen egiten ari baita egunotan.

Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handiak dituen alde onak aletu ditu Etxebarriak, Grupo BH enpresako zuzendari nagusi José Antonio Gómez Damborenearekin batera, Euskadik IFEMA feria-lekuan duen standean.

“Lurralde aproposa dugu: bertako orografia erraza da; zidor eta errepide sareko trafikoaren intentsitatea, txikia, eta askotariko natura eta kultura baliabideak bisitatu daitezke. Horretaz gain, Gasteiz eta bertako ondare eta kultura harribitxi guztiak ongi konektatuta daude Arabako gainerako aldeekin“, adierazi du Etxebarriak aurkezpenean. “Proiektu honek mugikortasun iraunkorraren alde egiten du, eta lurraldea egituratzen, hiriburuarekin konektatuz; hiriburuak, gainera, turismo-helmuga iraunkorraren Biosphere zigilua du”.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak sustatu du Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handia, zeinak zikloturismoa eta natura eta familia turismoa batzen baititu. 2018an hasi zen proiektu lantzen zenbait eragileren artean: Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Arabako Foru Aldundia, Ataria eta BH bikes enpresa. Azken horrek 10 bizikleta elektriko laga ditu ibilbidea egiteko. Ataria zentrotik abiatzen da, non aholkularitza eskaintzen baita, eta ibilgailuak alokatzeko aukera. Asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Prezioa, alokairuko hiru orduengatik 12 euro eta egun osoagatik 22 euro bitartekoa da, eta bizikletak ere hainbat egunetan erabil daitezke. Atariara zuzenean joateko aukera dagoen arren, bizikletak aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen da,  Capital Bikes enpresara deituz (telefonoa: 635360181).

Ibilbidea 112 km luze da, eta 800 metroko desnibel positiboa du. Bizpahiru egunetan egin daiteke. Bidea erraza da, desnibelik eta zailtasun tekniko handirik gabe; beraz, bizikleta mota ezberdinez egin daiteke: hibridoak, legarrerakoak, MTB, etab.

Besteak beste, baliabide turistiko hauek bisitatu daitezke ibilbidean: Ataria eta Eraztun Berdea, Garaioko parkea —bertako bainuguneak bandera urdina du—, Mendixurreko hegazti-behatokia, Aguraingo hirigune historikoa, Alaitza eta Gazeoko pintura gotikoak eta Estibalizko Andre Mariaren basilika erromanikoa. Gasteiz hiriaren eta ibilbideak zeharkatzen dituen nekazaritza eremuen arteko lotura, bestalde, bikaina da errepidez zein trenez, eta erraz eta azkar irits daiteke edozein lekutara.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. AuzoEszena programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Osteguna, urtarrilak 23

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:37

Bayón arkitektoek auditoriumaren proiektuaren ahalmen teknikoak azaldu dizkiete udal taldeei, eta hainbat diziplina artistiko eta aisialdi eta biltzar jarduerak hartzeko duen moldagarritasuna

Gorka Urtaranek “hausnarketa eta analisi sosegatua” eskatu die taldeei. “Hitzek  mugatu egin gaitzakete. Eman diezaiogun aukera bat eta ordain dezagun hiriak kulturarekin duen zorra”

ALKATEAREN AUDIOA

Gorka Urtaran alkateak Gasteizko lau kultur azpiegitura handiak (auditoriuma barne) garatzeko ituna eskaini die udal taldeei. Gasteizko alkateak Gasteiz Antzokia, Principal antzokiaren eraberritzea, Iradier Arena eta auditoriuma garatzearen alde agertu da: “Gasteizek kulturarekin duen zorra kitatzeko aukera bat da, eta adostasunez egin behar dugu.

Horren ildotik, Gorka Urtaranek “hausnarketa eta analisi sosegatua” eskatu die talde politikoei. “Hitzek  mugatu egin gaitzakete. Argitu ditzagun auditoriumaren proiektuari buruz ditugun zalantzak, eta eman diezaiogun aukera bat, horri buruz hausnartuz“, nabarmendu du alkateak.

Gorka Urtaranek udaleko talde politikoekin eta Bayón arkitektoekin egin duen bileran azaldu du bere proposamena. Bayón arkitektoek duela hamarkada bat landu zuten Gasteizerako auditoriumaren proiektua, eta Euskaltzaindiaren plazarako pentsatutako proiektua Senda ibilbidetik gertu dagoen Musikaren ibilbideko lursailera egokitzeko egindako proposamenaren ahalmen teknikoak eta moldagarritasuna azaldu dituzte.

Jatorrizko proiektuaren ezaugarriak labur gogorarazi ondoren, Mariano eta Pablo Bayón arkitektoek Euskadin “lehen mailako musikako kultura-establezimendu bat” eraikitzea defendatu dute. “Bokazioz, Gasteiz da Espainiako musikaren hiriburu handia, hain ezaguna ez bada ere. Historikoki lehen mailako musika tradizioa izan du. Gure inguruan musika-auditorium handi bat izateko hiri bereziki prestaturik eta egokirik bada, eta horren behar handiena duenik, Gasteiz da. Horregatik, beti iruditu zaigu bereziki egokia “bikaintasun akustikoaren” printzipioan oinarritutako musika-auditorium handi bat hemen eraikitzeko erabakia, eta egokia iruditu zaigu, halaber, arkitektura akustikoaren alorrean mundu mailako pertsona gailenengana jotzeko erabakia laguntza teknikoa jasotzeko, hau da, Yasuhisa Toyota eta haren Nagata Acoustics. Dagoeneko gertatu da hori. Potentzial hori hiriaren jabetzakoa da jada”.

Mariano eta Pablo Bayonek aretoaren akustikari buruzko hainbat xehetasun azaldu dituzte, baita soinuaren bikaintasuna bilatzeko aretoak dituen beharrei buruzkoak ere, eta proiektua lursail berrira egokitzeko beharretako batzuk zehaztu dituzte. Ildo horretatik, birdoitzeak honako hauek hartu beharko ditu kontuan: hirigintza-baldintzak; azpiegiturak (hartuneak, sarbideak, nola txertatu hirian); aireko zarataren azterketa; trenaren bibrazioen transmisioa, gaur egun eta etorkizuneko lurperatzea egin ondoren; lurraren eta lurpearen ezaugarriak egitura eta zimenduak egokitzeko. Gainera, arkitektoek azaldu dutenez, proiektu berriak bolumena txertatzearekin lotutako alderdiak konpondu behar ditu eta, 12 urte igaro direlarik, iraunkortasun material eta energetikoari buruzko irizpideak eguneratu behar ditu, argiztapen sistema berriak (led) eta energia berriztagarriak erabiltzeko, eta passivhaus irizpideak kontuan hartzeko, besteak beste.

Azalpen horiez gain, gaur goizeko bileran mahai gainean jarri da hiri-plangintzaren aldaketa baten beharra ere, proiektuari berme juridikoak ematearren. Alkateak bere garaian jakinarazi zuen bezala, lursaila, katalogatuta dagoen bezala, erabilera horretarako erabil daiteke, plangintza aldatu gabe, baina beharren azterketa espezifiko batek —altuera eta bolumetriei dagokiena— plan berezia berrikustea eskatzen du.

Horren harira, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik zehaztu du gobernuaren asmoa dela auditoriumerako plan berezi bat idaztea, beharrezko alderdi guztiak arautuko lituzkeena.

“Hiri honek bere garaian ordaindu zuen proiektua daukagu. Kokapena daukagu, zeina hutsik geratu baitzen desadostasun politikoen ondoren. Beste erakunde batzuen babesa dugu, eta bilatuko dugu. Arduraz joka dezagun denok, bai kokapenari bai diseinuari dagokienez aurreko korporazioetatik eta aurreko alkateengandik heredatu dugun proiektu hori errealitate bihurtzeko, egungo asmoei erantzuteko guztiz baliagarria baita “, adierazi du alkateak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

Agintaldi honetarako bide-orria da, eta Gizarte Kontseiluak proposatutako 17 hobekuntza-eskaerak jaso ditu

 

 

 

 

Herritarren Partaidetzaren Plana onetsi du Gasteizko Udalak, udal talde guztiek adostuta. Agintaldi honetarako bide-orria da, eta Gizarte Kontseiluak aurreko agintaldiaren bukaeran proposatutako 17 hobekuntza-eskaerak jaso dira bertan.

Udal talde politiko guztiek —EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin— adostu duten dokumentuan —Herritarren Partaidetzaren Udal Plana, 2020-23—, adierazten da partaidetza funtsezkoa dela politika publikoen kalitatea hobetzeko, pertsonak eta haien premia eta interesak erdigunean jarriz.

Orobat azpimarratzen da dokumentuan herritarren partaidetza udal gobernuaren ardatz estrategiko bihurtzeko premia, eta partaidetzak udal talde politikoen arteko akordio zabalean oinarritu behar duela.

Plana lantzeko udal talde guztietako ordezkariekin eratu zen lantaldea pozik agertu da lortutako akordioarekin, erabateko adostasuna izan baita herritarren partaidetza —udal jardunaren barruan— lehentasunezko lekuan jartzeko premia dagoela adierazteko orduan.

Dokumentuaren hitzaurrean bertan adierazten da nola landu den:

  • aurreko plana berrikusi da —bertan, jada, berrikuntza nabarmenak jaso ziren, partaidetza-ereduari zegokionez—;
  • Gizarte Kontseiluak aurreko agintaldiaren bukaeran —elkargune eta auzoguneen saio parte-hartzaile baten ondorioak bildurik— egin zituen hobekuntza-proposamenak aintzat hartu dira;
  • Euskal Herriko Unibertsitatearen Herritarren Partaidetzaren Behatokiaren txostenean proposatutako hobekuntzak aintzat hartu dira.

5 ildo estrategikotan antolatuta dago dokumentua, eta honako hauek daude bertan jasotzen diren hobekuntza-proposamenen artean:

  • Partaidetza-organoek udal politikan duten eraginaren adierazleak lantzea.
  • Udal plan guztietan partaidetza-prozesuak egiteko obligazioa bermatzea, eta horiek garatzeko erreferentziazko eskuliburu bat lantzea.
  • Herritarren partaidetza-organoei udalbatzaren osoko bilkuretan mozioak aurkezteko aukera ematea.
  • Aurrekontu parte-hartzailearen ‘Gasteiz Hobetuz’ programan hobekuntzak egitea —araudi bat lantzea—.
  • Herritarrentzako Eskola Irekiaren ekintzak bultzatu eta indartzea, eta berorren programa gainerako udal eskola eta zerbitzuekin koordinatzea.
  • Ordezkaritzarik txikiena duten biztanleria-kolektibo eta -sektoreen partaidetza areagotzea, partaidetza-kanal eta -organoetan.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:56

Webgunean eskuragarri daude Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Batzordeak urtarrilaren 29an, 9:00etan,  eta  Herritasunen Segurtasunaren eta Udal Administrazioaren Batzordeak egun bereko 12:00etan egingo dituzten ohiko bilkuren

Gai-zerrenda 1

Gai-zerrenda 2

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:33

Mugikortasun Elkarguneak Mugikortasun Planaren aurrerapena aztertu eta osatzeko aukera izango du otsailaren 11n eta 18an. Orobat, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok informazio-saioa eskainiko du plan hori berrikusteko prozesuaz; urtarrilaren 28an izango da, 19.00etan, Europa jauregian. Ondoren, otsailaren 11n eta 18an, parte hartzeko bi saio egingo dira, interesa duten eragileek aurrerapenean jaso diren ekintzak eta planaren jarraipena egiteko proposatu den eredua aztertzerik izan dezaten. Bilera horiek ere Europa jauregian egingo dira.

“Etorkizuneko mugikortasuna iraunkorra, elektrifikatua, eraginkorra eta efizientea izango da. Udal gobernutik sustatzen dugun Agenda gasteiztarrak helburu hori lortzeko jarduera-ildoak jasotzen ditu. Lanean ari gara ondo konektatuta dagoen hiria lortzeko, ibilgailu partikularren ordez, bizikletaz eta oinez mugitzea eta garraio publikoa sustatzearen aldeko apustua egiten duen hiria. Herritarrekin batera joan nahi dugu prozesu horretan. Horregatik jarri ditugu abian zenbait partaidetza-prozesu Mugikortasun Plana berrikusten hasi zenetik”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana (MIEPP) eguneratzeko lehen urratsa hiriko mugikortasunaren egoerari buruzko diagnostikoa izan zen. Ondoren, partaidetza-prozesuaren beraren esparrua eta irismena eztabaidatu ziren Elkargunean, eta Plana eguneratzeko printzipio gidariak. Printzipio gidari horiek abiapuntutzat hartuta, Gasteizko Udalak MIEPParen eguneratzearen aurrerapena landu zuen, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziaren laguntza teknikoarekin, eta 2019ko irailean argitaratu. Orobat, parte hartzeko erakusketa bat antolatu zen, herritarrek eta gizarte-eragileek plana aztertu eta ekarpenak egiterik izan zezaten, eta Udalak herritarrekin komunikatzeko eta ekarpenak jasotzeko dituen bide guztiak (herritarren postontzia, udal erregistroa…) ireki ziren. Orain, berriz, Elkargunearen barruan egingo da partaidetza-prozesua agiri horretan jasotako jarduerak eztabaidatu eta aztertzeko. 900 pertsonak baino gehiagok ikusi zuten gizarte etxeetan egindako erakusketa ibiltaria, herritarren postontzian hari bat sortu zen, eta udal erregistroan lau elkarteren iradokizunak aurkeztu dira.

Orain arte jasotako ekarpen eta alderdi nagusien laburpena barne hartzen duen txostena landu du Udalak, otsailerako deitutako saioak erraztearren. Oro har, jasotako iruzkin gehienek ez dute zalantzan jartzen aurrerapenaren agiriaren planteamendu estrategikoa, eta gauza zehatzago batzuei erreparatzen diete. Laburbilduz, gai hauen inguruko ekarpenak jaso dira gehien bat: aparkalekuak, zamalanak, ibilgailu partikularrak eta superetxadiak, oinezkoen alderdiak, txirrindularientzako azpiegiturak, garraio publikoa, bizikidetza eta lurperatzea.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:21

Aurrerantzean, ez da erabili eta botatzeko plastikozko edalontzirik eskainiko udaletxean dauden hiru ur-iturrietan. Produktu horren izakinak bukatzen direnean, ez dira berrituko, eta udal langileek beren ontziak (edalontzi edo botila berrerabilgarriak) baliatu beharko dituzte. San Martineko bulego teknikoetan kendu ziren jada, beraz, iragarritako hau beste aurrerapauso bat da botatzeko plastikoak erabiltzeari uzteko.

Hondakinak Kudeatzeko Plana edo Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda bezalako tresnen bitartez, Gasteizko Udalak bere egin du erabilera bakarreko plastikoak murrizteko konpromisoa, kontsumo-katetik guztiz desagerrarazi arte. Izan ere, lantokia garrantzitsua da “zero plastiko” helburua lortzeari begira.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:57

Bi txirrindulari, 42 eta 17 urtekoak, zauritu ziren atzo Kexaako Gazteluaren kalean eta José San Martín kalean izandako istripu banatan, hurrenez hurren. Biek laguntza medikoa jaso zuten, lehenengoak Txagorritxu Ospitalean, eta bigarrenak, Santiago Ospitalean.

Udaltzaingoak beste 10 zirkulazio-istriputan esku hartu zuen. Horietan ez da zauriturik eta bide-segurtasunaren aurkako delituak direla eta ikertutako pertsonarik izan.

Koltxoi batek su hartu du

Suhiltzaileek esku hartu dute gaur, goizeko zazpiak aldean, Nafarroako Errege-Erreginen kaleko etxebizitza batean koltxoi batek su hartu duelako. Manta elektriko batek sortu du sua, eta ke handiak sortu ditu horrek. Anbulantzia bateko osasun-langileek lau lagun artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik.

 

Share