Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 urtarrila 2020 17:00

– Herritartasunerako Eskola Irekia. 2020ko lehen hiruhilekoko programazioa.

Matematikan doktore Eduardo Sáenz de Cabezónen “El espejismo de la mayoría”  hitzaldiak emango dio hasiera.

Parte hartzailea: Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez Ramajo.

Eguna: Urtarrilak 9, osteguna

Ordua: 19:00

Lekua: Europa biltzar-jauregia – Maria de Maeztu aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:07

Herritarren parte-hartze oso nabarmena izan du burutu berri den Eguberrietako programazioak.

Abendutik urtarrilaren hasierara arteko aldirako batez ere Kultura Zerbitzuak, baina baita Gizarte-etxeen eta Kirolaren Zerbitzuak ere, antolatu dituzten jarduerei ongi erantzun diete gasteiztarrek.

Proposamen erakargarriak eskaini ditu Arabako hiriburuak, hala nola, Jaiotza monumentala eta Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea, kaleko musika, ‘Butaka txikia’ programako ikuskizunak, antzerkia, izotz-pista, eta, batez ere, Olentzero eta Mari Domingiren eta Ekialdeko Errege Magoen eguneko ekitaldiak.

Mari Domingi, errotuta

Olentzero eta Mari Domingirekin lotutako ekitaldi guztiak gorabeherarik gabe burutu ziren, eta  aurreikusitako programa osorik bete zen. Antizikloia eta tenperatu ona lagun, milaka gasteiztar animatu ziren ibilbide osoan barrena biltzea, eta Bake kalea eta Olagibel kalea jendez gainezka egon ziren.

Gainera, goizean goizetik, familia ugari hurbildu ziren Olentzero y Mari Domingiren harrerara. “Mari Domingiren protagonismoa Olentzerorenaren antzekoa da azken urteotan, eta oso balorazio ona egiten dugu. Umeek normaltasunez eta gogoz hartu dute berrikuntza. Orotara, 1.022 umek eman zieten gutuna bi pertsonaiei zuzenean, eta haiekin hitz egin udaletxean, iaz baino berrehun gehiagok. Izan ere, azken hiru urteetan, ia ehuneko 50 hazi da ekitaldiko asistentzia”, nabarmendu du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Desfilean 400 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta jendetza bildu zuen. Ibilbidea aurreko urteetakoa izan zen: Iparralde gizarte-etxea, Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea eta Espainia plaza.

Hirugarren karroza bat izan da edizio honetako berritasuna; opariekin girotuta zegoen, eta goxokiak bota zituzten bertatik. Egun zoragarriari bukaera emateko, Mari Domingi eta Olentzero agur egitera atera ziren Espainia plazara, lau iratxok eta 12 haurrek lagunduta; jendez gainezka zegoen plaza. Ondoren, Txagorritxuko Ospitalean zeuden haurrak bisitatzera joan ziren bia

 Animaliarik gabeko lehenengo desfilearen arrakasta

Erregeen egunean lau jarduera antolatu ziren: ADIFeko geltokira iristea, Espainia plazako agurra, Goiuri jauregiko harrera eta desfilea.

Familiek dena ematen dute egun horretan “beren maiestateen” alde, eta ekitaldi guztietan partaidetza izugarria izaten da. Eguraldia hotza izan zen, baina lehorra, eta horri esker, arazo berezirik gabe burutu ahal izan zituzten Errege Magoek beren agendako ekitaldiak.

Ekitaldi guztiak (tren geltokira iristea, Eduardo Dato kaleko ibilaldia eta udaletxeko balkoitik agurtzea) oso errotuta daude dagoeneko, eta nasak, espaloiak eta plazak jendez gainezka egon ohi dira. Espainia plaza, bestetik, oso zabala da eta jende gehiagok ikustea ahalbidetzen du.

Errege Magoak 6 ordu izan ziren haurrekin Goiuri jauregian, Ekialdeko maiestateek duten erakargarritasunaren seinale. Guztira 1.180 ume igaro ziren jauregitik haiekin hitz egitera.

Hotz handiak ez zuen eragotzi desfilea ikuskizun handia izatea: zazpi karroza, hiru antzerki-ikuskizun, hiru musika-talde eta 300 partaide inguru. 

“Apustu ausarta izan da gure gobernu-taldeak egin duena. Oso pozik gaude Gasteizko animaliarik gabeko lehen kabalkadak herritarren aldetik izan duen erantzunarekin”, azpimarratu du Estibaliz Cantok.“Musika- eta argi-ikuskizunak harrituta utzi zituen hiriaren erdialdeko zenbait kale gainezka jarri zituzten haur eta nagusiak, hiriko urte osoko ekitaldirik jendetsuena izan baita”, adierazi du Kultura zinegotziak.

 Herodesen gaztelua, Jaiotzako berritasun handia

Florida parkeko Jaiotza monumentalari eta Uraren Ezkutuko Lorategiko Olentzeroren eta Mari Domingiren etxeari dagokienez, Herodesen gazteluaren espazio berriak erabateko arrakasta izan du, eta Jaiotzako atrakzio bihurtu da, jende ugari bertaratu baita.

Olentzeroren eta Mari Domingiren espazioak ere milaka bisitari izan ditu, eta ehunka gutun jaso dira postontzian.

Bi espazioetako jarduera normaltasunez igaro da, Jaiotza monumentaleko irudiekin izandako gertakariren bat gorabehera, hala nola ardi baten eta txerri baten haustura.

Gabonetako Haur Parkeko asistentziak gora egin du

Jai egunetako beste jarduera nagusietako bat Gabonetako Haur Parkea izan da, berriro ere Udalak kudeatua, eta Hegoalde gizarte-etxean kokatua. 17.006 pertsona bertaratu dira, aurreko urtean baino ehuneko 8,11 gehiago. Horietatik, 9.002 haurrak izan dira, eta 8.004 nagusiak.

Abenduaren 27a, ostirala, izan zen jende gehien bertaratu zen eguna.

Eguberrietako izotz-pistan berriz, 16.520 erabilera izan dira, joan urteko 17.394 erabileren edo duela bi urteko 13.537 erabileren aldean. Abenduaren 28a izan zen jende gehien bertaratu zen eguna, 1.167 pertsona sartu baitziren bertara; jende gutxien ibili zen eguna, berriz, abenduaren 17a, ehun erabilera baino gutxiago izan baitziren.

Abenduaren 19an, arratsaldez, eta 21ean, parte batez, itxi egin ziren instalazioak, haizetearengatik, eta horrek izan du eraginik erabileren kopuru orokorrean.

Txirrista, berriz, 57.526 bider erabili zen —61.478 bider iaz, eta 43.550 bider duela bi urte—. Horretan ere, abenduaren 28an ibili zen jende gehien, 3.699 bider erabili baitzen.

 Bost bider ere, sarrera guztiak salduta, Principal Antzokian

Udal Antzoki Sarearen Eguberrietako programazioari gagozkiolarik, musika klasikoa, dantza, umorea eta musikala izan dira ikuskizun-eskaintza osatu duten formatuak. Balantzea oso ona da, eta herritarren aldetik erantzun jendetsua izan du.

Abenduaren 4tik urtarrilaren 4ra bitartean, 11 ikuskizun programatu dira, 10 proposamen Principal antzokian eta bat Jesús Ibáñez de Matauco Antzokian (Felix Petite Antzokian aurreikusitako ‘Benditas’ ikuskizuna bertan behera geratu zen protagonistaren gaixotasunagatik).

Balantzearen arabera, 6.500 ikusle izan ziren guztira, eta, batez beste, ehuneko 84,60ko okupazioa.

Bost emanalditan, guztiz bete zen aretoa: Dani Martinez, bi emanalditan; San Petersburgoko Balleta; Teatro Paraisoren ‘Uniko el príncipe destronado’, eta Javisen ‘La llamada’ musikala.

Gizarte-etxeetan, berriz, batez beste ehuneko 43ko okupazioa izan zen Jesús Ibáñez de Matauco Antzokian, Porpolen ‘Teatro Katmandú’ ikuskizunean.

 ‘Pirritx, Porrotx eta Marimotots’, zoramena

 Haur Ikuskizunen XVI. Erakustaldia arrakastatsua izan da benetan, nola ikusle-kopuruagatik, hala lanen kalitateagatik. Guztira hiru ikuskizunen bost emanaldi antolatu dira, eta publikoaren gustukoak izan dira.

8.947 pertsona bertaratu ziren, aurreko Eguberrietan baino dezente gehiago, eta duela bi urte halako lau. ‘Pirritx, Porrotx eta Marimotots’ ikuskizunerako sarrera guztiak saldu ziren, eta ‘Go!azen’ emanaldia ere ia beteta egon zen. Batez beste, 1.789 pertsona izan ziren emanaldi bakoitzeko.

IKUSKIZUNABERTARATUAK
DUBBI KIDS1.017
GO!AZEN (1. emanaldia)883
GO!AZEN (2. emanaldia)2.047
PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS (1. emanaldia)2.500
Pirritx, Porrotx eta Marimotots (2. emanaldia)2.500
ASISTENTZIA, GUZTIRA 8.947
  
BATEZ BESTEKO ASISTENTZIA, EMANALDIKO1.789

Familientzako ‘Butaka Txikia’ antzezlan-programak, berriz, zortzi ikuskizun programatu zituen (11 emanaldi), hiriko gizarte-etxeetako antzoki eta ekitaldi-aretoetan banatuta.

Guztira, 1.537 sarrera jarri ziren salgai. Aurten, lehenengo aldiz, internet bidez erosi ahal izan dira sarrerak. Sarren ehuneko 92 baino gehiago saldu dira. Butaka Txikia kalitateko antzezlanak eskaintzen dituen programa errotua dela erakusten dute datu horiek, eta handia dela arlo horretan familia gasteiztarren eskaria, Eguberrietako oporretan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:16

‘West Side Story’ musikala Gasteizen izango da maiatzaren 21etik 24ra.

 

 

 

 

 

Gasteizko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok antzoki sarearen 2020ko negu-udaberriko denboraldia aurkeztu du gaur, prentsaurrekoan; 65 ikuskizun eskainiko dira urtarriletik ekainera bitartean. Horietatik, 49 Principal antzokian eskainiko dira, eta genero eszeniko guztietakoak izango dira: antzerkia, dantza, musika, umorea, opera, musikalak…

Gasteizko gizarte etxeetan, berriz, 16 ikuskizun izango dira, Jim Aktual, Ikuskizuna Ibaiondon eta  XXI. mendeko Flamenkoa zikloetan, eta Euskadiko Orkestrak haurtxoen emango duen kontzertua.

Bertako sortzaileen 30 proposamen ditu programak, horietako 12 euskaraz dira eta 10 erabateko estreinaldiak.

Goi mailako antzerkia

Dramaturgo ospetsuak izango dira berriz ere Gasteizen: Andrés Lima, Borja Ortiz de Gondra, Miguel del Arco, David Serrano, Carme Portaceli, Álvaro Tato eta Helena Pimenta, besteak beste. Zentro eszeniko garrantzitsuen ekoizpenak ere izango dira: Centro dramático Nacional, La Compañía Nacional de Teatro Clásico, El Teatro Español, eta abar. Denboraldi honetako uztaren onena jasotzen duten proposamen dramatikoak.

“Antzerkietan emakumezko antzezle handi eta ospetsuak nabarmentzen dira, oraingoan: Verónica Forqué, Blanca Portillo, Adriana Ozores,  Aitana Sánchez Gijón, Carmen Machi, Nathalie Poza, Manuela Velasco edo Nuria Espert, azpimarratu du Estibaliz Cantok.

Helduentzako abonamenduak kalitateko 9 obra biltzen ditu:

  • ‘Los otros Gondra’, Teatro Español
  • ‘Las cosas que sé que son verdad’, Octubre Producciones eta Teatros del Canal.
  • ‘Mrs Dalloway’, del Teatro Español.
  • ‘El castigo sin venganza’, antzerki klasikoko konpainia nazionalaren eskutik.
  • ‘Los hijos’, Producciones teatrales contemporáneas.
  • ‘Juana’, Losdedae.
  • ‘Prostitución’, Check In producciones.
  • ‘Ricardo III’,  Pavón Teatro Kamikaze.
  • ‘Romancero Gitano’, Federico García Lorca.

 “Zerbait nabarmentzearren, Federico García Lorcaren ‘Romancero Gitano’, duela zenbait urte Asturiasko Printzesa Saria irabazi zuen Nuria Espert aktorearekin, zein 80 urte beteko dituen egunean etorriko baita Gasteizera. Ziur nago, bada, gasteiztar guztion artean urtebetetze-opari on bat egingo diogula”, adierazi du zinegotziak.

 Musika

Musikari dagokionez, talde ospetsuen bost kontzertu antolatu ditu Kultura Sailak, eta horretaz gain, bestelako musikak eta musikal ezagun bat ere bai.

Ruper Ordorika martxoaren 12an izango da Gasteizen, eta Les Luthiers taldeak hiru saio eskainiko ditu martxoaren 20an eta 21ean. Apirilaren 3an, Coque Mallak “Revolución Tour” bira aurkeztuko du.

Poetak maiatzean jaialdiaren baitan, Dulce Pontes-ek kontzertua emango du, Daniel Casares eta Ylesy Herediarekin batera, Principal antzokian maiatzaren 15ean. Maiatzaren 21etk 24ra, Broadwayko “West Side Story” klasikoa izango da Principal Antzokian, nazioko kartelerako klasiko arrakastatsuenetako honek Gasteizen amaituko du bere bira.

Ekainaren 12an, gazteenentzako proposamena izango da, Sofia Ellaren pop freskoa.

Programazio honi beste hauenak ere gehitu behar zaizkio:  ‘dantza abonamendua’,l ‘euskarazko ikuskizunen abonamendua’,  ‘familientzako antzerki abonamendua”,  ‘Musika familian’ abonamendua, abonamendutik kanpoko beste proposamen batzuk, eta dagoeneko aurkeztuak diren Kontzertu Handien Zikloa eta XXI. Mendeko Flamenkoaren zikloa.

Abonamendu salmenta urtarrilaren 23an, 24an, 25etan eta 26an egingo da ohiko lekuetan (on line, leihatiletan eta telefonoz) Horretaz gain, urtarrilaren 28an eta 29an abonamendu irekiak jarriko dira salgai (leihatiletan eta telefonoz bakarrik) eta urtarrilaren 30ean, berriz, sarreren aldez aurretiko salmenta hasiko da, ohiko leku guztietan.

Principal Anzokia-Urtarrila-ekaina 2020

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak zirkulazioko 14 istripu erregistratu ditu. Haietako batean, 28 urteko gidaria zauritu zen Nieves Cano kalean gertatutako istripuan. Santiago Ospitaleraino anbulantziaz eraman zuten.

Suhiltzaileek Ezki kaleko edukiontzi batean eta Jesusen Zerbitzarien kalean pneumatikoak jasotzeko dagoen hargunean sortu ziren suak itzali zituzten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:22

Borja Lázaro Kolonbian desagertu zenetik sei urte igaro diren honetan, hura gogoratzeko deia egin die Gasteizko Udalak herritarrei. Maitasuna eta gertutasuna adierazi nahi izan dizkie alkateak Cabo de la Velan (La Guajira, Kolonbia) desagertutako gaztearen familiari eta lagunei, eta, aldi berean, bilaketa-lanei berriro ekin dakiela eskatu du.

Gasteiztarraren ingurukoek kontzertu bat antolatu dute, larunbat honetarako, The Tap tabernan —Manuel Iradier kalea, 7—, Borja Lázarok desagertuta jarraitzen duela gogorarazteko. 19:30ean hasiko da kontzertua, eta bertan arituko dira Alison Keable, Beitia eta Victor Gutiérrez (Similar Interests).

Aurreko urteetan egin izan den elkarretaratzea ordeztuko du kontzertuak, xede berarekin, zein baita Borja Lázaro gogoratzea eta Hego Amerikako herrialde horretan hura bilatzeko lanei berriro ekin dakiela galdatzea. Udalak elkartasuna, sostengua ea hurbiltasuna adierazi nahi dizkio gazte gasteiztarraren familiari.

Desagerpenaren urteurren honetan, hiriak Borja eta haren familiari eskaintzen dizkien sostengua eta elkartasuna berretsi ditu gaur alkateak. Borja Lázaro gasteiztarra 2014ko urtarrilaren 7tik 8ra bitarteko gauean desagertu zen. Geroztik, haren familiak eta lagunek ez dute aurkitzeko itxaropena galdu, eta, horregatik, etengabe mobilizatzen jarraitzen dute, ikerketekin jarraitu dadin, zer gertatu zen argitu eta Borja non dagoen jakin arte.

 

Share