Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2020 14:02

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok Herritarren Partaidetzaren Plan berria aurkeztu du gaur goizean; udal talde guztiek adostu dute plana, eta ostiralean onetsiko du Gobernu Batzarrak. Agintaldi honetarako bide-orria da, eta Gizarte Kontseiluak aurreko agintaldiaren bukaeran proposatutako 17 hobekuntza-eskaerak jaso dira bertan.

“Parte hartzea herritarren eskubidea da, eta administrazioaren betebeharra, eta Gasteizek oso gogoan du hori, alor horretan erreferentea baita gure udalerria”, adierazi du Rodríguez Ramajok.

Udal talde politiko guztiek —EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin— adostu duten dokumentuan —”Herritarren Partaidetzaren Udal Plana, 2020-23 bide-orria”— adierazten da partaidetza funtsezkoa dela politika publikoen kalitatea hobetzeko, pertsonak eta haien premia eta interesak erdigunean jarriz.

Dokumentu honek agerian jartzen du erabateko adostasuna dagoela herritarren partaidetza udal jardunaren barruan lehentasunezko lekuan jarri beharra dagoela adierazteko orduan“, nabarmendu du zinegotziak.

Besteak beste, hobekuntza hauek proposatzen ditu agiriak: partaidetza-organoek udal politikan duten eraginaren adierazleak lantzea, eta udal plan guztietan partaidetza-prozesuak egiteko obligazioa bermatzea.

Nabarmentzekoa da, halaber, herritarren partaidetza-organoei udalbatzaren osoko bilkuretan mozioak aurkezteko aukera emango zaiela.

Orobat, aurrekontu parte-hartzailearen ‘Gasteiz Hobetuz’ programan hobekuntzak egitea proposatzen da, eta horretarako araudi bat lantzea.

Bestalde, Herritartasunerako Eskola Irekia da Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak kudeatzen dituen programa nagusietako bat. Horren ekintzak sustatu nahi dira, gainerako udal zerbitzu eta eskolekin sinergiak sortuz. “Herritarren partaidetzak zeharkakotasuna behar du. Guztion zeregina da Gasteizko arazoekin konprometitutako herritargoa sortzea”, azaldu du Rodríguez Ramajok.

Aipatzeko alderdien artean daude, halaber, partaidetza-kanalen funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa hobetzea, eta udalaren partaidetza-organoetako parte hartzearen diagnostikoa egitea genero-ikuspegitik.

Azkenik, partaidetza-kanal eta -organoetan ordezkaritzarik txikiena duten biztanleria-kolektibo eta -sektoreen partaidetza areagotu nahi da.

Herritarren parte-hartzerako Udal Plana_

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:59

BAT NFC gailu mugikorrentzako doako aplikazio ofizial bat da, Arabako Mugikortasun Agintaritzak sustatua, zeinetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak.

Aukera ematen du kontsultak egiteko eta diru-zorroa eta aldi baterako tituluak birkargatzeko, geltoki batera joan behar izan gabe.

BAT txartela erabiltzen duten zenbait pertsona anonimok hartu dute parte Euskotrenek eginiko proba pilotuan, eta ekarpenak egin dituzte aplikazioa eta bere funtzionamendua hobetzeko.

 

Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren parte-hartzea duen Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) gaur goizean aurkeztu du gailu mugikorretarako BAT NFC aplikazio berria. Horren bidez, BAT txartelarekin lotutako kontsultak egin ahal izango dira, baita txartela birkargatu ere.

AMAko presidentea den Amaia Barredok egin du aplikazioaren jendaurreko aurkezpena, eta, bere hitzetan, “aurrerapen honekin, erantzuna ematen zaio erakundeok azken aldian ikusi dugun behar bati. Horri esker, Arabako herritarrek ere aukera izango dute erosketak eta birkargak telefono mugikorraren bidez egiteko; hala, teknologia berrien bidez, are erraztasun handiagoa eman nahi dugu garraio publikoa erabiltzeko”.

Euskotrenek koordinatuko du aplikazioaren erabilera, BAT txartela kudeatzen duen erakundea den heinean, eta Antonio Aiz, Euskotreneko presidenteak, 2019an aplikazioa martxan jartzeko egin diren lanak deskribatu ditu. Lan horien artean nabarmendu duenez, “Bat txartelaren zenbait erabiltzaile anonimoek proba pilotuan parte hartu dute, behar bezala funtzionatzeko eta hobetzeko ekarpenak eginez”.

Aizen arabera, “edozeinek edozein gailu mugikorretatik kudeatu ahal izango du bere BAT txartela, modu seguru, intuitibo eta azkarrean; hala, saldoa behar denean birkargatu ahal izango da (urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan), eta mugimenduen historia ere ikusi ahal izango da norberaren profilean”.

Gasteizko autobus-geltokiaren sarreran egindako ekitaldi publikoan, AMA osatzen duten 3 erakundeak, Amaia Barredo Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko zinegotziak, Javier Hurtado Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatuak eta Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak BAT txartelaren garapenean emandako mugarri berri hau balioan ipini dute.

 

BAT NFC aplikazioaren ezaugarriak

BAT NFC doako aplikazio ofizial bat da, NFC gailu mugikorrentzat egina. Nahi adina erabil daiteke, eguneko edozein ordutan eta edozein lekutatik, sareko puntu fisiko batetik igaro gabe (kutxazain automatikoa, birkargatzeko makina, etab.).

 

Besteak beste, ekintza hauek egin daitezke BAT txartelean:

Diru-zorroa erostea eta birkargatzea, unean bertan.

Aldi baterako tituluak erostea eta birkargatzea, unean bertan.

Saldoa eta azken 15 mugimenduak kontsultatzea.

Mapak eta beste dokumentu interesgarri batzuk kontsultatzea.

Erosketa-faktura sinplifikatua sortzea.

 

Ordainketak merkataritza seguruaren sistemarekin babestuta daude, Kutxabank/Redsys plataforma erabiliz.

Aplikazioa erabat egokituta dago Android 4.0 sistema eragilea edo berriagoa duten NFC telefono mugikorretara, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak lagatako BARIK NFC aplikazioaren patentearen gainean egin da. Hala, ahalbidetzen da baliabide publikoak hobeto erabiltzea eta sistema komun bat sortzea Euskadiko lurraldeen arteko elkarreragingarritasunaren barruan.

AMAren ekimen honekin, hori osatzen duten erakunde publikoek beste aurrerapauso bat eman dute Arabako herritarren esku dauden garraio publikoko zerbitzuak hobetzeko. Hain zuzen, modernizatzeko eta egungo nahiz etorkizuneko lekualdaketa-beharretara egokitzeko prozesu batean murgilduta dago sektore hori, eta, horretarako, zenbait proiektu ditu martxan, hala nola abiadura handiko trena (Euskal Y-a), Gasteizko tranbia eta autobus elektrikoen zerbitzua handitzea eta zerbitzuak eta tarifak koordinatzeko politikak sakontzea.

BAT-NFC eskuragarri egongo da eta Googleren marketetik (Google Play) edo esteka honetan deskargatu ahal izango da:

https://play.google.com/store/apps/details?id=eus.ctb.batnfcapp

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:25

Besarkadaren teknikaren bitartez egindako bi lapurreta salatu dira hil honetan Udaltzaingoan.

Atzo, 67 urteko gizon batek, kate bat galdu zuen, emakume bat hurbildu zitzaiolarik Koroatzearen auzoko elizaren inguruan. Lapurrak, amarruz, gizonak atari batera lagun zezala lortu zuen, eta han hura besarkatu eta katea kentzea.

Duela bi aste, 74 urteko beste gizonezko bati hurbildu zitzaion emakumezko bat atarian, Koroatzearen auzoan orduan ere, eta behin eta berriro eskatu zion kausa baten alde sina zezala. Gizonak amore eman zuen, besarkatu zuen emakumea “harengandik libratzeko”, eta une hori aprobetxatu zuen hark katea lapurtzeko.

Delitu horien egileak lokalizatzea zaila bada ere, haien deskribapenak ditu Udaltzaingoak, eta lanean ari da aurkitzeko eta berriro halakorik egin dezatela galarazteko.

Ezezagunekin ez fidatzeko gomendatzen du Udaltzaingoak, eta are gutxiago kontaktu fisikoa tartean delarik, lagunen artekoen itxurako besarkadak eta, biktimak —nagusiko adineko pertsonak— nahasi eta lapurtzen saiatzen baitira hartara lapurrak.

2019an horrelako 13 lapurreta salatu ziren Agirrelandako komisarian.

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:16

Webgunean dago Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Batzordeak otsailaren 5ean (asteazkena), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:53

 

 

 

 

 

 

 

Udaleko hainbat sailetako teknikariek eta EEE, Tecnalia, IHOBE, Acciona, Mondragon Korporazioa, EKoargi, Aguawasser, Telur Geotermia, Cartif, VISESA eta CEA bezalako erakundeetako adituek parte hartu dute gaur goizean Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintza sailak aurtengo programatuta dituen topaketen lehen tailerrean, Klimaren eta Energiaren Estrategia diseinatzen joateko.

 

 

 

 

 

 

 

Ana Oregi alkateorde eta saileko arduradunak pertsona guztien inplikazioa eskertu du, 2018an udaleko trantsizio energetikorako estrategiarako ibilbide-orria prestatzeko lehen diagnostikoa eta proposamenak egin zirenetik.

Aurten dokumentu estrategikoa bukatu nahi dute, klima-aldaketaren aurkako udal planen barruan. Horretarako, gainera, herritarrek parte hartuko dute, prozesu parte-hartzaile baten bidez.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:40

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Azoka Andre Maria Zuriaren plazan jarri da, eta Araba Ekinean 2020ko jarduerak abiarazi ditu.

  • Lurraldeko lanbide heziketako ikastetxe guztiek hartzen dute parte jarduera honetan, eta Ikasenpresa hezkuntza-programaren gailurra da.

Gasteizko Udaleko alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek, BIC Arabako zuzendari David Monterok eta Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urrestik inauguratu dute gaur Araba Ekinean-en Eskola Enpresen Azokaren azken edizio hau. Lanbide Heziketako ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleiho izatea da ekimenaren helburua.

Azoka Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean jarri da, eta Arabako LHko bost ikastetxetako ikasleek sortutako 65 proiektu eta negozio-idei berri aurkeztu dira: Gamarrako Ostalaritzako Eskola, Mendizabala, Egibide Arriaga, Egibide Nieves Cano eta Egibide Jesús Obrero.

Azoka 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta interesa duen orok bisitatu ahalko ditu karpako erakustokiak, ekintzaile gazteen proposamenak ezagutu, baita merkaturatzen diren produktuak erosi ere. Produktu eta zerbitzuen eskaintza ugaria eta anitza da; esaterako euriaren kontrako sistema duten eserlekuak, pestizidarik gabeko hiri-baratze bertikaletako produktuen merkataritza elektronikoa, bizikletarekin lotutako hainbat proposamen, artisau produktuak -egurrezko jostailuak, xanpuak eta xaboi solidoa edo cooki-ak–, hainbat aukera gastronomiko, kontsumorako produktuak –eskularrua daramaten euritakoak edo “ingenio jolasak”–, eta garapen teknologikoarekin eta zerbitzuak ematearekin lotutako beste zenbait aukera.

Halaber, aurkezpenetarako gunea ere badago ikasleek bertaratuen aurrean proiektuaren salmenta publikoa egiterik izan dezaten. Antolatzaileek “enpresa” irabazlea aukeratuko du parte-hartzaileen artetik eta saria emango: hiriko escape room bateko saioa 6 pertsonarentzat. Horretaz gain, obra bat lankidetzan egiteko gune bat ere badago. Obra hori Araba Ekinean osatzen duten jardunaldietan zehar gauzatzen joango da, eta ekitaldi nagusian, Ekin Day, amaituko da, apirilaren 2an.

Izan ere, Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Den-dena garatu behar dute ikasturtean zehar, logotipoetatik eta marketin planetik hasi eta estrategiaraino. Enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea da helburua, ikasleek ekiteko duten ahalmena sustatuz. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Enpresen Azokak garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere.

Enpresen Azoka izan da Araba Ekinean-en edizio honetako lehen jarduera. Urtarrilaren 20an aurkeztu zen eta “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XVI. edizioari hasiera eman zitzaion, 9 kategoria hauekin: Ideiak (One4you agentziak babestua), Iraunkortasuna (Aclimak babestua), Merkataritza eta turismoa (Gasteiz Onek babestua), Nekazaritzako elikagaiak (Eroski babestua), Industria (Michelin Fundazioak babestua), Zerbitzuak (Ferrovialek babestua), Eraldaketa soziala (RPK-k babestua), proiektu berritzaileena (Metxak babestua) eta publikoaren sari berezia. Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik. Horretaz gain, Ekin Breakfast saioak antolatuko dira; ekintzailetzari buruzko topaketa tematikoak dira eta Arabako hainbat tokitan egiten dira joan den urtetik. www.alavaemprende.com web orrian gainerako jarduerei buruzko informazioa ere ageri da, hona hemen horietako batzuk: Ekin Day, “Zure ideiak balio du” lehiaketako finalisten aurkezpena; eta pertsona ekintzaileen eta finantzaketa-, aholkularitza- eta azelerazio-erakundeen arteko B2B topaketak.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:12

Udaltzainek bi gizon atxilotu zituzten atzo, 28 eta 36 urtekoak, elkarri lesioak egiteko saiakeragatiko delituaren ustezko egileak izateagatik.

Gertaerak 10:30 baino zertxobait geroxeago gertatu ziren, Ariznabarra auzoko ostalaritza-lokal batean. Bertan, liskarra izan zuten biek eta atxilotuetako batek bi edalontzi jaurti zizkion besteari. Azken horrek bihurkin batekin mehatxu eginez erantzun zion.

Udaltzaingoak bi gizonak atxilotu zituen eta bihurkina konfiskatu zuen. Guardiako Epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zituzten.

Istripuak

Udaltzaingoak atzo 8 istriputan esku hartu zuen. Horietan, 3 zauritu erregistratu zituzten.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:11

Ogasun Batzordeak oniritzia eman dio zerga arloari buruzko batzorde txostengile bat eratzeari, hiri-hondakinak bildu eta suntsitzeari dagozkien tasak azter ditzan. Batzorde txostengile hori sortzearen beharra planteatu zuen gobernu-taldeak joan dena urteko abenduan ere, zerga hori garbiketa-kontrata berriak berekin ekarriko dituen berritasunetara egokitzeko beharragatik.

Hondakinak bildu, tratatu eta birziklatzeko zerbitzu berriak zabor-tasaren bitartez fiskalitate berdearen alorreko printzipio berriak txertatzea ahalbidetuko duten ezaugarriak izango ditu, eta hori aztertzea izango da batzordearen zeregina. Hobarien erregimena aztertuko du batzordeak, bai eta tasa horretatik eratorritako diru-sarrerek zerbitzuaren kostua estaltzen duten, eta nola.

Gaur egun, hondakinak bildu eta suntsitzeko zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasak 130.000 likidazio inguru dakar, horietako % 90 gutxi gorabehera etxebizitzei dagozkielarik. Horietatik laurdenak baino gehiagok hobariak dituzte, zenbait kontzeptugatik, besteak beste errentagatik, familia ugari eta guraso bakarreko izateagatik, eta etxebizitza herriren batean izateagatik.

Datozen egunetan planteatuko du Udal gobernuak batzorde txostengilearen kronograma.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Jarduera ugari hartzen ditu baitan otsailetik maiatzera arteko programazioak: topaketak idazleekin, monologoak, errezitaldiak, ipuin-kontalariak, antzerkia eta txotxongiloak eta gehiago.

 

 

 

Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak irakurtzeko zaletasuna sustatzeko jarduera-programa ondo betea antolatu du otsailetik maiatzera bitarteko hilabeteetarako, 86 jarduera guztira. Hiriko gizarte-etxeetako liburutegietan garatuko dira jarduera horiek, batzuk haur eta familiei zuzenduak, eta beste batzuk gate eta helduei.

Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok azaldu duenez, “programaren helburua da herritarrak Udal Liburutegien Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea“.

Estibaliz Canto audioa

Hauek dira programaren helburuak: irakurketaren alderdi ludikoa eta atsegina sustatzea, guraso eta tutoreak inplikatzea seme-alabei ikasten eta irakurtzeko ohitura hartzen lagundu diezaieten, gazteak eta helduak jardueretan parte hartzera ohitzea, eta euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea.

Programatutako 86 jardueren arteko 39 gazte eta helduei zuzenduak dira: topaketak idazleekin, hitzaldiak, mintegiak, antzerkia, musika, monologoak eta errezitaldiak.

Horrez gain, Gasteizko haurrek eta beren familiek propio beraientzat diseinatutako beste 47 jarduerez gozatu ahalko dute: ipuin-kontalariak, antzerkia, txotxongiloak, musika, lantegiak…

Hizkuntzei dagokienez, 44 jarduera euskaraz izango dira, 40 gaztelaniaz eta 2 elebitan.

Nabarmentzeko jarduerak

Udal Liburutegien Sareak proposatutako programazio itzelaren artean, azpimarratzea merezi du ‘Irakurri, Gozatu eta oparitu’/‘Lee, disfruta y regala’ kanpainak, zein otsailaren 24aren eta apirilaren 23aren (Liburuaren Eguna) artean egingo baita.

Gainera, 2020an seigarren ediziora iritsiko da Gazteentzako nanoipuinen lehiaketa. Lanak aurkezteko epea otsailaren 10ean hasiko da, eta martxoaren 19an bukatuko. 12 eta 30 urte bitarteko gazteek hartu ahalko dute parte.

‘Idazleekin solasean’ jardueran, irakurleek Anjel Lertxundi, Itxaro Borda, Isabel Ruiz eta Rubén Sánchez Bakaikoa idazleak izango dituzte aurrez aurre.

Horrez gain, zenbait ikuskizun ere izango dituzte, hauek eskutik: Aitor M. Vinagret, Ane Gebara, Mary Zurbano, Antón Aramburu eta Maite Kareaga eta Alicia Alice. Monologoak, antzerkia, kontzertu akustikoak, ipuin-kontalariak helduentzat…

Eta hitzaldi eta solasaldien alorrean gai-sorta zabala jorratuko da, gizarte-etxeen erabiltzaileen artean interesa pizten dutenak, esaterako plastikorik gabe bizitzeko aukerak, moda iraungarria, ekonomia feminista, dolua, martxoaren 3a, norberaren proiektu pertsonal, laneko edo akademikoak ahoz azaltzen eta defendatzen ikastea, eta abar.

Poesiak ere badu lekua programazioan; eskainiko diren errezitaldien artean nabarmentzekoa da bertso-saio faminista, non zenbait bertsolari emakume gazte arituko diren: Aroa Arrizubieta, Lexuri Gz. de Heredia, Eli Zaldua, Maddi Agirre, eta Eukene de los Aires. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo da, martxoaren 5ean, Ariznabarreko liburutegian.

Eta haurrentzako programazioaren baitan, Kulturako zinegotziak gonbitea egin du Lis, la flor que no quería crecer ipuin-kontalari saiora joateko, tartean zeinu-hizkuntzako interprete bat ere arituko delarik. Arriagako liburutegian izango da, otsailaren 15ean. “Udal Liburutegien Sarea aniztasun funtzionala duten pertsonei gizarte-etxeetako kultur agendaz gozatzeko aukera emango dieten proposamen inklusiboak txertzearen aldeko lanean ari da”. Estibaliz Canto audioa

 

Haur eta familientzako jarduerak_

 

Gazte eta helduentzako jaduerak

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:58

 

Bihar hasiko da programan izena emateko epea, zeinaren bidez aholku pertsonalizatu eta doakoak ematen baitira etxebizitza eraginkorrago eta ekologikoagoak lortzeko moduaz.

 

Bihar, urtarrilak 30,  ‘Etxe Berdeak’ programan izena emateko epea irekiko da. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Vital Fundazioak eta Leroy Merlinek sustatzen dute programa, zeinak tresna eta aholku pertsonalizatuak eskaintzen baitizkie interesatutako familia eta pertsonei, etxebizitza ekologikoagoak eta energetikoki eraginkorragoak izan ditzaten. Izena emateko epea martxoaren 6an amaituko da.

Xehetasun gehiago jakiteko interesa duten familiak otsailaren 12an, 18: 30ean, Kordoi Etxean egingo den hitzaldi informatibora joan daitezke.

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Leroy Merlineko Giza Baliabideen arduradun Saray Záratek aurkeztu dute doako programa horren seigarren edizioa. Programa dagoeneko sendotuta dago, eta iaz 55 familia izatetik aurten 75 izatera iritsi nahi da. 

Gasteiztarrak etxeko kontsumoa gutxitzeak eta eguneroko ohiturak aldatzeak duten garrantziaz sentsibilizatzea du helburu programak, hirian duten ingurumen-inpaktua murrizteko. “Gizarte eta ingurumen onurari familia bakoitzak epe ertainera lortzen duen diru aurrezpena  gehitzen zaio, eta nire ustez funtsezkoa den zerbait: gurasoekin batera kontzientziazio abentura horretan umeek ere parte hartzea, jokabideak ikasi eta indartzeko lantegi paraleloen bidez.  Horrela, esperientzia familia osoarena da benetan, eta ohitura jasangarriak askoz ere modu eraginkorragoan bereganatzen dira“, nabarmendu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak. 

César Fernández de Landak gogorarazi duenez, “etxeetan kontsumitzen dugu energia-kontsumoaren % 15 inguru; beste % 15, gure auto partikularretan kontsumitzen dugu. Hala ere, neurri errazak eta ohitura aldaketa txiki batzuk tarteko, aurrerapauso handiak eman ditzakegu ingurumena hobetzeko eta dirua aurrezteko. Programan parte hartzen dutenak aldatzeko prest daude, eta gaiarekiko sentiberatasuna dute; hori dela eta, bizitza filosofia baten aitzindariak dira,  eta gero eta pertsona gehiago “kutsatzea” espero dugu“. Programa abian jarri zenetik 2.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. 

Vital Fundazioak hasiera-hasieratik lagundu dio ekimenari, eta sari berezi bat ere ematen du. Leroy Merlin enpresak, berriz, etxeetarako material osagarri ugari eskaintzen ditu, hainbat arlotan (energia, hondakinak, lorezaintza, ura…) kontsumo-ohiturak hobetzen laguntzeko.

Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuak nabarmendu duenez, “erakundearentzat pozgarria da Etxe Berdeak programaren edizio berri honetan laguntzea”. Izan ere, Vital Fundazioan “ingurumenarekin eta gure lurraldearekin konpromiso handia hartu dugu, alor horretan erreferentea bihurtzeko asmoz.  Guretzat lehentasunezkoa da sentsibilizazio eta hezkuntza ekimenei laguntzea kontsumo jasangarriaren alorrean, plastikoen erabilera murriztean, gure biodibertsitatea babestean eta, jakina, gure etxeguneetan energiak arduraz kudeatzean. Horixe da Etxe Berdeak programarekin partekatzen dugun filosofia”.

Bestalde, Leroy Merlinek uste du kontzientziazioa funtsezkoa dela ingurumenaren alorrean emaitzak lortzeko. “Beharrezkoa da herritarrak, erakunde publikoak eta enpresak eskutik helduta joatea eta ingurumena zaintzeko konpromisoa hartzea. Horregatik, Leroy Merlinen 6 urte daramatzagu Etxe Berdeak programan parte hartzen, hiriko familien artean jarrera ekologikoagoa bultzatzeko “, adierazi du Saray Zaratek, brikolaje eta dekorazio enpresen Giza Baliabideen arduradunak.

2015ean hasi zen Etxe Berdeak programa Gasteizen, 25 familiarekin. Programaren arrakasta ikusita 50 familiatara zabaldu zen. Kopuru hori egokitzat jo zen programa behar bezalako arreta- eta xehetasun-mailarekin gauzatu ahal izateko. 2019an zenbatekoa 55era handitzea erabaki zen, eta aurtengo edizioan, berriz, 75 familiarengana iritsi nahi da.

Proiektua inplikazio eta konpromisoan eta partaidetza aktiboan oinarritzen da. Familien profil irekia planteatzen da, etxebizitza-tipologia (pisuak eta familia bakarrekoak), tamaina eta berokuntza-sistema desberdinak dituztenak.

Izena ematea

Martxoaren 6ra arte: izena ematea.

 

Share

Aurrekoak »