Prentsa Oharren banner

Zurrumurruen kontrako bideo baten bidez gogoratu nahi dute Arrazagatiko Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

 

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsolariak estereotipoen aurka aritu ziren 500 pertsona bildu zituen bertso-saio batean

‘Zurrumurruek pertsona ardi bihurtzen dute… eta gizartea, artalde’. Amets Arzallusen bertso hori aukeratu dute izenburutzat Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak martxoaren 21a Arrazagatiko Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela gogoratzeko atera duten bideoarentzat, Zurrumurruen kontrako Estrategiaren barruan. Migratzaileen Nazioarteko Eguna zela eta 2018ko abenduaren 18an zurrumurruen kontra egindako bertso-saioko une gogoangarrien bilduma da. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsolariek hartu zuten parte, eta 500 pertsonatik gora bildu zituzten.

“Herritarrak sentsibilizatzea da bideoaren xedea; horregatik, aukeratu diren bertsoek hausnarketa esanguratsuak egiten dituzte estereotipoez, aurreiritziez, jatorriagatiko diskriminazioaz eta horrek guztiak bizikidetzari dakarzkion ondorio negatiboez”, nabarmendu du Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

‘Begiak itxi behar ditugu, eta begiradak zabaldu’. Maialen Lujanbioren bertso horrek ematen dio amaiera bideoari, ezin hobeto definitzen baitu Zurrumurruen kontrako Estrategia.

Bai bertso-saioa bera bai bideoaren grabaketa eta zabalkundea Zurrumurruen kontrako Estrategiaren parte dira, zeinak ekintza berritzaile eta parte-hartzaileen bitartez pentsamendu kritikoa eta sentsibilizazioa sustatzeko xedea baitu.

2016ko bukaeran hasi zen Zurrumurruen kontrako Udal Estrategia lantzen Gasteizen, entitate eta pertsona konprometituen sare bat osatzeko, informazioaren, prestakuntzaren eta kontzientziazioaren bitartez gizartean migrazioaz eta atzerritarrez zabaltzen diren estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak desaktibatzeko  xedez, jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorraraz ez ditzaten.

Arabako Foru Aldundiak berriz, 2016ko ekainean egin zuen bat ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskal Sarearekin, lurraldeko herrietan bizikidetza sustatzeko estrategia bat aurrera eramatearren eta agerian uztearren Arabako herritarrek “ez dutela utziko” migratzaileen eta errefuxiatuen gaineko zurrumurru, gezur eta aurreiritzi xenofoboek “nahas” ditzaten.

Bideoa Zurrumurruen aurkako bertso-saioa: https://youtu.be/JrySM3jI5M4

 

 

 

Share