Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 martxoa 2020 10:04

Bi aste dira beren fakturak ordaindu ez dituzten partikularrei ur-hornidura mozteari utzi ziola AMVISAk. Martxoaren 9an hartu zuen erabaki hori, eta, bi egun geroago, bezero guztiei zabaldu zien.

Gainera, konexiorik gabe egonik hala eskatzen duten pertsonei berriro konektatzeko aukera ematen ari da udal enpresa. Hartara, ur-hornidura izan ahalko dute alarma-egoera bukatu edo beren egoera erregularizatu arte.

Era berean, AMVISAk jakinarazten die bere bezeroei ekainaren 15era artekoa izango dela maiatzaren hasieran jaulkiko den ordainagiria ordaintzeko borondatezko epea. Orobat gogorarazten du Udalak ordainketaren zatikapenak nahiz atzerapenak aplikatuko dituela, ordainagiri horien ordainketa errazteko.

COVID-19ari aurre egiteko planak

Martxoko lehen astetik, koronabirusari aurre egiteko planak ezarri ditu AMVISAk, zerbitzuaren jarraitasuna eta kalitatea bermatzeko, bai hornidurari, bai saneamenduari dagokionez.

Hain zuzen ere, hainbat antolakuntza-neurri jarri dira martxan —telelana, teleprestakuntza, erretenak, lantalde independenteen prestakuntza eta txandakako presentzia, eta abar—, baita segurtasun sanitarioaren ingurukoak ere —langileen presentzia murriztea bulegoetan eta lantokietan, instalazioak desinfektatzea, desinfektatzaileak erabiltzea eta abar—. Guztia ere, zerbitzua bermatu eta langileen osasuna albait gehien babesteko helburuarekin.

AMVISAK COVID-19 OSASUN-ALERTA DELA ETA HARTUTAKO NEURRIAK

Share