Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 martxoa 2020 12:19

Gasteizko Udalak Simon Bolibar plazako areto bat aldi baterako laga dio COVID-19aren kontra eratu den maker komunitateari, 3D baliatuz osasun materiala egiten laguntzearren. Izan ere, boluntario talde horren lanak bolumen handia hartu du, eta leku bat behar zuten koordinatzeko eta produktuak eta material dohaintzak biltegiratzeko.

 

Aretoa uzteaz gain, Udalak PVCzko ia 7.000 lamina garden eman dizkie, material hori baliagarria baita maker komunitatea egiten ari den zipriztinen aurkako biserak fabrikatzeko. PVC ez ezik, 3D-ko inpresiorako harizpi bobinak eta biserak burura lotzeko gomak ere hartzen dituzte makerrek.

 

3D-ko inpresioan aditu diren boluntarioek osatu dute koronabirusaren kontrako Euskadiko maker komunitatea, eta osasun arloko langileek berek baliozkotutako modelo batean oinarrituz hasi dira  zipriztinen aurkako biserak fabrikatzen. Besteak beste, ingeniaritza eta diseinuaren arloko profesionalek osatzen dute komunitatea, eta arnasketa-aparatu homologagarri baten bila ere ari dira.

 

 

VGBiziz sarean isunik ez

 

Bestetik, Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak ebazpen bat sinatu du VGBiziz aparkaleku seguruen sarean erregimen zigortzailea aldi baterako eteteko, alarma egoerak indarrean jarraitzen duen aldirako. Hartara, bizikleta sareko guneren batean gordeta duten pertsonek bertan utzi ahalko dute, ordenantzak aurreikusten dituen zigorren beldurrik gabe.

 

Izan ere, Gasteizko Udalak ulertzen du alarma egoeraren ondorio diren murrizketek ezinezko bihurtzen dutela VGBiziz sistemak zuzen funtzionatzea, batez ere bizikletak epearen barruan jaso eta eramateko beharrari dagokionez.

Share