Prentsa Oharren banner

Kirol-instalazioetako urteko abonamenduaren % 25eko itzulketa aurten jaso ahalko da, edo 2021eko kuotan deskontatu

Iñaki Gurtubai alkateordeak aurreratu du zeintzuk izango diren udal kirol instalazioetako abonamenduaren laurdena itzultzeko bi moduak, osasun krisiak instalazioak ixtera behartu baitzuen.  Alde batetik, kudeaketa errazteko, itzulketa hori ofizioz egingo da, datorren urteko kuotan % 25eko deskontua eginez.

 

Itxieragatiko konpentsazioa aurten bertan lortu nahi duten pertsonek, berriz, kuotaren % 25 hori zuzenean itzultzeko eskatu ahalko dute, eta horretarako prozedura prestatzen ari dira.

 

Udalak hainbat faktore hartu ditu kontuan udal kirol instalazioetara abonatutako pertsonei itzuli beharreko prezio publikoaren zatia % 25ekoa dela kalkulatzeko. Instalazioak itxita egon ziren denboraz gain (hiru hilabete pasatxo), beste alderdi batzuek eragiten dute, esaterako, itxieran instalazioen mantentze-lanak eta programak ordaindu behar izateak pandemiaren ondoren instalazioak erabili ahal izateko. Aipatzekoa da, halaber, instalazioen egungo irekiera % 100ekoa ez bada ere, segurtasun-neurri gehigarriak hartzeko beharrak gastu arrunta baino handiagoa dakarrela.

 

Iñaki Gurtubaik gogorarazi duenez, udalaren kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen denak ekipamendu sare horren urteko kostuaren herena estaltzen du gutxi gorabehera.

 

 

Udako kanpainaren bilakaera positiboa

 

Bestalde, alkateordeak udako kanpainaren eboluzioaren balantzea egin du. Mendizorrotza eta Gamarrako esparruak duela astebete ireki ziren jendearentzat, edukiera kontrolatzeko eta aurretiko hitzordua eskatzeko sistema ezarrita.

 

Orotara 20.642 izen-emate erregistratu dira uztailaren 1etik 5era bitartean, eta, batez beste, izena ematen duten pertsonen % 80-85 sartu dira. Erreserba egiteko bi kanaletatik, erreserben % 15-20 telefonoz egin dira, eta % 80-85 udalaren webgunearen bidez.

 

Igandea, hilak 5, izan zen igerilekuetan jende gehien bildu zen eguna, eta egun horretarako datuak erreferentziatzat hartuta, presentzia handieneko adin-taldea 41 eta 50 urte artekoa da ( % 30), eta, ondoren, 0-10 urtekoa (% 20). Horrek esan nahi du erabiltzaileen profila batez ere familiartekoa dela.

 

Kirol-guneetako berdeguneetan distantzia fisikoa bermatzeko zirkunferentzia-sistemari dagokionez, erabiltzaileek zuzen erabiltzen dute, eta egiaztatu da formula horrek distantziak mantentzea bermatzen duela. Bestalde, instalazioetako sarbideetan normaltasunez ari dira, tornuetan ez baita pilaketarik izan. Sarrera bolumen handiena bi tartetan izaten da: goizeko 11:00etatik 12:00etara (sarreren % 25) eta arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara ( % 30). Irteeretan ere ez da pilaketarik gertatzen, mailakatua izaten baita.

 

 

Share