Prentsa Oharren banner

‘0 km-ko musika’ izenburuaren pean, Udal Banda gasteiztarrekin elkartuko da berriro datorren ostiralean

Gasteizko taldeak doako zazpi kontzertu emango ditu irailera arte, eta horretarako sarrera erreserbatu beharko da.

 

Gasteizko Udal Musika Banda uztailaren 10ean, ostiralean, bilduko da berriro bertako publikoarekin, Covid-19ak eragindako nahitaezko geldialdiaren ostean. Eta ahalik eta ondoen egin nahi du, jai-giroko kontzertu alai eta oso gertukoekin.

“Gure publikoarekin berriro elkartzeko Uraren Ezkutuko Lorategia aukeratu dugu, gure egoitzaren ondo-ondoan. Eta bultzatu eta sendotu nahi dugun ildo baten barruan egingo dugu: Gasteizko eta Arabako atzoko eta gaurko musikagileei ahotsa ematea“, adierazi du Bandako zuzendari Luis Orduñak.

Hain zuzen ere, ‘0 km-ko musika’ proiektuak musikagile klasikoen lanak ez ezik, hala nola Felipe Hernando, Jesus Guridi eta Luis Arambururenak, artista garaikide garrantzitsuenak ere barne hartuko ditu, besteak beste, Bingen Mendizabal, Joselu Ruiz de Gordoa, Eduardo Moreno eta Silvia San Miguelenak.

“Konfinamenduan zehar konturatu gara zein garrantzitsua den gure inguruan dugun guztia, gure familia eta lagunak, bizilagunak eta gure baratzetako produktuez hornitu gaituzten saltokiak. Izan ere, aurreko hilabeteetan bizi izandako egoerak eta antzekoak baliagarriak izan daitezke dugunaz hausnartzeko eta hori baloratzeko, “esku-eskura edukitzeagatik” ez baitugu beti behar bezala baloratzen“, adierazi du Orduñak.

Zikloa uztailaren 10ean hasiko da, arratsaldeko zazpietan, eta iraileko beste bi egunetan jarraituko du. Lehenengo bi kontzertuak Araban XIX. eta XX. mendeetan jaiotako egileei eskainiko zaizkie, eta hirugarrena, Gasteizen jaio ez arren, ibilbide profesionala edo bizitza pertsonala Gasteizen edo Araban garatu duten egileei. Luis Orduñak zuzenduko ditu hiru saioak.

Nabarmenduak

Errepertorioak estreinaldi bat eta Udal bandak lehen aldiz joko dituen zenbait lan barne hartzen ditu. “Guretzat plazer handia da estreinaldiko lan bat aurkeztea, Urrezko Zeledon den Joselu Ruiz de Gordoa konpositorearen oparia. Bals dotore eta delikatua da, positibotasunez betea, eta ‘Izarren dantza’ izenburua du”, nabarmendu du zuzendariak.

Taldeak lehen aldiz interpretatutako piezei dagokienez, Eduardo Moreno, Silvia San Miguel edo Bingen Mendizabalen lanak ditugu, oso leku ezberdinetan estreinatu zirenak: Guardia, Estatu Batuak edo Televisión Españolako ekoizpenak. Horiez gain, Emilio Serrano, José Fresco eta Felipe Hernando egile arabarren lanak ere joko dituzte.

Beste hitzordu batzuk

Gasteizko Udal Bandak musikarekiko beste lau hitzordu eskainiko ditu irailera arte.

Uztailaren 17an, ‘Heroiak eta makurrak’ izenburua duen kontzertua eskainiko du Musika Bandak Uraren Ezkutuko Lorategian, eta besteak beste Conan el Barbaro, Alatriste eta Aitajauna pertsonaia ezagunei eskainitako konposizioak eskainiko ditu. Berriki zendu den Ennio Morriconeren omenaldia ez da faltako.

Uztailaren 24an, ‘Musika latindarra’-ren txanda izango da. Bandak lan ezagunak joko ditu, ‘La Cumparsita’ tangoa edo Perez Pradoren estiloko mamboa, esaterako.  Soinuzko bidaia izango da, Habanatik abiatuta Amerika osoa zeharkatuko duena, Oscar Navarro konpositore valentziarraren ‘Paconchita’ obertura latinoarekin amaitzeko.

Bi kontzertu horiek Iker Olazabalek gidatuko ditu.

Abuztuaren 4an jada, Udal Bandak ‘Urrezko Zeledon’ galan joko du, Principal antzokian, ‘Euskal Herriko jaiak’ izenburupean eta Luis Orduña zuzendari dela.

Programak irailean jarraituko du, eta Iker Olazabalek bi kontzertu tematiko gidatuko ditu Uraren Ezkutuko Lorategian. Irailaren 11n, ‘Pertsonaia historikoak’ saioak beren ideia, asmakizun, ekintza edo aurkikuntzen bidez munduan eragin erabakigarria izan duten ehunka pertsonaia ospetsu omenduko ditu. Esploratzaileak, filosofoak, konkistatzaileak… historiako pertsonaia garrantzitsu horiei eskainitako musika programatikoa.

‘Espazioko abentura’ saioak emango dio amaiera programazioari, irailaren 25ean. Konposizio asko eskaini zaizkio espazioarekin lotutako gaiei, edo horietan inspiratu dira, horregatik, bandak ‘Apollo 13’  filmeko musika hartuko du abiapuntutzat, Marcel Peetersek meteoritoei buruz landutako musikarekin jarraitzeko, Richard Strauss edo Gustav Holst bezalako konpositore historikoez ahaztu gabe.

Sarrerak

Sarrera erreserbatu beharko da doako ekitaldi horietara joateko, online, udalaren webgunearen eta Entradium plataformaren bidez, edo 945 16 16 18 telefonoan, 09:00etatik 15:00etara.

Share