Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-10-16)

Florida parkea lorez dekoratzeko ekimena aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; eta AENKOMMER, Arabako Zerbitzuen eta Merkataritza Enpresarien erakundeko zuzendari-gerente Edurne Parro

Eguna. Ostirala, urriak 16

Ordua. 10:30

Tokia. Florida parkeko kioskoa

———————————–

Prentsaurrekoa. 2020ko World Press Photoren erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta World Press Photoren bultzatzaile Paco Valderrama

Eguna. Ostirala, urriak 16

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso kulturunea

———————————–

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urriak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share

Hemen da berriro Topaketak programa, zeinaren barruan kultur sektorea kezkatzen duten gaiei buruzko hiru jardunaldi egingo baitira online

Urriaren 28an, azaroaren 18an eta abenduaren 16an (asteazkenak) izango dira, 18:00etatik 20:00etara.

 

Topaketak. KulturAraba Bulegoaren ezagutza gunea Arabako kultura eta sorkuntza sektoreari arreta emateko bulegoak antolatutako prestakuntza programa da, eta oraingoan hiru jardunaldi egingo dira online, kultur sektorea kezkatzen duten gaiak jorratzeko asmoz. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Laboral Kutxak sortutako proiektua da bulegoa.

Urriaren 28an, azaroaren 18an eta abenduaren 16an (asteazkenak) izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara. Jardunaldiak doakoak dira, baina izena eman beharko da www.kulturaraba.eus web-orrian.

Lehena “Motibazioa, erreakzioa eta autozainketarako tresna profesionalak” izango da, Marta C. Dehesaren eskutik (gaztelaniaz).

Bigarrena Unesco Etxeko kide Begoña Guzmánek emango du, gaztelaniaz: “Kultura eta garapen jasangarria (GJH, 2030 agenda)”.

2020ko azken hitzaldiaren izenburua “Kultura eta sormen proiektuak parte hartzea txertatuz garatzeko, zer hartu kontuan? oinarrizko zenbat gako” da; Prometea enpresako kide Iciar Montejo eta Zorione Aierbek emango dute, euskaraz.

Saioak grabatu egingo dira, eta web-orrian eskainiko.

 

Topaketak programa 

Topaketak. KulturAraba Bulegoaren ezagutza gunea du izena Arabako kultura eta sorkuntzaren sektoreari arreta emateko prestakuntza programak. Bulegotik egin duten entzute aktiboaren emaitza dira jardunaldiak, eta sektoreko profesionalek azaldutako kezka nagusiak lantzea da horien helburua.

 

Share

Gasteizko Udalak 14 proiektu aurkeztu ditu NextGenerationEU europar funtsetarako

Gasteizko Udalak 14 proiektu helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzari, NextGenerationEU deialdiko europar funtsak lortzeko asmoz.

Europako Batzordeak argi zehaztu du zein arlok jaso ahalko duten finantzaketa Europako Suspertze Planaren barruan:

  • Green Deal-arekin bat datozen inbertsio jasangarriak.
  • Ekonomiaren eraldaketa digitalerako inbertsioak, produktiboagoa izan dadin.
  • Ekonomia erresilientziarako inbertsioak, esaterako, osasun sistemetan.

Urriaren 15etik aurrera aurkez ditzakete estatu kideek NGEUrako planen aurreproiektuak, 2021eko apirilera arte.  Gasteizko Udalak proiektu hauek aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzari:

  1. Gasteizko ekoauzoak. Hiriko “urrezko auzoen” birgaitze integralerako proiektua. Gasteizko auzoen hiri birgaitzea, ekobirgaitzea eta biziberritzea. 155 M/€. (2025era arte)
  2. Gasteizko azpiegitura berdea bultzatzea: uholdeen arriskua gutxitzeko neurriak (ibaien emariak arautzea, ibilguak bideratzea eta uholdeak laminatzea), Larragorri parke berria, eta Herrandarren kalean zein Gasteiz hiribidean drainatze-sistema berriak sortzea, orain arteko esku-hartzeak osatuz. 23 M/€.
  3. TUVISAko hiri autobusen linea elektrifikatzea, 6 autobus elektriko berrirekin. 5,8 M/€.
  4. Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren barruko superetxadien proiektua bultzatzea hiriko urrezko 9 auzoetan. 52 M/€
  5. Datu-zerbitzari publiko bat abian jartzea. Datuak gordetzeko eta prozesatzeko plataforma, erakundeei eta tokiko industriari digitalizatzen laguntzeko (hodeiko zerbitzuak, adimen artifiziala eta big data). Zibersegurtasunean eta datuen subiranotasunean oinarritutako zerbitzuak.
  6. Principal antzokia eraberritzea energia-eraginkortasunaren eta digitalizazioaren ikuspuntutik. 12 M/€
  7. Industriari Laguntzeko Plan berria (2021-2024), datozen urteetan industrialdeek trantsizio energetikorako izango dituzten lehentasunei erantzuteko jarduerak jasoz.
  8. Udaleko “Herritarren Ataria” sortu, garatu eta ezartzea, Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planaren baitan. 4 M/€
  9. Gasteizko Udaltzaingoaren kidegoaren ibilgailu-parkea berritzea, emisiorik gabeko flota lortzearren. Udaltzaingoak erabilera handiko 90 ibilgailu ditu, erregai fosilez dabiltzanak. 4 M/€
  10. Gasteizko udal eraikinak mantentzeko gida-plana, energia-eraginkortasunaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik. 7,1 M/€
  11. “Gasteiz, hiri zaintzailea” estrategia. Gertuko baliabide publikoak egokitzea eta zerbitzu berriak sortzea gorantz doazen beharrei erantzuteko. Komunitatea mugiaraztea zaintzen gizartea eraikitzeko, ahulenen aitorpena, partaidetza eta sostengua gizartearen konpromisoa eta lehentasuna izan daitezen. 3,34 M/€.
  12. Iparraldeko industria barrutia. Hiriaren iparraldeko industrialdeen birgaitze integralerako plana (Arabako Foru Aldundiarekiko lankidetzan).
  13. Zabalganerako tranbia. Zabalgana auzorainoko tranbia linearen eraikuntza-proiektua bultzatzea (Arabako Foru Aldundiarekiko lankidetzan).
  14. Gasteizen Future Mobility Lab abian jartzea, eta berrikuntza kluster bat, etorkizuneko mugikortasun-sistema eta zerbitzuei begira. Mugikortasun automatizatu, konektatu eta iraunkorreko irtenbide aurreratuak probatu eta balidatzeko laborategi bat abian jartzea. (Arabako Foru Aldundiarekiko lankidetzan). 7 M/€

 

Datozen asteetan jakinaraziko dute zehatzago erkidegoetako, estatuko eta Europako erakundeek zein metodologia eta irizpideri jarraituko zaien proiektu ezberdinak Europara bidaliko den proposamenean integratzeko, haiek ebaluatu ditzaten.

Share

Gasteizek bat egin du Ecovidrioren ‘Recicla Vidrio por ellas’ kanpainarekin, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta

Edukiontzietan utzitako ontziengatik dohaintza egingo zaio Sandra Ibarra minbiziaren aurreko elkartasun fundazioari.

Gasteizek bat egin du Ecovidrioren “Recicla vidrio por ellas” elkartasun kanpainarekin, herritarrak beirazko ontziak birziklatzera animatu daitezen eta elkartasunezko kausa bati lagun diezaioten: bularreko minbiziaren prebentzioa.

Gaurtik aurrera eta datozen asteetan, arrosa koloreko bi iglu egongo dira Loma Jeneralaren plazan. Edukiontzietan utzitako ontziengatik Ecovidriok dohaintza egingo dio Sandra Ibarra minbiziaren aurreko elkartasun fundazioari.  

Kanpaina 140 hiritara baino gehiagotara zabaldu da – Madril, Valentzia, Sevilla, Valladolid, Logroño, Zaragoza, Las Palmas Kanaria Handikoa eta Santiago de Compostela, besteak beste–, ahalik eta herritar gehien sentsibilizatzeko. Horretarako, 370 edukiontzi arrosa baino gehiago instalatu ditu Ecovidriok. Sandra Ibarra —bere izena daraman fundazioaren lehendakaria— izan da proiektuaren enbaxadorea.

Bestetik, Agatha Ruiz de la Pradak miniglu berezi bat diseinatu du kanpainarako, bularreko minbiziarekiko kontzientziatze eta elkartasunaren sinbolo gisa, eta horietan Sandra Ibarra Fundazioaren lema nabarmentzen da: “llenos de vida”. Miniglua Miniglú.es web-orrian eros daiteke, eta irabaziak Sandra Ibarra fundazioarentzat izango dira, minbiziaren prebentzioan eta ikerketan laguntzeko.

 

Gasteizen birziklatutako beirari buruzko datuak

Ecovidriok, dituen 2019ko datuen arabera, gasteiztarrek 488 tona beira birziklatu zituzten, hau da, herritar bakoitzak 27 kilo, batez beste. Beirazko ontziak birziklatzeko 88 edukiontzi daude Gasteizen.

 

Share