Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-10-29)

Prentsaurrekoa. ‘Tetrapack 2020’ erakusketa aurkeztea 

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; Kultura eta Kirol foru zuzendari Inmaculada Sanchez; erakusketako komisario Jorge Salvador; eta Elisa Talbi, artista protagonista

Eguna. Osteguna, urriak 29

Ordua. 10:30

Tokia. Amarika aretoa

———————————

Prentsaurrekoa. Zortezko-jokoak eta kirol apustuei aurre egiteko prebentzio programa berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; eta Elkarrekin Vitoria-Gasteiz taldeko zinegotzi Oscar Fernandez

Eguna. Osteguna, urriak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

Prentsaurrekoa. ‘Dando vida a la muerte’ ekimena aurkeztea

Parte hartzaileak. Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta Vivir con Voz Propia elkarteko ordezkari Mireia Arregi

Eguna. Osteguna, urriak 29

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Udalbatzak prokuradore sindiko nagusiaren historia gogoratu du, Gasteizko aihotza babesten duen burdin hesiaren azpian oroitarri bat jartzeko erabakiaren mendeurrenean

 

Gaur eguerdian, Gasteizko aihotza babesten duen burdin hesiaren azpian oroitarri bat jartzeko erabakiaren mendeurrena gogoratzeko ekitaldi bat egin da, Aihotz plazan eta Goiuri jauregian. Inolako aldaketarik gabe 1606tik 1841era arte prokuradore sindiko nagusiek karguaz jabetzean egiten zuten zinaren testua jasotzen da bertan. Hiriaren eskubide eta askatasunak defendatuko zituztela hitz ematen zuten horren bidez. Testuak dioenez, bestela burua moztuko zieten burdina eta altzairuzko aihotz edo alfanje zorrotz horretaz; badirudi hori ez zela inoiz gertatu. Herriak sindikoaren izendapena berresten zuen ekintza horren bidez.

Gorka Urtaran alkateak sustatu du ekitaldia, gogoratzeko 1920ko urriaren 28an erabaki zuela Udalbatzak oroitarria jartzea San Migeleko absidearen atzealdean, Aihotz plazan, hiriaren historiako garai hura gomutatzeko. Gaur egun Leire Zugazuak betetzen du sindikoaren postua. Kargurako izendatutako lehen emakumea da, baina haren zereginek ikusteko gutxi dute garai hartako prokuradore sindiko nagusiarenekin.

Elena Martínez de Madina  filologoak, Ismael García-Gómez arkeologoak eta sindikoak berak eman duten hitzaldian aipatu dutenez, XV. eta XIX. mendeen artean, prokuradore sindiko nagusia “gasteiztarren identitatea beste edozein entitateren aurrean defendatzeaz” arduratzen zen. Beste kargu garrantzitsu batzuk —alkatea eta bi errejidore— egon arren, prokuradore sindiko orokorra zen figura garrantzitsu eta boteretsuena. Azaldu dutenez, Erregimentuaren eta herritarren arteko bitartekari gisa sortu zen. 1841ean zin egin zen kargua azken aldiz. Lehen zina 1476an egin zen.

 

 

Share

Halloweeneko ospakizunak osasun alorreko gomendioen arabera egokitu beharra gogorazi du Udalak

Halloweenen gertutasunaren aurrean (urriak 31, larunbata, Donu Santuaren bezpera), Gasteizko Udalak arduraz jokatu beharra gogorarazten die herritarrei, bai eta alarma-egoera berriaren harira ezarritako murrizpenen aurkako portaerak oro saihestekoa ere.

Gaueko etxeratze-agindua, mugikortasun-murriztapenak, 6 pertsonatik gorako bileren debekua, 20.00etatik 08:00etara alkohola saltzeko debekua, taberna eta jatetxeen ordutegi berria eta txoko eta elkarte gastronomikoetan jarduerak oro eten beharra eragin zuena dute Halloweenen ospakizunarekin loturiko ohituretan; horrenbestez, Udalak beharrezkotzat irizten dio horren inguruan herritarrak kontzientziatzeari.

“Beti gogoratzen dugu, baina bereziki egingo dugu Halloween gertu dagoen honetan. COVID-19a kutsatzeko arriskua ekiditeko, funtsezkoa da ez biltzea leku itxietan, jende-pilaketak oro saihestea, eta pertsonen arteko segurtasun-tartea zaintzea. Hiru arau horiek bereziki garrantzitsuak dira larunbatari begira”, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzia Livia Lópezek.

Hori dela eta, Udala “Arduraz jokatu. Distantzia gorde” kanpaina garatzen ari da, koronabirusaren aurreko oinarrizko segurtasun-neurriak gogoratzeko, batez ere ospakizunetan.

+INFO: Koronabirusari aurre egiteko gomendioak

 

 

Share

Gasteizko alkateak kezka azaldu du gobernu zentralaren aurrekontuetan dieselaren zerga igo nahi dutelako

  • “Automobilgintzaren etorkizuna arriskuan jar lezake Gasteizen eta, beraz, hiri osoaren etorkizuna”, ohartarazi du Urtaranek

 

Gorka Urtaran audioa

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek kezka azaldu du gobernu zentralak diesel erregaiari dagokion hidrokarburoen gaineko zerga igotzeko asmoa duelako. Alkatearen hitzetan, neurri horrek “Automobilgintzaren etorkizuna arriskuan jar lezake Gasteizen“; beraz, proposamena baztertzeko eskatu du.

Ministro Kontseiluak 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren lege aurreproiektua onetsi zuen atzo; besteak beste, dieselak litroko 34,5 zentimoko hidrokarburo-zerga ordaintzea proposatzen du, oraingo 30,7 zentimoen ordez. Neurri horrek eragin zuzena luke diesel automobilen fabrikazioaren sektorean, zeinak berebiziko garrantzia baitu Gasteizeko industrian; izan ere, lurraldeko BPGd-aren % 30 sortzen du.

“Egia da neurriak hartu behar direla automobilgintzaren sektorea eredu jasangarriagoetarantz joan dadin, baina neurri horiek industriarekin batera hartu behar dira, ez haiei bizkarra emanez, horrek arriskuan jar lezakeelako Gasteizko automobilgintzaren sektorea eta, beraz, hiri osoaren etorkizuna”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Share

Trafiko-aldaketak, Erdi Aroko hirigunean, auzoko aisialdi- eta hezkuntza-espazio nagusiak lasaitzeko

 

Hainbat aldaketa egingo ditu Gasteizko Udalak Erdi Aroko hirigunean, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, auzoaren goiko aldeko zona lasaitze aldera. Auzoko berdegune eta aisialdi- eta hezkuntza-espazio nagusiak biltzen ditu inguru horrek, baita Ramón Bajo eskola eta Landatxoko gizarte-etxea ere. Aurreikusitako jarduerei esker, leku horietako segurtasuna hobetuko du Udalak.

Zehazki, Trafiko Zerbitzuak diseinatutako jardueraren bitartez, Santa Maria kalean barrena sartu ahal izango da Etxauriko aparkalekura, baina hortik aurrera ezingo da egin. Izan ere, Santa Maria kaleko trafikoaren noranzkoa aldatu egingo da, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kaletik Jauregi kalera bitartean. Frai Zacarias Martinez kalean, segur aski, baretu egingo da trafikoa, hurrengo egunotan egingo diren abiadura-neurketen arabera.

“Are gehiago lasaitu nahi dugu Erdi Aroko hirigunea, eta ibilgailu motordunez hustu. Eta hala jarraituko dugu egiten, apurka-apurka, horrelako neurriekin”, azaldu du Mugikortasuna eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

Share

Saltoki batean ebasteagatik atxilotuta

Udaltzainek atzo 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Herrandarren kaleko saltoki komertzial batean gertatutako ebasketa-delituan inplikatuta zegoelakoan. Segurtasuneko zaindariak ustekabean atzeman zuen ebasten. Bizitoki ezagunik ez zuenez, udaltzainek atxilotu egin zuten eta gaur jarriko dute epailearen aurrean.

Sutea koadro elektriko batean

Suhiltzaileek atzo Gasteiz hiribideko eraikin bateko koadro elektrikoan sute bat itzali zuten. Suteak kalte larriak eragin zituen kokatuta zegoen aretoan, baina ez zuen eraginik izan eraikineko gainerako tokietan. Garrak CO2arekin itzali eta lokaleko gainerako tokiak aireztatu zituzten.

Bestalde, Domingo Martinez de Aragon kalean hodi bat hautsi izanak eragindako gas-ihesa dela eta ere suhiltzaileen laguntza eskatu zuten. Suhiltzaileek gas-hodeiari urarekin egin behar izan zioten aurre hornikuntza-enpresak horniketa eten zuen arte.

 

Share