Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-10-26)

Koroatze auzoko birgaitze-obrak bisitatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola; eta alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko zinegotzi Ana Oregi

Eguna. Astelehena, urriak 26

Ordua. 11:30

Tokia. Eulogio Serdan kalea 1, Aldabe gizarte-etxearen ondoan

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, urriak 23

  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa “Buesa, hitzaren balioa, konpromisoaren balioa” erakusketaren inaugurazioan izango da 19:00etan, Vital Fundazioaren erakusketa zentroan, Posta kalea, 13
  • Lehen alkateorde Maider Etxebarria Arabako Pintxoaren Aste Nagusiko sari banaketan izango da 20:00etan, Europa Biltzar Jauregian
Share

Udal hilerrietarako gomendioak Santu Guztien eguna dela eta

 

Gasteizko Udalak zenbait prebentzio-jarraibide eman ditu Santa Isabel eta Salbatzailearen hilerrietarako, Santu Guztien eguna hurbiltzen ari baita. Oro har, bisitak ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen du Udalak, eta aurreko astean nahiz urteko beste uneren batean egitea. Izan ere, azaroaren 1ean hilerrietara ez joateak jendetza biltzea eragotziko du, eta birusa ez hedatzen lagunduko. Edonola ere, hilerrira joanez gero bakarka edo talde txikietan egitea eskatzen zaie herritarrei.

Azaroaren 1era arte, hilerriak 9:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik, eta TUVISAk Salbatzailearen hilerrira doazen autobusen maiztasuna handituko du.

Gogorarazten da, halaber, nahitaezkoa dela maskara erabiltzea, eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia gorde beharko dela. Sarrerak eta irteerak leku ezberdinetatik egingo dira, zirkulazioan pilaketarik sor ez dadin. Salbatzailearen hilerrian ateetako batetik sartu eta bestetik aterako da. Santa Isabelen, berriz, itxita egon ohi diren sarbideak irekiko dira. Lore-saltokien artean ere distantzia handiagoa utziko da.

Azkenik, gel hidroalkoholikoa jarriko da eskura hilerrietako sarreretan. Salbatzailearen hilerrian behin-behineko komunak ere instalatuko dira.

 

 

Share

Covid-19a dela eta hartutako neurri sanitario berriek 400 eserlekura murriztu dute Principal antzokiaren edukiera

Sarreren zenbatekoa itzuliko die Udalaren Antzoki Sareak murrizketak eragiten dienei

 

Sarreren zenbatekoa itzuliko die Udalaren Antzoki Sareak Principal antzokian programatutako ikuskizunetarako sarrerak erosten azkenak izan direnei, 400 eserlekuren edukieraz gaindi.

Covid-19aren pandemiaren aurrerabideari aurre egiteko hainbat neurri onetsi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, besteak beste, esparru itxien edukiera 400 pertsonara mugatu du. Gasteizen, Principal Antzokiari eragingo dio horrek. Izan ere, aurreko baremoaren arabera —edukieraren ehuneko 50—, 445 eserleku saltzen ziren, emanaldi bakoitzeko.

“400 sarrera baino gehiago saldu dugularik ikuskizunen baterako, mugapen horrek eragiten dienekin harremanetan jarriko gara, hots, sarrerak erosten azkenak izan direnekin; ordaindutako kopurua itzuliko diegu, eta konpentsazioa eskainiko, eragozpenengatik”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.‘Los Hijos’, ‘Una noche sin luna’ eta ‘Juana’ antzezlanei eragingo die neurriak.

 

Share

Udalbatzak 2021erako zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea berretsi du

Udalbatzaren bilkuran datorren urterako ordenantza fiskalen proiektua eztabaidatu ondoren, ia zerga guztiak izoztea erabaki da. Hain zuzen ere, 2021ean oraingo tarifa berak mantenduko dira udalaren bost zergetan (OHZ, EJZ, ibilgailuak, EIOZ eta gainbalioa), gobernu taldeak proposatu bezala. “Ez diegu ahalegin gehigarririk eskatuko pertsonei, datorren urtean beharrak areagotu egiECngo direla jakinda. Horretarako, eraginkortasunez eta seriotasunez kudeatuko dugu daukagun euro bakoitza”, berretsi du Ogasun zinegotziak Iñaki Gurtubai.

Izozteak udal tasa guztiei eragiten die, bati izan ezik: udalaren tratamendu-plantetan hondakinak utzi eta horiek tratatzeari dagozkien tasak, hau da, Gardelegiko zabortegiari eta Jundizko tratamendu-plantari dagozkienak. Esate baterako, arriskutsu ez diren industria-hondakinengatiko tasa tonako 5 euro igoko da. Industria-hondakin gutxiago sortzen laguntzea da igoera horren helburu nagusia.

Orobat, energia garraiatzeko instalazioentzako tasa berria sortzea berretsi du Udalbatzak. Horren bidez, jabari publikoko lurzorua goi tentsioko lineak, gas edo hidrokarburoen kanalizazioak, instalazio hidroelektrikoak eta antzekoak garraiatzeko erabiltzeagatik kobratuko da. Tasa horrekin 300.000 euro inguruko kopurua jasotzea espero da.

Datorren urterako ordenantza fiskalen eztabaidan beste berritasun hauek onetsi dira:

–  Luis Aranburu musika-eskolako eta Jose Uruñuela dantza-kontserbatorioko matrikularen prezioaren gainean % 50eko beste hobari bat sartzea, guraso bakarreko familientzat.

– Tarifa modalitate berri bat sortzea bizikletentzako aparkaleku seguruetan, egoiliarren urteko abonamendua, zeinak egoiliarrentzat egokitutako aparkalekuetan bizikleta urte osoan aparkatzeko aukera emango baitu, 72,72 euro ordainduta.

– Udal Ogasunarekiko zorren ordainketa zatikatzeko aukera luzatzea. Orain arte gehienez 24 hilabeteko epea zegoen finkatua Udalarekiko zerga-zorraren ordainketa zatikatzeko; datorren urtetik, berriz, 60 hilabetekoa izango da epe hori.

Udalbatzaren erabakia ALHAOn argitaratu ondoren, ordenantza fiskalei alegazioak eta erreklamazioak aurkezteko epea irekiko da, abenduaren 10era arte. Gobernu Batzarrak eta Ogasun Batzordeak ebatzi beharko ditu alegazio horiek; azkenik, Udalbatzak behin betiko onetsiko ditu datorren urterako zergak, ziur aski abenduaren 23an egingo den osoko bilkuran.

Share

Bizikide zuen familiari eraso egiteagatik atxilotua  

Udaltzainek bart 28 urteko gizonezkoa atxilotu dute bizikide zuen familiari mehatxuak eta eraso egiteagatik.

Goizaldeko 02:30ean, 092ra egindako dei batean Pilar auzoko etxebizitza batera udaltzainak joateko eskatu dute, eztabaida handia zegoelako.

Iritsi direnean, udaltzainak bizikideen arteko liskarraren lekuko izan dira. Haiekin hitz egin eta beharrezko ikerketak egin ostean, gizonezko bat atxilotu dute bizikide zuen familiari mehatxu larriak eta eraso egiteagatik. Gaur jarriko dute epailearen esku.

 

Share

Pixkat proiektuaren bosgarren edizioa aurkeztu du Pez Limbok

13 emanaldi izango dira urtarrilera bitartean, gazteei antzerkia hurbiltzea xede.

Gaur aurkeztu da gazteen eta horien kultura-ingurunearen arteko bitartekaritzako Pixkat proiektuaren bosgarren edizioa. Pez Limbok antolatutako proiektu honek Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du. Proiektuak ikusle berriak hurbildu nahi ditu arte eszenikoetara, bereziki 16 eta 20 urte bitarteko gazteak, institutuetan mikro-antzerkien emanaldiak eginez.

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Gasteizko Udaleko Kultura zuzendari Paco Galvek, Arabako foru diputatu Ana del Valek, eta Pez Limboko Eduardo Hernandok. Gasteizko udalak 7.500 euroko laguntza ematen dio, eta foru aldundiak 5.000.

Programak 13 emanaldi ditu, eta urtarrilera bitartean emango dira. Hauxe da egutegia (data batzuk zehaztu gabe daude):

Gasteiz:

Share

(Bideo eta audioz eguneratuta) Gasteiz European Green Capital izendatu izanaren 10. urteurrenean, adostasunez lan egiten jarraitzeko dei egin die alkateak talde guztiei

Europako Batzordeak 2010eko urriaren 21ean izendatu zuen Gasteiz 2012ko Europako Hiriburu Berdea.

 

 

Bideoa alkatearen adierazpenak

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gaurko osoko bilkuran, duela hamar urte Gasteiz European Green Capital izendatu zutela gogorarazi du. Gorka Urtaranek “adostasunez lan egiten jarraitzera” animatu ditu talde politiko guztiak, “gure hiriak erreferentea izaten jarrai dezan ingurumenaren alorrean. Hain zuzen ere, adostasunak eraman gintuen europar hiriburuen artean izendapena lortzera“.

Europako Batzordeak 2010eko urriaren 21ean izendatu zuen Gasteiz 2012ko Europako Hiriburu Berdea; 2008an sortu zuen Europar Batasunak saria. Ingurumenaren arloko irizpideen zerrenda oso bat kontuan hartuz aztertzen dituzte hautagaiak. 200.000 biztanletik gorako Europako hiriek aurkez dezakete hautagaitza.

Hona hemen Gasteiz aukeratzeko emandako arrazoietako batzuk: “ingurumen arauak betetzearen etengabeko frogak ematea”, ingurumena eta garapen jasangarria hobetzeko asmo handiko helburuak planteatzeko konpromisoa, eta beste hiri batzuk inspiratzen dituen eredua izatea jardunbide jasangarri onenak sustatzerakoan.

Urteetan ingurumenarekin begirunez jokatu izanaren aitorpen gailena izan zen saria; geroztik, beste aitorpen batzuk ere jaso ditu, iaz lortutako Global Green City izendapena, esaterako.

 

Share

Esleitu dira Salburua eta Triana ingurua lotzen dituen zidorra berritzeko lanak, oinezkoek eta ziklistek erabiltzerik izan dezaten

Trenbidearen eta Oreitiasoloko industrialdearen artean doan bidea egokituko da

Oinezko eta ziklistentzako zidor berritu batek lotuko ditu Salburua auzoa eta Triana ingurua. Tokiko Gobernu Batzarrak trenbidearen eta Oreitiasoloko industrialdearen artean doan bidea egokitzeko lanak esleitu ditu gaur goizean. Excavaciones Basauri enpresa arduratuko da proiektuaz, 102.813,03 euroan, BEZa barne.

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak sustatzen duen “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programan herritarren bozketaren bidez hautatutako proiektuetako bat da hori. Ekimenaren bidez, udal aurrekontuaren zati bat zertan gastatu erabaki dezakete gasteiztarrek, hiria hobetzeko xedez. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua, eta sail hori arduratuko da gauzatzeaz.

“Egunero hiritik dabiltzan oinezko eta txirrindulariek dakite inork baino hobeto zein behar dituzten auzoek, eta zer hobetu daitekeen. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dugu partaidetza zuzenak funtzionatzea eta hau bezalako hobekuntza-proposamenak entzutea. Hain zuzen ere, Udalaren entzute aktiboaren emaitza da Salburua eta Triana ingurua elkartuko dituen zidor berria”, azaldu du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek.

“Esku-hartzearen bidez hainbat helburu lortuko ditugu: dagoeneko erabiltzen zen bide bat sendotzea; traba arkitektonikoak kentzea, irisgarritasuna bermatu eta hobetzeko, eta bide-segurtasuna hobetzea, Oreitiasoloko poligonoan zebra-bide berria jarrita. Gainera, auzokoekiko lankidetzatik zein sailen artekotik sortutako proiektua da, gure kudeatzeko moduaren eredu”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo de Escuderok.

Zidor berriak 250 metro inguru izango ditu, hiru metroko zabalera, eta landareak bi aldeetara; zoladura berria jarri eta ingurua txukunduko da. Izan ere, gaur egun erabiltzen den bidexka egoera txarrean dago: zatika hartxintxarra eta zoladura mota ezberdinak ditu, putzuak sortzen dira… Zabalera nahikoa emateko, zintarriak kendu beharko dira zenbait lekutan.

Esku-hartzearen ondoren, bestetik, bide osoa maila berean utziko da, eta horretarako kendu egingo dira bidea oztopatzen duten eskailera batzuk. Horien ordez aldapatxo bat geratuko da, bizikletaz eta gurpil-aulkiz igarotzeko modukoa. Zidorra eta Jacinto Benavente kalea lotzen dituzten eskailerak ere hobetuko dira.

Orobat, Udalak argiak instalatuko ditu inguru osoan. Zehazki, 14 farola jarriko dira, azken belaunaldiko led bonbillez (27,5 W-ekoak) hornituak, eraginkortasun eta argitasun handiagoa baitute. Oreitiasoloko industrialdean, Jose Maria Iparragirre kalearen eta aipatutako bidearen arteko bidegurutzean, oinezkoentzako pasabide bat margotuko da, baita ‘30eko eremua’ seinalea ere.

 

 

 

Share

ASAFES elkarteak depresioari eta suizidioari buruz antolatutako online mintegia hartuko du Goiurik.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak ASAFESek antolatutako online mintegiaren hasieran parte hartu du. Mintegiak depresioa eta suizidioa izango ditu hizpide. Psikiatria arloko adituek hartuko dute parte Goiuriko jardunaldi honetan, eta bertan beste lekukotasun batzuk ere entzun ahalko dira.

Armentiak inaugurazio-ekitaldian gogorarazi duenez, “azken urteotan, suizidioek eragindako heriotzak izan dira heriotza ez naturalen arrazoi nagusi 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen artean. Zer pentsatua ematen du depresioak gure herrialdean milioika pertsonari eragiteak; buru nahasmendurik ohikoena bilakatu da”.

Honi aurre egiteko, “errealitate horiek ikusaraztearen alde” agertu da zinegotzia. Informazio eta prestakuntza gehiago behar ditugu egoera horiek ulertzen eta geldiarazten laguntzeko”.

Share