Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-10-27)

Prentsaurrekoa. ‘¿Qué fue de Ana García?’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Borja Ruiz, dirección; Ainhoa Artetxe eta Pelayo Serrano, antzezleak; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Mofort

Eguna. Asteartea, urriak 27

Ordua, 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————-

2020ko Vueltako zazpigarren etaparen irteera ofiziala

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, urriak 27

Ordua. 13:00

Tokia. Mendizabalako aparkalekua – Lasarteko Atea kalea

Share

Amari eraso egiteagatik atxilotuta

Udaltzainek 64 urteko emakumezko bat atxilotu zuten atzo amari tratu txarrak emateagatik etxeko indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik.

18:00ak inguruan 092 telefonoan jasotako dei batek jakinarazi zuen emakume bat ustez amari tratu txarrak ematen ari zela elkarrekin bizi diren etxebizitzan, Lakua-Arriaga auzoan. Iritsi zirenean, etxebizitzara joan ziren agenteek oihuak eta irainak entzun zituzten, baita kexuak ere. Hainbat hematoma eta marka zituen 94 urteko emakumearen oihuak ziren.

Poliziek emakumearekin eta haren alabarekin hitz egin zuten eta tratu-txar delitua leporatuta atxilotu zuten alaba. Guardiako Epaitegian dagozkion eginbideak egin ostean, gaur pasatuko da epailearen aurretik. Biktima anbulantzian eraman zuten ospitalera balorazioa egiteko. Familiako beste baten kargu geratu zen.

Taxien eta gidaridun ibilgailuen (VTC) kanpaina

Aste honetan, udaltzaingoak taxiak eta gidaridun ibilgailuak kontrolatzeko trafikoko kanpaina berezia egingo du. 2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan dago kokatuta.

Sutea inor bizi ez den eraikin batean

Larunbatean suhiltzaileek esku hartu zuten Ihurreko errota zaharrean sortutako sutea itzaltzeko. Bertan, suak estalkiari eta bigarren solairuari eragin zion bereziki.

Asteburuan zehar eguraldi txarretik eratorritako hamar bat esku-hartze izan dira: larunbatean haize-bolada handiengatik, eta igandean, euriaren eraginez, hiriko hainbat tokitan sortu ziren hainbat ur-putzuengatik.

 

Share

VISESA Koroatzearen auzoko 302 etxebizitzatan egiten ari den birgaitze-obrak bisitatu dituzte Vitoria-Gasteizko alkateak eta Arriola sailburuak

 

  • Erreformak amaitu dira 12 ataritan; beste 10 obretan daude eta gainerako laurak laster hasiko dira zaharberritze-prozesuarekin

 

  • Birgaitutako etxebizitzen monitorizazioak berokuntzaren eskariaren % 50en murrizketa eta etxebizitzen faktura energetikoan % 15 eta 20 bitarteko aurrezpena erakusten du

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, gaur goizean, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatearekin batera, VISESA sozietate publikoa –Eusko Jaurlaritzaren mendekoa– Koroatzearen auzoko 26 eraikinetan (302 etxebizitza) egiten ari den birgaitze-obrak bisitatu ditu; obra horiek SmmartEnCity Europako proiektuaren esparruan egiten ari dira, Vitoria-Gasteiz bertan parte hartzen ari baita, Tartu (Estonia) eta Sondeborg (Danimarka) hiriekin batera. Bisitan, halaber, Ana Oregi alkateordea, Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordea eta Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia ere izan dira.

Koroatzearen auzoan hiri-espazioa berroneratzeko prozesu handia dago abian; bertan, Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak parte hartzen dute. Prozesu horretan, honako ekintza hauek jasotzen dira: kale eta plazak berritzea, mugikortasun jasangarrirako jarduketak, % 100ean berriztagarria den beroaren sarea ezartzea eta 302 etxebizitza birgaitzea eta modernizatzea, ikuspuntu energetikotik efizienteagoak izateko eta bertako bizilagunen bizi-baldintzak hobetzeko. Aldaketa hori, dagoeneko, ikus daiteke dagoeneko birgaitu diren 12 fatxadatan; fatxada horiek auzoko 6 kaletan banatzen dira. Beste 10 atari obretan daude, eta gainerako laurak (4) laster hasiko dira. Obrak, funtsean, fatxaden eta estalkien isolamendu termikoan, leiho bikoitzen ezarpenean eta bero-sarearekiko barneko konexioan dautza.

Horietan guztietan, Visesak birgaitze-lanen diseinu eta betearazpen egokia kudeatzen, kontratatzen, ikuskatzen eta finantzatzen du, eta amaierako produktua “giltza eskura” entregatzen die jabeei, eta inbertsioaren kostua kobratzen die dirulaguntzak kenduta. Birgaitze-lanak efizientzia-estandar altuenekin egiten ari dira; hala, eraikina etengabe isola daiteke eta nabarmen murriztu galera energetikoak.

Dozena bat enpresa eta/edo ABEE baino gehiago aurkeztu dira obrak kontratatzeko lizitazioetara, eta, azkenean, haietako 5 izan dira erkidegoen birgaitze-lanak gauzatzeko adjudikaziodunak. Nabarmendu behar da lan horiek loteetan lizitatu direla, obren betearazpena ahalik eta gehien optimizatzeko eta, aldi berean, ahalik eta enpresa-kopuru handiena lehiaketara aurkezteko bide emateko.

Proiektuaren inbertsio osoaren 13 milioi euroetatik (12.790.000 €), ia 7 milioi euro (6.889.726 €) etxebizitzak birgaitzeko izango dira. Eremu horretako dirulaguntzak 4 milioi euro ingurukoak dira: 1.577.697 € Europako dirulaguntza bidez emango dira, Visesak 1.840.755 € bideratuko ditu eta Vitoria-Gasteizko Udalak, 302.000 €.

Bestalde, etxebizitzako batez besteko kostua 22.814 eurokoa da (+BEZa). Kostu horren % 54 erakundeek ordaintzen dute, eta jabeek % 46 ordaindu behar dute. Baina diru-sarrera baxuak dituzten (21.100 euro baino gutxiago) eta kostuari aurre egin ezin dioten familia-unitate guztientzat, Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak sortutako Berme Funtsa dago, eta etxebizitzen 37 titularrek heldu diote funts horri.

 

Etxebizitzen monitorizazioa

Erreformatutako etxebizitzetan, monitorizazio-prozesua egin da, pisuen konfort-maila erkatzeko jarduketen aurretik eta ondoren. Pisu bakoitzean, honako hauek erregistratzeko sentsoreen kita jarri da: kontsumo elektrikoa, tenperatura, hezetasuna eta, kasu batzuetan, airearen kalitatea, gela nagusian dagoen CO2aren neurketaren bidez. Arriola sailburuak honako hau nabarmendu du: “lehen emaitzek, nahiz eta oraindik oso goizetik izan, neurketa oso interesgarriak ematen dituzte: berokuntza-eskariaren % 50eko murrizketa, CO2 emisioen % 90eko murrizketa eta etxebizitzen faktura energetikoan % 15 eta 20 bitarteko aurrezpena”. Halaber, oszilazio termiko txikiagoak ikusi dira etxebizitzetan, eta gainberotze txikiagoa udan.

Arriolak VISESAren lanaren balioa nabarmendu du, “lehendabizi, haietan bizi diren auzokideen bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko aukera emango duelako, energia gutxiago kontsumituko dutelako eta erosoago egongo direlako. Eta, bigarrenik, blokeak erabat eguneratuta eta berrituta geratuko direlako, eta, ondorioz, blokeen eta auzo osoaren balioa handitu egingo delako”.

Koroatzearen auzoa Udalarekin lankidetza estuan lan egiten ari den auzo-laborategietako bat da, eta gainerako udalerrietarako hiria berroneratzeko esku-hartze integratuaren adibide bat. Hori horrela, Etxebizitzako sailburuak esan du hiriaren berroneratzea Etxebizitza Sailaren ekintza-ardatz nagusietako bat dela. “Gainera –esan du–, antzeko jarduketak egiten ari gara beste udalerri batzuetan, besteak beste, Sestaon, Durangon, Donostian, Eibarren edo Bilbon. Ez da ahaztu behar euskal herritarren % 31 eraikinen bizigaitasun-baldintzengatik eta bertako biztanleen egoera sozioekonomikoagatik kaltebera gisa katalogatutako auzoetan bizi direla, eta gure betebeharra da udalerri bereko beste eremu batzuetan bizi direnetatik bereizten dituen arrakala hori ixteko ahalegina egitea”.

Bestalde, Gorka Urtaran alkateak Koroatzearen auzoaren proiektua eredu gisa jarri du, “Vitoria-Gasteiz hiri jasangarri izatea eragin duten ingurumen-politiken eta eraginkortasun energetikoaren eredu. Bide horretatik jarraitu nahi dugu; hau bezalako ekimenen bidez, non maila guztietako administrazioek eta herritarrek berek elkarrekin lan egiten baitute, klima-aldaketaren aurkako eta gure hirietako bizi-kalitatea hobetzearen aldeko borrokan ekarpenak egiten dira”.

Alkateak, gainera, bero-sarearen aurrerakada ona nabarmendu du; hura SmartENcity proiektuan integratzen da, eta hura, dagoeneko, Koroatzearen auzoko kaleetan instalatu da. Sareak ur bero sanitarioaren eta berokuntzaren energia berriztagarriz hornituko ditu sarera konektatuta dauden etxebizitza-bloke eta eraikin pribatu guztiak. Giroa Veolia enpresa da instalazioa eraikitzeko arduraduna, eta irailean hasi zen obrekin.

Azpiegitura horren onura nagusiak honako hauek dira: kontsumo energetikoa murriztea, auzoko galdara eraginkorragoa erabiliz; atmosferara isurtzen diren CO2 emisioak murriztea; energia berriztagarrien iturriak erabiltzea eta kanpoko mendekotasun energetikoa erregai fosilen bitartez murriztea. Gainera, berezko baliabideen balioa nabarmentzen da, Vitoria-Gasteiztik hurbil dauden baso-ustiategi jasangarrietatik datorren basoko biomasa erabiliz.

Paraleloan, Vitoria-Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, 2 milioiko ekarpen osagarriaren bidez. Auzokideekin egindako parte-hartze prozesu baten ondorioz, obrak egingo dira Aldabe kalean, bertako bidea erdi-oinezko moderno bilakatuko dela; Aldabe plazan, zeina auzoko bizilagunak egoteko eta elkartzeko leku bilakatuko baita, eta Ziudadela plazan, non parterreak desagertuko baitira eta oinezkoen iragazkortasuna hobetuko baita. Gainera, inguruneko argiztapena hobetuko da.

 

Share

Olarizuko bi etxebizitza-bloketako barrukoak botatzen hasi da Udala

 

Gorka Urtaran audioa 

Olarizuko hiribidean legez kanpo okupatutako zonan bi etxebizitza-bloke inork ez baliatzeko moduan uzteari ekin dio Udalak gaur goizean, lehen orduan. Horretarako, bi atari horiek hutsik zeudela baieztatu ondoren, barruko paretak eraitsi ditu Udalak, bi bloke horietan. Iñaki Gurtubai alkateordea eta Borja Rodriguez Udal Administrazio eta Eraldaketa Digitaleko zinegotzia bertan izan dira goizeko lehen orduan.

Urtaranen gobernuak legez kanpoko okupazioarekin bukatzeko aurreko agintaldian hasitako prozesuaren parte da urrats erabakigarri hori. “Aurreko agintaldiko nire konpromisoetako bat izan zen, eta, prozesu konplexua bada ere, zailtasun ugari izan baditugu ere, Gasteizko gizarteari helarazi nahi diot erabaki irmoa dela nirea, ez naizela geldituko okupak bota arte”, nabarmendu du alkateak.

Garai hartan etxebizitzen parte handi baten jabe zen 21 Zabalgunea sozietateak oraindik partikularrenak ziren etxebizitzak erostea onetsi zuen aurreko agintaldian, alkateak berak proposatuta, ezinezkoa baitzen zona horretan legez kanpoko okupazioaren kontra jardutea horiek gabe.

Ondoren, etxebizitza horiek eraistea erabaki zuen udal sozietateak, alkateak auzokideekin egindako bilera batean hitz eman bezala. Orduan hauxe esan alkateak: “Lazgarria da okupak etxe horiek zein egoeratan uzten ari diren ikustea eta ez dugu onartuko gainbehera horrekin jarrai dezaten. Hiriko legez kanpoko okupazioen kontra ekiten jarraituko dugu, okupazioak atzeman ahala salatzen, legez kanpoko okupak aterarazten eta etxebizitzak berriz okupatzea ekiditeko neurriak hartzen”.

Agintaldi berrian, aurrera jarraitu du prozesuak, eta Udalak etxebizitzen jabetza ofizioz berreskuratzeko prozedura onetsi ondoren, hartara horiek hustu ahal izateko, berriki gauzatu da azken urratsa, etxebizitzak berreskuratzeko dosierra abiarazi delarik, legez kanpoko okupak identifikatzen bukatu ondoren.

Une honetan, prozeduraren barruan, hamar egun balioduneko epea emana zaie jakinarazpena helarazi zaien pertsonei, beren interesak aldezteko egokitzat jotzen ditutzen alegazioak aurkezteko.

 

Share

TUVISAk ez du Domu Santuen egunean Salbatzailearen hilerrira joateko autobus-zerbitzua indartuko

Domu Santuen eguna dela eta, TUVISAk ez du Salbatzailearen hilerrira doan zerbitzua indartuko. Zerbitzua urriaren 30etik azaroaren 2ra bitartean zegoen aurreikusita.

Erabakia osasun-agintariek COVID-19aren hedapena gelditzeko emandako gomendioen ondorioz hartu da, eta Udalak herritarrei azaroaren 1ean hilerrietara egiten diren bisitak murrizteko eskatu ondoren.

Share

Vueltaren etapa bat Gasteiztik irteten dela eta, Udalak publiko eta trafiko murrizketak gogorarazi ditu

 

Bihar, urriak 27, 2020ko Vueltaren zazpigarren etapa irtengo da Gasteiztik, Uribarri Gaubea helmuga duela. Kirol ekitaldi horrek murrizketak ekarriko ditu bai ibilgailuen zirkulazioari bai publikoaren presentziari dagokienez. Hori dela eta, Udalak pertsona eta ibilgailuen zirkulazioarekin lotutako gomendioak gogorarazi ditu:

  • Publikoaren presentziari dagokionez, eta COVID-19ak eragindako osasun-egoera kontuan hartuz, 10:00etatik 13:30era debekatu egingo zaie oinezkoei Mendizabaleko aparkaleku inguruko espaloi eta oinezkoentzako guneetan ibiltzea, bertatik egingo baita irteera neutralizatua, 13:00etan. Taldeak eta Vueltaren karabana elkartzeko eta irteera kontrolatzeko ingurua mugatu egin da, eta publikoa ezingo da sartu.
  • Orobat, lasterketak hiriaren barruan egiten duen ibilbideko espaloietan jendea ez metatzea eta segurtasun distantzia uztea gomendatzen da, zehazki, kale hauetan: Maite Zuñiga – Zumabide – Iturritxu – Izarbenta – Guillermo Elio Molinuevo – Antonio Amat Maiz – Nadine Gordimer – Brusela hiribidea – Salburua bulebarra – Hezeguneen ibilbidea – Zurbanoko atea – Bergarako atea – A-3002 (Dura alderantz).
  • Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, denbora-tarte batez trafikoa moztuko da irteera neutralizatua igarotzen den lekuetan, aurretik eta ondoren.  Ibilbideak eragina izango duen inguruetara ez hurbiltzeko eta beste kale batzuetatik joateko gomendatzen zaie gidariei. Udaltzaingoak zainduko ditu irteera zein ibilbidea. Ahalik eta gorabehera gutxien izan dadin, herritarrei gomendatzen zaie udaltzainen aginduak bete ditzaten eta kirol ekitaldian laguntzen dutenen esanei kasu egin diezaieten.
  • Lasterketa neutralizatuak garraio publikoari ere (hiri autobusei eta taxiei) eragingo dio, neurri txikian bada ere.

Berrogeita hamar udaltzainek hartuko dute parte Vueltaren irteerarako Gasteizen antolatu den segurtasunean, Ertzaintzaren laguntza puntualarekin; irteeraren inguruak kontrolatzeaz eta trafikoa arautzeaz arduratuko dira.

Argibide gehiago: ibilbidea eta trafiko mozketak

Share

Lurralde Batzordea (2020-11-02) 

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak azaroaren  02an (astelehena), 09.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share

Beste aurrerapausu bat Udalaren hurrengo LEPerako

 

  • Azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran irekiko da C1 taldeko 163 plazetarako eskaintzan izena emateko epea.

 

Giza baliabideen zinegotzi Iñaki Gurtubaik sinatu ditu C1 taldeko lan-eskaintza publikoaren oinarriak, eta aste honetan bertan argitaratuko dira Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean. Horixe da izen-emateko aldia ireki ahal izateko azken izapidea, eta azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran irekiko da. Hori guztia, azterketak Aste Santua baino lehenago egiterik izan dadin, osasun-egoerak aukera ematen badu.

C1 taldeko LEPa C1, C2 eta E taldekoen deialdi orokorraren atal bat da,  administrari-, mantentze-, argibide eta kontrol-lanpostuetan eta beste kategoria batzuetan enplegu publikoan sartzeko. C1 taldeko lanpostuetan Batxilergoa eta Lanbide Heziketa tituluak behar dira, eta 163 lanpostu  eskainiko dira kategoria horretan. Horietatik gehienak, ehunetik gora, administrari lanpostuak dira. Musikaren arloan, hamaika plaza eskaintzen dira, gehienak irakasleentzat. Horietaz gain, delineatzaile-teknikarientzat bederatzi plaza, mantentze-teknikarientzat beste bederatzi eta informatika-teknikarientzat zazpi leku ere eskainiko dira. Gainerako plazak obra, ikuskaritza eta abarrekin lotutako kategoria-profesionaletako lanpostuetarako dira.

LEPa goi mailako eta erdi mailako taldeentzako deialdiarekin hasi zen, eta hau LEP horren beste pausu bat da. Aurreko fase hartan 169 funtzionario sartu ahal izan dira udal plantillan, eta une honetan praktikak egiten dihardute. C1, C2 eta E taldeei dagokienez, datozen bi urteetan ia 700 postu izango dituen lan-eskaintza osatzea aurreikusten da. C1 taldekoen azterketak amaituta, C2 eta E taldeetako eskaintzaren oinarriak negoziatzen hasiko da.

“ Aurrera jarraitzen dugu udal enplegua sendotzeko, bitarteko langileen tasa murrizteko eta administrazio lokala modernizatzeko konpromisoarekin. Aurreko legegintzaldian abiarazitako enplegu-eskaintza guztien prozesua amaitzen denean, ia mila lanposturen sustapena egina izango dugu, eta bitartekotasun-tasa % 10etik behera jaitsita. Hori guztia, gero eta zerbitzu publiko hurbilagoa, arinagoa eta eraginnkorragoa eskaintzeko; herritarren eskaerei erantzuteko gai izango den zerbitzu publikoa” gogorazi du Iñaki Gurtubaik.

 

Share

Atariak “Ura eta Natura” argazki-erakusketa jarriko du ikusgai, zeinak ura eta basoa baititu protagonista

Urriaren 27tik abenduaren 13ra arte ikusi ahalko da Kaiko argazkilari valentziarraren erakusketa.

 

Kaiko argazkilari valentziarraren erakusketa berritzailea ikusteko parada emango digu Atariak. Ataria zentroko zenbait aretotan banatu da ‘Ura eta Natura’ argazki-erakusketa, herritarrei penintsulako naturgune batzuen edertasuna ezagutarazteko asmoz, gure udalerritik oso gertuko hezegune jakin batzuei arreta berezia eskainita.

Lan panoramiko erraldoiak dira, 5 metrotik gorako luzera eta 2,70 metroko zabalera dutenak, eta zeta erdi-gardenean inprimatuak; hori dela eta, ikusleak naturaren erdian dagoelako sentsazioa du. “Zetan inprimatuta dagoenez, lana aske geratzen da, eta mugitu egiten da pertsonak hurbil igarotzean, ikusizko efektu ikaragarria sortuz”, azaltzen du Kaikok. Lan horietaz gain, oihalean inprimatutako beste hamabi panoramika daude, 140 x 70 zentimetrokoak, eta 40 x 30 zentimetroko argazki-paper laminatuaren gaineko beste irudi batzuk, euskarri bertikalen gainean.

Ura eta basoa dira nagusi irudietan, baina izakien kontserbaziorako funtsezkoak diren beste alderdi batzuk ere agertzen dira, hala nola klima-aldaketarekiko erlazioa edo haien etorkizuna.

Alcoin jaioa, egilea txikitatik bizi izan zen mendiz inguratua, eta oso barneratuta du natur ingurunearekiko errespetua. Nerabea zela piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina. Hala ere, urte batzuk beranduago ekin zion bere amets handiari, Mundo ibaiaren iturburuan bizi zela: Iberiar penintsulako baso guztiak bisitatzea. “Bi urte ahaztezin igaro nituen, joritasun iberiarrarekin zuzeneko harremanean, eta 30.000 kilometrotik gora egin nituen autoan basoz baso”, kontatzen du.

Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harreman estuaz hausnarrarazi zuen esperientzia horrek. “Gure arbasoak zuhaitzetan bizi ziren, eta basoak elikatzen zituen. Pixkanaka erlazio hori galtzen joan gara, eta nire helburu profesional bihurtu nuen berreskuratzea”, azpimarratzen du.

 

 

Share