Prentsa Oharren banner

Kokaina trafikoagatik atxilotuta

Udaltzaingoak ostiralean 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuen kokaina trafikoarekin lotutako osasun publikoaren aurkako delituaren ustezko egilea izateagatik.

Ikerketa urri hasieran jarri zuten abian, Heraclio Fournier kalean ustez droga saltzen ari zirela ohartaraziz hiritarren hainbat kexa jaso ostean.

Polizia Judizialeko Unitateak zonaldea kontrolatzeko eta zaintzeko operatiboa jarri zuen orduan abian eta gizonezko baten mugimenduak hauteman zituen; bere atari inguruan, kalean bertan edo bere bezeroen ibilgailuetan transakzio bizkorrak egiten zituen.

Ikerketak egiteko garaian, udaltzainek egiaztatu zuten ustez salerosketa-trafikoan erabiltzen zuen substantzia kokaina zela. Ondorioz, bezero batzuei administrazioko espedienteak idatzi zizkieten bide publikoan substantzia estupefazienteak izateagatik.

Hala, ostiralean pertsona hori atxilotu, eta ondoren, bere bizilekua erregistratu zuten. Bertan, udaltzainek substantzia estupefazienteen trafikoarekin lotutako delitua betetzearen aztarnak, doitasuneko 3 baskula eta biribilean moztutako plastikozko poltsak aurkitu zituzten besteak beste. Gainera, atxilotu zuten unean gainean zeraman diru-zorroko 800 € eta etxebizitza barruan zegoen beste diru-zorro batean aurkitu zituzten 200 € baino zertxobait gehiago kendu zizkioten.

Guardiako epaitegira diligentzia guztiak bidali ostean, larunbatean jarri zuten atxilotua epailearen esku.

Labanaz zauritua

Udaltzainek larunbat goizean Salburua auzora joan behar izan zuten familiako etxebizitzan alabarekin batera zegoen emakume bati labana sartu ziotelako. Alaba ere zauritu egin zen gertakarian. Bi emakumeek ustezko erasotzailearengandik (lehenengoak ezagutzen zuen) ihes egitea lortu eta aparkatutako ibilgailu batean zegoen gizonezko bati laguntza eskatu zioten.

Udaltzainen hainbat patruila eta ertzainak joan ziren lokalera gertakarien ustezko egilea bilatzeko asmoz. Azkenean, Ertzaintza izan zen ikerketaren arduraduna. Anbulantzia batek biktimak ospitale batera eraman zituen haien lesioak trata zitzaten.

Mehatxuak arma zuriarekin

Udaltzainek ostiralean 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten arma zuriarekin mehatxuak egin izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik

Gizonezko batek 092 zenbakira deitu eta poliziaren laguntza eskatu zuen Villa Suso plazan, ordu batzuk lehenago eztabaida izan ostean, beste gizonezko batek arma zuriarekin mehatxu egin ziolako. Ustezko erasotzaileak eztabaida izan zutela onartu zuen, baina ukatu egin zuen mehatxu egin zionik. Baina udaltzainek sastraka artean ezkutatuta aizto bat topatu zuten eta, ondorioz, atxilotu egin zuten. Larunbatean utzi zuten epailearen esku.

Errekisitoria judiziala

Ostiral gauean 58 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek bere aurkako errekisitoria judiziala zegoelako. Frantzia kaleko saltoki baten barruan gertatu zen guztia. Bertan, segurtasuneko zaindariak emandako argibideei kasurik egin gabe, gizonezko hori musukorik gabe zegoen.

Ibilgailu bat kiskalita

Suhiltzaileek Zumabide kalean zirkulazioko istripu baten ondorioz bi autotan piztutako sua itzali behar izan zuten. Ezbeharra eragin zuen ibilgailua erabat kiskalita geratu zen. Bestea, aparkatuta zegoena, kaltetuta geratu zen. Suhiltzaileek oso garatuta zegoen sua itzaltzeko ura eta aparra erabili behar izan zituzten. Beste bi autok ere kalteak jasan zituzten.

Bestalde, atzo Bruño Villarreal kaleko zabor-edukiontzi bateko sua itzaltzen lagundu behar izan zuten. Edukiontzia kiskalita geratu zen. Ertzaintzak su-itzalgailu bat erabili zuen arren, ez zuten garrak itzaltzea lortu. Suhiltzaileek urarekin itzali eta suaren eragina jasan zuen ibilgailu bat freskatu behar izan zuten.

Baia ibaira amilduta

Suhiltzaileek Baia ibaian, Gorbea inguruan, pertsona bat ur-jauzi batetik erori zela zioen abisua jaso zuten atzo. Pertsona hura onik zegoen, baina bertan zeudenek ezin zuten uretatik atera ur-lasterra zegoelako. Suhiltzaileak gerturatu, txalekoa jantzi eta toki seguru batera eraman zuten.

 

 

Share

Gasteizek turismo-helmuga adimendunaren SEGITTUR bereizgarria jaso du

Gasteizek turismo-helmuga adimendunaren bereizgarria jaso du gaur, SEGITTURek Turismoko Estatu Idazkaritzaren DTI metodologiarekin ebaluatu ondoren. SEGITTUReko I+G+b zuzendari Carlos Romero Dexeus-ek gaur eguerdian eman dio Gasteizko lehen alkateorde eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriari turismo-helmuga adimendunaren bereizgarria, zeinak agerian uzten baitu Arabako hiriburuaren estrategia turistikoan egindako lana.

Bereizgarria lortzeko, SEGITTURren lantaldeak egindako azterketa gainditu da; izan ere, hainbat hilabetez lan egin du Gasteizko Udaleko hainbat arlorekin, helmuga turistiko adimendunaren ereduaren bost ardatzekin (gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna) lotutako 400 betekizun baino gehiago ebaluatzeko.

Aztertutako esparruetatik, iraunkortasunean lortu du betetze-maila handiena Gasteizek, % 89,3; ondoren, irisgarritasunean ( % 72,6), teknologian ( % 64), gobernantzan ( % 61) eta berrikuntzan ( % 57). Gasteizen betetze-maila, ardatz guztietan, orain arte diagnostiko txostena eta ekintza plana egin duten destinoen arteko batez bestekoa baino handiagoa da.

Betetze-mailaren grafiko konparatiboa, ardatzen arabera, SEGITTURek orain arte aztertutako destinoen batez bestekoarekin alderatuta. Iturria: Segitturren Gasteizerako​ diagnostiko-txostena eta ekintza-plana 

SEGITTUReko I+G+b zuzendariak Gasteiz zoriondu du egindako lanagatik; azaldu duenez, “turismo-helmuga adimenduna izateak balio handiagoa hartzea dakar, eta horrek lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, baita turismoaren garapen jasangarria bultzatzen ere“.

Alkateordeak, berriz, esker ona adierazi du eta “Gasteizko indarguneak defendatzeko unea” dela azpimarratu du, “helmuga turistiko berritzaile eta jasangarriaren eredua sendotzeko unea. Helmuga turistiko adimendunaren bereizgarria beste urrats bat da helmuga seguru, irisgarri, osasungarri eta masifikatu gabetzat kokatzeko estrategian. Azken finean, kalitate handiko helmugatzat.”

Aztertutako esparruetatik, jasangarritasunaren alorrean lortu du Gasteizek parametro gehien betetzea. Izan ere, SEGITTURek iraunkortasunaren nortasun-ezaugarria aitortzen du, eta Udalak horretan oinarritzen du helmuga turistiko gisa duen garapena, 2016an lortu zuen Biosphere Responsable Tourism ziurtagiriak eta 2012ko European Green Capital edo berriki eskuratutako 2019ko Global Green City sariek ere bermatua.

Irisgarritasunari dagokionez, SEGITTURek bere azterketan nabarmendu du hiriaren ezaugarri hori dela bisitatzen duten turistek hobekien baloratzen duten alderdietako bat. Teknologiak ere zeregin garrantzitsua du Arabako hiriburuan, helmuga gisa: Estatuko Turismo Idazkaritzaren mendeko agentziak adierazi duenez, hala gobernantzaren alorrean nola azpiegitura teknologikoetan nabarmentzen da, Gasteizek oso aurreratuta baitu horien diseinua SmartEnCity eta VG Smart Green City proiektuetan.

Gomendioak

Turismo-helmuga adimendun gisa duen estrategia globala hobetzeko SEGITTURek Gasteizko Udalari proposatzen dizkion gomendioei dagokienez, online merkaturatzea sustatu beharra nabarmendu daiteke, baita turistarekin komunikatzeko bideak hobetu beharra ere.

Era berean, sektore pribatuan jasangarritasun turistikoa sustatzea proposatzen da, eta, orobat, turismo irisgarriko plan espezifiko bat abian jartzea, baita onlineko komunikazio-kanalak eskuragarriago egitea ere.

Share

Ahobatezko gaitzespena larunbatean Salburuan izandako eraso matxistaren kontra

Gorka Urtaran audioa

 

Izaskun Landaida audioa

Talde politiko guztietako ordezkariek, Gorka Urtaran alkatea buru zutela, gaitzespena eta arbuioa adierazi dute joan den larunbatean, hilak 16, Gasteizko Salburua auzoan izandako eraso matxistaren kontra. Udaletxearen aurrean bost minutuko elkarretaratze isila egin dute, zeinean Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta Aldundiko, Arabako Batzar Nagusietako zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere hartu baitute parte.

Alkateak azaldu duenez, polizia ahalegin handia egiten ari da erasoaren ustezko egilea aurkitu eta atxilotzearren. “Gure gertutasuna eta laguntza adierazi nahi diegu erasoa jasan zuen emakumeari eta 12 urteko alabari, erasoaren lekuko izan baitzen. Hasiera-hasieratik jarri ditugu haien eskura Udalaren baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak nahiz babes-baliabideak“, esan du.

Horrekin lotuta, Gasteizko Udaleko eledunen batzarrak adierazpen bat onetsi du gaur goizean; giza eskubideen urraketa larri hori gaitzesteaz gain, hitz ematen du lanean jarraituko duela indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko. Orobat, eledunen batzarrak bat egin du mugimendu feministak antolatu dituen gaitzespen ekitaldiekin, eta herritarrak animatu ditu arbuioa egokitzat jotzen duten moduan adieraztera, betiere osasun egoera eta pandemiaren aurreko prebentzio-protokoloak kontuan hartuz.

Share

Gasteizek hondakinen bilketa pneumatikorako planta berria estreinatu du

 

Alkateak eta Envac Iberia enpresako lehendakariak Aretxabaletako zentrala inauguratu dute; hasiera batean 900 etxebizitzatako ontziak eta hondakin organikoak bilduko ditu, baina 4.688 etxetakoak biltzera iristea aurreikusi da.

 

 

Gorka Urtaran audioa

Gaur jarri da abian Gasteizko hondakinen bilketa pneumatikorako zazpigarren planta; aurrekoak Hirigune Historikoan, Ibaiondon, Salburuan, Zabalganean, Arkaiaten eta Mariturrin daude. Alkate Gorka Urtaran, Envac Iberiako lehendakari eta kontseilari ordezkari Carlos Bernad, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landa eta enpresako Funtzionamendu eta Mantentze zuzendari Roberto Carlos Rellok Aretxabaleta auzoko zentrala martxan jarri dute sinbolikoki.

Sistema berria 19. sektorean hasiko da funtzionatzen; hasiera batean 900 etxebizitzatako ontziak eta hondakin organikoak bilduko ditu, baina 4.688 etxetakoak biltzera iristea aurreikusi da, hau da, 14.000 biztanleri dagokiena. Sistemak Aretxabaleta, Gardelegi eta Esmaltazioen auzo berriari emango die zerbitzu, eta Adurtza eta San Kristobal auzoei ere zerbitzu emateko ahalmena du.

Dagoeneko Ibaiondon probatu den bilketa-sistema hedatzen den lehen zona da hiriaren hegoaldea; materia organikoaz gain ontziak ere biltzen dira sistema horren bidez. Ibaiondoko frogetan, handitu egin dira ontzien bilketaren kalitate-ratioak, eta kontrata berria egiten denean hiri osora hedatzen joango da. Gainerako hondakinak biltzeko, edukiontziak jarriko dira Aretxabaletan.

Joan den astean, baita honetan ere, bilketa-sistemaren funtzionamenduaren xehetasunen berri ematen ari zaie auzokoei, eta izan ditzaketen zalantzak argitzen.

Sistemak 7.750 metro hodi ditu, eta 165 isurketa-gune; egunean 10,5 tona hondakin biltzea aurreikusi da.

Aretxabaletako zentrala martxan jartzen denean, Gasteizko hondakinen bilketa pneumatikorako sistemek 34.800 etxebizitza hartuko dituzte barne, hau da, 107.200 biztanleri dagokiena (Gasteizko herritarren % 42,9).

Datu batzuk:

Bilduko diren hondakinak                      Ontziak eta organikoa (ate horia eta ate laranja)

Isurketa-guneak                                         Atexkak eta buzoiak

Zabor-balbulak                                           165

Sare (hodi) metroak                                   7.750 metro

Biltzeko zentrala                                         kanpoaldean guztiz

Etxebizitza kopurua                                   4.688 etxebizitza baliokide

Kopuru hau biltzeko dimentsionatua    10.5 tona/egun

 

 

Share

Migrazioen Estatuko idazkari Hana Jalloul-ek gazteak lan-munduan txertatzeko Hazia 23 programa babestu du Gasteizen

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak azpimarratu du programak ehun pertsonari eman diela arreta abian jarri zenetik

Migrazioen Estatuko idazkari Hana Jalloul-ek zuzenean ezagutu du gaur gazteak lan-munduan txertatzeko Hazia 23 programa, zeina 2016/2017 jarri baitzuen abian Udalak. Lehen alkateorde Maider Etxebarria Jalloul eta  Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari Denis Itxasorekin batera izan da CETIC-Informazio eta Komunikazio Teknologien Udal Zentrora egin duten bisitan, Castro Urdiales kalean. Ekonomia Sustapenaren zinegotziak nabarmendu du dagoeneko 103 pertsona igaro direla programatik, zeina ez prestakuntzarik ez lan-esperientziarik ez duten 23 urtetik beherako gazteei zuzentzen baitzaie. Parte-hartzaileen % 67k atzerriko jatorria du. “Estatuko idazkariaren bisitak proiektuaren arrakasta baieztatzen du. Udaleko Enplegu Zerbitzutik estrategiak koordinatzen ditugu gazteek erraztasun handiagoak izan ditzaten lanpostu bat lortzeko, bereziki tokiko enpresetan”, adierazi du Etxeberriak.

Hil honen hasieran, Udaleko Gobernu Batzarrak 50.000 euroko ekarpena onetsi zuen Hazia 23 programaren V. ediziorako; Adsis fundazioak, Vital fundazioak, Egibidek eta Cáritasek ere laguntzen dute programa garatzen.

CETICeko lantegietako batera egindako bisitan, Estatuko idazkariak gazteetako batzuen lana ikusi ahal izan du; ondoren, arduradunekin elkartu da, gako guztiak ezagutzearren. Hazia 23 egitasmoaren berrikuntza nagusia da erakunde laguntzaileek beren gazte-enplegurako politikak koordinatzen dituztela, laneratze prozesu baten fase guztiak barne hartzeko, programaz baliatu daitezkeen pertsonak identifikatzetik enpresan kontratatu arte. Une honetan, hogei gazte baino gehiago ari dira programan, talde eta leku ezberdinetan banatuta.

Programan, besteak beste, espezialitate hauek eskaintzen dira: fabrikazio mekanikoko lan lagungarriak, ibilgailuen elektromekanika mantentzeko lan lagungarriak, biltegiko lan lagungarriak, ile-apainketako lan lagungarriak, merkataritzako lan lagungarriak, iturgintza eta komunitate dinamizazioa.

 

Hana Jalloul, Maider Etxebarria, Denis Itxaso

Hana Jalloul

Maider Etxebarria

Maider Etxebarria, Denis Itxaso, Hana Jalloul

Share

KOMUNIKATUA GASTEIZEN IZANDAKO ERASO MATXISTAREN AURREAN

Gure udalerrian jazo berri den eraso matxistaren aurkako gaitzespen eta arbuio irmoenak erakutsi nahi ditu Gasteizko Udalak. Halaber, laguntza eta hurbiltasuna eskaintzen diegu hala biktimei, nola biktimen ingurukoei; haien eskura jartzen ditugu behar dituzten baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak eta babesekoak, eta bermatzen diegu haien interesei eragiten dien informazio guztia edukiko dutela.

Zentzu horretan, Gasteizko Udalak, kasuaren berri izan eta kasuaren gaineko ikuspegi ahalik eta oso eta zuhurrena izateko informazioa erkatu ondoren, Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean Jendaurreko Erantzuna emateko Protokoloa aktibatu du, bai informazio guztia biltzeko, bai erantzun instituzionala biktimei eta haien ingurukoeri emango zaien arreta koordinatzeko xedez.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela eta gizartearen berebiziko arazoa dela, hura jasaten duten eta hari aurre egiten dioten emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko zein moralaren aurka jarduten baitu. Indarkeria mota hau ez dute ekintza isolatuek osatzen: gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sarea da, zeinak bi helburu dituen; batetik, emakumeak gizonen mende edukitzekoa, eta bestetik, indarreko sistema heteropatriarkalak ezartzen dituen mugak gainditzen dituen gorputzik, eredurik edota jokaerarik ez baimentzekoa.

Bada, Gasteizko Udalak, giza eskubideak benetan erabiltzen direla bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa denez, udal-erakundeek eta herritarrek oro har edozein eraso matxistaren aurrean berehala eta irmo erantzuteko, biktimari lehentasunezko arreta emateko, emakumeei indarkeriari aurre egiteko tresnak emango dizkieten prebentzio-neurriak garatzeko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala desagerrarazteko neurriak sustatzen jarraituko du. Era berean, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeak bermatzeko lanean jarraituko du Udalak, bere eskumenak erabiliz.

Hori dela-eta, honako hau adierazten du Udalak:

– Eraso honen aurkako arbuioa erakutsiko du 5 minutuko kontzentrazioarekin, urriaren 19an, 13:00etan, Plaza Berrian, GASTEIZ ERASO MATXISTEN AURKA lelopean.

– Bat egingo du mugimendu feministak antolatzen dituen arbuio-ekintzekin.

– Herritarrak gonbidatzen ditu beren gaitzespena egoki irizten dioten moduan adieraztera, osasun-egoera eta protokoloak kontuan hartuta.

Share