Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-10-05)

Prentsaurrekoa. Euskara arlo sozioekonomikoan sustatzeko tresna berriak aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai; Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran; Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Lexuri Ugarte; eta Electra Vitoria Orona enpresako ordezkariak

Eguna. Astelehena, urriak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Electra Vitoria Orona (Zurrupitieta, 30)

————————————

Prentsaurrekoa. ‘Ojo de buey’ antzezlana  aurkeztea

Parte hartzaileak. Aritz Lopez eta Helena Wilhemsson, dantzariak

Eguna. Astelehena, urriak 5

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————

Energia-iraunkortasunari buruzko Udalaren eta CIC Energiguneren arteko lankidetza hitzarmena sinatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta CIC Energiguneko zuzendari nagusi Nuria Gisbert

Eguna. Astelehena, urriak 5

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, urriak 3

  • Alkateorde Maider Etxebarria eta Ana Oregi, eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazar eta Miren Fernandez de Landa Gasteiz On ibiltokia ikusten izango dira 18:00etan, Florida parkean.
Share

Atxilotua etxean bikotekide ohiari eraso egiteagatik, Adurtzan 

Udaltzainek atzo goizean 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten genero-indarkeriaren delituaren ustezko egilea izateagatik. bera izan zen Adurtzako bere etxetik Udaltzaingoari deitu ziona bikotekide ohiarekin arazoak zituelako.

Udaltzainak deia egin zuenarekin eta 40 urteko emakume batekin elkarrizketatu ziren. Emakumeak lepoa gorrituta eta harramazkadak zituen. Ondorioz, gizonezkoari atxilotuta geratzen zela jakinarazi zioten.

Udaltzaingoak, bestalde, atzo eguerdian 63 urteko gizonezko bat atxilotu zuen desobedientzia eta erresistentzia delituaren ustezko egilea zelakoan.

Dato kaleko ostalaritzako establezimendu batean gertutako jaurtiketa batekin lotuta lanean ari zen segizio judizial batek poliziaren laguntza eskatu zuen lokalean zeudenak beren lana oztopatzen ari zirelako.

Udaltzainak iritsi zirenean, gizonezkoak uko egin zion identifikatzeari eta haietako bati eraso egin zion. Ondorioz, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Handik ordu batzuetara geratu zen aske zitazioa jasotzen duenean agintaritza judizialaren aurrera agertzeko betebeharrarekin.

Udaltzainek bart gaueko goizaldean 39 urteko gizonezko bat atxilotu dute Zaramagako taberna batean indarra erabilita lapurreta-delitua egitearen ustezko egilea delakoan. Bertako pertsiana eta kutxa erregistratzailea behartu ditu.

Bizilagun batek egindako deiak eman dio gertatutakoaren berri Udaltzaingoari, eta bertaratutako udaltzainek atxilotu egin dute ustezko lapurra.

 

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek gaur goizaldean Agirrelanda kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten gainera eroritako zuhaitza kendu dute.

Horrez gain, Manuel Diaz de Arkaia kalean hegan atera den obrako materiala eta Jacinto Benavente kaleko etxebizitza bateko pertsiana bat kentzeko lan egin behar izan dute. Azken orduetako haize-bolada gogorrek eragin dituzte gorabehera horiek.

 

Share

Hell Dorado aretoak bihar, urriak 3, berrekingo dio programazioari

Eguerditik gaueko hamarretara arte izango dira kontzertuak eta jarduerak

Hell Dorado aretoak bihar, urriak 3, berrekingo dio programazioari, COVID-19a dela eta ia zazpi hilabetez itxita egon ondoren. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute programa aretoaren kudeatzaile JuanUriartek eta Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailetik une korapilatsu honetan lagundu nahi dizuegu. Ez da elkarlanean ari garen lehenengo aldia, eta ez da azkena izango”, adierazi du zinegotziak. Udalak 15.000 euro jarriko ditu proiektu horretarako.

Helldorado oraingo egoerara moldatutako formatu batekin itzuliko da,  ‘VST’ izenez bataiatu dutena (bermuta, bazkalondoa eta arratsaldeko poteoa, gaztelaniazko sigletan). Oreitiasoloko gune enblematiko horretara hurbiltzen direnek zuzeneko musikako hiru saio eta beste emanaldi batzuk ikus-entzun ahalko dituzte.

“Musika onaren zaleak joatera animatzen ditugu, larunbatetik aurrera prestatu dituzten proposamenak benetan erakargarriak baitira. Etengabe errepikatu dugu, eta berriro ere errepikatu nahi dugu: egiaztatu da kultura dela espazio seguruenetako bat pandemia honetan”, azpimarratu du Cantok.

Eskaintza gastronomikoak osatzen du kultura eskaintza, handitutako terrazan ez baitira janari-furgonetak faltako. Hori guztia behar diren osasun-neurriak betez egingo da.

Agenda

Urriaren 3an (larunbata) abiatuko da programazioa, The Faithless eta Oneday taldeen kontzertuekin eta Iñigo Salineroren ‘El chino vasco’ ikuskizunarekin. Urriaren 10ean (larunbata)  Víctimas Club eta Barriomanía taldeek joko dute, eta  Gorka Aguinagaldek ‘A pelo’ bakarrizketa eskainiko du.

Arenna eta Lenoir & Mice musikariek girotuko dute urriaren 17ko saioa, Detritus Teatros taldearen ‘Levántate y mea de pie’ proposamen umoretsuarekin batera. Urriaren 24an, Los Misterios, Screamers & Sinners eta Negra cucaracha Terrofolk taldeek hartuko dute lekukoa.

Urriaren 31n, azkenik, Siroco eta Trikoma taldeek Detritus Teatros-ekin partekatuko dute agertokia, eta azken horiek ‘Confieso que he fingido’ lana eskainiko dute.

Informazio gehiago

 

 

Share

Urtaranen gobernuak 1,7 milioi euro inbertituko ditu Mendizorrotzetik Esmaltaciones ingurura arteko galtzadak asfaltatzeko

Urtaranen Gobernuak 1,7 milioi euro inbertituko ditu Mendizorrotzetik Esmaltaciones ingurura arteko galtzadak berriz asfaltatzeko. Zehazki, Salbatierrabide, Araba eta Zumakadi kaleei eragingo diete lanek, eta 2 kilometroko ibilbidea osatuko dute lerro zuzenean. Bide-zati garrantzitsua da, eta Autobus elektriko adimentsua bertatik pasako da. Hain zuzen ere, esku hartze hau Gasteizko mugikortasuna goitik behar aldatuko duen garraio publikoaren sistema berria jartzeko lanen osagarri gisa aurreikusita zegoen.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du obra horiek egiteko lehiaketa, eta bost hilabeteko epea izango da lanak egiteko, esleitzen denetik. Gorka Urtaran alkateak goizean adierazi duenez, “asfaltatze-lan sakona egingo da, 25 zentimetro fresatu eta, ondoren, hiru asfalto-geruza jarriko baitira”. Lanek 23.000 metro koadrori eragingo diete. Zati horretako zoladura gaizki zegoen, eta bertatik pasatzen ziren herritarrek eta gidari profesionalek egindako erreklamazioa zen.

Lanek dirauten bitartean, zirkulazio-bide bat zabalik egongo da beti eta, ondorioz, zerbitzua ez da inoiz etengo. Horretaz gain, AMVISAk inguru horretako kanalizazioak berritu egin ditu azken hilabeteotan.

 

 

 

 

Share

Enpresa espezializatu bat arduratuko da Gasteizko 41.000 txorkoen mantentze-lanak kudeatzeko eredu berriaz, landaretza 30 zentimetrotik gora haz ez dadin

Enpresa espezializatu bat arduratuko da Gasteizko 41.000 txorkoen mantentze-lanak kudeatzeko modu berriaz, landaretzak 30 zentimetroko altuera gainditu ez dezan helburuarekin. Orain arte, lan horiek garbiketa-kontratuaren barruan sartzen ziren, baina Urtaranen gobernuak erabaki zuen lanak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren mendeko Paisaia Atalari agintzea, horiek optimizatzeko eta txorkoak hobeto mantentzeko. Gaur goizean, kontratu berria lizitaziora ateratzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, zeinean 532.868,03 euro inbertituko baitira bi urtetan (luzatzeko aukerarekin).

Arabako hiriburuak 120.000 zuhaitz inguru ditu hiri barruan, eta mota desberdinetako 41.000 txorko zolatutako eremuetan. Elementu horien kalitatea hainbat faktoreren mende dago: zuhaitzak behar duen lur-bolumenaren aireztapena, dituen belar-espezieen aniztasuna, izurriteak kontrolatzea ahalbidetzen duten intsektuen babesleku gisa duen kalitatea, espezie polinizatzaileen baldintzen hobekuntza, eta drainatzea.

Kontratu berria bi multzotan banatu da. Batetik, belarrak mozteari dagokiona; bestetik, txorkoetako landaretzari dagokiona.

Berez hazten den landaredia kontrolatzea funtsezkoa izango da kontratu honetan. Hain zuzen ere, baldintza-agiriaren arabera, txorkoetako landareek ez dute 30 zentimetroko altuera gaindituko. Era berean, belarra mozterakoan beti babesle fisiko bat jartzeko eskatuko dio Udalak kontratari, enborrek kalterik izan ez dezaten. Urtero, gainera, kimu eta adar berriak kendu beharko dira zuhaitzen enborraren lehen 2 metroetan; lan horiek abuztuan egingo dira.

Txorko-ereduaren arabera (lurra, legarra, harea edo ezpalak izan daitezke), mantentze-lanak ezberdinak izango dira. Lurreko txorkoak dira arruntenak (35.000 baino gehiago hirian), eta horietan gutxienez urtean hirutan garbituko dira belar-sastrakak.  Lan horietaz arduratzen den enpresak urtero ikuskatu beharko ditu txorkoen estalkiak eta, beharrezkoa izanez gero, kendu egin beharko ditu. Udalak zehaztuko du lanak zein egunetan egingo diren, eguraldiaren eta hautemandako premien arabera.

Kontratuaren bigarren multzoak txorkoak ‘landareztatzeko’ baldintzak finkatzen ditu. Eredu horrek abantaila ugari ditu, prozesu naturalak eta ekosistemak sustatzen baititu: balio estetikoa ematen du, lurzoruaren iragazkortasuna hobetzen du, hezetasuna mantentzen du, sustraiei esker lurzorua aireztatzea hobetzen du, biodibertsitatea handitzen du… Horregatik, lehiaketan hautatutako kontratak urtean ehun landaketa egin beharko ditu, eta kopuru hori handitu egingo da kontratua luzatuz gero. 2 eta 3 metro koadro libre arteko 60 unitate landatuko dira, eta 1,5 eta 2 metro koadro libre arteko 40. Zuhaixka-espezie egokiak bilatuko dira, zein ingurunetan landatzen diren kontuan hartuta.

Horretaz guztiaz gain, kontratuak barne hartzen du dibulgazio- eta kontzientziazio-kanpaina bat egitea hiri-biodibertsitatea handitzeak eta txorkoak landareztatzeak dakartzaten abantailez.

 

 

Share

Aretxabaletak, Esmaltacionones-ek eta Gardelegik urriaren 19an estreinatuko dute hondakin-bilketa pneumatikorako sistema

 

Alkateak iragarri duenez, astelehenetik aurrera atez ate emango zaie informazioa auzoko 900 familiei, zalantzak argitu eta funtzionamendua azaltzeko.

Gorka Urtaran alkateak gaur jakinarazi duenez, Aretxabaleta, Esmaltaciones eta Gardelegi auzoak urriaren 19an estreinatuko du 900 familiei zerbitzu emango dien hondakin-bilketa pneumatikoaren sistema.

Bilketa-zentraleko funtzionamendu-arazoak konponduta, bi aste barru hiriaren hegoaldeko gune honek hondakin-bilketa zerbitzuarekin materia organikoaz gain, ontziak ere onartuko dituzte. Sistema hau gerora jarriko da gainerakoetan. Gainerako hondakinak biltzeko, edukiontziak izango dira Aretxabaletan.

 

Zalantzak atez ate argitu

Astelehenetik aurrera, eta bi astez, udalak atez ate azalduko du, auzoan, bilketa-sistemaren funtzionamendua, eta bizilagunek izan ditzaketen zalantzak argituko.

Share

Hazia 23 programak Gasteizko gazteen langabeziaren kontra borrokatzen jarraituko du

Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak lan-munduan txertatzeko helburua duen “Hazia 23” programaren V. ediziorako 50.000 euro jartzea onetsi du. Aurrekoetan bezala, 2020an ere Vital fundazioak, ADSIS fundazioak, Egibide fundazioak eta Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek hartzen dute parte horretan.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak landutako enplegu gaztearen udal planaren barruan sartzen da hitzarmen hau; hain zuzen ere, planaren helburua da hiriko gazteek lan-munduan txertatzeko dituzten aukerak hobetzea eta baliabide pertsonal eta profesionalak garatzea, tokiko enpresetan sartzeko gai izan daitezen.

Hazia 23 programak, zehazki, 23 urtetik beherako gazteei berariaz zuzenduriko neurriak sustatzeko xedea du, baina salbuespenez 30 urte arteko pertsonak ere baliatu ahalko dira horretaz, baldin eta ez badute ez prestakuntzarik, ez eta lan-esperientzia esanguratsurik, eta ez badaude beste prestakuntza- edo enplegu-sistema batzuen babespean.

Hazia 23 programarekin indarrak batu eta koordinatzen ditugu, ohi baino oztopo gehiago duten gazteek lan-merkatuan konfiantza handiagoz sartzerik izan dezaten, bereziki tokiko enpresen barruan”, adierazi du Enplegu eta Prestakuntza zinegotzi ordezkari Igor Salazarrek.

Share

Giroa arduratuko da, berriro ere, udal igerilekuak kudeatu eta mantentzeaz, 1.265.000 euroan

Tokiko Gobernu Batzarrak luzatu egin dio Giroa SAU enpresa adjudikaziodunari Gasteizko udal igerilekuak berme osoz kudeatu eta onik zaintzeko zerbitzuaren kontratua, azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra arte, 1.265.462,58 euroan (BEZa barne).

Gasteizko igerilekuen kudeaketa eta mantentze prebentibo eta zuzentzailea egitea da Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuak zehaztutako kontratuaren xedea, berme osoaren modalitatean eta eguneko 24 ordukoetan, urteko egun guztietan. Hainbat inbertsio egitea eta produktu kimikoak hornitzea barne hartzen du kontratuak.

“Eskari handia duten ekipamenduak dira udal igerilekuak. Mantentze-lanak optimizatzea da gure helburua, eta erabiltzaileen ongizatea bermatzea”, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok.

 

 

Share

Udalak eta Gasteiz On elkarteak zenbait neurri adostu dituzte Gasteizko ostalaritza establezimenduetan terrazak eta mahaitxoak instalatzea errazteko

Azken orduetan, Udalak eta ostalaritza sektoreak zenbait neurri adostu dituzte Gasteizen terrazak eta mahaitxoak instalatzea errazteko. Alkate Gorka Urtaranek eta Gasteiz On elkartearen kudeatzaile Patricia Garcíak adostasuna agertu dute gaur goizean egindako prentsaurrekoan, eta xehetasun guztiak azaldu dituzte. Funtsean, Udalak baimena emango du hiri osoan egitura desmuntagarriak jartzeko, baita Erdi Aroko hirigunean ere; arkupeetan mahaitxoak jartzeko baldintzak malgutuko ditu, eta aparkatzeko lekuak okupatzea ahalbidetuko du ‘Eguzki’ deritzen kaleetan edo trafikoa orduko 30 kilometrora moteldu den superetxadien barruan.

“Hainbat aste daramagu Gasteiz ONekin lanean, eta jarrera ona eta ahalegina eskertu nahi diet. Ekarpenak egin dituzte, agiri teknikoak trukatu dituzte Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailarekin, ulertzen dute espazio publikoa mugatua dela eta Udalak horiek arrazionaltasunez eta orekaz erabiltzea zaindu beharra duela, eta diskrezioz eta leialtasunez jardun dute. Azkenean, akordio batera iritsi gara COVID-19aren pandemiak sektore horretan izan dituen ondorio larriak gainditzen laguntzeko. Beste ostalaritza talde batek ere balorazio positiboa egin du neurri hauen inguruan“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gasteiz On elkarteak ere —sektorean nagusia da, hiriko 200 ostalaritza-negozio baino gehiagoren ordezkaria baita— ontzat eman du akordioa. “Udalaren jarrera eskertu nahi dugu gai honetan aurrera egiteko. Gure ostalariak oso kezkatuta daude, lana egin nahi dute, eta neurri hauei esker baldintza hobean egingo dute lan hori aurrera ateratzeko”, esan du Patricia Garcíak.

 

Hauek dira neurri berriak:

– Erraz desmuntatu daitezkeen egitura estaliak baimentzea. Alboetako babesleek eta estalki iragazgaitz batek —tamaina handiko eguzkitakoa, ahal dela— osatuko dituzte egiturak. Neurri hori hiri osora zabalduko da, Erdi Aroko hirigunea barne. Baimenak hiru urterako izango dira, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailari aurretik eskatuta. Altzariek diseinu eta tratamendu kromatiko bateratua eduki beharko dute, ingururako egoki diren koloreekin. Udalak galdatu ahal izango du altzariak establezimendu guztien arteko estetika eta berdintasun ezaugarri jakin batzuetara egokitzea, inguruneko arkitektura errealitatearekin bat etorriz, hala xedatzen baitu ordenantzak.

Alboetako babes horiek mugikorrak izan beharko dute, erraz kentzeko modukoak, eta egunero erretiratu beharko dira, mahai-aulkiekin batera. Gehieneko altuera 1,50 m izango da. Estalki iragazgaitza, eguzkitako handia ahal dela, lurretik 2,20 metrora geratuko da, eta alboetako babesen eta estalkiaren artean 0,70 zentimetroko tarte ireki bat utziko da, aireztatzeko.

Elementu horiek guztiak lokalaren barruan gorde beharko dira, edo horretarako egokitutako lekuan. Negozioek egiten duten eskabidean zehaztu beharko da leku hori.

Edonola ere, udalaren baimena lortu ahal izateko irisgarritasunaren arloko araudia bete beharko da osagaiak jartzerakoan.

– Mahaitxoak aparkalekuetan. ‘Eguzkilore’ kaleetan mahaitxoak jarri ahalko dira, fatxadaren aurrean. Trafikoa orduko 30 kilometrora moteldu den superetxadien barruko kaleetan ere jarri ahalko dira mahaitxoak galtzadan, baldin eta espaloiaren zabalerak beste aukerarik ematen ez badu. Kasu horretan, babesgarriak jarri beharko dira alboetan, mahaitxoak igarotzen diren ibilgailuetatik banantzeko.

– Mahaitxoak arkupeetan. Establezimenduek jabeen erkidegoaren baimena izanez gero baimenduko dira. Izan ere, espazio pribatuak dira horiek, erabilera publikokoak batzuk. Horietan ere irisgarritasun araudia bete beharko da. Arkupeetan jarritako mahaitxoen lerroa ordenantzak ahalbidetzen dituen bietako bat dela joko da.

– Berogailuak. Oro har, gasezko berogailuak erabiltzen utziko da.

Ordenantza berrikustea

Gorka Urtaran alkateak aurreratuta du ezen, pandemia igaro ondoren, terraza eta mahaitxoen ordenantza berrikusteari ekin beharko zaiola, herritarren eta ostalaritzaren beraren erabilera eta ohitura berriei egokitzeko.

Share