Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-10-13)

2020ko Espainiako Itzuliaren Vitoria-Gasteiz//Gobiaran etapa aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; Gobiarango alkate Juan Carlos Ramirez Escudero; Espainiako Txirrindularitza Itzuliaren zuzendari nagusi Javier Guillen; eta Itzuliaren bitarteko Joseba Beloki

Eguna. Asteartea, urriak 13

Ordua. 11:45

Tokia. Arabako Foru Aldundiaren jauregiko prentsa aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Igandea, urriak 11

  • Alkateorde Maider Etxebarriak eta Berdintasun zinegotzi Miren Fenandez de Landak parte hartuko dute Emakumeen Lasterketaren ekintza sinbolikoan 10:45ean, Mendizorrotzeko Atletismo pistan; sarrera Cervantes ibilibidetik.
  • Alkateorde Ana Oregik parte hartuko du Encuentros Internacionales de Cabueñes 2020 topaketan 12:00etan, Gijongo plaza nagusiko kultura zentroan.
Share

IGIko Kontseilua atzeratu da

2020/10/15 egunerako IGIko Kontseilua 2020/10/16 egunera atzeratu da agendaren ondorioz (12:30ean).

Share

Gasteizek argiztapen berria izango du aurtengo Eguberrietan

Eguberrietako argi apaingarrien instalazioa Iluminaciones Ximénez enpresari esleitzea erabaki du Tokiko Gobernu Batzarrak. Eguberrietako argiak hornitu, jarri, kendu eta mantentzea barne hartzen du 161.700 euroko kontratuak. Kale eta plazetan, faroletan, zuhaitzetan eta toki esanguratsuetan jarriko dira apaingarriak, hala nola udaletxearen fatxadan edo Florida parkeko kioskoan.

Share

Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren garaian hil edo errepresaliatu zituzten gasteiztar ororen memoria berreskuratu du Udalak liburu batean

“Vitoria Gasteiz, memoria duen hiria” lanak azken urteetan biktimak aitortzeko burutu diren ekintzak dokumentatu eta ilustratzen ditu, eta mapa batean kokatzen hiriko memoriaguneak

 

“Vitoria Gasteiz, memoria duen hiria” liburuan, Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren garaian hil edo errepresaliatu zituzten Gasteizko biktima ororen aitorpena jaso du Udalak. Gorka Urtaran alkateak eta liburuaren egile Virginia López de Maturana historialariak aurkeztu dute liburuaren paperezko edizioa, zeinak azken urteetako ekintzak dokumentatu eta ilustratzen baititu, eta mapa batean kokatzen hiriko memoriaguneak.

Lau hizkuntzatan, memoriaguneei buruzko datuak biltzen ditu argitalpenak, antzinako eta oraingo irudiak eta errepresaliatutako edo hildako pertsonen datuak.  Testuak idazteko, zenbait artxibotan gordetako dokumentazioa baliatu da, baita bibliografia espezializatua ere, eta azken hori liburuan erantsi da.

Besteak beste, Santa Isabel hilerriaren kanpoaldean, Carmelitas-Sagrado Corazón ikastetxean, Bake kalean, Karmeldarren komentuan eta Olarizuko gurutzean memoriaguneak jartzeko arrazoiak azaltzen dira, eta “Red Álava” izeneko sareari zein Memoria Historikoari (martxoaren 31n) egindako omenaldiak. Dagoeneko banatu da lurraldeko liburutegi eta artxiboetan, memoria berreskuratzeko elkarteen eta biktimen senideen artean, eta 90 ikastetxetan.

 “Gure hiriak grina biziz sustatu izan ditu berdintasuna eta askatasuna, elkartasuna eta tolerantzia eta pertsona guztientzako giza eskubideak. Giza-harreman ororen gidari behar ditugu printzipio, balio eta eskubide horiek. Funtsezkoa da herri erakundeetatik giza eskubideen urraketa larriak pairatu izan dituzten pertsona guztiak aintzatetsi eta artatzea. Gure maitasuna, babesa eta ulermena merezi dute biktima horiek. Gasteiz biktima guztiekin dago, salbuespenik gabe, baita frankismoaren biktimekin ere. Denek merezi dute egia, justizia eta ordaina“, nabarmendu du alkateak liburuaren aurkezpenean. “Orrialde hauetan, Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak frankismoaren biktima guztien oroimena berreskuratu eta duintasuna goratzeko burutu diren egintzen berri biltzen da, demokrazia babesteko bizitza eman baitzuten. Gure hiriak betiereko esker ona adierazten die guztiei, askatasunaren alde egin zuten sakrifizioagatik“, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Memoria historikoa ondare kolektibo gisa ezagutu eta gordetzeko Udalak bere gain hartutako konpromisoetako bat da “Vitoria Gasteiz, memoria duen hiria” argitaratzea. Konpromisoa betetzeko, memoria berreskuratu eta gordetzeko politika lantzen ari da, Gerra Zibilean zein diktadura frankistan bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsonei aitorpena adieraziz eta haien izen ona berreskuratzeko behar diren erakunde-ekimenak abian jarriz. Ekimen horiek giza eskubideen gaineko nazioarteko legedian oinarritzen dira, eta egia, justizia, erreparazio eta errepikapenik ez izateko bermeen printzipioetan.

2017ko urtarrilean, Memoria Historikoari buruzko mozio bat onetsi zuen Gasteizko Udalak, hirian dauden sinbolo frankistetan esku hartzeko, abenduaren 26ko Memoria Historikoaren Legearen 15. artikuluan gomendatutakoari jarraituz. Geroago, 2018ko urtarrilaren 12an, memoria historikoarekin lotuta egin beharrekoei buruzko Alkate Dekretua onetsi zen.

Paperezko argitalpenaz gain, udalaren web-orrian eskura daiteke liburua, bertsio digitalean.

Informazio gehiago: Bizikidetza Zerbitzua. Memoria Historikoa

Share

Udalak 40.590 euroko laguntza emango dio AENKOMER federazioari, tokiko merkataritza sustatu eta hobetzeko ekimenak garatu ditzan

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta AENKOMER-Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen Federazioaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du, 2020an Gasteizko merkataritza-enpresak sustatu, kudeaketan lagundu eta lehiakortasuna hobetzera zuzendutako proiektuak gara ditzan.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak —Maider Etxebarria zinegotzi eta lehen alkateordea da buru— 40.590 euroko zuzkidura jarriko du hitzarmenerako.

Aurrekontuak jarduera hauek barne hartzen ditu, besteren artean: Florida parkeko monumentuak lorez apaintzea bigarren mendeurrena dela eta; tokiko produktuen azoka bat egitea, eta VIII. AENKOMER Berrikuntza eta Ekintzailetza Topaketa antolatzea.

Share

Olarizuko parkeak pasabidea estreinatuko du, eta landarezko antzokia eta harrera bulegoa itxura hartzen hasiak dira

 

OLARIZUko PARKEAREN DOSIERRA

Aurrera doaz Olarizu Euskadiko lorategi botaniko handia bihurtzeko lanak. “Parkea Eraztun Berdearen harribitxia izatea nahi dugu, edukiz eta erakargarriz betez, bai aisialdirako bai zabalkunderako. Proiektuak gauzatzen ari dira pixkanaka”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Etxaldearen ondoko landarezko antzokia, esaterako, itxura hartzen eta berdetzen hasia da. Egunotan ingurura hurbiltzen direnek lur mugimenduak egin ondoren egitura nola osatzen ari den ikus dezakete, eta nola instalatu diren lehen eserlekuak, baita eskailerak ere.

Informazio-bulego berria egokitzeko lanak ere aurrera doaz. Orain egitura muntatzen ari dira langileak. Orobat, korten altzairuzko OLARIZU hizki handiak jarri dira bertan, lorategia bisitatzen dutenei ongi etorria emateko.

Aintziraren gaineko pantalana ere instalatu da, herritarrak batetik bestera igaro daitezen. Plastikozko modulu flotatzailez eta sokazko barandez osatutako egitura da; horrekin batera, parkerako sarbide berria jarri da Jauregilanda kaletik.

 

 

Share

Udalak Berpizkundearen plazako eguneko zentroa egiteko kontratua suntsiarazi du, aldi baterako enpresa-elkarteak ez dituelako epeak bete

Gaurko bilkuran, Tokiko Gobernu Batzarrak Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroa egokitzeko obren kontratua suntsitzea onetsi du, “kontratista atzeratu egin delako epeak betetzean“.

Indenort PV SL – Proviser Ibérica SL ABEEari esleitu zitzaion kontratua, eta lanak martxoaren 4an amaitzekoak ziren. Geroztik, enpresek zenbait eskaera egin zizkioten Udalari, batetik, lanak eteteko eta epea luzatzeko, pandemiaren ondorioz “ezinezkoa izan zelako material batzuez hornitzea“; bestetik, “amaitzeko arazo gehien dauden partidetako batzuk aldatzeko“.

Udalaren ustez, kontratua ez betetzea “ezin zaio COVID-19aren krisiari egotzi, lana martxoaren 4an amaitzea aurreikusita baitzegoen“. Data horretan, kontratuaren aurrekontuaren % 36 baino ez zen egin; 586.226,23 euroan esleitu zen kontratua.

Gertakari horiek kontuan izanik, eta txosten tekniko eta juridikoek adierazitakoari jarraituz, udal gobernuak kontratua suntsiaraztea erabaki du. Orain, ABEEa entzunaldi-izapideaz baliatu ahalko da, egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko; Udalak, berriz, kalte-galerak erreklamatuko ditu eta, bitartean, kontratuaren likidazioaren saldoa atxikiko.

Share