Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-11-02)

Prentsaurrekoa. Aitzina Folk Jaialdi Solidarioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol foru zuzendari Inmaculada Sánchez; Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti; eta Aitzina Folk Jaialdiko zuzendari Patxi Villen

Eguna. Astelehena, azaroak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share

Berdintasun Zerbitzuak, Gizarte Politiken Sailak eta Udaltzaingoak indarkeria matxistaren alorreko arretaren kontu-ematea aurkeztu dute

Udalak artatutako eta/edo erregistratutako kasuei buruzko informazioa baino ez du biltzen txostenak; beraz, hirian izandako indarkeria matxistaren ehuneko bat baino ez du erakusten

Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak, Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Marian Gutiérrezek hirian 2019ko urtarriletik abendura arte izandako indarkeria matxistari buruzko kontu-ematea aurkeztu diote gaur Berdintasun batzordeari; 2020ko martxoaren 15etik ekainaren 15era arteko atal berezia ere erantsi da, itxialdiaren ondorioei buruzkoa.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren eta Herritarren Segurtasunaren Sailaren datuak baliatu dira txostena lantzeko, erantzun publikoaren protokoloan jasotzen denari jarraituz.

Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren aurrean jendaurreko erantzuna emateko protokoloa 2018an onetsi zen, eta bertan aurreikusten da Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren arloan bildu dituen datuen berri emango duela aldian-aldian eta publikoki, epe horretan protokoloa aktibatu ala ez.

Estatistika orokorrak emateaz gain, txostenak tresna praktikoa izan nahi du informazioaren jarraipena eta kontrastea errazteko, eta alderdi ahulak eta indartsuak identifikatzen laguntzeko, hobekuntza-lerroak finkatze aldera. Orobat, informazio egiaztatua eman nahi da, konparaziozko azterketak egin ahal izateko eta herritarrei komunikabideetan gehien agertutako kasuez harago doan informazioa emateko, hau da, zifren eta datuen kontakizun bateratu eta egiaztatua egitea da asmoa.

Era berean, indarkeria matxistaren errealitatean sakondu ahal izateko moduko tresnak erantsi nahi izan zaizkio txostenari, esku artean ditugun datuetatik eta zifretatik haragoko errealitatea irudika dezagun. Alegia, banakako kasuen gaineko informazio zehatzetik harago joan.

Udalak artatutako eta/edo erregistratutako kasuei buruzko informazioa baino ez du biltzen txostenak; beraz, gure hirian izandako indarkeria matxistaren ehuneko bat baino ez du erakusten. Ez da Gasteizko errealitatearen erradiografia osoa, ez baitira jasotzen toki-administraziora iritsi ez diren indarkeria matxistako kasuak, eta hori heldu beharreko erronka handia da, hiru zerbitzuetatik nabarmendu dutenez.

Zifrak eta datuak aztertzeaz gain, indarkeriaren eta haren eraginaren alorreko politika publikoak hobetzeko neurriak hartuko dituela hitzeman du Udalak, besteak beste, II. protokoloa berrikusi, eguneratu eta egokitzen joatea, ezarritako helburuak betetzearren, eta datuak bildu eta tratatzeko sistema berrikustea, kasuen erregistroa eta sistematizazioa hobetzearren, detekzio, deribazio eta arreta sistema ere hobetze aldera. Berrikuspenaren beste helburu bat LGTBI pertsonen beharrak eta sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea izango da.

Egoera itxialdian

Pandemia dela eta ezarritako alarma egoerak ekarri zuen itxialdian indarkeria matxista zenbaterainokoa izan zen ere jasotzen du aurtengo txostenak.

Udala jakitun da itxialdia eta alarmarekin lotutako beste neurri batzuk direla kausa krisi edo gatazka-egoerak sortu direla, eta horrek adingabeen babesgabetasun-egoerak edo emakumeek zein LGTBI pertsonek indarkeria matxistaren biktima izateko arriskua larriagotu duela.

Izan ere, txostenak jasotzen duenez, kontuan hartuz nahitaezko bizikidetzak arrisku larria ekar zezakeela, baita tentsio-egoerak edo indarkeria jasateko arriskua areagotu ere, erasotzaileekin batera bizi behar izateagatik, ezinbestekotzat jotzen da gertatutakoa aztertzea.

Zerbitzuak eta baliabideak ere berrantolatu behar izan dira alarma egoerak osasunaren arloan ezarritako betebeharrak betetzeko, indarkeria matxistaren biktimei arreta ematen jarraitu ahal izateko xedez. Azterketarako 2020ko martxoaren 15etik ekainaren 15era arteko datuak ematen dira, eta 2019ko garai berari dagozkionak, informazioa alderatu ahal izateko.

Indarkeria matxistaren alorrean Gasteizko Udalak egindakoaren kontu emateko zifra eta datuen txostena. 2019ko urtarrila-abendua

Share

350.000 euro bideratu ditu Gasteizko Udalak urrezko auzoetan eraikin osoak birgaitzeko laguntzetara

 

21 Zabalguneari 350.000 euroko transferentzia egitea onetsi du gaurko Gobernu Batzarrean Urtaranek gobernuak, Gasteizko urrezko auzoetan eraikin osoak birgaitzeko laguntzak emateko deialdia egin dezan, hau da, aurreko agintaldian egindako azterketa soziourbanistikoetan eremu degradatutzat deklaratu ziren zonetan. Bestalde, inbertsio hori kudeatzeko hitzarmena onetsi du gaur bertan sozietate horretako administrazio-kontseiluak.

Zehazki, Gasteizko udal-mugarteko bizitegi-eraikinetan birgaitze-jarduketak sustatzera bideratuta egongo dira laguntza horiek.  Gainera, deialdian babestu beharreko jarduketatzat joko dira etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak birgaitzeko obrak, baldin eta etxebizitza eta eraikinen birgaikuntza efizientearen arloko dirulaguntzen programaren 2019ko deialdia egin eta arautu zeneko Ingurumen sailburuaren 2019ko ekainaren 12ko Aginduaren bidez diruz laguntzeko modukotzat jo badira eta aldez aurretik udal-lizentzia badute. Laguntza horiek bateragarri izango dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntza publiko nahiz pribatuekin.

21 Zabalguneko lehendakari eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik gogora ekarri duenez, 350.000 euroko ekarpen horrek “urrezko auzoetako bizilagunei etxebizitzen hobekuntzan laguntzeko hartu genuen konpromisoari erantzuten dio; izan ere, hiriko zona horietan bizi-kalitatea areagotzeaz gain, aurrerapauso bat da energia-eraginkortasunaren hobekuntzan, eta klima-aldaketaren kontra borrokatzen den hiriaren konpromisoan”.

Share

Etxebizitzaren Udal Behatokia izango du 21 Zabalguneak 2021. urtearen hasieran

 

Udalerriko etxebizitzaren benetako egoera zentralizatua kontsultatzeko aukera emango du web-tresna berriak, eta mapa tematikoak, eduki estatistikoa, kartografia, txostenak eta azterlanak bilduko

 

Etxebizitzaren Udal Behatoki gisa baliatuko den web-plataforma definitu, sortu eta lehenengoz kargatzeko kontratua Estudios GIS SL enpresari adjudikatzea erabaki du 21 Zabalguneko kontseiluak gaur. Udal gobernuak Elkarrekin taldearekin lortutako aurrekontu akordioaren barruan bultzatutako proiektua da. EH Bildu taldeak ere eman dio babesa ekimenari.

10 asteko gauzatze-epea izango du enpresak, eta 20.100 euroko aurrekontua, behatoki berria abian jartzeko. Beraz, datorren urtearen hasieran izango da martxan zerbitzu hori hirian.

Etxebizitzaren arloko informazioa eta ezagutza eskuratu eta transferitzeko aukera emango duen tresna izango da Gasteizko Etxebizitzaren Udal Behatokia, perspektiba hirukoitz batetik: eremu publikoan erabakiak hartzeko prozesurako laguntza gisa, etxebizitza eskuratzeko eskubide unibertsala betetzen laguntzeko; herritarren, ordezkari publikoen, gizarte-eragileen eta sektoreko profesionalen informazio-eskaerei erantzuteko trena gisa, eta etxebizitzaren errealitatea ikuspuntu objektibo eta instituzional batetik gardentasunez erakusteko erreferente gisa.

Azkar eta modu intuitiboan kontsultatzeko aukera

 “Internet bidez eta beste hedabide batzuetan kontsulta daitekeen etxebizitzaren egoerari buruzko informazio asko dago, baina horrek ez du eskaintzen modu bizkor eta intuitiboan sektore horren problematika bere alderdi guztietan islatuko duen gordailu bat. Gasteizko udalerriko etxebizitzaren egoerari buruzko informazio estatistikoa eta bisuala atera, hautatu eta erakutsiko du behatokiak, egiaztatutako webguneetatik eta txostenetatik aterea, tresna arin eta intuitibo baten bidez kontsultatzerik izan dadin”, azaldu du 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik.

Elkarrekin taldearen bozeramaile Oscar Fernándezek, berriz, uste du neurri horrekin Gasteizko pertsona guztiei etxebizitza duina bermatzeko bidean aurrera egiteko tresna berri bat jartzen dela martxan. “Etxebizitzaren Udal Behatokiari esker, hiriko alokairuaren prezioen errealitatea ezagutu ahal izango dugu, gaur egun herritarren parte handi batentzat eskuraezinak baitira, eta gehiegikeriak ekidin eta etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu”.

21 Zabalguneak berak egindako azterlanak gehitu ahal izango ditu behatokiak, orain eskuragarri ez dagoen informazioa emateko —problematika espezifikoei aurre egiteko interesgarritzat jotzen direlarik—, Gasteizko etxebizitzen egoerari buruzko erradiografia hobetze aldera. Gainera, azterketa partekatua egiteko lekua izango da, eta orobat albiste garrantzitsuenak jasotzeko, datu historikoak,  gaur-gaurko egoerak eta beste azalduko diren lekua. Guztia ere udalerriko eta inguruko etxebizitzaren errealitatearen isla objektibo bihurtzeko.

Gasteizko Etxebizitzaren Udal Behatokian txostenak eta estatistikak sortuko dira, eta pdf formatuan deskargatu ahal izango dira, eskatu ahala.

Informazio geografikoa eskainiko du, hainbat konturen inguruan —etxebizitzaren merkatua, hirigintza-plangintza, katastroa—, eta oinarrizko edo erreferentziazko beste baliabide kartografiko batzuk —auzoen mugaketak, barrutiak, kale-izendegi ofiziala, udalerriaren airetiko ortoargazki eguneratua…—. Gainera, gaikako mapak sortzeko ahalmena izango du, hala nola merkatuaren zonifikazioak, analisi-aldagai desberdinen arabera —salmenta-prezioak metro koadroko, alokairu-prezioak metro koadroko, etxebizitza-tipologia, biztanleria-dentsitatea eta abar—. Gasteizko Udalaren beraren datu-baseetatik eta mapetatik nahiz besteren iturri ofizialetatik sortuko da informazio hori.

Mapek oinarrizko hainbat funtzionalitate izango dituzte; aukera emango baitiote erabiltzaileari mapan modu arin eta intuitiboan nabigatzeko, edo geografikoki bilatu eta aurkitzeko ezaugarri semantiko jakin batzuk betetzen dituzten higiezinak edo higiezin-multzoak.

Share

Urtaranen gobernuak 800.000 euro eskuratu ditu Gobernu zentraletik, Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko bigarren faseko lanak finantzatzeko

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek jakinarazi du gaur goizean udal-gobernuak 800.000 euro lortu dituela Gobernu Zentraletik, Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko bigarren faseko lanak finantzatzeko. Jarduera honetarako, gutxi-gorabehera, 2,2 milioi euroko aurrekontua dago. “Lehenengo fasea egiteko 1,7 milioi euroko laguntza izan genuen. Eta bigarren faserako, 800.000 euro. Kanpoko finantziazioa funtsezkoa da Udalarentzat, hau bezalako proiektuak martxan jartzeko orduan”, azaldu du Gasteizko alkateak.

Proiektua gaur egun burutzen ari den lehen fasearen jarraipena da. Horren bidez plaza berri bat egingo da postetxearen eta Oroimenezko Zentroaren artean: Oroimenaren plaza. Leku ireki eta berriztatua izango da, abegikorra oinezkoekin, eta berdegune batez hornitua.

Gainera, espazio berri horren azpian Udalak hiriko bizikleta-aparkaleku handiena egiteko asmoa du, 500 bizikleta hartzeko aurreikusten baita. Aparkaleku horretan egoiliarrentzako lekuak eta txandakakoak egongo dira.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua, ia-ia amaitzear dagoena.

Dosierra

 

Share

SEADen Lagunen Elkartearekiko lankidetza-hitzarmena onetsi da

 

Udalak 320.000 euro jarriko ditu lankidetza-programetarako

 Udal gobernuak Arabako SEAD-Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkartearekiko lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du; horren bidez, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 320.000 euro jarriko ditu 2020an lankidetza-programak garatzeko.

Zehazki, bost proiektu finantzatuko dira hitzarmen horren bidez:

  • Erizaintzako eskola sendotzea. Eskola horren jarduna erraztu nahi da, errefuxiatu-kanpamentuetako osasun sistemaren funtzionamendua bermatuko duten erizainak prestatzeko.
  • Saharako emakumeen ahalduntzerako gaitasunak indartzea. Saharako emakumeen ahalduntzeko helburua du proiektuak. Aurten generoaren arloko prestakuntza eta ikerketa programa bat abian jartzea, Dajlako lanbide heziketako eskolari laguntzea eta COVID-19arekin lotutako kit higienikoak banatzea aurreikusi da.
  • Elikadura- eta nutrizio-segurtasuna hobetzea. Batetik, moringa ekoitzi eta moringa-hostoen hautsa lortzeko prozesatzea da helburua, bularra ematen ari diren emakumeen anemiari aurre egiteko erabiltzen baita, eta bestetik, kanpamenduetako nekazaritza-granjan ekoitzitako arrautzak erosi eta banatzea.
  • Gazteria plana. Aisia eta denbora librea. Bi ildotan lan egingo da: SEADen Gazteria eta Kirol Ministerioko Gazteria Zuzendaritza ekipatzen laguntzea, eta aisialdiko hezitzaileak prestatzeko eta kanpamenduetako eskaut taldeari laguntzeko jarduerak.
  • Zerbitzu publikoetako pizgarrien sistemari laguntzea, Lankidetza Ministerioko langileentzako pizgarriak (soldata txikiak) ordainduz.

Hitzarmena sinatzeaGaur goizean bertan sinatu da hitzarmena, Lankidetzako zinegotzi Jon Armentia eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteko lehendakari Mariló Ruiz de Galarreta bertan zirelarik.

 

 

Share

Esleitu da adinekoentzako 16 zentro soziokulturalen kudeaketa

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 6,6 milioi euro jarriko ditu datozen bi urteetarako

 

Zentro soziokulturaletako zerbitzu eta programen kudeaketa Sirimiri enpresari esleitzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, 6,6 milioi euroan eta datozen bi urteetarako.

Aste batzuk barru sartuko da indarrean kontratua, eta horren bidez, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak hobekuntza nabarmenak egingo ditu zentroek dituzten 35.000 erabiltzaileri baino gehiagori eskaintzen dizkieten zerbitzu eta jardueretan.

Urtean 3,3 milioi euro bideratuko dira horien funtzionamendura, orain baino milioi erdi gehiago ia. Berrikuntza nagusietako bat zentro bat gehiago kudeatu beharra izango da, San Martinekoa, urte bukaerarako irekiko baita; beraz, dagoeneko 16 izango dira udal sarea osatzen duten zentro soziokulturalak.

Bestetik, adinekoentzako zentro soziokultural guztiek izango dute animazio soziokulturaleko teknikari bat. Horri esker, auzo guztietara hedatu ahalko da “Piztu zure auzoa” programa, zeinak duela gutxi Pilares fundazioaren saria jaso baitu. Une honetan Koroatzea, Landazuri eta Pilar auzoetan garatzen ari da, bakarrik dauden pertsonei laguntzeko xedez.

Jantokietako leku-kopurua ere handituko da, 68 leku gehiago eskainiko baitira: 48 San Martinen eta 20 Aranan.

Era berean, ikastaro eta lantegien eskaintza 12.812 ordukoa izatetik 14.218 ordukoa izatera igaroko da. Hau da, 30 lantegi gehiago eskainiko dira —319ra iritsi arte—–, eta 450 leku gehiago; beraz, ia 4.000 adinekok gozatu ahalko dute askotariko jarduerez.

Osasun-parkeetako arreta ere hobetuko da, 713 jarduera-ordu gehiago eskainita; horretaz gain, Abetxuku, Judimendi eta Sansomendiko zentroetan ordubete luzatuko da informazio-zerbitzuaren ordutegia, astelehenetik ostiralera egunean 5 ordukoa izan dadin.

Kudeatzeko kontratu berria indarrean jartzen denean, adinekoen zentroek ordu erdi lehenago itxiko dute, 20:30ean, ordu horretatik aurrera jende gutxi ibiltzen baita.

Share

Maite Zuñiga kaleko bizitegi-lursail bat esleitu da

Tokiko Gobernu Batzarrak Maite Zuñiga kalean dagoen bizitegi kolektiborako lursail bat Serpens Property SL enpresari esleitzea onetsi du. Lursaila erosteko bost eskaintza aurkeztu dira, eta irabazleak 1.075.000 euro proposatu ditu, zergak kanpo, hau da, lizitaziorako hasierako aurrekontua baino 313.165 euro gehiago. Lehiaketara aurkeztu diren proposamenen balioespen teknikoan prezio hobekuntzak, ordaintzeko baldintzak eta eraikitzeko aurreikusitako epeak hartu dira kontuan.

Lursaila Baskonia-Alavés egoitzaren ondoan dago, eta 1.889 metro koadroko azalera du, horietako 750, eraikigarriak. Bizitegi-erabilera askekoa da lurzorua, eta “lorategi hiri mistoa” hirigintza-ordenantzaren araberako etxebizitzak eraiki ahalko dira bertan.

Esleipendunak gehienez bederatzi hilabeteko epea izango du eraikuntza-lizentzia eskatzeko eta beste sei lanei ekiteko; lanek, berriz, gehienez bi urte iraungo dute.

 

 

Share

Hautsitako kristalezko botila batekin oinezkoei mehatxu egiteagatik atxilotua

Udaltzainek atzo 49 urteko gizonezkoa atxilotu zuten hautsitako botila batekin mehatxuak egin izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

17:30ean, udaltzainek dei bat jaso zuten, pertsona bat Babesgabetuen plazan zebiltzan pertsonei hautsitako kristalezko botila batekin mehatxuka ari zela esanez.  Lekuko batzuen arabera, aurrez beste bi gizonezkorekin eztabaida handia izan zuen bide publikoan. Udaltzainek atxilotu egin zuten eta gaur geratuko da epailearen esku.

Sutea etxe abandonatu batean

Suhiltzaileek Arzubiaga herrian abandonatutako eraikin bateko sutea itzaltzera joan behar izan zuten atzo. Suhiltzaileek sutea kontrolatu zuten, baina etxe barruan kalte handiak izan ziren.

 

Share

Gasteizek laguntza eman dio IRUDIKA- nazioarteko ilustrazioaren topaketa nazionalaren 4. edizioari

 

  • Maider Etxebarria alkateordea buru duen Ekonomia Sustapenerako Sailak ekitaldia antolatzen lagundu du.

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Euskal Irudigileak elkartearekin hitzarmen egitea onetsi du gaur goizean – Maider Etxebarria zinegotzia buru duen Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak proposatuta–, IRUDIKA nazioarteko ilustrazioaren topaketa profesionalaren 4. edizioa antolatzeko.

Gasteizko Udalak 9.100 euroko laguntza eman dio elkarteari ekitaldia antolatzeko, zein atzo  hasi eta azaroaren 30ean amaituko den. Berrikuntza gisa, plataforma virtual baten bidez jarraituko da ekitaldia soilik. Parte hartzaileek prestakuntza eta esperientziak eskuratuko dituzte Euskadi, Uruguai, Frantzia eta Kanadako artisten eskutik, eta horretaz gain, hitzordu profesionalak izan ahalko dituzte mundu guztiko argitaletxe eta agenteekin, eta horiei beren lana erakutsi galera birtual baten bidez.

Ekimenak, zein osasun-errealitatera egokituta egongo den, Gasteiz erreferente bihurtzen du ilustrazioaren munduan, eta antolatzaileen lanari esker, oso negozio-aukera interesgarriak sor daitezke hiriarentzat eta bertako kultur sektorearentzat” nabarmendu du Maider Etxebarria zinegotzi eta lehen alkateordeak.

 

Share