Prentsa Oharren banner

Berriro egingo da Airearen Zaindariak izeneko herritarren zientziako kanpaina

 

Gasteizko Udalak, IGIren bitartez, 400 marrubi-landare banatuko ditu herritarren artean, gure hirian airearen kalitatea ezagutzeko egitekoa den herritarren zientziako programa esperimentalean parte har dezaten.

Eskualdeko hamasei enbaxadorek lagunduko dute landareak Airearen Zaindariak proiektuan parte hartu nahi dutenei banatzen, eta horren bitartez Espainiako airearen kalitatearen mapa landuko da.

Landareak 12 astez eduki beharko dira leiho edo balkoietan, aire zabalean. Ondoren, hosto-sorta bat moztu eta bidali beharko da lagin gisa, aztertu eta estatuan metal astunen bidezko kutsaduraren mapa osatzearren. 

 

Zer da Airearen Aaindariak programa? 

Airearen kutsadurarekin lotutako parametroak kontrolatzeko ekipo profesionalak erabili ohi dira, datuak zehaztasun handiz hartzen dituztenak gero teknikariek azter ditzaten. Airearen Zaindariak programak auzolanean aritzea proposatzen du, etxetik, lanlekutik, ikastetxeetatik, auzo elkarteetatik… Espainiako airearen kalitateari buruzko datu gehiago lortu nahi dira, metal astun esekiek sortutako kutsadura ikertuz.

Marrubi-landareak, airearekin zuzeneko kontaktuan daudelarik, ingurumen-kutsadura monitorizatzeko estazio bihurtzen dira. Izan ere, partikula eseki horiek hostoetan metatzen dira eta, gero, teknika biomagnetikoak aplikatuz, zein konposatu den identifikatu daiteke. Azterlan metatua eginez, Espainiako airean kutsatzaile zehatz batzuen kontzentrazioa zenbatekoa den jakin ahalko da.

Aurretik egindako azterlanek erakutsi dute metal astunen kontzentrazioak korrelazio handia duela trafikoaren bolumenarekin zein beste eragile batzuekin (trenak edo tranbiak), eta horren ebidentzia lortzen jarraitu nahi dugu.

Airearen Zaindariak proiektuak Anberesko Unibertsitateak egindako Airbezen proiektua errepikatzen du Espainian, Samson Roeland irakaslearen eta Ibercivis fundazioaren arteko lankidetzaren bitartez.

Airearen kalitatea aztertzeko teknologia aurreratuak erabili ohi dira: gailu elektronikoak, sentsore automatikoak, telefono adimentsuetako aplikazioak… Airearen Zaindariak proiektuak aukera irekiagoa eta gizatiarragoa proposatu nahi du, prozesu tradizionaletan oinarrituz, herritarrek beren kaleko edo herriko airearen kalitatearen ikerketan inplikatu daitezen: landarea ureztatu, kimatu, gutun bat posta arruntez bidali… Horrela lortutako datuek estatuko airearen kalitatearen mapa handia lantzeko balioko dute.

Anberes eta Zaragozako esperientziaren ondoren (2014 eta 2017, hurrenez hurren) eta Airearen Zaindarien estatu mailako lehen edizioaren ondoren (2019/2020), bigarren edizioa antolatu dugu, landare gehiago banatzeko eta ikertzeko interesgarri diren leku gehiagotara iristeko asmoz, talde gehiago inplikatuta.

Espainia osoko hamasei leku bihurtuko dira airearen zaindarien eskualdeko enbaxadore;  deialdi irekia egin da, eta proiektuaren zuzendaritzak irizpide zientifiko eta logistikoei jarraitu die horiek aukeratzeko. Enbaxadore horietako bakoitza herritarrei lorontziak banatzeko gunea bilakatzen da, eta 2020ko urriko lehen astean egiten da banaketa. Proiektuaren web-orrian kontsultatu daiteke zein gunetan banatuko diren.

Lorontziarekin batera, parte-hartzaileek horiek non jarri eta nola zaindu jakiteko jarraibideak jasoko dituzte, baita lorontzia erregistratzeko formularioaren esteka ere; landarea jasotzen duen unean bete ahalko du hori, eta zaintzako 12 asteetan proiektuaren inguruan sortzen diren berrikuntzak, aholkuak eta albisteak eskuratu ahalko ditu. Garrantzitsua da parte-hartzaileek lorontzia hasieran erregistratzea, proiektuaz arduratzen den taldeak partaide guztiei laguntzerik izan dezan.

Abenduaren 16tik 23ra bitarteko astean hartu eta bidaliko dira laginak. Horretarako, landarearen hosto-sorta bat antolatzaileek emandako gutun-azalaren barruan sartu eta bidaliko da, azken formularioarekin batera —online edo paperean beteta—; zaintzen aritutako asteetan landarea nola egon den azalduko da bertan.

 

 

Share

Gasteizko hiru leku argiztatuko dira Pertsona Ostomizatuen mundu egunean

Gasteizko Udalak kolore berdez argiztatuko du gauean udaletxearen fatxada, gaur (urriak 3, larunbata) Pertsona Ostomizatuen mundu Eguna ospatzen dela eta. Udaletxeaz gain, Arkupeak eta Florida parkeko kioskoa ere argiztatuko dira.

Espainian 125 pertsona ostomizatu baino gehiago daude, eta egunetik egunera, gero eta horrelako ebakuntza gehiago egiten dira.

Mundu egunak bi helburu nagusi ditu: batetik, ebakuntza egin behar izan zaien pertsona guztiak integratzen laguntzea, eta bestetik, gizartea sentsibilizatzea, pertsona horiek egunerokoan gainditu behar dituzten oztopoen gainean.

 

Share