Prentsa Oharren banner

Alkateak klima-aldaketari buruzko nazioarteko mintegi bat inauguratu du, Gasteizko ingurumen eredua azalduz

Eraztun Berdearen proiektuak eta hiri-azpiegitura berdeak III. Loja Nazioarteko Hiri Mintegian parte hartzen duten adituen interesa piztu dute

Gorka Urtaran alkateak III. Loja Nazioarteko Hiri Mintegia inauguratu du gaur arratsaldean, eta nazioarteko adituekin partekatu du hiri-azpiegitura berdearen proiektua, zeinak Eraztun Berdea baitu bandera-ontzitzat, espazioak berreskuratzearen eta hiri-garapen jasangarriaren eredu izan daitezen.

Besteak beste, gai hauek landuko dira nazioarteko topaketan, Gasteiz erreferentziazko hiritzat hartu dutelarik: plangintza berdea, espazio publikoaren ingurumen-datuak, hiri-korridore berdeak, espazio publiko berdeen diseinua, hiri-baratzeak eta elikagaien segurtasuna.

Mintegia Lojako Hiri Laborategiak, hiri hartako Unibertsitate Tekniko Partikularrak eta Hiri Garapen Iraunkorreko Sare Akademikoak sustatu dute, eta Ekuadorko Hiri Jasangarrien Programaren lankidetza teknikoa izan du.

Share

Prentsa-deialdiak (2020-10-06)

2020ko Araba Ekinean sariak ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, urriak 6

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia,  Francisco de Vitoria auditorioa

Share

Atxilotua telefonotegi bateko jabeari kristal batekin eraso egiteagatik

Udaltzainek larunbat goizean 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten telefonotegi bateko jabeari kristal batekin eraso egiteagatik.

11:15ean, Udaltzaingoak Koroatzearen auzoko lokal batean gorabehera bat gertatzen ari zela zioen abisua jaso zuen. Iritsi zirenean, udaltzainek egiaztatu zuten barrualdea nahastuta zegoela, odol-tantak zeudela eta erakusmahaia hautsita zegoela.

Establezimenduaren jabeak ebaki sakona zuen eskuan eta udaltzainei azaldu zien minutu batzuk lehenago mugikor bat saltzeko asmoz gazte bat sartu zela eta, erosi ahal izateko eskatutako baldintzak zirela eta, eztabaida eta borroka hasi zutela. Horren guztiaren ondorioz, kristalezko erakusmahaia hautsi egin zen. Kontatutakoaren arabera, ustezko erasotzaileak kristalezko pusketa haietako bat hartu eta lepoan eta aurpegian eraso egiten saiatu zen, baina lortu ez. Dena den, eskuan lesioak eragin zizkion.

Ihes egin ostean, lekuko batek ustezko erasotzaileari jarraitu zion eta, horri esker, udaltzainek harrapatu eta atxilotu ahal izan zuten. Atzo jarri zuten epailearen esku.

Bestalde, udaltzainek espetxean sartzeko errekisitoria zuen 37 urteko gizonezkoa atxilotu zuten larunbat arratsaldean. Zirkulazio-istripu batean inplikatuta egon ostean, udaltzainek egiaztatu zuten gizonezkoak ez zuela gidabaimenik indarrean gidabaimena kendu ziotelako punturik ez zuelako.

Amaitzeko, udaltzainek atzo goizaldean, Errege Atea kalean egindako esku-hartzearen baitan, 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako atentatua, erresistentzia eta desobedientzia delituen ustezko egilea izateagatik.

 

 

Share

Herritarren Segurtasunaren Batzordearen ordu aldaketa

Honen bidez jakinarazten da Herritarren Segurtasunaren zinegotzi ordezkariak ez duela joaterik izango Herritarren Segurtasunaren eta Udal Administrazioaren Batzordeak 2020ko urriaren 7an 12:00etan egitekoa duen bilkurara, behar bezala justifikatu duelarik; hori dela eta, bilkura 2020ko urriaren 9an egingo da, 10:00etan.

Share

Udalak eta CIC energiGUNEk hitzarmen bat sinatu dute iraunkortasun energetikoaren aldeko ekimenetan elkarrekin aritzeko

 

 

Alkate Gorka Urtaranek eta zuzendari nagusi Nuria Gisbertek lehen azterlanaren gaia aurreratu dute: udal eraikinetan bero-eskaera elektrifikatzearen bideragarritasuna

 

Gasteizko Udalak eta CIC energiGUNE fundazioak (Fundación Centro de Investigación Cooperativa de Energías Alternativas) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, iraunkortasun energetikoa sustatzera bideratutako ekimenetan elkarrekin aritzeko. Alkate Gorka Urtaranek eta zuzendari nagusi Nuria Gisbertek lehen azterlanaren gaia aurreratu dute: udal eraikinetan bero-eskaera elektrifikatzearen bideragarritasuna.

CIC energiGUNE energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzea aztertzeko zentroa da, eta BRTA-Basque Research & Technology Allianceren kidea.  CIC energiGUNE Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dago, eta nazioarteko erreferentea da. Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza du, baita energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiena ere. Nuria Gisbertek zuzentzen duen entitatea energiaren biltegiratzea sustatzera bideratutako zebait jarduera garatzen ari da.

Udalak, bestetik, Alkateen Itunarekiko atxikimendua sinatu zuen 2008an, eta horren bidez energia iraunkorrerako plan bat garatzeko konpromisoa hartu zuen. Aurten berritu du konpromisoa, eta 2030erako helburuak bere egin. Horretaz gain, duela hilabete batzuk “Vitoria-Gasteiz Green Deal” plana aurkeztu zuen COP25 Klimaren Gailurrean, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita.

Alkateak nabarmendu duenez, “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planaren helburuetako bat da “planetak dituen erronkei aurre egiteko udalerri mailan gara daitezkeen irtenbide eta ekimenak erakarri eta abian jartzea, energia iraunkortasunarekin lotutakoak, besteak beste“. Gorka Urtaranek gogorarazi du, halaber, 2019-2023 agintaldirako planean “berebiziko garrantzia” dutela “trantsizio energetikorako ekimenek, esaterako, energia iraunkorren erabileran oinarritutako mugikortasun-ereduak“.

CIC energiGUNEren zuzendari nagusiak, berriz, hitzarmenak duen garrantzia azpimarratu du, horren bidez energia biltegiratzeko teknologiak baliatzea sustatuko baita, eta Gasteizen energiaren erabilera eraginkorrari begira hobekuntza ekarriko baitu. “CIC energiGUNEtik iraunkortasunaren aldeko apustua egiten dugu, eta gure ahaleginen zati bat baterien birziklatzea eta bigarren bizialdia ikertzeari eskaintzen diogu, alderdi hori gakoa izango baita herritarren kontsumo-erabakietan datozen urteetan”.

Helburu komunak dituztela ikusirik, bi erakundeek hitzarmena sinatzea erabaki dute, zeinaren bidez CIC energiGUNEk aholkuak eta laguntza emango baitizkio Udalari. Zehazki, udal eraikinetan bero-eskaera elektrifikatzearen bideragarritasuna ikertuko da. Orobat, ibilgailu elektrikoen bateriei bigarren bizialdia emateko aukerei buruzko azterlan pilotua egingo da, eta elkarlanean arituko dira bi alor horiei buruzko sentsibilizazio eta zabalkunde jardunaldiak egiteko, trantsizio energetikoari begira betiere.

 

 

 

 

Share

Miriam Isasi, Gala Knnör, Alberto Lomas eta Zuhar Iruretagoienak Montehermoson aurkeztuko dituzte beren lanak, 2021ean

Kulturuneko proiektu artistikoen deialdia oso-osorik mantendu da

 

Montehermoso kulturuneak lau lan hautatu ditu 2020ko proiektu artistikoetarako deialdian. Egile hauek aurkeztu ahalko dituzte beren proposamenak 2021ean, kulturunearen erakusketa-egitarauaren barruan: Miriam Isasi, Gala Knnör, Alberto Lomas eta Zuhar Iruretagoiena. Hiru proiektu plastiko eta ikus-entzunezkoen alorreko sorkuntza-lan bat aurkeztuko dituzte.

“Montehermoso kulturunearen proiektu artistikoen deialdia tokiko sorkuntzari laguntzeko programa da, eta oso-osorik mantendu dugu pandemia garai hauetan. Izan ere, izugarri estimatzen dugu tokiko artistek kalitate goreneko proposamenak aurkeztearren egindako ahalegina. 2021ean gozatu ahalko dugu emaitzaz“, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Programaren xedea da tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren. Deialdi irekia egiten da horretarako, eta adituen epaimahai batek aukeratzen ditu lanak; egileek 6.000 euroko laguntza ekonomikoa jasotzen dute, eta katalogo bat ere argitaratzen da.

Guztira 83 proiektu aurkeztu dira edizio honetan. Hauek izan dira hautaketa-batzordeko kideak: Itsaso Madariaga, EHUko Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Sailekoa; Enrique Martínez, ARTIUM bilduma iraunkorraren kontserbatzailea, eta Luis Mª Pascual, Kultur Zentroetako burua, Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotziaren ordezkotzaz.

 

Hona hemen aukeratutako lanak:

‘Hierba-Brea-Hebra’. Miriam Isasi (Vitoria-Gasteiz, 1981)

Proiektuaren abiapuntua lorategi botanikoen eta natur zientzietako museoen artxiboei buruzko ikerketa da. Laborategiak, hazi bankuak, xilotekak, karpotekak, herbarioak… Lorenzo Prestamero ilustratzailearen herbarioa —Natur Zientzien Museoan gordea— ardatz hartuta, artistak landareei buruzko bi ikerketa-ildo landuko ditu, horien esentzia, ezaugarri, erabilera eta potentzialekin lotuta.

 

‘How to make friends and influence people’.  Gala Knnör (Vitoria-Gasteiz, 1984)

Duela hamar urtetik hona, internet izugarri barneratu da gure eguneroko bizitzaren hainbat alderditan, eta teknologiaren eta sare sozialen erabilera esponentzialaren bidez, konturatzeke, datuen zulo beltz matematikoa bihurtu gara, zeinak mundu mailan salerosten baitira; merkantilizatu egin gara, pertsonak gauza bihurtu dira. Jakin-minak bultzaturik, Gala Knörrek irudiak zergatik duen hainbesteko boterea ikertu du; izan ere, partekatu, hackeatu eta eraldatzen delarik genealogia bat sortzen du irudiak, zeinaren arrastoari jarraitzea ezinezkoa baita, eta genealogia horrek berak erabiltzaileek erantsitako afektuak eta irakurketak metatzen ditu.

 

‘Translaciones Imposibles’.  Alberto Lomas (Vitoria 1967).

Alberto Lomasen azken lanen ezaugarri komunetako bat da artea baliatzea mugak identifikatzeko, eta horiek igarotzea bidezkoa ote den galdetzen dio bere buruari. Gai horrekin lotuta gehien errepikatzen diren kontzeptuetako bat translazioarena da. Azken urteetan, gizakiak iritsi duen translazio ahalmenak hainbat eratan gaindi ditzake mugak: pantailaren eguneroko errealitatea irispide/muga interaktibo gisa bizi dugu. Horren bitartez, sistemen sistema konplexu batean (internet) sartzen gara, eta badirudi sistema horretan mugak lausotu egiten direla, edo gutxienez askoz iragazkorragoak bihurtzen direla; aldi berean, ordea, garapen teknologikoa mugak sendotzeko eta pribilegioak babesteko erabiltzen da, askatasunaren eta segurtasunaren arteko hautaketa beste aukerarik ez duen hautaketatzat aurkeztuta.

 

‘Si cae caballo, cae imagen’. Zuhar Iruretagoiena (Zarautz 1981)

Azken hilabeteetako osasun krisialdiak kolokan jarri ditu gizarte garaikidean jakintzat jotako gauza ugari. Batetik, askatasunaren fikzioa, egitura politikoak gorputzen eta gizakien gainean duen nagusitasuna, bestearen begirada kontrol tresna gisa, indibidualizazio falta, eta estatu hegemoniko eta soberanoa. Horrek guztiak ekarritako ondorioetako bat dugu denboraren eta espazioaren pertzepzioan beste eskala bat sortzea. Krisiak ekarritako irakurketa eta pertzepzio berri horiek agerian jarri nahi ditu proiektuak, zaldiaren figura baliatzen duen analogia bat sortuz. ‘Si cae caballo, cae imagen’ lanak kolokan jartzen du ikusizko iruditeria, eta krisi garaietan ikusizko identitateaz hausnartzeko eta hori berrosatzeko beharra nabarmentzen.

 

 

 

Share

Lanabesek euskarazko praktiken komunitate bat sortuko du eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die enpresei

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bat egin dute esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin bat egin dute Lanabes programari bultzada bat emateko, Arabako enpresaeremuan euskararen erabileran eragiteko sortutako foru ekimenari, hain zuzen ere. Akordio horri esker, hiru erakundeek Lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko giltzarri izan nahi duten bi proiektu abiatuko dituzte laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunitate bat.

“Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz”, azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak. “Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik”.

Erantzun horien bidez, txosten bat egin zen emaitza orokorrekin, eta enpresen beharrak ondorioztatu ziren; gaur iragarritako neurriekin erantzutea espero da.

Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko da martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Aholkularitza eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresei.

Eta, bestetik, praktika-komunitate bat sortuko da, hizkuntza-kudeaketan duten esperientzia partekatu, batzuengandik ikasi, ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen lagundu nahi duten enpresen foro bat. Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du praktika-komunitate hori, Lanabesen talde eragileko kide baita.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, prentsaurrekoan, erakundeen eta erakunde pribatuen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, hizkuntza normalizaziorako politiketan. Dobaranek azpimarratu duenez, Lanabes programa elkarlan horren emaitza da eta Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren normalizazioan beste urrats bat ematea da.

Aurkezpenean ere Iñaki Gurtubai Gasteizko izan da, Udaleko Euskara zinegotzia, eta azaldu du hainbat urtez “txikizkako merkataritzan” egin dituela ahaleginak: “Saltoki txiki eta ertainetan”. “Gune handiak alde batera utzi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak… beste agente batzuk haien gainean lanean ari zirelako. Industria ere ez dugu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen zuelako “, adierazi du,” Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko. Hori da garrantzitsuena, maila desberdineko administrazioek bat egitea, denok komunean dugun helburu bati heltzeko “.

Urritik aurrera, Lanabes harremanetan jarriko da interesa agertu zuten enpresekin, eta laguntza eta zerbitzu horiek eskainiko dizkie. Hala ere, Arabako Lurralde Historikoan 50 langile baino gehiago dituen eta egokitzat jotzen duen edozein enpresa harremanetan jarri ahal izango da ekimeneko kideekin, elkarrekin aurrera egiteko.

Share

Gizarte Politiken Batzordearen ordu aldaketa

Agenda arazoak direla eta, Eledunen Batzarrari proposatzen zaio Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren Batzordeak 2020ko urriaren 14ko 12:00etan egitekoa zuen ohiko bilkura egun bertako 11:00etan egitea.

Share

Mazokan parte hartzeko deialdia egin da

Beren lanak Gasteizko marrazki eta ilustrazio azokan erakutsi nahi dituztenek urriaren 23ra arte eman dezakete izena

 

MAZOKA marrazki azokaren VI. edizioak berrikuntzak ekarriko ditu, osasun krisialdia dela eta. Izan ere, marrazki eta ilustrazio azoka internetez egingo da aurten, abenduan. Antolatzaileek ekitaldian izena emateko epea ireki dute.

“Mazokalari” izan nahi dutenek urriaren 23ra arte eman ahalko dute izena. Epe bera izango da 40 lekuetako bat eskuratu nahi dutenentzat zein #BEKIKASLE beka txikia lortu nahi duten ilustrazio, animazio, diseinu edo arte ikasleentzat. Horretarako, parte hartzeko formularioa bete beharko dute, zeina www.mazoka.org web-orrian aurkituko baitute. 2020ko azaroaren 2an jakinaraziko da epaimahaiaren epaia.

“Mazokak marrazkigintza, ilustrazio eta arte plastikoetako balore berriak ezagutarazteko tresna izango da berriro. Gainera, formatu berria aukera bat da hautagai gehiagorengana iristeko, baita nazioarteko publikoarengana ere“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Montehermoso kulturunean —aurreko edizioetan azokaren gune nagusia izandakoa— aurtengo mazokalarien erakusketa bat jarriko da; orobat, bisita gidatuak antolatuko dira, eta katalogo bat argitaratuko.

Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du Mazokak.

Informazio gehiago

 

 

Share