Prentsa Oharren banner

Duela 25 urte hezeguneak leheneratzen hasi zirenetik, hegazti urtarren ugalketa errekorra erregistratu du Salburuak

 

Duela hamarkada bat baino gehiagotik, Euskal Autonomia Erkidego osoan hegazti urtarren populazio ugaltzaile handiena duen hezegunea da, Uribarri-Ganboako urtegiarekin batera

 

2020. urtea aparteko urtea izan da Salburuko hegazti urtarren ugalketarako. Izan ere, 19 hegazti espezietako 365 bikotek atera dituzte aurrera txitaldiak aurten. Gasteizko Udala 1995ean hasi zen jarraipen sistematiko horiek egiten, duela 25 urte, hezeguneak leheneratzearekin batera, eta orain arte erregistratutako kopururik handiena da.

Azken urteotan, bestalde, ugalketa-espezieen kopurua antzekoa izan da, 19 ingurukoa, baita jarraipena egiten hasi zenetik maximo historikoa lortu den honetan ere.

Duela hamarkada bat baino gehiagotik hona, Euskal Autonomia Erkidego osoan hegazti urtarren populazio ugaltzaile handiena hartzen duen hezegunea da Salburua, Uribarri-Ganboako urtegiarekin batera.

Espezie kopuruari dagokionez, gaur egun EAEan ez dago hemen adina hegazti urtar habiagileen espezie ikus daitekeen beste hezegunerik“, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik. Gainera, nabarmendu du 2020ko kumatze-denboraldian Salburua sendotu egin dela koartzak ugaltzeko gune nagusi gisa Euskadin.

 

EspezieaBikote ugaltzaileak
Txilinporta25
Murgil handia13
Koartza hauskara18
Koartza gorria3
Koartzatxo txikia6
Koartzatxo itzaina76
Amiltxori txikia2
Amiltxori arrunta8
Antzara hankagorrizta13
Basahatea33
Ipar-ahatea8
Murgilari europarra8
Murgilari mottoduna5
Zingira-mirotza1
Uroilanda handia13
Uroilo arrunta13
Kopetazuri arrunta116
Zankaluzea3
Kaio hankahoria1
Espezieak guztira19
Bikoteak guztira365

Koartza-kolonia

2020an, 6 koartza espezietako 113 bikote ugaldu dira Salburuan.

Espezie horiek Betoñuko aintziran biltzen dira batez ere, azken urteotan pixkanaka hara joan baita Uribarri-Ganboako urtegian zegoen kolonia. Hezeguneak koartza ugaltzaileen kopuru handiena du erkidego osoan, baita mota gehien ere. 

Koartzatxo itzaina da ugariena, 2015ean Salburuan 4 bikote finkatu zirenetik 76 izatera iritsi baita bost urteren buruan. Beste espezie batzuk ez dira hain ugariak: koartza hauskara (18 bikote), koartzatxo txikia (6 bikote), amiltxori arrunta (8 bikote), koartza gorria (3 bikote) eta amiltxori arrunta (2 bikote).

Mehatxupean dauden espezieen kontserbazioaren ikuspegitik, autonomia-mailan “bakana” den kategorian katalogatutako hiru espezie nabarmentzen dira: batetik, amiltxori txikia, autonomia mailan ugalketa-puntu erregular urrietako bat Salburuan mantentzen duen koartzatxo migratzaile mota bat, urte hauetan 1 eta 5 bikote artean egin baitute habia bertan; bestetik, amiltxori arrunta eta koartza gorria, Euskadiko populazio habiagile ugarienak Salburuan baitaude.

Ugaltzaile bereziak

Gainera, Eraztun Berdearen Atalak jasotako datuen arabera, Iberiar penintsulan bereziak diren bi espezie ugaltzaileren populazioak finkatzen ari dira: antzara hankagorrizta eta murgilari mottoduna.

Antzara hankagorrizta oso anatida arrunta da Araban migrazio garaian, baina Iberiar penintsulan oso arraroa ugaltzaile gisa, Europako populazio gehiena iparralderagoko latitudeetan hazten baita. Grafikoan jasotzen den bezala, espezie hori 2012an ezarri zen ugaltzaile gisa Salburuan, eta, ordutik, urtero ugaldu da: 2020an 13 bikote habiagile izan dira. Beraz, badirudi populazio hori sendotzen ari dela, eta joera bikote ugaltzaileak handitzekoa dela. Aintzira horietan ugaltzen goizen hasten den ahatea da; izan ere, martxoko bigarren hamabostaldian ikus daitezke txitekin batera dabiltzan lehen bikoteak.

 

Murgilari mottoduna, berriz, ahate eder bat da, Salburuan Espainia osoko ugalketa-leku erregular urrienetako bat mantentzen duena; aurreko kasuan bezala, espezie horren populazio ugaltzaile gehienak iparralderago umatzen baitira. 2020. urtean 5 bikote habiagile baieztatu dira; ahate horrek, grafikoan ikus daitekeen bezala, 20 urte daramatza erregulartasunez ugaltzen inguruan, eta azken urteetan 5-9 bikote arteko populazio ugaltzailea du. Txitak aurrera ateratzen berantiarrena da, txita gehienak ekainean eta uztailean jaiotzen baitira.

 

 

 

 

 

 

 

Share