Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-10-02)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urriak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————

Prentsaurrekoa. Hell Dorado aretoko programazioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Hell Dorado aretoko gestore Juan Uriarte

Eguna. Ostirala, urriak 2

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share

(Gaurkotua) Raimundo Ruiz de Escudero Gasteizko Udaleko zinegotzi karguaz jabetu da

 

Raimundo Ruiz de Escudero Ezkurra Gasteizko Udaleko Berria zinegotzi karguaz jabetu da gaur goizean. Zinegotzi berria karguaz jabetu da Udalbatzaren aparteko saio batean, telematikoki egin dena, COVID-19aren ondorioz. Mugikortasuna eta Espazio Publikoaren arloaz arduratuko da Ruiz de Escudero, eta garraioko TUVISA udal-sozietatearen lehendakari izateko hautagai izango da.

Agintaldian izango dituen erronka nagusienen artean Urtaranen gobernuaren gobernu-planeko jarduera-ildo garrantzitsuenetako batzuk daude. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da Gasteizko etorkizuneko mugikortasunaren diseinua, Mugikortasun Planaren garapena delarik giltzarria. Baita beste proiektu batzuk ere, esaterako BEAren ezarpena, tranbia auzo berrietara helaraztea, Trafiko Ordenantza Gasteizen egungo errealitatera egokitzea, inbertsioen garapena Auzoen Planaren baitako espazio publikoan, eta ‘superetxadien’ eredua hiri osoan zehar hedatzea.

Raimundo Ruiz de Escudero Ezkurra enpresa pribatuaren alorrean eskarmentu handiko profesionala da. Orain artekoan ardurazko karguak bete izan ditu zenbait enpresa eta erakundetan, esaterako Eroskin, San Prudentzio Lan Fundazioan eta Merkataritza-Ganberan. Orain arteko azken ardura merkatura hipermerkatuen merkatura egokitzeko enkargatuarena izan da, bere ibilbidearen tarte luze batean aritu den banaketa- eta supermerkatu-kooperatiuba ospetsu batentzat.

UDAL GOBERNUAREN ANTOLAKUNTZA

Share

Udaltzaingoak lonja batean bilduta zeuden 8 adingabe salatu ditu

Udaltzaingoak Aranzabela auzoko lonja batean bilduta zeuden 8 adingabe identifikatu zituen asteartean.

Bilera mota horrek gazteen lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera mota debekatzen duen Osasun Sailaren agindua hausten du. Neurri hori, hain zuzen ere, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurrietako bat da.

Salaketak osatutakoan, Udaltzaingoak lonja prezintatu zuen.

Share

Gizartean dagokien lekua aldarrikatu dute adinekoek

Adinekoen zentro soziokulturalak Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen ari dira

Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen ari dira adinekoentzako zentro soziokulturalak, gizartean dagokien lekua aldarrikatzeko.

Arka plazako Ibiltariaren ondoan hasi dira ekitaldiak. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi Jon Armentiak adierazi duenez, “zahartzea aurrerabide sozial, sanitario eta ekonomiko gisa ulertzeko baliatu beharra dago egun hau. Burutik kendu beharra daukagu zahartzea arazo bat deneko ideia hori, guztiok nahi baikenuke eskubide eta ongizate-berme guztiekin zahartu. Eta, gizarte gisa, hori lortu eta gauzatu betebeharra dugu.”

Orobat nabarmendu du Armentiak: “Erreferente zarete gizartean, berebiziko lekua hartzen duzue bertan. Horregatik, zuen eskubideak baliatzeko aukera izan dezazuen beharrezko diren neurriak bultzatzen ditugu, ez baitugu nahi inor adinagatik baztertuta sentitzea, eta bai baitakigu zuen esperientzia eta ezagutza geure egiten badugu gizartearen mesede izango dela.”

Eguna ospatzeko, elastiko bat jarri zaio Ibiltariari, eta hiriko hainbat kaletan “Guk, pintatu…, gogotik!” idatzi da lurrean.

Share

Alkateak eskerrak eman dizkie hiru garbitzaileri, etxebizitza batean sortutako sutea hedatzea eragozteagatik

Alkate Gorka Urtaranek eta Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak  Antonio Martín, José Luis Fernández eta Fernando Arija hartu dituzte gaur udaletxean, Garbiketa Zerbitzuko langile horiek hiriaren erdialdeko etxebizitza batean sortutako sutea hedatzea eragotzi baitzuten joan den irailaren 13an.

Zehazki, Foru eta Olagibel kaleen arteko etxebizitza batean gertatu zen. Handik hurbil FCC enpresaren zisterna-kamioi bat zegoen, eta harekin ari ziren hiru langileek eragindako fatxadara zein etxebizitzara ura isurtzeari ekin zioten berehala.

Suhiltzaileak agertu arte jarraitu zuten; haiek etxebizitzara igo eta sutea itzali zuten. Hiru langile horiei esker, sutea ez zen hedatu, eta etxebizitzan bizi zen pertsona bizirik atera zen. Pertsona horrek erredurak zituen beso batean eta aurpegian, eta kea arnasteak intoxikazioa eragin zion.

 

 

 

Share

Udalak Gasteizko gazteen konplizitatea lortu nahi du indarkeria matxistaren prebentzioan

Berdintasun Zerbitzuak “Libre Izan Nonahi” kanpaina jarriko du abian udazken honetan; besteak beste, kaleko hezitzaileen talde bat asteburuetan gazte gehien dabiltzan inguruetara hurbilduko da.

 

Udalarentzat, Gasteizko gazteak dira aliatu onenak indarkeria matxistaren prebentziorako. Hori dela eta, “Libre Izan Nonahi” kanpaina jarriko du abian udazken honetan. Besteak beste, kaleko hezitzaileen talde bat gazte gehien dabiltzan inguruetara hurbilduko da urriko, azaroko eta abenduko asteburuetan eta data berezietan, hala nola Halloween edo Inauterietan.

Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak aurkeztu du kanpaina, zeina bihar, ostirala, hastekoa baita. Kanpainaren bidez gazteengana “era dinamikoan” iritsi nahi da, “indarkeria matxistari eusten dion balio eta sinesmenen sisteman eragiteko; indarkeria matxista identifikatzen eta prebenitzen eta horretaz ez baliatzen eta ikusmolde sexistak eraldatzen laguntzen duten mezuak azpimarratzeko; eredu sexual hegemonikoaz eta sexu harremanetako genero-rolez ohartarazteko, eta gazteek gizon eta emakumeen arteko indarkeria matxistaren aurrean jarrera aktiboa izan dezaten sustatzeko. Azken batean, ikusarazteko zein garrantzitsua den haiek indarkeria matxistaren kontra jarrera argia hartzea, ez onartzea portaera eta jokabide matxistarik, edo horrela ez jardutea. Orobat, emakume gazteei eta LGTBI multzoko gazteei informazioa eta tresnak eman nahi dizkiegu indarkeria matxista identifikatu eta prebenitzeko eta horri aurre egiteko“, azaldu du Miren Fernández de Landak.

 Indarkeria matxista prebenitzeko “Libre Izan Nonahi” programa beste baliabide bat da hirian indarkeria matxista prebenitzeko estrategiaren esparru orokorraren barruan. 2020ko azken hiruhilekoan beste prebentzio-jarduera batzuk landuko dira estrategia osatzeko. Horiek guztiek, aurrekoetan bezala, HARA! Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planari (2018-2021) jarraitzen diote, programa honen planteamenduen eta gainerako jardueren arteko koordinazioa eta koherentzia hobetzearren.

 

“MaitEZmindu”

Hezitzaile bikotearen lanaz gain, Berdintasun Zerbitzuak 25 lantegi eskainiko ditu DBHko eta LHko ikasleentzat, indarkeria sexista (emakumeen aurkakoa) eta beste indarkeria matxista batzuk (LGTBIfobia, esaterako) gertatzea eragin duten faktoreez hausnartzera bultzatzearren, eta begirunean, askatasunean eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzearren. “MaitEZmindu ViolenciaNoesAmor” izeneko lantegien bitartez, partaidetza-prozesuak sustatu nahi dira ikasleen artean, “banaka etan taldean hausnar dezaten eta, hartara, indarkeria matxista identifikatu ahal izan dezaten, eta horri aurre egin diezaioten, beren jarrera eta jokabideak eraldatuz”, nabarmendu du zinegotziak.

 

Mezu positiboa eta gazteentzako keinua

“LIBRE IZAN NONAHI ” lemak —2019ko Andre Maria Zuriaren jaietan ere erabilia— pertsona orok askatasun osoz agertu eta adierazteko duen eskubidea jarri nahi du agerian, eta jasaten edo ezagutzen dituen eraso sexista eta matxistei erantzuteko duen eskubidea/betebeharra.

Logoak aniztasuna islatu nahi du, koloreak eta tipografia gazte, atsegin eta irakurterraza baliatuz, gazteekin errazago konektatzearren, haiek baitira kanpainaren xede-publikoa. Eztanda bat ere gogorarazten du, askatze eta ahalduntze eztanda. Harridura markak, berriz, programa abian jartzeko beharra eta horretarako indarra adierazten du, bai Udalaren aldetik bai “Libre Izan Nonahi” kanpainaren hartzaileen aldetik. “L” letraren goialdeko formek, azkenik, bi beso zabalik irudikatzen dituzte, alegia, mezu positibo bat emateko gogoa, aske jokatzeko gogoa eta premia, inplikatzeko eta indarkeria matxistari aurre egitekoa.

Share