Prentsa Oharren banner

Udalak bi radar kabina jarriko ditu Iturritxuko kalean, errei berria duen tartean

Udalak bi radar kabina jarriko ditu Iturritxu kalean, errei berria duen tartean abiadura kontrolatzeko. Neurgailuak ikastolaren parean kokatuko dira, oinezko semaforodunen bi pasabideen artean eta Campo de los Palacios eta Miguel Mieg artean. Oinezkoen joan-etorri handiko guneak dira hauek. “Bide-segurtasun neurri honen bidez, kalea are gehiago lasaitzea espero dugu”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak.

Erabakia dagoeneko iragarri diete auzotarrei Hegoaldeko Auzogunean, alkateak duela bi aste aurreratu zuen bezala, eta bidearen beste lau puntutan abiadura aztertu ostean hartu dute. Trafiko Zerbitzuaren neurketen arabera, ibilgailuen % 83k gehieneko abiadura-seinaleak errespetatzen dituzte inguruan, baina % 17k araudiak ezarritako mugak gainditzen dituzte.

Radar bakarra jarri beharrean, zati osoa lasaitzea eta abiadura neurgailuaren parean moteldu ondoren ibilgailuek berriro azeleratzea saihestea da bi radar jartzeko erabakiaren helburua.

 

Udalak zirkulaziorako beste errei bat egokitu du Iturritxu kalean, Esmaltacionesetik Izardui Komandantearen kalearekiko bidegurutzeraino, Mendizorrotzerantz. Zati horretan aparkalekuak zeuden, eta horien ordez beste leku batzuk jarri dira inguruan. Neurriari esker, Esmaltacioneseko biribilgune berrian sortzen den trafikoaren intentsitatea arindu da.  Trafiko Zerbitzuak jaso dituen azken datuen arabera, une honetan 21.000 ibilgailu igarotzen dira leku horretatik egunean, bereziki lanerako joan-etorrien orduetan.

 

Share

Prentsa-deialdiak (2020-10-30)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urriak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————

Prentsaurrekoa. ‘Uniko’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Iñaki Rikarte, zuzendaria; Tomas Fernandez, antzezlea; eta Pilar Lopez, komunikazio arduraduna

Eguna. Ostirala, urriak 30

Ordua. 12:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

Gasteizek bat egingo du “Dando vida a la muerte” jaialdiarekin

 

Magdalena kaleko Sempervirens lorategian eta Antso Jakitunaren kaleko pergolan panel bana jarriko dira, herritarrek adierazi ditzaten bizitzari eta heriotzari buruz hausnartzen dutena

 

Ekimena New Orleansen jaio zen, Katrina urakanak eragindako txikizioaren ostean, eta urtez urte mundu zabaleko beste hiri batzuetara zabaldu da, heriotza eta doluaren prozesuaren inguruan diharduten, eta heriotza eta hiltzeko prozesuak ikusarazi eta normalizatzeko lanean diharduten kolektiboen eskutik.

Domu Santu egunarekin bat, Gasteizek bat egingo du aurten “Dando vida a la muerte” jaialdiarekin; besteak beste, panelak instalatuko dira hiriko zenbait lekutan, herritarrek biziarekin eta heriotzarekin loturiko mezuak eta hausnarketak idatzi ditzaten.

Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak eta ekimenaren ordezkari Mireya Arregik aurkeztu dute ekimena, gaur goizean.

Bihartik hasita (urriak 30) eta azaroaren 6ra arte zenbait jarduera egingo dira, baina guztien artean nabarmentzekoa da panelen instalazioa.  Magdalena kaleko Sempervirens lorategian eta Antso Jakitunaren kaleko pergolan ipiniko dira panelak bihartik aurrea, baina igandetik aurrera panel gehiago ere ipiniko dira leku hauetan, besteak beste: Lakua, Judimendi, Hegoalde eta Salburuko gizarte-etxeak, Arriagako okupazio-zentroa, Elorriaga, Armentia eta Berri Ona parrokiak, Dendaraba merkataritza-zentroa, Igurko Araba egoitza, Sita yoga-zentroa, Hermes Terapia Integral, Mendebaldea institutua, Asafes, Besarkada eta Ubikare sorospen-zerbitzua.

“Pentsamendu, desira eta oroitzapen horien bidez heriotza normalizatzera joko dugu, bizitzaren fase den aldetik, eta gaur egungo gizarteak esleitzen dion izaera ia-ia tabua erantsiko diogu.  Erritmo azkarrean bizi gara, lehiakortasunaren eta kontsumoaren kultura baten zurrunbiloan harrapatuta; halakoan, ahaztu egiten zaigu heriotza biziaren osagarri den ideia, eta heriotzarako bidea duintasunez jorratu behar dela, zaintzen bitartez, eta naturaltasunez”, nabarmendu du Elkarbizitzako zinegotziak.

Mireya Arregik, berriz, jaialdiak xede hirukoitza duela azaldu du: “herritarrei, oro har, heriotzaz hitz egitera animatzea eta heriotzaren prozesua zerbait natural gisa ulertzea, denoi iritsiko zaiguna; heriotzaren prozesuaren alderdi eta une desberdinak jorratzen dituzten kolektibo eta pertsonen bilgune izatea; eta Jaialdiaren astea urtean zehar elikatuko den proiektu etenik gabea bihurtzea, gure sare sozialen eta Youtubeko kanalaren bitartez hitzaldiak eta proiektu eta elkarteen aurkezpenak bitarte”.

“Dando vida a la muerte” jaialdia

 

 

 

Share

Udalak kirol apustuekin eta zorizko jokoekin lotutako prebentzio programa bat sustatu du, bereziki gazteei zuzendua

Gasteizko Udalak aurkeztu duen programak urte bukaerara arte iraungo du, eta herritarrak ausazko jokoei lotutako patologiez kontzientziatzea du helburutzat, baita kirol apustuek dakartzaten arazoen prebentzioa lantzea ere. Ekimenak lantegiak, kaleko ekintzak, kirol monitoreentzako prestakuntza, ihes-areto birtuala eta publizitate-kanpaina bat barne hartzen ditu, eta gobernu taldeak Elkarrekin taldearekin egin zuen aurrekontu-akordioaren emaitza da. Orotara 34.508 euro bideratuko dira programa osatzen duten jardueretara, hasieran aurreikusitakoa baino % 38 gehiago.

Bereziki gazteei zuzendutako ekintzak izango dira, joko mota ezberdinekiko adikzioaren hazkundea kezkagarria baita haiengan. Zorizko joko publikoen kasuan, EAEko adikzioei buruzko azken inkestaren arabera, 15 eta 34 urte bitarteko pertsonen % 41,2k aitortzen zuen azken urtean loterian eta antzeko zorizko jokoetan jokatu izana, eta % 8,9k, gutxienez astean behin.

Kirol apustuei dagokienez, gazteen % 16,4k aitortzen zuen azken urtean horrelakorik egin izana, eta % 3,6k, gutxienez astean behin. Egun bakarrean joko eta apustuetan gastatutako gehieneko diru-kopurua 49 euro da gazteen artean; oro har, 28,4 euro gastatu ohi ditu populazioak. “Arrisku moderatua” edo “gehiegizkoa” duten jokozaleen profilak ere zabalduago daude gazteen artean beste adin batzuetan baino.

“Joera horrek gora egin du azken urteetan, bereziki internet bidezko apustuen eta antzeko formulen eta joko-aretoen presio erantsiaren eraginez. Osasun publikoko politiken arlotik informatu, kontzientziatu eta prebenitzeko ahalegin handiagoa egin behar da. Gaur aurkezten dugun ekimena, zeina akordio politikotik sortu baita, erakundeok dugun erantzukizuna gure gain hartzeko modurik onena da, zorizko jokoek eta kirol apustuek profil bereziki sentibera batean, gazteen artean, sortzen dituzten kalteei aurre egiteko”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

“Gazteen ludopatiaren arazoa gorantz doa gure udalerrian. Horregatik, duela urtebete ludopatiaren kontrako udal kanpaina bat proposatzeko mozio bat aurkeztu genuen, eta Udalbatzak onartu zuen. Horren haritik, Elkarrekin taldeak ekimen hori sartu zuen aurrekontu-akordioan. Kalean bertan lan egiten duten elkarteekiko kanpaina hau urrats handia da gaitz horren kontra borrokatzeko, eta gazteak zorizko jokoen beste aurpegiaz sentsibilizatzeko“, erantsi du Elkarrekin-eko zinegotzi Oscar Fernándezek.

Apustuen eta zorizko jokoen prebentziorako programaren gakoetako bat arlo horretan diharduten tokiko elkarte eta agenteekiko lankidetza da. Zehazki, ASAJER-Errehabilitazioan ari diren Arabako Jokalarien Elkartearen eta Ai Laket! elkartearen laguntza dute aurreikusitako ekintzetako batzuek, baita hainbat arazori —jokoa, besteak beste— buruzko informazio eta pedagogia ekintzetan espezializatutako enpresa lokalek ere.

Publizitate-kanpaina bat izango da lehen ekintza: “Apustu egiten duzunean, dena desagertzen da” mezuaren bitartez, jokatzen duen pertsonak gal dezakeena azpimarratu nahi da modu positiboan, erraz ezagutu daitezkeen adibideak baliatuz. Kanpaina 15 eta 30 urte bitarteko populazio-taldeari zuzentzen zaio berariaz. Jokoaren kontrako ohiko mezuak —alderdi kaltegarriak azpimarratzen dituztenak— alde batera utzi eta hartzaileen konpromiso handiagoa lortu nahi da. Bide publikoko euskarriak (kartelak, hiri-altzariak…), Udalak dituen bitarteko digitalak (webgunea, sare sozialak, etab.) ete beste bitarteko osagarri batzuk erabiliko dira kanpainan. Formatuei dagokienez, nabarmentzekoa da 10 binilo jarriko direla zenbait bizikleta-aparkalekutako zoruan, publiko hartzailea erakartzearren.

Gaur bertan abiaraziko da publizitate-kanpaina, urriaren 29a Zorizko Jokorik gabeko Eguna baita; jokoarekin lotutako patologien errehabilitazioa helburutzat duten estatu osoko elkarteek hartzen dute parte ekimen horretan. Zenbait jarduera antolatu dituzte herritarrei zorizko jokoen eragin kaltegarriei buruzko informazioa emateko.

Azaroan zehar prestakuntza-jarduerak eskainiko dira programaren bidez. Izan ere, ikastetxeetan egiteko bi lantegi antolatu dira:

  • Legez kanpoko drogen, zorizko jokoen eta kirol apustuen prebentziorako lantegia, aholku orokorrak emateko.
  • Legez kanpoko drogen, zorizko jokoen eta kirol apustuen arriskuak gutxitzeari buruzko lantegia, ikasgelan ikasleren batek jokatzen duela antzemanez gero esku hartzeko jarraibideak emateko.

Hamahiru ikasgelak eman dute izena lantegietarako; ikuspegi didaktiko eta dinamikoan oinarritutako hiru saio izango dira. Hezkuntzaren alorrean, orobat,  Bart Freundlich-en “La última apuesta – Wolves” filma proiektatuko da. Filmak jokoarekin lotutako patologien gaia jorratzen du, eta irakasle-ikasleek horretaz hausnartzeko bide emango du, material osagarriaren laguntzaz. Hamazazpi ikasgelak hartuko dute parte.

Udalaren webgunean kontsulta daiteke hezkuntza lantegiei eta proiekzioari buruzko informazioa. Ekintza horien xede diren mailetako irakasleek saludpublica@vitoria-gasteiz.org helbidera ere idatz dezakete izena emateko.

Bestetik, ihes-areto birtuala jarriko da abian azaroan, zorizko jokoen eta kirol apustuen gaia formatu ezberdin batean lantzeko, banaka zein taldean. 15-16 urte inguruko gazteentzat pentsatua dago bereziki; 45 minutuko abentura bat da, zeinean joko patologikoaren erakarmenetik ihes egin beharko baita asmakizunak eta enigmak askatuz.

Kirol arlora berariaz zuzendutako ekintza bat aurreikusi da, halaber, ASAJER elkartearekiko lankidetzan. Arlo horretan diharduten monitoreentzako eta beste talde batzuentzako prestakuntza-lantegia da: gaiari buruzko ezagutzak aztertu ondoren, prestakuntza teoriko-praktikoa eskainiko da arrisku-portaerak nola antzeman eta horien aurrean nola jokatu ikasteko, eta kirolarekin lotutako balioak zabaltzeko, hala nola adiskidetasuna, ahalegina, emozioen kontrola eta helburu komunaren alde lan egitea.

Prebentzio programa osoan zehar gazteei zuzendutako kaleko ekintzak egingo dira. Osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian, alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoak dakartzan arriskuei buruz sentsibilizatzeko ekintzak egingo dira aisialdirako guneetan, eta jokoarekin lotutako arazoak aztertuko dira amaitzeko.

Osasun Publikoaren Zerbitzuak koordinatu du kirol apustuen eta zorizko jokoen prebentziorako programa, eta Hezkuntza, Gazteria eta Euskara zerbitzuek, Komunikazio Atalak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak ere hartu dute parte. Udalaz gain, EHUren Arabako campusak hartuko du parte komunikazio ekintzetan.

+info: vitoria-gasteiz.org/jokoariaurre

Dossierra

 

 

Share

Gasteizko artista gazteek egindako argazkiak eta ikus-entzunezko instalazioak biltzen dituen ‘Tetrapack 2020’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak

‘Tetrapack 2020’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak, urriaren 30etik azaroaren 29ra bitartean. Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketan hautatutako pieza artistikoek osatzen dute erakusketa, eta Gasteizko Udalak antolatu du, Gazteria Zerbitzuaren bitartez, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren laguntzarekin. Gaur goizean aurkeztu da erakusketa, Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol zuzendari Inmaculada Sánchezek parte hartu duten ekitaldian.

Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketaren emaitza da Tetrapack ekimena, zeinen bitartez arte-sorkuntza bultzatu nahi du baita, erakusketa-espazioak betez, sortzaile berrien lana erakusteko.

Honako hauek arkeztuko dituzte beren lanak Tetrapacken hamargarren edizio honetan: Nuria Pérez-Cárcamok, Itzal Zubillagak eta Elisa Talbi, Siham Zannouti, Khadija Zannouti, Fatma Haimed, Deborah Aiguayu eta Rodaina Hamidek osatzen duten kolektiboak. Hiru argazkigintza-proposamenek eta ikus-entzunezko instalazio batek osatzen dute erakusketa.

Gazte Klik Klak programan saritutako sortzaileek prestakuntza-prozesu batean parte hartu zuten ondoren. Hartara, erakusketa-proposamen partekatu bat egin ahal izan dute beren obra erakusteko, argazkigintzaren, bideo-sorkuntzaren eta arte plastikoen arloko adituen laguntzarekin. Prozesu horren guztiaren emaitza da Tetrapack erakusketa.

2019an, ‘Zurrumurrurik ez’ gaia jorratu zuen Gazte Klik Klak lehiaketak. Pentsamendu kritikoa sustatu eta estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuen eragin negatiboen gainean sentsibilizatzeko asmoz aukeratu zen gai hori.

Bai Gazte Klik Klak 2019 lehiaketan, bai Tetrapack 2020 erakusketan, Jorge Salvador aritu da komisario lanetan —argazkigintzan eta ikus-entzunezkoetan esperientzia handia duen profesionala, ZAS Kulturren ordezkaria— eta Xabier Martinez komisario elkartua gisa.

 

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzainek azken 24 orduetan zazpi zirkulazio-istripu erregistratu dituzte eta pertsona bat zauritu da istripu horietan.

Bestalde, suhiltzaileak atzo Andetxa udalerrian izan ziren paper-edukiontzi batean piztutako sua itzaltzeko. Bestalde, osasun-laguntza behar zuen pertsona bat leihotik atera ahal izateko laguntza eskatu zieten.

 

Share