Prentsa Oharren banner

(Argazkiez eguneratuta) Urtarrilean hasiko dira tranbiaren plataforma Salburuara luzatzeko lanak

Proiektuak hirutik bira murriztuko ditu Bulebarreko erreiak, metro arinak alboko trenbide batetik zirkula dezan

Datorren urtearen hasieran hasiko den hurrengo obra frontea Florida eta Jacinto Benavente kaleen arteko bidegurutzeari dagokiona izango da

Tarte berria 2,5 kilometro da luze eta bost geraleku berri jasotzen ditu

Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen erakunde publikoak, Salburuan galtzada aldatzeari ekin dio, datorren urtarriletik aurrera tranbiaren luzapena Gasteizko auzo horretan sartzeko. Etorbide horretako gurpil gaineko trafikoaren zirkulazioa hiru errei izatetik bi errei izatera pasatuko da noranzko bakoitzean, eta tarte horretan metro arinak alboko trenbide batetik zirkulatuko du. Lan horien barruan erdibitzailea lekuz aldatzea sartzen da, eta erdibitzailea zegoen lekuan zuhaitzak landatuko dira.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin batera, 24,8 milioi euroko (15,5 milioi euro obra zibilean) aurrekontua duten obren garapena bisitatu du gaur goizean. Obren % 65 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du, eta gainerako % 35 Udalak eta Arabako Foru Aldundiak erdibana. Egikaritze epea 30 hilabetekoa da.

Galtzada zuzentzeko lana egin ahal izateko, ETSk hiri-altzariak kendu behar izan ditu, ukitutako zerbitzuak desbideratu eta bertan zegoen erdibitzailea zuzendu aurretik. Bertan landatuta zeuden zuhaitzetako asko udal haztegira eraman dira. Era berean, lursail bat okupatu da Salburuan, pilaketa-eremu gisa, eta beste bat Iliadan, obrako etxolak muntatzeko.

Ibilgailuen trafikoak bere behin betiko espazioa okupatzen duenean, aurreikuspenak betetzen badira 2021. urtearen hasieran, Salburuako bulebarraren mendebaldeko erdialdea libre geratuko da. Horri esker, tranbiaren plataforma eta Nikosia eta La Union geltokiak eraikitzeko lanak hasi ahal izango dira. Lan horiek Florida-Jacinto Benavente kaleen arteko bidegurutzean egongo den obraren beste fronte baten aurrerapenarekin batera gauzatuko dira.

Tranbia luzatzeari esker hiriaren ekialdean dauden auzoen konexio zuzena hobetu ahal izango da. Zehatzago esanez, Santa Luzia eta Salburua auzoek erdialdearekin, Lakuako autobus geltokiarekin eta une honetan dauden lineen zerbitzua jasotzen duten guneekin duten lotura hobetuko da. Horrez gain, auzo horiek Hegoalderekin eta EHU/UPVko campusarekin lotuta geratuko dira hegoaldeko luzapenari esker.

Mugikortasuna eta hiriburuaren erdialdearen eta auzoen arteko harremanak hobetzeaz gain, tranbia Salburuara luzatzeak urbanizatutako gune berriak sortzen eta bidegorri sarea hedatzen ere lagunduko du.

Ildo horretan, 2,5 kilometroko trazatu berriaren eraikuntzak 70.860 metro karratuko urbanizazio berria ekarriko du, horietatik ia 22.000 tranbiaren trazatuari eta bost geralekuei dagozkie: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Unión eta Salburua. Geraleku horiek, 50 metroko luzera (sarrerako arrapalak barne), 3,5 metroko zabalera eta 25 zentimetroko altuera izango duten alboko nasekin diseinatu dira.

Proiektua egikaritzearen ondorioz, udal bidegorri sarea 2.390 metro luzeagoa izango da. Espazioaren gainerakoa, Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak adostutako jarraibideen arabera urbanizatuko da. Gainera, trazatu berriaren % 95ean, tranbiak bide berdetik zirkulatuko du.

Bisitan, Arriola sailburuak azpimarratu duenez, “tranbia, garraiobide modernoa eta hiria egituratzeko faktorea izateaz gain, Vitoria-Gasteizko ezaugarri bihurtu da”. Auzoan bizi diren pertsonei lanek eragindako eragozpenengatik barkamena eta ulermena eskatu ondoren, Garraio sailburuak hau gaineratu du: “obra guztiek deserosotasunak eragiten dituzte ezinbestean, baina ziur gaude horiek guztiz konpentsatuta geratuko direla tranbiak ematen duen hiri garraio zerbitzu azkarra, eraginkorra eta ekologikoa jasotzean”.

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Arabako Foru Aldundiak Gasteizen mugikortasuna garatzen laguntzeko egin duen apustua azpimarratu du. “XXI. mendean hiriak birpentsatzen ari dira, eta mugikortasunak berebiziko garrantzia du diseinu berri horretan, iraunkortasunaren ikuspegitik. Eta hortik dator azken hamarkadan izan dugun konpromiso politikoa eta ekonomikoa”, adierazi du. Ondoren, tranbiaren aldeko apustu horrek lurralde osoan egiten duen ekarpena ere aipatu du, lurralde oreka eta energia-trantsizioa, besteak beste. “Horrela egiten dugu aurrera abangoardiako Araba horretan, baita mugikortasunaren arloan ere, eta horren alde ari gara lanean erakundeetatik, baita Arabako Aldundi honetatik ere”.

Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez, “tranbia Salburura luzatzea albiste bikaina da Gasteizentzat. Proiektu honek beste bultzada bat ematen dio mugikortasun jasangarri, eraginkor, puntual, irisgarri, elektrifikatu, moderno, seguru eta erakargarriaren alde egin dugun apustuari. Tranbiaren luzapena auzo honekin genuen konpromisoa zen. Gasteizko 37.000 bizilagunekin genuen konpromiso hori, erakundeen arteko lankidetzaren bitartez bete dugu. Proiektuak Salburua hiriaren gainerakoarekin lotuko du, garraio publiko sistema bikainaren bitartez, ibilbide osoaren berrurbanizazioarekin eta bizikleta bidezko konexioen hobekuntzarekin batera”.

Trazatua

Trazatu berriaren lotunea Florida, Herran eta Las Trianas kaleek bat egiten duten puntuaren inguruan dago. Tranbia Unibertsitatera luzatzeko lanek maniobretarako mahuka bat prestatu dute bertan. 0+200 K.P.an trazatua, Calasanz – Escolapios ikastetxearen itxidurarekin paraleloan doan iparraldeko galtzadaren gainera sartzen da, eta tranbiaren plataformak galtzada hori okupatuko du.

Florida eta Jacinto Benavente kaleen intersekzioan dagoen biribilgunean, trazatuak eskuinerantz egiten du pixka bat, 230 metroko zuzenguneari bidea emateko. Bertan dago lehenengo geltokia, nasak alboetan eta katenariaren zutabeak erdian dituen Santa Luzia, Vicente Alexandre kalearekin intersekzioan dagoen biribilgunea zeharkatu aurretik.

Tranbiak Florida kaleko iparraldeko galtzadatik jarraituko du, eta Astronomoen kaleko intersekzioan dagoen biribilgunea igaro ondoren, trazatua Iliadako Pasealekuan sartuko da. Bigarren kale horretan dago tarteko bigarren geltokia, Iliada. Geltoki horrek ere nasak alboetan eta katenariaren zutabeak plataforman zentratuta ditu.

90 graduko bira egin ostean, tranbiaren plataforma bulebarreko mendebaldeko galtzadaren gainera doa, 645 metroko lerrokadura zuzenean. Bertan egongo dira Nikosia eta La Unión geltokiak.

Ondoren, tranbiaren plataformak La Unión plazako biribilgunea zeharkatu, Salburuako Bulebarreko tarteko galtzadatik aurrera egin, ibilbidea Aerodromoko Pasealekuko oinezkoentzako gunetik jarraitu, zenbait bidegurutze igaro eta, amaitzeko, Martxoaren 8 Etorbideko erdibitzailearen gainean dagoen pasealeku eta lorategi eremuaren gainetik doa.

Amaierako geralekua, Salburua, auzoaren erdialdean dago, gutxi gorabehera, Martxoaren 8 Etorbidearen erdian.

 

Share