Prentsa Oharren banner

Bihar inauguratuko da Floridako jaiotza monumentala

Olentzero eta Mari Domingiren etxea Zulueta jauregiko lorategietan bisitatu ahalko da

 

Bihar, abenduak 4, irekiko da Floridako jaiotza monumentala, arratsaldeko lauretan; jaiotza 1962an jarri zen lehenengoz, eta Gasteizko harribitxi artistikoetako bat da.

Pandemia dela eta, bisitak segurtasunez egiteko protokolo bat ezarri da. Parkearen barruko bideek noranzko bakarra eta nahitaezkoa izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko. Sarrerak, irteerak eta distantziak seinaleztatuta egongo dira lurrean.

Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. “Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak. Jendea noranzko bakarrean igaroko da aurretik, eta dohaintza ere eman ahalko du“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Herodesen gaztelua iazko leku berean jarriko da, eta hara hurbiltzeko ere noranzko bakarra izango da. Aurtengo Eguberrietan jasotzen den dirua gaztelua finantzatzeko baliatuko da hirugarren eta azken urtez; 40.000 euroko kostua izan zuen (BEZa barne).

Urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da jaiotza monumentala, 10:00etatik 21:00etara.

 

Olentzero eta Mari Domingi

Pandemia dela kausa, Olentzero eta Mari Domingiren etxea Zulueta jauregiko lorategietara aldatu da, jendearentzako leku gehiago izatearren. Senda ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da, eta sarrerak, irteerak eta distantziak behar bezala seinaleztatuko dira.

Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Jaiotza monumentalarekin batera inauguratuko da, bihar, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita.

 

Share