Prentsa Oharren banner

Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarrak haur eta gazte literaturaren alorreko Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak jaso dituzte

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, Udalak sustatutako haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako “Vitoria-Gasteiz” sariak banatu dira, Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldi batean. Aurtengo irabazleak, sarien 17. edizioan, Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarra itzultzaileak izan dira, ‘Plein plein plein d’animaux’ eta ‘Catriona’ obrengatik. Bide batez, Udalbatza osatzen duten talde politikoen bozeramaileek Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri dute.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diploma eman die bi itzultzaileei. Alexandra Garibalen ‘Plein plein, plein d’animaux’ —‘Animalia asko, pila bila’— liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Patxi Zubizarretak, eta 9.000 euro eskuratu ditu. Jatorrizko liburuaren berezitasuna, hitz-jokoak eta umorea euskarara ekartzeko gaitasuna azpimarratu da. Gainera, epaimahaiak adierazi du oso maila altuko itzulpena dela Zubizarretarena.

Xabier Olarrak, ordea, Robert Louis Svensonen ‘Catriona’ren itzulpenagatik lortu du saria. 9.000 euro eskuratu ditu ere. Kasu honetan, egindako lanaren kalitatea eta itzulpenean lortutako hizkuntza-maila altua goraipatu dute. Epaimahaiaren hitzetan, “itzulpen borobila” da. “Euskara dotore eta, aldi berean, erraz eta lehen irakurketan ulertzeko modukoa da”, esan dute.

Alkateak itzultzaileek egiten duten lana aldarrikatu du. “Zuen ahalegina eskertzen dizuet horrelako lanak gurera ekartzeagatik”, esan du Gorka Urtaranek. “Haizeak eramaten ditu hitzak, baina idatzita dagoena betirako geratzen da. Euskararen kasuan, biak bateragarriak eta beharrezkoa da. Beharrezkoa da gure hizkuntzak hegan egitea, baina baita gure hizkuntza liburuetan finkatzea”, aipatu du.

 

Adierazpena

‘Vitoria-Gasteiz’ sariak banatzearekin batera, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri da ekitaldian. Alkateaz gain, euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai eta talde politiko guztien ordezkariek hartu dute parte: Igor Salazar (PSE-EE), Miren Larrion (EH Bildu), Ainhoa Domaica (PP) eta Gema Zubiaurre (Elkarrekin).

2020KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA https://bit.ly/36AIa05

 

Share