Prentsa Oharren banner

Landa-eremuko ahaleginari eutsiko dio Gasteizko Udalak 2021ean

Herrietan hainbat obra egitea, espazio degradatuak berreskuratzea eta espazio publikoak mantentzea aurreikusten da udal-aurrekontuen proiektuan

Herritarrentzako zuzeneko zerbitzuen partidak lehenetsi ditu gobernuak, berdintasunaren eta bizikidetzaren arloan

Gazteentzako aisialdiko eta denbora libreko proiektuek 364.000 euro dituzte erreserbatuta

 

Landa-eremuko ahaleginari eutsiko dio udal-gobernuak 2021ean, arloko zinegotzi Miren Fernández de Landak aurkeztutako aurrekontu-proiektuaren arabera.

Hainbat obra aurreikusten dira herrietan, 150.000 eta 100.000 euroko partidekin, eta orobat espazio degradatuak berreskuratzea —30.000 euro— eta espazio publikoak mantentzea —281.000 eurotik gora—, besteak beste. Landa-eremuan hondakinak biltzeko eta El Salvador hilerria mantentzeko milioi bat eurotik gorako partida dago erreserbatuta.

Berdintasun, Bizikidetza eta Aniztasun eta Gazteria zerbitzuen aurrekontu-aurreikuspenak ere azaldu ditu Miren Fernández de Landak, gaur arratsaldean.

Arlo horietan, herritarrentzako zuzeneko zerbitzuen partidak lehenetsi dituela gobernuak, azaldu du zinegotziak.

Gazteriari dagokienez, aisialdiko eta denbora libreko programek —Gauekoak, Extraklub, Gazte Arte, Gazte hitzak, Gazte Factiry eta beste— 364.000 euroko partida izango dute. Erronka Gazteak gazte-planak 100.000 euro izango ditu, gazteentzako aholkularitzek 106.500 euro eta proiektu komunitarioek 40.000 euro.

Berdintasun Zerbitzuan, planifikatutako Berdintasun Planeko jarduerek 40.000 euroko inbertsioa izango dute, Jabetze Feministarako Eskolak 120.000 euro, indarkeria matxistaren prebentzioak 80.000 euro eta sexu- eta genero-aniztasunaren agendak 20.000 euro. Berdintasun Zerbitzuari zuzenean atxikitako ekintza horiez gain, zinegotziak gogorarazi du gizon eta emakumeen berdintasunean aurrera egitearekin zerikusi zuzena duten hainbat partida sartu direla beste sail batzuen aurrekontuetan ere —Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila, Gizarte Politiken Saila, Giza Baliabideen Saila, Ekonomia Sustapenaren Saila, Osasun eta Kirol Saila eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila—.

Bizikidetzari eta aniztasunari dagokienez, zurrumurruen kontrako estrategia sendotuko da —36.000 euro—, Bizikidetza Planera 131.000 euro bideratuko, “Elkarrekin bizitzen ikasi” programara 21.000 euro, Hiri Hezitzaileen programara 17.100 euro, eta itzulpen eta interprezio zerbitzura eta zeinu-hizkuntzaren zerbitzura 28.000 euro.

Share