Prentsa Oharren banner

Udalak Iparralde gizarte etxea, Samaniego ikastetxea, Astronomo kaleko futbol-zelaia eta Mendizorrotzeko atletismo pista eraberrituko ditu

Hobetuz programaren barruan,  Aldaiako kirol-zelaiak, Zabalganeko hiri-baratze berria, Malizaheza kalearen berrikuntza, ‘Haurren Auzoa’ eta Lakuabizkarra eta Ibaiondoko trafiko soluzioak gauzatuko dira.

Gasteizko zinegotzi Borja Rodríguezek bere ardurapean dituen bi sailen 2021erako aurrekontuak aurkeztu ditu gaur. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak 28.818.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, eta horietatik 5.944.000 euro inbertsioetarako erabiliko dira, % 10 gehiago.

“Ikastetxeetan, adinekoen zentroetan, gizarte etxeetan eta kirol instalazioetan egingo ditugu inbertsioak. Iparralde, Samaniego ikastetxea, Astronomo kaleko futbol-zelaia eta Mendizorrotzeko atletismo pista eraberrituko dira”, nabarmendu du Rodríguezek.

 Lan horiek enplegua sortzeko balioko dute. “Tokiko ekonomia sustatzen duen motorra izan nahi dugu. Gurekin lan egiten duten enpresa gehienak txikiak eta ertainak dira, edo gure hiriko autonomoak“, azpimarratu du.

Rodríguezek bere kontuetako zenbait partida aletu ditu, esaterako, energia kudeatzeko ekipoak berritzeari dagokiona, zeina 550.000 euroan geratuko baita, iaz % 358 igo zelarik.

“Energia elektrikoz hornitzeko kudeaketa iraunkorrerako kontratu berriak berokuntza sistemak dituzten eraikin guztietan esku hartzea aurreikusten du, datozen bost urteetan guztira 6.847.040,71 euro inbertitzeko”, azaldu du: “ikastetxeak eta Gizarte Politiken Sailaren eraikinak energia elektrikoz hornitzeko bi kontratutan % 100ean jatorri berriztagarria izan beharko du horrek. Eraikin jasangarriagoak eta eraginkorragoak eduki ahal izateko jarduerak bultzatzen jarraitzeko asmoa dugu”. 

Zinegotziak bere egin du Udalaren eraldaketa digitala sustatzeko eta herritarren zerbitzura egongo den administrazioa osatzen jarraitzeko konpromisoa, pandemiaren garaietan ezinbestekoa bihurtu baita. Horrekin lotuta, 170.000 euroko urteko zuzkidura aurreikusi da E-administrazioaren Gida Planerako partidan.

Gainera, azpiegitura eta komunikazioen ekipoak berritzen jarraituko da 2021ean, 550.000 euroko partida baten bitartez: zerbitzariak, zuntza, sareak, segurtasun-kopiak…

Orobat, 100.000 euroko partida sartu da segurtasun-planarekin lotutako ekintzak sustatzeko, sistema eta datuen segurtasuna hobetzeko xedez.

 

Herritarren Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak

Borja Rodríguezek zuzentzen duen beste sailaren kontuak ere azaldu ditu, hots, Herritarren Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak. Horren zuzkidura ekonomikoa 4.746.220,24 euro da, 2020an baino % 7 gehiago.

Inbertsioetarako kopurua bikoiztu egin da, 1.560.000 euroraino. “Mejorando VG Hobetuz programarako partida hirukoiztuko dugu, bukatzeke dauden ekintzak burutu ahal izateko: Aldaiako kirol-zelaiak, Ortubi (Zabalganeko hiri-baratze berria), Malizaheza kalearen berrikuntza, ‘Haurren Auzoa’ eta Lakuabizkarra eta Ibaiondoko trafiko soluzioak“, iragarri du.

Zinegotziak gogorarazi du joan den urtarrilean onetsi zela Herritarren Partaidetzaren Plan berria; udal talde guztiek adostu zuten agiria, agintaldi honetarako bide-orria izan dadin.

Partaidetza politikak eta gardentasuna irmo bultzatzen jarraitu nahi dugu, baita gizarte etxeen sarea ere, hiriko harribitxietako bat baita“, nabarmendu du.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share