Prentsa Oharren banner

Mugikortasun iraunkorraren alorreko inbertsioak, bi milioi superetxadietarako eta beste sei milioi auzoetan jarduera eta enplegua sustatzeko, ekonomia berdearen alde eginez  

– Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontuak barne hartzen dituen partidetan BEAren kotxetegiak eraikitzea, Future Mobility Lab abian jartzea, Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasea eta El Corte Inglés-en zama-lanetarako kaia lurperatzea jaso dira

 

– Argiteria hobekuntzak, bizikletentzako azpiegitura berriak eta zuhaitzak kudeatzeko planak ere nabarmentzen dira kontu horietan, zeinek “inbertsioen aldeko apustua egiten” baitute, “hiri honetan pertsonen bizi-kalitatea haiek nahi duten mailara irits dadin“, Raimundo Ruiz de Escuderoren hitzetan

 Mugikortasun alorreko inbertsioak, superetxadien ezarpena, espazio publikoa hobetzeko lanak eta Gasteizek aurrera egin dezan laguntzeko proiektu berriak. Horiek dira Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak —zeinaren buru Raimundo Ruiz de Escudero zinegotzia baita— 2021erako landu duen aurrekontuaren ezaugarri nagusiak. “Inbertsioen aldeko apustua egin dugu, hiri honetan pertsonen bizi-kalitatea haiek nahi duten mailara irits dadin”, nabarmendu du zinegotziak.

Urtaranen gobernuak alor horretan 2021erako egin dituen proposamenen artean ekimen indartsuak ditugu: BEA ezartzea eta tranbia Salburura luzatzea —Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren finantzaketa ere badute lan horiek—, TUVISAren kotxetegiak eraikitzeko lanen lehen fasea —autobus elektriko adimentsuaren karga-unitateari dagokio, 5,7 milioiko inbertsioaz—, bi milioi euroko partida hirian superetxadiak ezartzeko, eta sei milioiko zuzkidura auzoetan obrak egiteko, Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasea barne. Proiektu hori 2021ean lizitatuko da, eta 500 bizikleta baino gehiagorentzako aparkalekua jarriko da.

Bada gehiagorik. Izan ere, Sailak 1,2 milioi euroko zuzkidura aurreikusi du El Corte Inglés-en zama-lanetarako kaia lurperatzeko; 200.000 euro bizikletentzako azpiegituretarako; 4,1 milioiko inbertsioa berdeguneak zaindu eta garatzeko, 1,3 milioiko partida bat eraberritze eta asfaltatze integraletarako, eta 150.000 euroko inbertsioa led teknologiako argiteria ekipo berrietarako.

Florida parkeko haitzuloa berritzeko partida ekonomiko bat ere aurreikusi da (275.000 euro), eta Salbatzailearen hilerriko lursail batean hilerri musulmana egokitzeko partida bat (150.000 euro). Horretaz gain,  Ruiz de Escuderok nabarmendu du hainbat inbertsio egingo direla espazio publikoaren kudeaketan genero-ikuspegia txertatzen jarraitzeko (argiteria, azpiegitura berdeak…), auzoetako zuhaitzak kudeatzeko planetarako (300.000 euro), trafikoa moteltzeko, taxi elektrikoak erosteko laguntzetarako (40.000 euro), eta Koroatzearen auzoan SmartEnCity proiektuaren barruan esku-hartzeak egiteko (100.000 euro).

Azken batean, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontuak inbertitzeko asmo argia du —Gasteizko Udalean zuzkidura ekonomiko handienetako bat du—, baina zorroztasunez landu da, Orain Gasteiz planean jasotako lehentasunak kontuan izanik. Batik bat, ekonomiari eta inbertsio publikoari laguntzeari dagokionez.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Udaltzainek azken 24 orduotan zirkulazioko hamasei istripu erregistratu dituzte eta bederatzi pertsona zauritu dira horietan.

Kea kutxatila batean

Magdalena kaleko kutxatila batetik ateratzen ari zen keak hiritarren artean beldurra eragin du gaur, 07:30 inguruan. Udaltzainek oinezkoentzako pasabidea itxi dute eta suhiltzaileek egiaztatu dute zirkuitulabur baten ondorioz kable batzuk erre direla.

 

Share

Eguberrietako azoka zabaldu da Gasteizen; 35 saltoki izango dira, Covid-19aren kontrako segurtasun-neurriak tarteko  

Bi kokaleku izango dituzte ekoizleek, berriro, gaurtik eta urtarrilaren 6ra arte: Independentzia kalea eta Urrezko Zeledonen plaza.

Eguberrietako azoka zabaldu du Gasteizko Udalak gaur eguerdian. Independentzia kalean eta Urrezko Zeledonen plazan izango da, aurreko urtean bezala, baina koronabirusaren kontrako segurtasun-neurriekin. Zehazki, edukiera-kontrola izango da azokan, jende-pilaketak ekiditeko, eta ibilbide bakarra —sarrera eta irteerako ate bakar bana—. Gainera, alboak zabalik ditu galeriak, instalazioak etengabe airezta daitezen.

Aurreko edizioetan bezala, eskulanak saltzeko 35 saltoki izango ditu Eguberrietako Azokak, saltzaile lokalak nahiz handik eta hemendik etorriak, era askotako produktuak salduko baitituzte: larruzko eskulanak, zilarrezko bitxiak eta harri erdibitxiak, modako osagarriak, brontzezko eskulanak, dekorazioko objektuak, haurrentzako jolasak, kosmetika naturala eta beste.

Aurreko urteetan bezala, urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik azoka. Ordutegia, berriz, 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara artekoa izango da. Iaz baino ordu erdi lehenago itxiko da, beraz. Salbuespen hauek izango dira:

  • Urtarrilaren 1ean, ez da irekiko goizez.
  • Urtarrilaren 5ean, ez da itxiko eguerdian.

Gehienez 35 saltoki izan zitezkeen arren, 62 eskabide jaso dira. Argi uzten du horrek zer-nolako interesa duen azoka horrek eskulangintzaren sektoreko profesionalentzat.

 

 

 

Share

Bakezaletasunaren eta gatazken konponbidearen arloko adituek parte hartu dute Udalak antolatutako “Giza Eskubideak XXI. mendeko hirian” jardunaldian

Bakezaletasunaren eta gatazken konponbidearen arloko adituek parte hartu dute, gaur goizean,  “Giza Eskubideak XXI. mendeko hirian” jardunaldi birtualean. Hirian Giza Eskubideak Babesteko Gutunaren 20. urteurrenaren barruan sartzen da Udalak antolatutako jardunaldi hori.

Gorka Urtaran alkateak eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernández de Landak parte hartu dute.

Hausnarketa egin eta beste hiri batzuekin esperientziak partekatzeko asmoz antolatu du Udalak jardunaldia, Bizikidetza eta Aniztasun Planaren (2018-2020) lehen fasea bete delarik, eta bigarren zikloari ekin aurretik, udal politiketan, zeharka, giza eskubideen kultura finkatzeko ahalegin partekatuan.

Tica Font bakezaleak hitzaldia eskaini du, mahai-inguruaren aurretik. Bertan, Utrech, Granollers edo Madrileko esperientziak eta proposamenak azaldu dira.

 

 

Share

Gasteiz Natalia Lacunza, Eñaut Elorrieta eta En Tol Sarmientoren musikaren oihartzunez beteko da

Abenduaren 15ean jarriko dira salgai Kontzertu Handiak eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloetarako sarrerak

 

Udalaren Antzoki Sareak neguko denboraldirako antolatu dituen ikuskizunen arteko hiru iragarri ditu. Hiru kontzertu dira: Natalia Lacunzarena, otsailaren 5ean; Eñaut Elorrietarena, otsailaren 27an, eta En Tol Sarmientorena, martxoaren 12an. Guztiak 19:00etan hasiko dira.

“Gure antzokietako neguko programazioaren aurrerapena dakargu gaur. Kalitateko hiru proposamen dira, eta Gasteizko publikoak gustuko izatea espero dugu. Musikaren aldeko apustua da, pandemiaren eragina pairatu duenez sostengu eman nahi baitiogu”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Urtarrileko azken astean jarriko dira sarrerak salgai, bai kontzertu horietarako bai gainerako ikuskizunetarako. Abonamendu irekiak urtarrilaren 27an jarriko dira salgai, leihatilan bakarrik, eta urtarrilaren 29an, sarrera solteak, ohiko kanaletan.

Natalia Lacunza

Natalia Lacunza (Iruñea, 1999) abeslaria, konpositorea eta interpretea da; baina ez dago ezer konparatzerik duen gauzarik garrantzitsuenarekin, bere etorkizunarekin: Nataliak arrakastaren estigma eta Operación Triunfo bezalako programa batean distiratzeak dakarren kontzeptua haustea lortu du, bere musika, eraginak eta kantuak ulertzeko modua aurkezpen-gutun bakar bihurtzeko.

Azken bi urteetan zehar, bere musika bedroompop-etik RnB-ra edo Soul-era doazen eraginez inguratu da, baina pop bokazio nabarmena ahaztu gabe.

Eta orain, 2020an, urte madarikatua, azkenean, gizartean zuzenean aurkezten da bere lehen bi “Ep”ak bira osatzeko, etxerik gabeko lasterketa baten benetako irteera puntua direnak.

Sarrerak 24, 18 eta 12 euroan salduko dira.

Eñaut Elorrieta

Irteera argiak Eñaut Elorrietak azken urteotan garatutako ibilbidearen ondorio zuzena da. Oso gaztetan kantuan hasi zenetik urrats bat harago egin du proiektu bakoitzean, beti gorantz, sorkuntzan, interpretazioan, eskenatokiaren gaineko agerpenetan eta, batez ere, publikoaren aurreko perzepzioan.

Aukera ezinhobeagoa du publikoak lan berri honen eta kantariaren eskutik abesti berrion zapore gozoa bezain sentikorra eskuzabalki jasotzeko. Lan berria erabat sinesgarria eta atsegina baita, eta neurri handi batean baita hunkigarria ere.

Disko berriko abesti sendoez gain, bere errepertorio esanguratsuaren esentzia ere ekarriko du Eñautek zuzenetara, haseratik erakutsi dituen zintzotasuna eta benetakotasuna eskenatokira ekarrita.

Sarrerak 21, 15 eta 12 euroan salduko dira.

E.T.S. (En Tol Sarmiento)

ETS edo En Tol Sarmiento taldeak (Iekora, Araba, 2005) urrats erraldoia eman du aurrera. ETS taldearen bosgarren diskoaren izenburua bera printzipioen adierazpena da: Aukera berriak. Taldeak garden azalduko digu letretan bizitzan agertzen diren ate zahar eta gazteetan edo norabide askotarikobidegurutzeen aurrean aukera berriak sorraraziko zaizkigula eta ditugula, hemen eta oraingo abagunea baliatu eta profitatu hamaika koloreek dakartzaten sentipen multzoekin gozatzeko, bizitzarekin bat egiteko muturreraino.

Ez da gonbidapen inpertsonala, gu indartsu baten bizipozarekin gertaerei musu eman eta jatortasunetik besarkatu aldameneko pozgarritasunak. Aukera berriei zin egitean datza bizitza, eta etenik gabe. Pop, rock, ska, reggae, runba zertzeladak, rock-folk ukituak eta balada doinuek alaitasunera bideratuko gaituzte zirrikitu guztietatik.

E.T.S. (En Tol Sarmiento):

Iñigo Etxezarreta: ahotsak, gitarrak

Ruben Campinun: baxua

Floren Diaz: bateria

Ruben Terreros: tronpeta

Javier Lucas: tronboia

Sarrerak 21, 15 eta 12 euroan salduko dira.

Kontzertu Handiak eta XXI. Mendeko Flamenkoa

Abenduaren 15ean (asteartea) jarriko dira salgai Kontzertu Handiak eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloetarako abonamenduak eta sarrerak.

Abonamenduen salmenta abenduaren 15ean hasiko da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; abenduaren 16tik aurrera, leihatilako ohiko ordutegian salduko dira, agortu arte.

Sarrera solteak, berriz, abenduaren 18an jarriko dira salgai, 10:00etatik 13:00etara eta  17:00etatik 19:00etara; abenduaren 19tik aurrera ohiko ordutegian erosi ahalko dira.

Share

5 milioi eurotik gorako kopuruan esleitu da Forondako ateko lursail tertziario bat

Forondako ateko 48.ean dagoen lursail bat —erabilera tertziariokoa— besterentzeko kontratua Eroski S. Coop. sozietateari esleitzea onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Enpresa esleipendunak 5.211.201 euroko eskaintza ekonomikoa.egin du, zergak kanpo, hau da, udalak ezarritako hasierako prezioa (3.723.300 euro) baino % 40 gehiago.

Lehiaketan puntuak lortzeko alderdien artean, lursaila eraikitzeko ezarritako gauzatze-epeetako hobekuntzak izan dira. Zentzu horretan, Eroski S.Coop-ek esleipen-prezioaren % 100 salerosketa formalizatzeko unean ordaintzea eskaini du. Halaber, gehienez hiru hilabeteko epea aurreikusten du eraikitzeko lizentzia eskatzeko. Lizentzia hori lortuta, obrak gehienez beste hiru hilabeteko epean hasiko direla adierazi du. Azkenik, lanen iraupena ez dela 12 hilabetetik gorakoa izango adierazi du esleipendunak bere eskaintzan.

Iraunkortasunaren eta energia-eraginkortasunaren arlok irizpideei dagokienez, proposatutako merkataritza espazioak Leed Oro egiaztapena izango du. Honek barne hartzen du eraikuntzan eta eraikinaren mantentze-lanetan teknika ekoeraginkorrak erabiltzea. Iraunkortasunarekin jarraituz, aparkalekuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko hiru gune edo gehiago jartzea aurreikusten du eskaintza esleipendunak.

Eraikiko den eraikina berritzailea izango da, Eroski S. Coop. sozietateak bere ekipamendu-sarerako planteatzen duen merkataritza-guneen eredu berriaren ildotik.

Lursaila Forondako atearen eta Luis Olariaga kalearen arteko aparkalekuaren zati bat da; lursailak 4.399 metro koadro du, eta 5.000 metro koadroko hirigintza aprobetxamendua guztira.

 

 

Share

Gasteizek etxebizitzak birgaitzeko laguntzei dagozkien 1.882.983 euroren ordainketa aktibatuko du hilabete honetan, eta 1.850 familiarengana iritsiko dira

 

Ana Oregik laguntza horien eragin biderkatzailea nabarmendu du: 15,9 milioi euroko obrak egin dira, eta BEZarekin lotutako sarrerak 1,6 milioi euro izan dira

 

21 Zabalgunea datorren astean hasiko da jakinarazpenak bidaltzen eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ordaintzen hori eskatu duten ia 2.000 familiei. Orotara, udal sozietateak 1.882.983,84 euroren ordainketa aktibatuko du abenduan, Ana Oregi 21 Zabalgunearen presidenteak iragarri duenez.

Azaroaren 26an, 21 Zabalgunearen Kontseiluak erabaki zuen obra amaierako agiria aurkeztu dutelarik ordaintzeke zeuden laguntza guztiak ordaintzea, 2018ko deialdira artekoak (hori barne).  Zehazki, 2018ko 1.566 eskabide ordainduko dira (1.421.272,00 euro guztira),  2017ko 242 eskabide, (302.405,29 euro), 2016ko 57 eskabide (127.325,91 euro) eta 2012-2015 aldiko 19 eskabide (31.980,64 euro).

Hartara, obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu dutelarik kobratu gabe zeuden pertsona eta erkidego guztien laguntzak estaliko ditu udal sozietateak, dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa baita agiri hori.

Laguntzetan emandako euro bakoitzeko beste bederatzi joan dira obretara

Ana Oregik nabarmendu duenez, familiei etxebizitzak birgaitzen eta mantentzen laguntzeaz gain, horrelako ekintzek eragin garrantzitsua dute tokiko ekonomian. Izan ere, abenduan ordaintzekoak diren 1,8 milioi euro horiek 15,9 milioi euroko balioa duten obrak “mugitu” dituzte, lizentziak barne. Horri BEZagatik sortutako ia 2 milioi euro (1,6 milioi zehazki) gehitu behar zaizkio.

“Udalaren laguntzarekin familiek egiten dituzten inbertsio horiek eragin biderkatzailea dute, jarritako laguntzaren ia halako 10, eta bultzada garrantzitsua ematen diote tokiko jarduera ekonomikoari”, azpimarratu du Ana Oregik, eta gogoratu du bere gobernuaren helburu nagusietako bat dela eraikin eta etxebizitzak energia-eraginkortasuna kontuan hartuz birgaitzea. “Azken urteetan, mugikortasun iraunkorra izan da eta izaten ari da hiria eraldatzeko gakoetako bat. Gasteizko aukera eta erronka berria urrezko auzoen birgaikuntza da“.

 Igogailua berritzea, EIT eta estalkiak zein fatxadak birgaitzea

Obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu duten lan gehienak igogailua berritzeko (% 40), EITetarako (% 19,8), inguratzaileak eta estalkiak birgaitzeko (% 10,5) eta ataria irisgarri egiteko (% 8,4) izan dira.

2018an eskabide gehiago aurkeztu ziren, baina deialditik kanpo geratu ziren partida agortuta zegoelako, arauak hala ezartzen baitu. 2019an ez zen araurik argitaratu, baina eskabideak aurkeztu ziren hala ere. Azkenik, 2018an eta aurreko urteetan arauaren barruan aurkeztutako eskabide batzuk ordaindu gabe daude oraindik, obra-amaiera aurkeztu arte ezin baitira ordaindu —baliteke batzuek ez aurkeztea, eta bertan behera geratzea—.

Share

Florida parkeko ostalaritza-lokalak laga ditu Udalak, jaiotzen inguruko jardueretarako

Florida parkean dauden udal-titulartasuneko bi lokalak, gaur egun jarduerarik gabe daudenak, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteari laga dizkio Gasteizko Udalak, erakusketa egin dezan, Eguberrietan, bertan.

Astelehenean jarriko da indarrean lagapena, eta Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen eskabideari erantzuten dio. Abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean egongo da bertan jarrita erakusketa. Kanpotik ikusi ahal izango den jaiotza-erakusketa izango da bi lokal horietan, kristalezko horma handiak dituztenez gero. Hartara, joan den ostiralean inauguratu zen Floridako jaiotza monumentalaren osagarri izango da erakusketa.

Share