Prentsa Oharren banner

2021ean berdintasun proiektuetarako laguntza-deialdiaren barruan 60.000 euro ematea onetsi da  

 

Udal gobernuak Emakumeen Etxearekiko konpromisoa berretsi du, eta Etxanobe jauregia Sorgineneari uzten jarraituko du

Udal gobernuak Berdintasun Zerbitzuak landutako bi erabaki onetsi ditu gaur. Batetik, 2021ean Gasteizko udalerrian genero-berdintasunaren alorreko jarduerak eta proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarri orokorrak onetsi ditu Udalak.

Laguntzetarako 60.000 euro erreserbatu dira. Horien bidez, emakume-elkarteak, talde feministak eta LGBTI kolektiboak sendotzen lagundu nahi du Udalak, ikuspegi feminista edo genero-ikuspegi argia duten proiektuak finantzatuz, eta, aldi berean, entitatean bertan emakumeen partaidetza aktiboa sustatzeko eta beren jarduera eremuan —kirola, hezkuntza, arlo soziala, kulturala eta beste— genero-berdintasunerako proiektu edo jarduerak egiteko sortutako espazio bat duten entitate mistoen proiektuak sustatu.

Etxanobe jauregiaren erabilera lagapena

Bestetik, 2021ean Etxanobe jauregia Sorginenea elkarteari lagatzen jarraitzea onetsi du udal gobernuak, bertan Emakumeen Etxea proiektua garatzeko, ahalduntze kolektiboa praktikan jartzeko espazio fisiko eta sinboliko inklusibo, ireki eta plural gisa ulertuta.

Erabilera lagapena orain arte ezarritako baldintza beretan egingo da, hau da, Santa Maria kaleko eraikina Jabetze Feministarako Eskolarekin partekatuz.

Share

Gasteizek 68.600 euroko laguntza emango du Erdi Aroko hiriguneko merkataritza dinamizatzeko

Gasteizko udal gobernuak  FEDASOC Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza eta Zerbitzu Elkarteen Federazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur,  hiriko Alde Zaharrean merkataritza sustatzeko jarduera-programa bat garatzeko, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren ildotik. Hitzarmena sinatuz, Udalak 68.600 euroko laguntza ekonomikoa aktibatu du, promozionatzeko eta irudia hobetzeko jarduerak egin ditzaten.

Dirulaguntzaren zati bat, 51.000 euro, Eguberrietako kanpainan zenbait jarduera antolatzeko erabiliko da. Gainerakoa, 25.500 euro, Almendrako Azoka sustatu eta antolatzeko izango da; ekimen hori dagoeneko sendotuta dago, 2004az geroztik egiten baita hileko lehen larunbatetan.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, hitzarmena “funtsezkoa da FEDASOC elkartearentzat, oso urte zaila izan baita. Hiriko merkataritzak inoiz baino gehiago behar gaitu, eta erakundeok sektoreari laguntzeko neurriak hartzeko betebeharra dugu; dena dela, nabarmendu nahi dut herritarrek ere funtsezko zeregina dutela profesional horiei laguntzeko. Gasteizko Udaletik bertako merkataritzan kontsumitzeko eskatzen dugu. Betikoan, bizi guztikoan”.

Share

Bi atxilotu Udaltzaingoari modu larrian desobeditzeagatik

Bi pertsona atxilotu dituzte azken ordutan udaltzainei desobedientzia larria egiteagatik.

Udaltzainek bart goizean Esperantza kaleko ospitale batean sartu nahi izan duen 19 urteko gazte bat atxilotu dute. Izan ere, ustez, ospitalean sartu nahi izan du senide batzuk ikusteko asmoz, nahiz eta ospitaleratuta ez egon. Ospitaleko arduradunek eskatuta, udaltzainek lau aldiz esku hartu behar izan dute eta, azkenean, atxilotu.

Bestalde, atzo 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Aiztogile kalean, polizia-patruila batek bide publikoan musukoa ez zeramala ikusi ostean. Udaltzainak zegokion salaketa jartzeko hura identifikatzen saiatu ziren, baina gizonezkoak uko egin zion. Gainera, identifikatu beharrean, poliziei irain egin eta segurtasun-distantzia mantentzeko haien aginduak ez zituen bete.

 

 

Share

Migratzaileen nazioarteko egunean Gasteizko Udaletxeak auzo, herri eta hirietan aniztasuna eta bizikidetza aldarrikatzen ditu

Migratzaileen nazioarteko egunean Gasteizko Udaletxeak auzo, herri eta hirietan aniztasuna eta bizikidetza aldarrikatzen ditu eta bat egiten du Zurrumurrurik Aurkako Sarea zabaltzen ari den adierazpenarekin. Honako hau planteatzen du.

2000ko abenduaren 4an, Batzar Nagusiak, munduko migrazio-fluxuen gorakadaren aurrean, abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Hamar urte lehenago, 1990ko egun berean, Batzarrak Langile migratzaile guztien eta horien senideen eskubideak babesteari buruzko Nazioarteko Konbentzioa onartu zuen. 20 urte igaro dira, eta munduko iparraldeko estatu bakar batek ere ez du konbentzio hori berretsi; beraz, ZAS! saretik uste dugu egun ezin hobea dela gure gizartearentzat erronkak eta aukerak aldarrikatzen jarraitzeko.

2020. urte honetan, are zailagoa da giza mugikortasunaren balio erantsiaz hitz egitea. Une global eta lokala bizi dugu, diskurtsoa polarizatzen ari dena eta aspalditik gure artean eta gurekin bizi diren atzerritar jatorriko pertsonak deabrutzen, herritar guztiok pairatzen ditugun arazo sozial, ekonomiko eta erlijioso guztien errudun bihurtuz.

Une honetan, desberdina izatea erruduna izatearen sinonimoa da. Jatorri atzerritarra izatea, pertsona izatea, emakumea izatea, LGTBIQ+ siglen barruan egotea, desgaitasun bat izatea, adin nagusikoa izatea edo erlijio jakin batean ez aritzea aitzakia dira pertsona asko pikotxean jartzeko.

Horregatik, Migratzaileen Egun honetan kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren aurkako erronkaren berezko balioak eta printzipioak aldarrikatu nahi ditugu, gure gizartea egituratzeko ardatz gisa. Gure jatorria, arraza, nortasuna edo ideologia edozein dela ere, guztiok proiektu komun bat eraikitzeko aukera izango dugun gizartea. Proiektu komun horretan, herritar kritikoak sortu behar dira, zurrumurruen aurkako eragileek bezala, eskubide- eta betebehar-berdintasunean oinarritutako eta mota guztietako zurrumurrurik gabeko bizikidetzarako oinarria eraiki dezaten.

Horregatik, honako hauek eskatzen ditugu:

  • Administrazio guztiek, beren jardueren agendan lehenbailehen jar ditzatela zurrumurruak desagerrarazten eta gure lurraldeetan aniztasunaren alde egiten duten mekanismoak.
  • Administrazio guztiei, gizartean parte hartzeko eta herritar heldu eta kritikoak eraikitzeko ekimenak susta ditzaten, egunero aurre egin behar diogun informazio- eta desinformazio-oldea kudeatu ahal izateko.
  • Komunikabideei, beren misioa eta lana ehunka mila etxetara iristen denaren erantzukizunarekin egin dezaten. Horregatik, erantzukizunez jokatzeko eskatzen dugu, gure auzokideei adierazten dieten “informazio” edo, besterik gabe, “Fake news” ei babesik ez emateko.
  • Euskal herritarrei autokritika egitea eta guk geuk gure sare sozialen bidez zabaltzen ditugun edukien aurrean erantzukizuna izatea, bideoak eta egiazkoak ez diren edukiak zabalduz.

 

 

Share

150 gramo jaialdiaren IX. edizioa Montehermoso kulturunean egingo da, abenduaren 38tik 30era

Abonamenduak salgai daude jada, eta sarreren salmenta abenduaren 21ean (astelehena) hasiko da

150 gramo jaialdiaren bederatzigarren edizioa Montehermoso kulturunean egingo da, abenduaren 28tik 30era. Ekitaldi hori hiriko espazio publikoetan egin ohi da, azoketan nagusiki, baina pandemia dela kausa, osasunaren arloko agintariek ezarritako arauetarako egokiagoa zen leku bat bilatu dute antolatzaileek.

150 gramo arte eszenikoen pieza laburren jaialdia da: antzerkia, dantza, zirkua, performancea, ipuin-kontalariak…  2011n sortu zen jaialdi aitzindari hori, Gasteizko Udalaren laguntzarekin, besteak beste. Ondoren, antzeko ezaugarriak dituzten jaialdiak sortu dira Espainiako zenbait hiritan.

“Pez Limbo eta El Mono Habitado tokiko konpainien ekimena da, zeinek azken urteetan aurrerabide handia egin baitute. Egindako ahalegina eskertzen diegu, bereziki guztiontzat hain gogorrak izan diren hilabete hauetan. Horregatik, Montehermosoko ateak ireki dizkiegu, dagoeneko sendotuta dagoen ekitaldia kulturunean egiterik izan dezaten“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan.

Jaialditik 75 konpainia igaro dira, estatukoak zein nazioarteko batzuk.

Aurtengo programa hilaren 28an (astelehena) hasiko da, pieza hauekin: ‘El primero’, Compañía Ensemblerena; ‘Morituri te Salutant’, Raíces aéreas taldearena; ‘Titiriscopio’, Arawakerena,  eta ‘Miñaxoia’, Clara Ferrao Dizena.

Hilaren 29ko programa lan hauek osatzen dute: ‘Souveniers’, El Mono Habitadorena; ‘Con los pies por delante’, Ékoma teatrorena; ‘Fósforos, momentos de vida’, Fósforosena, eta ‘Carretería’, Tangel /Benzalena. Hilaren 30ean (asteazkena), azkenik, pieza hauek eskainiko dira: Hannah Whelanen ‘All gifts’, Pez Limboren ‘Itsas behera’, La Únicaren ‘Algo grande’ eta Unaiunaren ‘Dosis’.

Abonamenduak dagoeneko salgai daude, abonos150gr@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez. Eguneko abonamenduak 12 euro balio du, eta hiru egunekoak, 30 euro.

Sarrerak (4 euro ikuskizuneko) Dendarabako lehen solairuan salduko dira, abenduaren 21, 22 eta 23an, 17:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 28, 29 eta 30ean, 11:00etatik 13:00etara.

 “Gasteizko ikusleak 150 gramo jaialdira etortzera animatzen ditugu, abenduaren 28tik 30era, Montehermoson. Kultura segurua dela gogorarazten diegu“, azpimarratu du Cantok.

150 gramo jaialdiaren programa

Share