Prentsa Oharren banner

‘Badatoz Erregeak’ ikuskizunerako gonbidapenak abenduaren 28ko (astelehena) 8:30etik aurrera erreserbatu ahalko dira

Udalaren webgunean eta 945 16 16 18 telefonora deituta erreserbatu ahalko dira

Abenduaren 28ko (astelehena) 8:30etik aurrera eskuratu ahalko dira ‘Badatoz Erregeak’ ikuskizunerako gonbidapenak, hau da, hasiera batean aurreikusitako ordua baino ordu erdi lehenagotik. Sarrerak udalaren webgunean edo telefonoz –945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:00etara – eskuratu ahalko dira.

Gaspar, Melchor eta Baltasarrek urtarrilaren 4an eta 5ean hartuko dituzte Gasteizko haurrak Mendizorrotzeko kiroldegian. 12 saio izango dira, guztira, eta 4.800 pertsona bertaratu ahalko dira (400 emanaldi bakoitzean), Eusko Jaurlaritzak egun duen araudiari jarraiki. Ikuskizunak 30 minutu iraungo du, eta saio bakoitzaren ordua baino 30 minutu lehenago irekiko dira ateak. Emanaldien ordutegia: 10:00, 12:00, 14:00; 16:00, 18:00 eta 20:00.

Streaming bidez jarraitzeko aukera

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik erreserba egin behar da nahitaez. 5 sarrera erreserbatu ahalko da, gehienez, eta lehentasuna izango dute haurrek. Heldu bakarra sartu ahalko da haur bakoitzeko.

Kultura Zerbitzuak ohartarazi du eskaria eskaintza baino asko handiagoa dela. “Pasa den abenduaren 17an, 8.000 pertsonatik gora saiatu ziren aldi berean ‘Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizunetarako sarrerak lortzen, eta ikuskizunak 3.200 pertsonako edukiera zuen” iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

“Zailtasun hori dela eta, urtarrilaren 5eko 18:00etako saioa streaming bidez jarraitu ahalko da, udalaren webgunean, eta ikusgai egongo da hurrengo egunetan ere, inork ikuskizun eder hori gal ez dezan ” gaineratu du.

Share