Prentsa Oharren banner

Iradier Arena Kultura Bizi Gunea bihurtuko da, lurraldeko kulturarentzako eta herritarrentzako espazio bat

Erakundeek eta kultur eragileek 600 pertsonentzako ikuskizunak programatu dituzte, segurtasun neurri guztiekin, maiatzetik irailera bitartean

 

Gaur Ignacio Aldecoa Kultura Etxean “Kultura Bizia Gunea” aurkeztu da. Leku horretan, lurraldeko hainbat kultura eragilek, Kultura Bizia elkartearen pean antolaturik, mota guztietako kultura ekitaldiak antolatu ahal izango dituzte 600 pertsonarentzat, apiril honetatik irailaren bukaera arte, erakundeen eta Laboral Kutxaren babesarekin, besteak beste, une bakoitzean behar diren osasun neurri guztiak eta gizarte distantzia gordez.

Hauek parte hartu dute aurkezpenean: Ana del Val, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua; Paco Galve, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zurendaria; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Daniel Solana, Basquetour-en zuzendaria; Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako komunikazio arduraduna, eta Javier Sagastume, Kultura Biziaren presidentea.

Gasteizko Udalaren izenean, Paco Galvek adierazi du Iradier Arena oraingoz ez dela “denok nahiko genukeen erabilera anitzeko eraikina, baina etorkizunean hala izango da”. Onartzen du ekipamendu horrek hainbat gabezia dituela, eta gabezia horiek konpondu egin behar direla erabilera anitzeko izaera hori har dezan eta Principal antzokiaren alternatiba izan dadin eraberritze-lanek irauten duten bitartean.

Gune hori erakundeen arteko lankidetzari eta erakundeen eta kultura eragileen arteko entzute aktiboari esker sortu da, beharrezkoa zelarik segurtasun eta entzule kopuruaren aldetik lehendik zeuden beste areto batzuek testuinguru jakin horretan ahalbideratzen ez zituzten baldintzetan programatzeko modua ematen zuen eremu bat izatea.

Horrela, erakundeek azpiegitura eta azpiegiturarako laguntza jartzen dituzte, eta eragileek programatu eta ikuskizunak eskainiko dizkiete herritarrei.

Ekitaldi baieztatuak

San Prudentzioren eta Estibalizko Andra Mariaren omenez apirilaren 27rako eta maiatzaren 1erako erakundeek antolatu eta joan zen astean jada jakinarazitako ekitaldiei, eguna baieztaturik daukaten kontzertu hauek gehituko zaizkie, oraingoz:

  • maiatzaren 15a: La Excavadora + Crim
  • maiatzaren 22a: Talco + The Potes
  • maiatzaren 29a: Gatibu

Kultura Bizia Guneak programazio iraunkorra izango du. Izan ere, itunduta daude, nahiz eta oraindik eguna zehaztea falta izan, The Baboom Show, Mambo Jambo eta Lágrimas de Sangre taldeak, besteak beste, eta haren web orrian eta haren komunikazio zerbitzuaren bitartez, gainerako ekitaldien berri emango da.

Hemen eros daitezke sarrerak: www.kulturabizia.eus

 

 

 

 

 

 

Share