Prentsa Oharren banner

Gasteizek azaldu du zertan den hiri-plangintza berrian genero-ikuspegia sartzeko bere eredua

Gaur, Ana Oregi alkateordeak parte hartu du “Ciudades Sostenibles, un reto para el liderazgo femenino en demanda de instituciones sólidas” topaketan, zeina Pontevedrako Diputazioak antolatu baitu.

Gaur, alkateorde eta Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza Saileko zinegotzi Ana Oregik azaldu du zertan den Gasteizko udalerriko hiri- eta lurralde-estrategietan genero-ikuspegia sartzeko eredua, “La Agenda 2030 y el papel de las mujeres en la administración pública del futuro” izeneko jardunaldien esparruan. Zehazki, “Ciudades sostenibles: un reto para el liderazgo femenino en el mundo local en la procura de instituciones sólidas” topaketan, zeina Pontevedrako Diputazioak antolatu baitu.

Ana Oregik azaldu du zer lan egin den Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrerapenarekin batera. Horretan, aztertu da HAPOren zein proposamen eta ekintza diren berdintasunaren aldeko eta esplizitatu eta aintzatetsi beharrekoak; genero-ikuspuntutiko hobekuntzak jaso ditu aurrerapeneko neurri eta konponbideetarako; jasota ez zeuden eta txertatu beharko liratekeen proposamenak eta ideiak proposatzen ditu; plangintzaren osagarri diren politikak identifikatzen ditu, eta beste hiri batzuetako adibideak aztertzen ditu.  Lan hori guztia “Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian genero-ikuspegia sartzea” dokumentuan jaso da, eta hura orain batzorde txostengilea berrikusten ari den plangintzaren dokumentazioaren eta izapidetzearen parte dira.

Gasteiz bizitzeko hiri eroso eta erraza izan da, berdinzale samarra, eta gizarte-laguntza sendoak eta zerbitzu eta ekipamendu onak zituen, baina eredu hori aldatu da, edo zenbait joerak gainditu dute. Horietako batzuk espontaneoak dira; beste batzuk, berriz, kohesio hura hautsi duten erabaki publikoen ondorio dira: hiri berria pribatizatuagoa da, lurraldean zabalagoa, gizarte-taldetan eta auzotan zatituagoa, eta bidea eskatzen duten eragile berriak ere baditu: gazteak, etorkinak, emakumeak, adineko pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, LGTB+ biztanleria… eta horiek guztiek auzitan jartzen dute aurreko eredua hain kohesionatu eta bidezkoa zenik. Funtsezko deritzogun dilema honen aurrean, genero-ikuspegia interesgarria da haren muin-muinean baitago: galdetzen du nola eskaini segurtasuna eta berdintasuna biztanle guztiei gero eta banakakoagoa den gizarte batean taldeen eta gizabanakoen ezberdintasuna eta emantzipazioa sakrifikatu gabe”, azaldu du Ana Oregik.

Ildo horretan, alkateordeak nabarmendu duenez, dokumentuan “ongizatearen kontzeptu berri bat eskatu, eta proposatzen da: gizarte-taldeen artean ondasunak eta zerbitzuak banatu ez ezik, hura egiteko orduan, pertsona gehiagoren hautatzeko eta asebetetzeko aukerak handitu daitezen moduan egitea. Hala, etxebizitza-politika ez da izango etxebizitzak arrazoizko prezioan eskaintze hutsa, baizik eta, horretaz gain, tipologia-, erabilera-, jabetza- eta sarbide-aniztasuneko baldintzetan eskaintzea, oraindik ezagutzen ez ditugun beste bizikidetza- eta familia-era batzuk posible izan daitezen. Eta, gainera, kontuan hartuko da zer eragin izango duten auzoen konplexutasunean eta errenten eta adinen nahasketan, eta saihestuko da eremu batzuk hobetzeak beste eremu batzuk hustea ekartzea, eta abar. Gauza bera esan liteke mugikortasunari, espazio publikoari, ekologiari eta ekonomiari buruz: kontua ez da esparru neutral edo huts bat eskaintzea, baizik eta taldeen eta lurraldeen arteko oinarrizko berdintasunari eutsiko dion, baina aldi berean barne-bereizketa eta asmaketa sozialeko ahalmena sustatuko dituen asmo handiko proposamen bat egitea.

Plan Orokor batek ilusioa pizten duen etorkizunerako proiektua behar du izan, eta askotariko itxaropen eta interesak batu, irudi komun baten inguruan. HAPOa ez dokumentu “tekniko” hutsa; aitzitik, hiriaren eredu baterako proposamen politiko baten isla teknikoa da. Generotiko ikuspuntua aplikatzean, ezinbesteko irizten diogu lehentasunak eta hiri-ereduaren helburuak aldatzeari, eta hori, izan ere, inplizitu dago plangintza berriaren proposamenean”, amaitu du Ana Oregik.

“Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian genero-ikuspegia sartzea” 

Share