Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-18)

Prentsaurrekoa. Adinekoen Zentro Soziokulturalen udako ikastaroak aurkeztea

Osasun parkeetako 200 adineko pertsonak ariketak egingo dituzte futbol zelaian, Alavesen mendeurrena dela eta

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia

Eguna. Asteartea, maiatzak 18

Ordua. 11:00

Tokia. Mendizorrotzako futbol zelaia (Sarrera Cervantes ibilbideko 0 atetik)

——————————————–

Prentsaurrekoa. Zuntz-hondakinen birziklatzea hobetzea

Parte hartzaileak. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa zinegotzi Cesar Fernandez de Landa; eta Hondakinen Kudeaketaren Ataleko buru Joseba Sanchez

Eguna. Asteartea, maiatzak 18

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Genero-indarkeriagatik atxilotua

 

Udaltzainek atzo 53 urteko gizonezkoa atxilotu zuten bikotekideari eta semeari eraso egiteagatik.

Amaginarrebak jakinarazi zien udal-agenteei. Izan ere, amaginarreba ere, Koroatzea auzoan, bide publikoan, erasotua izan zen.  Emakumeak poliziei azaldu zien bere alaba eta biloba erasotuak izan zirela eta tratu txar fisiko eta psikologikoen ohiko biktimak zirela.

Atxilotua bihar jarriko dute epailearen esku.

Lapurreta-saiakera

 Udaltzaingoko agenteek 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo indarkeriaz lapurreta-saiakera delituaren ustezko egileak izateagatik.

7:30ean, hainbat patruila hurbildu ziren Zumakera pasealekuko farmaziara. Bi lekukok bi gizonezko ikusi zituzten sarrerako pertsianari barra metalikoekin indarrez egiten.

Emandako deskribapenari esker, udaltzaingoko agenteek bi gizonezko topatu zituzten, baita barra metaliko bat ere gizonezkoengandik oso hurbil. Pertsianari kalteak eragin arren, ezin izan zutela sartu egiaztatu zuten. Gertakari horien aurrean, atxilotu egin zituzten eta zegozkien eginbideak Guardiako Epaitegiaren esku utzi ostean, epailearen esku geratu ziren.

Motor-gidari bat hil da

 Udaltzaingoko Atestatuetako agenteek larunbatean, Zadorra etorbidean, udal-haztegiaren parean, Abetxukoko norabidean, gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertu dituzte. Bertan, 22 urteko motor-gidari bat hil zen bidetik atera eta zuhaitz baten kontra jo ostean. Ez zen inplikatutako ibilgailu gehiagorik izan.

Bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen kontrol kanpainak

 Udaltzaingoak, maiatzen 23ra arte, bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak kontrolatzeko trafikoko kanpaina berezia egingo du, Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan kokatuta.

Agenteek kaskoaren erabilera bultzatuko dute 16 urtez azpiko txirrindularien kasuan, eta gogoraraziko dute txirrina eta argiak erabiltzea derrigorrezkoa dela, baita zirkulazio-arauekiko, eta pasabidea baimenduta dagoen gune eta ordutegiekiko errespetua ere. Era berean, bizikleten egoera ere kontrolatuko dute; izan ere, bizikleten mantentze egokia funtsezkoa da erabiltzaileen segurtasunerako.

Patinete elektrikoei dagokienez, Udaltzaingoak kontrolatuko du ez dutela espaloietatik edo oinezkoen bideetatik zirkulatuko eta gidariek ez dutela telefonoa edo entzungailua erabiltzen, txirrindularien moduan. Gurpil bat edo biko mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek plaza bakarra dute eta gehienera jota orduko 25 kilometrora arteko abiadura har dezakete. Beraz, ez dute bidaiaririk eraman ezta potentzia handiagoz zirkulatu ere.

Kanpaina honen oinarrizko helburua bideko segurtasuna bermatzea da, istripu-tasak murriztuz.

 

Share

Bertan behera utzi du Udal Bandak datorren igandeko —maiatzak 23— kontzertua

Gasteizko Udal Musika Bandak bertan behera utzi du datorren igandean —maiatzak 23— ‘New Orleansetik Abbey Roadera’ izenburuarekin Principal Antzokian emateko asmoa zuen familientzako kontzertua. Hain zuzen ere, 18:00etan izatekoa zen kontzertua, 6 urtetik gorakoei zuzendua, baina ezingo da egin.

Udalaren Antzoki Sareak itzuli egingo du sarreren zenbatekoa. Informazio gehiago esteka honetan.

Share

715 adinekok bazkaltzen dute egunero janaria  etxera eramateko zerbitzuaren bidez eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako jantokietan  

 

715 adinekok bazkaltzen dute egunero janaria etxera eramateko zerbitzuaren bidez eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako jantokietan; biak Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak kudeatzen dituen baliabideak.

 

Arloko zinegotzi arduradun Jon Armentiak eman ditu datuok gaur goizean udalean, eta zerbitzu horien balioa agerian jarri du, “berez ahula den eta pandemia egoeran are ahulagoa den talde bat artatzen dute” Otordu hauen bitartez, adinekoek autonomia-gaitasuna indartzen dute, elikadura osasungarria hartzen dute, eta beraien jarraipena egiten duten udalaren gizarte-zerbitzuetan egoten dira”

 Iazko ekainean ireki zirenetik, adinekoentzako zentro soziokulturaletako 10 jantokiek 626 leku eskaintzen dituzte egunero, eta horietatik 480 betetzen dira egunero, beraz, ez dago itxarote-zerrendarik.

Zentro horietan, osasun-segurtasuneko neurriak betetzen dira, hala nola, sarreran tenperatura hartzea, 2 metroko distantzia mahaien artean, eta pertsona bakarra mahai bakoitzeko, edo bi bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.

Bazkaria etxera eramateko zerbitzuari dagokionez, azken urteotan 60 menu gehiago eskaini ditu udal gobernuak, eta egun 235 menu dira egunero.

Gizarte-jantoki publikoa

Jon Armentiak gizarte ahuldade egoeran dauden pertsonentzako jantoki-plazen berri ere eman du agerraldian.

Duela urtebete Arkupeetako gizarte-jantoki publikoa ireki zenetik, gizarte-zerbitzuek 60 leku dituzte zentro horretan; hau da, kopuru nahikoa dagoen beharra asetzeko eta udalak babesgabetuen jantokira bideratzen zituenak hartzeko. Martxoaren 31n amaitu zen babesgabetuen jantokiarekiko hitzarmena.

Era berean, zinegotziak gogorarazi duenez, sailak lanean dihardu bigarren jantoki publikorako proiektuan. Erdi Aroko hiriguneko garai bateko lanbideen lantegi-eskolan kokatuko da, eta bertan izango dira, halaber, gizarteratzeko eta laneratzeko Gizarteratu lantegiak ere.

Share

Gazte sortzaileak bekan izena emateko epea ireki dute, gazteek sortutako ekitaldi kulturalak sortzeko 4.000 euroko laguntza eta aholkularitza profesionala eskaintzen duena

 

Abian da Gazte Sortzaileak bekaren 2021eko deialdia: gazteek gazteentzat sortutako ekitaldi kulturalak euskaraz sustatu nahi dituen egitasmoa. 17-35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzendua, 4.000 euroren arteko dirulaguntza eskaintzen du, baita aholkularitza profesionala eta lanen estreinaldirako bitartekaritza ere.

 

Gazte Sortzaileak deialdiak gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea bilatzen du. Era berean, euskarazko kultura-programazioan eragitea du xede, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez. Gazteek beren sormena garatzeko aukera-guneak izatea nahi du. 2015az geroztik, urtero, elkarlanean antolatzen dute Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria Zerbitzuek, Foru Aldundiaren Euskara zerbitzuak eta Kultura sailak eta Oihaneder Euskararen Etxeak.

Beka 17 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzenduta dago, eta adinaren araberako bi kategoria daude. Hartara, bekadun bakoitzak proiektua gauzatzeko 4.000 euro arteko beka jasotzen du, eta, aukera eskaintzen zaio intereseko arloko tutore profesional baten laguntza izateko. Beka jaso eta 6 hilabetera proiektua estreinatzen dute normalean, eta estreinaldirako ere bekadun bakoitzak, nahi izanez gero, laguntza jaso ohi du.

Programaren nondik norakoak prentsaurreko batean azaldu dira. Bertan Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara Zinegotzia eta Lexuri Ugarte Aldundiko Euskara zuzendaria izan dira. Baita 2020ko edizioan hautatutako artistak ere.

Proiektuek ahozkotasunarekin estu-estu lotuta egon eta euskaraz izan behar dute. Bestalde, bakarkako edo taldekako lana izan daiteke, eta hainbat diziplinatako proiektuek dute tokia deialdian: antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza, bakarrizketa, musika, poesia-emanaldia, performancea eta diziplinen arteko nahasketa.

Lanak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 15era arte egongo da irekita, eta aurkez daitezke Udalaren Erregistro Nagusian, Gasteizko gizarte-etxeetan edo Gasteizko Udaleko egoitza elektronikoaren bidez.

2020an saritutako egitasmoen artean taularatzen lehena Jone Bengoak aurkeztutakoa izan da; joan den larunbatean, maiatzaren 15ean, Zurrunbilo jaialdiaren baitan aurkeztu baitzuen “Kabia” (Antzerki dokumentala. Work in progress). Bestetik, Aitor Alvarez “Hormak” film laburra aurkeztuko du; “Eskuak” ikus-entzunezkoa Ainhoa Ordoñezen proiektua da eta Aitor Vinagret-ena “Hegaztiak” antzezlana.

 

 

 

Share

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak Museoen Eguna ospatuko du Artiumen

 

Bihar hasiko da ikasle berriek 2021-22 ikasturterako izena emateko epea

 

Bihar, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, jarduera-programa anitza antolatu du Artium-Arte Garaikideko Zentro Museoak. Joan den larunbatean hasi zen, eta asteazkenean, hilak 19, amaituko da, Jose Uruñuela” udal dantza kontserbatorioko ikasleen emanaldiarekin.

17:45etik aurrera, Elvira Illanaren dantza garaikideko ‘47847. ariketa’ pieza dantzatuko dute Oihane Aramendia, Nawal Boteffah, Lucía Eizaguirre, Haizea López, Isabel Middlebrook, Naia Nieto eta Marina Olcoz dantzariek, ikusle guztien atseginerako.

 Aukera bikaina da gure kontserbatorioan ikasten duten dantzari gazteen talentua ezagutzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan ikasketa mota horiek ematen dituen zentro ofizial bakarreko ikasleen lana” azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, eta, ekitaldira joateko gonbita egin du.

Dantzari batek 47847 ariketa egiten ditu gutxi gora-behera dantza kontserbatorioko ikasketa-aldian. Pieza horretako koreografia-mugimenduek eskolan egin ohi diren ariketen errepikapena eta automatizazioa erakusten dute. Koreografia-pieza horrek eguneroko ariketa, egoera edo ekintzetara igorriko gaitu, eta objektuen bitartez sortutako soinu-konposizioa izango da hondo-musika.

Ekitaldian, Juncal Ballestínen “El pedestal invisible” bideoa ere erakutsiko da,  izan ere proposamena “Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa’ erakusketari lotuta dago, zein maiatzaren 23ra arte izango baita ikusgai museoan.

Leku-kopurua mugatua denez, erreserba egin behar da 945 20 90 20 telefonoan.

Izena emateko kanpaina

Egun bat lehenago, hilaren 18an, ikasle berriek 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea irekiko da Dantza kontserbatorioan. Dantza-ikasketa arautuak eskaintzen ditu ikastetxe horrek; zehazki, Dantza Klasikoko oinarrizko ikasketak eta ikasketa profesionalak.

Covid-19aren pandemia dela eta, ez da sarrera-probarik egingo arautu gabeko ikasketetarako —Lehen Kontaktua (5-6 urte) eta Dantza Aurrekoa (7 urte)—. Eskabideak jasotzen diren hurrenkeran beteko dira lekuak, maiatzaren 18ko 9:30etik aurrera. Dantza Kontserbatorioko idazkaritzan aurkeztu ahal izango dira matrikulak, baita herritarrei laguntzeko bulegoetan ere, hitzordua eskatua, edo posta elektronikoz, dokumentazioa helbide honetara bidaliz: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org

Sarrera-probak

Oinarrizko Ikasketen edo Ikaskuntza Profesionalen ziklora sartzeko proba egin behar duten ikasleek, baita ziklo horietan sartu nahi duten ikasle berriek ere, bi fase burutu beharko dituzte. Lehenik eta behin, maiatzaren 18tik ekainaren 4ra bitartean, sarrera-probarako izena eman beharko dute. Eta, proba gaindituz gero, ekainaren 22tik 30era bitartean egin ahal izango dute matrikula.

Matrikula horiek, era berean, Dantza Kontserbatorioko idazkaritzan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan —hitzordua eskatuta— aurkeztu beharko dira, edo posta elektronikoz, helbide elektroniko honetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org

Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako ikasketak eskaintzen dituen zentro ofizial bakarra da Gasteizko kontserbatorioa. Ikasgai hauek eskaintzen ditu: ‘Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal dantza), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Dantza garaikidea’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

Informazio gehiago: 945 16 26 06 telefonoan, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, edo helbide elektroniko honetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org.

 

Share