Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-11)

Prentsaurrekoa. Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetako udako kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez

Eguna. Asteartea, maiatzak 10

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————————————–

Prentsaurrekoa. Dantzan Sarean programaren IV. edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Zuzendari eta antzezle Matxalen Bilbao; zuzendari eta koreografo Judith Argomaniz; eta Udal Antzoki Sareko koordinatzaile Marta Monfort

Eguna. Asteartea, maiatzak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro principal Antzokia

Share

Genero-indarkeriagatik hiru atxilotu

Udaltzainek asteburu honetan hiru gizonezko atxilotu dituzte, 22, 45 eta 34 urtekoak, genero-indarkeriako delituengatik.

Haietako lehenengoak ostiralean neska-lagunarekin eztabaida izan zuen Ariznabarrako etxebizitza batean. Udaltzainak iritsi zirenean, emakumeak erasoaren markak zituen.

Bigarren atxiloketa larunbatean gertatu zen Voluntaria Entrega kalean. Gizonezko batek bikotekide ohia iraindu eta eraso egin zion. Atzo utzi zuten epailearen esku.

Atzo, igandean, udaltzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean. Bertan, bikotekide ohi eta pisukidearekin eztabaida izan zuen, eta eraso egin zion.

Bestalde, udaltzainek atzo 28 urteko gizonezko bat ere atxilotu zuten genero-indarkeriaren baitan, urruntze-agindua hautsi izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik. Emakumeak deitu zuen 092ra, gizonezkoak Sansomendi auzoan atariko txirrina jo zuenean, etxebizitzara igotzeko asmoz.

Lapurreta arma zuriarekin

Udaltzainek ostegunean 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten arma zuriarekin lapurreta egin izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Egozten zaizkion gertakariak bi egun lehenago jazo ziren, Doris Lessing kalean. Beste bi gizonezkorekin batera aizto bat eskuan hartuta Salburuako auzoan joko eta apustuen lokal batean saria lortu berri zuen pertsona bati saria lapurtu zion, 3.000 euro inguru.

Polizia-ikerketei eta herritarren lankidetzari esker, atxilotu egin zuten eta, guardiako epaitegira eginbideak bidali ostean, aske utzi zuten. Ikerketek aurrera jarraitzen dute lapurretan parte hartu zuten beste bi gizonezkoak lokalizatu nahian.

Lapurreta indarkeriaz

 Udaltzainek atzo 19 eta 17 urteko bi gazte atxilotu zituzten furgoneta baten barrutik mugikor bat ebasteko delituaren ustezko egileak direlakoan. Jabea zamalanak egiten ari zen bitartean gertatu zen, Alberto Schommer kalean.

Eta bart goizaldera 19 urteko beste gazte bat atxilotu dute Badaia kaleko lokutorio batean indarkeriazko lapurreta-delituaren ustezko egilea izateagatik. Udaltzainek barruan harrapatu dute.

Agenteekiko desobedientzia

Udaltzainek ostiral arratsaldean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten agintaritza-agenteekiko desobedientzia-delitu baten ustezko egile gisa, Zabalgana etorbideko joko eta apustuen lokal baten kanpoaldean beste gizonezko batekin borrokan parte hartu ondoren.

Covid-19aren salaketak

Asteburuan, Udaltzaingoak Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik 21 salaketa-proposamen egin ditu. Haietako bederatzi musukoa ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik izan ziren; 6, etxeratze-agindua ez betetzeagatik, alarma-egoera amaitu aurretik; 4, itxita egon beharko luketen establezimenduetan biltzeagatik (txokoak, elkarte gastronomikoak eta gazte-lokalak), eta 2, berriz, ostalaritza-establezimenduei jarritakoak, neurriak betetzen direla ez zaintzeagatik.

Alarma-egoera amaituta, larunbatetik iganderako goizaldean udaltzainek zenbait esku-hartze egin zituzten kalean zarata sortzen ari ziren pertsona batzuengatik, nahiz eta gorabeherarik sortu ez. Horrekin lotuta, Andre Maria Zuriaren plazako balkoitik musika bolumen altuan jarri zuten 2 gazte identifikatu zituzten.

Buesa Arena eta Jundiz eremuan ere esku hartu zuten, ibilgailuen kontzentrazioa detektatu baitzuten, baina bertaratu zirenean alde egin zuten. Hala, kale-edana eragotzi zuten.

 

 

 

 

Share

Zabaldu egingo da igerileku estalietako eskaintza, ostiraletan eta asteburuetan

Ostiraletik aurrera, hau da, maiatzaren 14tik aurrera, handitu egingo da Udalaren kirol instalazioetako igerileku estalietan igeriketa librean nahiz jolasean aritzeko dauden lekuen kopurua, ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan ordutegi-tarte berriak jarriko baitira. Guztira, 1743 leku gehiago izango dira —274 ostiraletan eta 1469 larunbat eta igandeetan—, eta 5.600 lekutik 7.343ra igaroko —edukieraren % 30 gehiago—.

Ordutegi-tarte berri horiek ez dira modu homogeneoan egokituko igerileku estali guztietan, espazioen aldez aurreko okupazioa —udal-ikastaroak, denboraldiko entrenamenduak eta abar— kontuan izan baita. Horrez gain, agintari sanitario eskudunek finkatutako edukierak betetzen jarraitu beharko da, ezinbestean.

Share

Gasteizek LGTBIfobiari buruz hausnartzeko eta horren aurka borrokatzeko eskatu du M17a dela eta

Udalak eta Ikusgunek hainbat ekintza eskaintzen dituzte egun hauetan

 

Gasteizko Udalak eta Ikusgunek, LGTBIfobiaren aurkako Behatokiak, proposamen sorta bat antolatu dute egun hauetarako, “ikuspegi pertsonaletik eta kolektibotik gure inguruko lesbianek, bisexualek, gayek eta transek pairatzen duten bazterkeriari eta indarkeri buruz hausnartzeko eta horren aurka borrokatzeko. M17aren oroitzapena egiteko hirian antolatu diren jarduerek beste ekintza batzuen ildoa segitzen dute, hala nola, Ikusgune behatokia abian jartzea, eta Hara! Udalaren berdintasunerako politiketan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko 2018-2021 Agenda” delakoaren testuinguruan sortzen dira. Agendak LGTBI pertsonek eta kolektiboek eskatutako jarduera sorta bati ematen dio lehentasuna, jarduerok Udalaren antolaketa-kulturan eta gizartean balio-aldaketa bat lortzea helburu dutelarik”, azpimarratu du Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak.

M17a, Lesbo-Bi-Gay-Transfobiaren aurkako eguna dela eta, ondorengo egitarau hau egingo da bihartik aurrera:

 

 

 

Share

“Baikortasunerantz” kontzertuarekin amaituko du abonamenduko bere denboraldia Udal Bandak

Principal antzokian izango da emanaldia, maiatzaren 12an (asteazkena), 19:00etan

Kartela_banda_kontzertua_

Maiatzaren 12an (asteazkena), arratsaldeko zazpietan, “Baikortasunerantz”, abonamenduko azken kontzertua, emango du Gasteizko Udal Musika Bandak, Principal antzokian. Luis Orduñak zuzenduko du, eta Annelien van Wauwe eta Raül Verdú klarinete-joleak izango dira emanaldiko gonbidatuak.

Honako pieza hauek osatuko dute errepertorioa: Joselu Ruiz de Gordoaren “Txori Gorria”, erabateko estreinaldia; Eric Whitacre-ren ‘Godzilla eats las Vegas’; Dirk Brossé-ren ‘War Concerto’, eta Kimberly Archer-en ‘Common Threads’, zeina lehenengo aldiz joko baitu Bandak.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan, Gasteizko Udal Bandaren zuzendari Luis Orduñak eta Raül Verdúk hartu dute parte. Horretaz gain, bideo bat proiektatu da, Annelien van Wauwe artistaren mezu batekin.

Zuzendariaren oharrak

“Kontzertu honetan, Gasteizko Udal Musika Bandak emozioetan zehar bidaiatzera gonbidatuko gaitu, eta, hala, tristezia eta goibeltasunetik positibismo eta umorera eramango gaitu ikusleok. Hori da, hain zuzen ere, kontzertuaren benetako hari nagusia: Balkanetako gerratik, betiere “esna” dagoen Las Vegas hiriraino eramango gaituzte Bandak eta bakarlari gonbidatuek, eta, soinuaren bidez, gerrek eragindako mina nabarituko dugu, baina baita umore-sena eta dibertsio hutsa ere.”

“Kimberly Archer konpositore amerikarraren musikarekin hasiko da kontzertua. Lehenengo lan horren izena “hari komunak” edo izango litzateke euskaraz. Eta konposizioaren diskurtsoan autoreak mantentzen duen umore-sena da, hain zuzen, lanak jorratzen duen “hari” hori. Lanak, indartsu eta erritmikoa, hasiera bizkor-bizkorra emango dio kontzertu optimista honi.”

“Egitarauko hurrengo lana, askoz ere serioago, sakonago eta konplexuagoa da, Dirk Brossé konpositore belgikarraren “War Concerto” edo gerra-kontzertua. Lan honetan, Udal Bandak eta Annelien van Wauwek gerrak eragindako ondorio suntsitzaileetan murgilduko gaitu, horretan gurasoak galdu dituen haur tolesgabe baten begietatik, kasu honetan. Konpositoreak gerrarekiko errefusa eta protesta sendoa erakutsi nahi ditu, baina, aldi berean, hobea izango den etorkizunerantz gidatu nahi gaitu oso modu sentikor eta baikorrean, betiere atzean utzi duen hondamendi ikaragarriak ahantzi gabe.”

“Hurrengo lana Gasteiztarrek ondo ezagutzen duten Joselu Ruiz de Gordoa konpositorearen estreinaldi bat da; mundu fantastiko batera eramango gaitu Raül Verdú Selles-en klarinetearen eta Bandaren bitartez. Ikusten dugunean berehalako ongizatea eragiten digun natura eder, aratz eta birjina hori irudikatzen du “Txori gorria” lanak. Eta halakoxea da Ruiz de Gordoa arabarraren musika: lañoa eta atsegina, eta, aldi berean, positibista eta magikoa.”

“Oso obra berezi batekin, musika ia zinematografikoarekin amaituko da kontzertua. Eric Whitacre konpositore estatubatuarrak fikziozko istorio bat kontatuko du musikaren bidez: film japoniarretako Godzilla munstroak bizia lortu, eta Las Vegas hiria suntsituko du. Lan honek, seguruenik ez du epel utziko inongo entzulerik.”

 

 

 

Share

Abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia, gehienez 30 km/h-ko muga duten bide eta zonetan

Abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia egingo du Udaltzaingoak bihartik aurrera, gehienez 30 km/h-ko muga duten bide eta zonetan. Hain zuzen ere, Zirkulazio Araudi Orokorra eta Ibilgailuen 2003ko eta 1998ko Araudi Orokorrak aldatzeko azaroaren 10eko 970/2020 Errege Dekretuan jasotako aldaketak indarrean jarriko dira bihar, maiatzak 11, asteartez, eta Herritarren Segurtasunaren Sailak hori dela eta planifikatuta zituen ekintzetako bat izango da hori.

Araudi berrian jasotako aldaketak urtarrilaren 2an gauzatzen hasi baziren ere, Zirkulazio Araudi Orokorraren 50. artikuluari dagozkionak hilaren 11n jarriko dira indarrean, dekretu hori indarrean jarri zenetik sei hilabetera.

Berrikuntza horrekin, hiri barruko bideetan, abiadura-muga orokorra 20 km/h-koa izango da galtzada- eta espaloi-plataforma bakarra duten bideetan; 30 km/h-koa, noranzko bakoitzeko errei bakarra duten bideetan, eta 50 km/h-koa noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago dituzten bideetan.

Hortaz, abiadura-kontrolak egingo dizkie Udaltzaingoak —hilabetez— 30 km/h-ko abiadura-muga duten bide eta zonetatik zirkulatzen duten ibilgailuei. Kanpaina horren bitartez, bada, segurtasuna areagotu nahi da, 30eko bideetan, kolektibo ahulenak —adingabeak eta adindunak— ibili ohi diren ordu eta lekuetan presente egonik, radar-kabina finkoak dauden bideetan abiadura-urraketak prebenituz eta, azken batean, herritarrak abiadura-mugak errespetatzeko beharraz kontzientziatuz.

 

Share