Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-21)

Prentsaurrekoa. Gasteizko USN World Summer Cup ekitaldia Fiturren aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; eta Basquetoureko zuzendari Daniel Solana

Eguna. Ostirala, maiatzak 21

Ordua. 11:00

Tokia. Euskadiko standa Fiturren

* Invert raperoaren kontzertua izango da. Streaming bidez emango da honako estekan

Share

Udalak hesiak jarri ditu Gasteizko hainbat ikastetxeren aurrean, bide segurtasuna handitzeko

Gasteizko Udalak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, hesiak jarri ditu hiriko hainbat ikastetxetan, bide-segurtasuna areagotzeko asmoz. Ikastetxeek eta guraso elkarteek egindako eskaerak ziren, eta udal gobernuak erantzuna eman die.  Zehazki, Angel Ganivet, Nazareth eta Vera Cruz ikastetxeetan instalatu dira hesiak azken egunetan.

Valla en el colegio Vera-Cruz

Vera-Cruz ikastetxeko hesia

Valla en Angel Ganivet

Angel Ganiveteko Hesia

Valla en Nazareth

Nazareth ikastetxeko hesia

“Pertsonen segurtasuna garrantzitsua da. Bai eta pertsonek segurtasun sentsazioa izatea ere. Horregatik, eta gune horiek hoberen ezagutzen dituzten pertsonekin hitz egin ondoren, altzari horiek jartzea erabaki dugu, elkarbizitza hobetu eta lasaitasuna emango dutelako”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

 

Share

Mendebaldeko proiektua bisitatzea

Gorka Urtaran alkateak, Ana Oregi IGIko presidenteak, Imanol Zabaleta IGIko zuzendariak eta talde politiko guztietako ordezkariek Mendebaldea proiektua bisitatu dute gaur goizean, Jundizko industrialdearen inguruan degradatutako lurzoruak berreskuratzeko proiektu aitzindaria, Gasteizko Eraztun Berdea osatuko duen korridore berde bihurtzen ari dena.


Proiektu horren hirugarren faseak, zeina gaur egindako bisitarekin jakinarazi baita, esperientzia berri bat aurreikusten du: Ariñezetik gertu dagoen lursail horretako zenbait puntu deskontaminatzea fitorremediazioaren bidez, edo, beste modu batean esanda, landareekin deskontaminatzea.


Kutsatutako lurzoruen fitorremediazioa landareen baterako erabileran, lurzoruaren medeagarrietan eta teknika agronomikoetan oinarritzen da, lurzoruko kutsatzaileen toxikotasuna desagerrarazteko, atxikitzeko edo gutxitzeko. Kutsatutako lur hori atera eta arazoa beste leku batera eraman ordez, ekimen honen bidez toki berean hartzen da erantzukizuna.

Praktika horretatik lortzen diren emaitzak udalerriko beste eremu batzuetara eramango ditu Udalak, hala nola Larragorri, Arkatxa edo Las Neveras parkera. Jundizko korridorearen azken zati horretan, landaredia leheneratu eta birpopulatuko da, eta baso iraunkor bat, soroak eta aintzira bat ere izango ditu.

Share

Mamen Mendizábalek eta Alberto Chicotek sustatuko dute Gasteizko eta Arabako natura eta gastronomia Fiturren

“Más Vale Tarde” saioko aurkezlea eta chefa izango dira hiriburuaren eta lurraldearen enbaxadore berriak.
Maiatzaren 20an jakinarazi da nor izango diren Gasteizen eta Arabaren 2021eko enbaxadore turistiko berriak Fiturren: Mamen Mendizábal eta Alberto Chicote. Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztu dituzte, Euskadiren standean egindako ekitaldi batean. Kazetaria eta chefa “ilusioz beterik” agertu dira lurraldearen eta haren hiriburuaren natura- eta ondare-baliabideak eta gutizia gastronomikoak Espainian ordezkatzeko eta ezagutarazteko aukerarekin.
Badira urteak bi enbaxadoreek Gasteiz eta Araba ezagutzen dituztela, eta haien baliabide turistikoen miresle dira. Mamen Mendizábal kazetaria FesTValera etorri zen 2014an, “Las caras de la noticia” dokumentalen estreinaldia zela eta, eta amaitzeko galan parte hartu zuen. Mendizabal gaurkotasunarekin oso loturik egon da beti, eta mendiaren eta aire zabaleko kirolen zalea da oso. Aurkezleak azpimarratu duenez, “ingurumenaren aldeko bere apustuagatik eta naturarekiko bere errespetuagatik nabarmentzen da Gasteiz”.
Alberto Chicote chef eta aurkezleak, berriz, harreman berezia du Arabako hiriburuko Telebista Jaialdiarekin, eta zenbait alditan hartu du parte horretan. Gogorarazi du Gasteizen aurkeztu zuela lehenengoz gero ospea ekarriko zion saioa: “Pesadilla en la Cocina”. Halaber, aitortu du “sukaldari lagunak dituela hirian” eta Gasteizko pintxo-ibilbideak gomendatu ohi dituela.
Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatu Cristina Gonzálezek FesTVal jaialdiak Gasteiz eta Araba sustatzeko eta ezagutarazteko egiten duen lan “garrantzitsua” nabarmendu dute, lehiaketako zuzendari Joseba Fiestrasek gidatutako ekitaldi batean.
Cantok azpimarratu duenez, “kazetaritzaren eta gastronomiaren bi erreferente aukeratu ditugu: biek gure baliabide turistikoak maite dituzte, eta zabalkunde-lan bikaina egingo dute hemendik aurrera. Gasteizera itzultzera gonbidatzen ditugu, gure kultura-ekitaldiak goza ditzaten, FesTVal barne, zeinak telebistaren hiriburu bihurtzen baitu urtero gure hiria”.
Gonzalezek azpimarratu duenez, “gure lana beti da Arabaren eta bere hiriburuaren alderdi xarmangarriei zabalkundea ematea, hala nola Gatz Haranari, harresiak dituzten hiribilduei eta gastronomiari, eta jendeari horiek ezagutaraztea. Eta, zalantzarik gabe, errazago bihurtzen da helburu hori Alberto Chicote edo Mamen Mendizábal bezalako aurpegi ezagun eta ospetsuei esker”.
Enbaxadore turistikoak aurkezteko ekitaldiak aukera ematen du iritziak trukatzeko eta lurraldea eta haren hiriburua sustatzen laguntzen duten sinergiak bultzatzeko. “El Intermedio” saioko aurkezleetakoa den Sandra Sabatésen eta Jesús Álvarez kirol-kazetariaren lekukoa hartu dute Mendizábalek eta Chicotek.
Share

Gamarrako igerileku olinpikoa ez da erabilgarri izango udako kanpainaren hasieran

 

  • Instalazio horretako arazo tekniko bat dela eta, 3.000 pertsonara murriztu behar da kirol esparruaren edukiera.

Gamarrako kirol esparruak ez du lau igerilekuetako bat izango udako kanpainaren hasieran. Igerileku olinpikoak duen arazo teknikoa dela eta, ezin izango da prest izan udako kanpainaren hasierarako, maiatzaren 28rako. Instalazioaren ontzia betetzeko prozesuan gertatu da intzidentzia hori, eta oraingoz ezingo da igerilekua ireki. Udal zerbitzu teknikoak arazoaren arrazoia aztertzen ari dira.

Igerileku olinpikoa erregularra da; bi gune ditu –bata 50 x 18 metrokoa eta, bestea, 25 bider 12,5 metrokoa – eta 105 zentimetrotik 155 zentimetrora arteko sakonerak.

Erabilgarri egongo dira, aisialdiko familia-igerilekua, haurrena eta txikitxoena.

Hori dela eta, udako kanpainaren hasieran 3.000 lagunekoa izango da gehienez, Gamarrako parkeko edukiera, eta ez hasieran aurreikusitako 3.550ekoa, igerileku kopurua murriztu baita. Halaber, murriztu egingo da parkera sartzeko gehieneko abonamendu kopurua, eta 1.200 izango dira hasieran iragarritako 1.500en  ordez.

Share

Herritarren postontziaren aplikazio mugikorrak 1.052 iruzkin jaso ditu 2021eko lehen hiruhilekoan, iazko hiruhileko berean baino % 8 gehiago

% 5 igo da 10 egun edo gutxiagoan erantzundako gaien kopurua.

Aurtengo lehen hiruhilekoan 5.379 gai erregistratu dira Gasteizko Udalaren herritarren postontzian. Aurreko hiruhilekoaren aldean % 6 jaitsi da gai-kopurua.

Aplikazio mugikorraren bitartez 1.052 iruzkin jaso dira, aurreko hiruhilekoan baino % 10,3 gutxiago; hala ere, 2020ko hiruhileko berarekin alderatuta, % 8 igo dira. 384 iruzkinetan argazkiak erantsi dira, aurreko hirehilekoan baino % 6 gehiago. Ohi bezala, aplikazio mugikorraren bidez jasotako gaien erdia baino gehiago Espazioa Publikoa eta Mugikortasuna eta Garraioa kategorietakoak dira.

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Postontziaren, aplikazioaren edo 010 zenbakiaren bidez iristen diren gai-kopuruak erakutsi egiten du parte-hartzeko baliabide horiek garrantzitsuak direla gasteiztarrentzat. Bitarteko horri esker, eta gardentasuna oinarri, hiria hobetu dezakegu eta arazoak konpontzeko orduan eraginkorragoak izan gaitezke”.

Postontziko parte hartzea, gaika

Jasotako gai gehienak arlo gutxi batzuetan biltzen dira, eta, aurreko hiruhilekoaren aldean, arlo horien ordena ez da ia aldatu.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, kategoria hauetan iruzkin kopurua jaitsi egin da: kaleak garbitzea eta hondakinak biltzea % 26 gutxiago, argiteria publikoa % 17 gutxiago eta TUVISA % 27 gutxiago. Bide publikoetako lanei eta berdeguneei buruzko gaiek, aldiz, gora egin dute.

10 egun edo gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa hazi egin da, % 90 ingurukoa baita, hau da, 2020ko laugarren hiruhilekoan baino % 5 gehiago.

Share

Gasteizek gravel bizikletentzako turismo helmuga “perfektu” gisa duen ahalmena erakutsi du Fiturren

Udalak pista eta errepideetatik doazen zortzi ibilbide aurkeztu ditu, gorantz doan modelo horretarako egokiak; gravel bizikleta errepideko bizikleta baten eta mendiko baten arteko hibridoa da.

 

Gasteizek bere eskaintza aurkeztu du gaur Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur), aire zabaleko jarduerak egiteko duen ahalmenagatik nabarmentzen den helmuga “seguru eta jasangarria” izan nahian. “Gure hiria eta lurralde osoa leku bikainak dira turismoa egiteko eta naturaz gozatzeko”, adierazi du Udaleko Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren Saileko zuzendari Araceli de la Horrak Euskadiko standean egin den aurkezpenean, IFEMA biltzar zentroan. Topaketan Paco Nadal natura bidaietan espezializatutako kazetariak eta Gustavo Alegría eta Frederic Alzola aire zabaleko proiektuen koordinatzaileek hartu dute parte. Aurkeztutako hiru produktu eta gidek jasangarritasuna eta digitalizazioa uztartzen dituzte turismoaren sektorea bultzatzeko elementu gisa, QR kodeekin eta hainbat formatutarako eskuragarri dagoen informazioarekin, adibidez, mugikorretarako edo erloju adimendunetarako.

Eguneko berritasun nagusia gidaliburu baten aurkezpena izan da. Gidak Gasteizko udalerritik doazen zortzi ibilbide biltzen ditu gravel bizikletentzako, gorantz doan segmentua eta errepideko bizikleta baten eta mendiko baten arteko hibridoa izateagatik nabarmentzen dena. Bizikleta-modelo hori hazten ari da mundu mailan, eta horretaz baliatuta, Vitoria-Gasteiz Gravel Land proiektuak bide, pista eta trafiko gutxiko errepideetatik doazen ibilbideak proposatzen ditu. “Gasteizek eta Arabak gravelean aritzeko osagai guztiak dituzte, dela haien ezaugarriengatik, dela dagoeneko dauden azpiegiturengatik, hala nola, Vasco-Navarro trenbidearen Bide Berdea, urtegia inguratzen duena edo Eraztun Berdea”, adierazi du Alegríak. Ibilbideak 35 eta 135 km artekoak dira, QR kodeak dituzte eta aplikazio bati lotuta daude, gailu mugikorrekin egin ahal izateko.

Aldi berean, Udalak aire zabaleko turismoko beste bi produktu aurkeztu ditu Fiturren. Alde batetik, Walking&Running proiektua, Arabako hiriburutik eta probintzia osotik paseatzeko edo korrika egiteko ibilbide bilduma bat. Bide guztiak paisaia aldetik balio handikoak diren lekuetatik igarotzen dira; 15 ibilbide Gasteizen zehar, eta beste 6 Araban. Ibilbideak www.walkingandrunning.es webgunean daude. Web orriaren egileak, Frederic Alzolak, Aire Zabaleko Baliabideen Gida Profesionala ere aurkeztu du, hirian eta inguruetan egiteko kirol eta aisialdi jarduerekin. Dokumentuak era guztietako jarduerak biltzen ditu, hala nola, nordic walking, parapentea, globo-bidaiak, zaldi-turismoa, bai eta horiek antolatzen dituzten enpresen kontaktua ere.

‘Vitoria-Gasteiz gravel land’ liburuxka

Aire Zabaleko Baliabideen Gidaliburu profesionala

 

Share

Merkataritza-establezimendu batean lapurreta egiteagatik atxilotuta

Udaltzainek 25 urteko emakumezko bat atxilotu zuten atzo indarkeria erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

20:00etan, 092an jasotako dei batek poliziaren laguntza eskatu zuen Armentiagana kaleko establezimendu komertzial batean, bi emakumek hainbat produktu lapurtu zituztelako. Segurtasuneko zaindariak haietako bat atxikitzea lortu zuen eta besteak, aldiz, ibilgailu batean ihes egin zuen.

Minutu batzuk lehenago, emakumeek orga bat bete zuten barruan zer sartzen zuten ia begiratu ere egin gabe. Horrek zaindariaren arreta erakarri zuen eta haietako bat geldiarazi zuen produktu guztiak hartuta eta kutxatik igaro gabe establezimendutik alde egiten ari zela.

Udaltzainek atxilotu egin zuten lapurtutako artikuluen balioa zela eta (400 euro baino gehiagokoa zen). Gainera, ihes egiten saiatu zenean, orgarekin eraso egin zion zaindariari eta esku batean lesioak eragin zizkion.

Ikerketak irekita jarraitzen du bigarren emakumea identifikatzen saiatzeko.

 

 

Share

‘Venancio del Val. Calles vitorianas’ erakusketa aurkeztu du Udal Artxiboak

Maiatzaren 21etik ekainaren 20ra bitartean egongo da ikusgai Ur-biltegian, Montehermoso kulturunean

 

Pilar Aróstegui Gasteizko Udal Artxiboak ‘Venancio del Val. Calles vitorianas’ erakusketa antolatu du; maiatzaren 21etik ekainaren 20ra bitartean egongo da ikusgai Montehermoso kulturuneko ur biltegian.

Kazetari eta Gasteizko Udaleko funtzionarioa izandako del Val eta beraren ‘Calles vitorianas’ lan handiari omenaldia egiten die erakusketak. “Bizitza luzeko gizona (93 urte), Gasteizko XX. mendearen zati handi baten lekuko eta kronista izan zen, eta 2003an Pilar Aróstegui Udal Artxiboari eman zion bere funts pertsonala, 75 urteko ahaleginaren eta ikerketaren emaitza”, nabarmendu du Hezkuntza eta Kulturako zuzendari Paco Galvek.

Venancio del Valen alabak erakusketa ikusten izan ziren

‘Calles vitorianas’ beraren liburua oraindik indarrean dago, eta erabilgarria da, 1979an idatzi bazuen ere. Erreferentziako lana bihurtu da, informazio interesgarri ugari baitu. “Zenbaitetan, lan handi horrek estaltzen du idazkera zaluko eta datu xeheak, pasadizoak eta tradizioak maite zituen idazle honen obra zabal eta emankorra. Prentsarako 8.000 artikulu baino gehiagoren egile izan zen, eta irratirako gidoiak, hitzaldiak, monografiak, himno eta abestien hitzak eta San Prudentzio jaietako (1978) eta Andre Maria Zuriaren jaietako pregoiak (1979) ere idatzi zituen”, zehaztu du Galvek.

Erakusketa

 Ur-biltegian, 1911tik 1998ra bitartean argazkilari hauek egindako 58 argazki egongo dira ikusgai: Santiago Arina Albizu, ARQUÉ (Federico Arocena Andrés-Gregorio Querejazu García de Madinaveitia), José Luis Barroso Ruiz de Trocóniz, Enrique Guinea Maquíbar, FOAT SL (Fotografía Aérea y Terrestre), José María Parra García, Edorta Sanz Otsoa de Retana, Balbino Sobrado Cobas eta Ceferino Yanguas Alfaro.

Venancio del Val-en Historia de Vitoria hace 50 años hitzaldia Casino Artista Vitoriano Elkartearen egoitzan. 1961eko apirilaren 25a. ARQUÉ

Erakusketaren lehenengo zatia biografikoa da, eta bertan ikusgai daude 1911ko Gasteizen planoa, urte hartan jaio baizen del Val, eta haren bizitza pertsonal zein profesionaleko hainbat alderdi jasotzen dituzten 32 argazki (1911tik 1998ra bitartekoak): jaio zeneko etxea, musika emanaldiak, bera biziko zen etxearen eraikuntza, lan egin zueneko egunkarietako batzuk, elkarrizketak, udal-irudiak, pregoilari izan zeneko jaiak eta eman zizkioten sari ugarietako bat ematearen ekitaldia.

Jostailuen banaketa Pensamiento Alavés egunkariaren egoitzan, Eduardo Dato kalean. Eskuinean, La Libertad egunkariaren egoitza. 1936ko urtarrilaren 6a. Yanguas

Bigarren zatian, 1978ko Gasteizko airetiko ikuspegi batekin hasten da, eta 26 argazkiren bidez hiriko zenbait alderditan zeharreko ibilaldia egiten du, ‘Calles Vitorianas’ liburuaren 1979ko argitalpena erreferentzia hartuta.

Nahi izanez gero, Interneten bidez ere gozatu ahal izango dira irudi horiek guztiak, Udalaren webgunean.

 

Share