Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-31)

Prentsaurrekoa. Udal Musika Bandaren ‘Musika aire librean’ zikloa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Udal Musika Bandako zuzendari Luis Orduña; eta Udal Musika Bandako zuzendariorde Iker Olazabal

Eguna. Astelehena, maiatzak 31

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————

Prentsaurrekoa. Adsis Fundazioaren ‘GarajeLab’ proiektua inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Adsis Gasteiz Lanbide Hezkuntza Zentroko zuzendari Juncal Yubero; Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari Agurtzane Llano; Orange Fundazioko lurralde zuzendari Oscar Aragon; eta GarageLABeko ikasleak

Eguna. Astelehena, maiatzak 31

Ordua. 12:30

Tokia. ADSIS Gasteiz, Lanbide Hezkuntza Zentroa; Zorrostea kalea, 6

Share

Datorren astean hasiko dira Mendizorrotzetik Esmaltazioetara arteko bideak asfaltatzeko lanak; 1,7 milioko inbertsioa egingo da 23.000 metro koadrotan esku hartzeko

 

Eragozpenak trafikoan

Datorren astean hasiko dira Mendizorrotzetik Esmaltazioetara arteko bideak asfaltatzeko lanak. Udalak 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo du Salbaterrabide, Araba eta Zumakadi kaleak asfaltatzeko, lerro zuzenean 2 kilometroko ibilbidea osatuz, eta 23.000 metro koadrori eragingo dio. Lanak amaituta, bertatik igaroko dira garraio publikoa (TUVISA eta BEA) eta trafiko pribatua. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aurreikusitakoaren arabera, lanak asteartean hasiko dira, eta trafikoari eta TUVISAren ibilbideei eragingo die.

Firmes Alaveses eta Yarritu enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarte esleipendunak bost hilabete izango ditu lanak egiteko. “Oso esku hartze sakona izango da” adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. Izan ere, 25 zentimetro fresatuko dira eta ondoren hiru asfalto-geruza jarriko. Zati horretako zoladura egoera txarrean dago, eta bertatik egunero pasatzen diren herritarrek eta gidari profesionalek egindako erreklamazioa da.

Lehenengo lanak asteartean hasiko dira, hilaren 1a, eta trafikoari eragingo diote. Lanak hainbat fasetan egingo da eragozpenak gutxitze aldera. Lehen faseak hainbat aste iraungo du eta Zumakadin egingo da – Esmaltazioak eta Izardui Komandantearen kaleen artean–; gainerako etapetan Mendizorrotzerantz, mendebalderantz, egingo dira lanak.

Asteartetik ibilgailuek debekatuta izango dute bertatik zirkulatzea, mendebaldeko noranzkoan, TUVISAK izan ezik (beti ere lanek uzten badute) Halaber, debekatuta egongo da tarte horretan aparkatzea.

Lehen faseak bi azpifase izango ditu. Lanak iparraldeko aldean egiten direnean (atari bakoitien ondoan), zirkulazio-bide bakarra utziko da, Esmaltazioetarako noranzkoan). Adurtza eta Alberto Schommer kaleetara ere ezingo da sartu, sarrera-irteera bakarrekoak izango baitira Heraclio Fournier eta Txalaparta kaleetatik. Lanek aurrera egin ahala zabaldu egingo dira bidegurutze horiek. Bestalde, Errota kalea ez da Zumakadi ibilbidearekin lotuta izango, sarrera-irteera bakarrekoa izango baita Heraclio Fournier kaletik.  Lan hauek TUVISAri ere eragingo diote. Hain zuzen ere, L2a (Mendizorrotzerantz) eta L10 lineak Esmaltazioak- Iturritxu-Izardui Komandantearen kaletik desbideratuko dira. Hori dela eta hiru geltokitan ez da zerbitzurik emango (Zumakadi 61, Zumakadi 29 eta Hegoalde). Geltoki berriak jarriko dira martxan  Esmaltazioen biribilgunean (Heraclio Fournier eta Zumakadi artean), Iturritxu kalean (Gurutzmendi haur eskolan) eta 3/9 lineako Zumakadi/Izarduy komandantearen geltokian (L2A linearentzat). L2Baren Hegoaldeko geltokia zerbitzurik gabe geratuko da, baina Zumakadi plazara aldatuko da behin-behinean.

Bidearen beste aldeko lanak egitean (atari bikoitietan), mantendu egingo da ekialdeko noranzkoa eta mendebalderako noranzkoa baimenduko zaio TUVISAri (ibilbidea eta geltokiak berreskuratuko ditu). Ibilgailuek ere Adurtza, Errota eta Alberto Schommer kaleekiko konexioa berreskuratuko dute. Eta baimenduta egongo da Zumakadi ibilbidearen hegoaldeko aparkalekuetan sartzea.

Share

(Argazkiaz eguneratua) Udaltzaingoak etxean 3 kilo haxix eta kokaina baino gehiago eta 46.620 euro zituen gizonezko bat atxilotu du droga-trafikoarekin lotuta

Ikerketa Unitatea 2 hilabete zeramatzan gizonezkoa zelatatzen

 

Udaltzainek atzo 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten droga-trafikoaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Adurtzan egin zuten atxiloketa martxoaren hasieran abian jarritako ikerketaren ondorioz. Izan ere, Ikerketa Unitateak Zaramagan ibilgalu susmagarri baten presentziaren inguruko informazioa jaso zuen eta, haren arabera, gidaria auzoko tabernetan kokaina eta haxixa hornitzeaz ardura zitekeen.

Datu haiekin, Udaltzaingoak operatiboa jarri zuen abian ibilgailua topatu ostean. Ikerketaz arduratu ziren udaltzainek zaintza- eta kontrol-dispositiboa jarri zuten eta, bertan, gizonezko batek telefono bidez eskariak jasotzen zituela egiaztatu zuten. Gero, eskari haiek ostalaritza-establezimenduetan, industrialdeetan eta partikularrei banatzen zizkien.

Ikerketen arabera, pertsona hark segurtasun-neurriak hartzen zituen transakzioak egiteko garaian, baina, hala ere, Ikerketa Unitateko udaltzainek atzeman egin zuten.

Atxilotu ondoren, eragiketetarako base gisa erabiltzen zuen ibilgailua konfiskatu zuten. Bertan, monodosietan banatuta 20 gramo kokaina inguru, 40 gramo inguruko haxix-plaka bat eta pisatzeko baskula bat topatu zituzten. Guztiak bertara iristeko toki zailean ezkutatuta zeuden.

Bestalde, Udaltzaingoak bere etxebizitza erregistratu zuen eta bertan droga, diru eta material ugari topatu zuen. 46.620 euro topatu zituzten billete ugaritan banatuta; 629 gramo kokaina inguru (zati bat arroka moduan eta beste bat saltzeko prest zeuden monodositan); dosiak prestatzeko plastikozko poltsak: 3 kilo haxix inguru plakatan saltzeko prest; pisatzeko bi baskula; eta hainbat mugikor.

Udaltzainek Ertzaintzaren txakurren unitatearen laguntza jaso zuten autoa eta etxebizitza erregistratzeko garaian.

Atxilotua epailearen aurrera eramango dute guardiako epaitegira izapidetzeak igorri ostean.

 

Atxilotua udaltzain bati eraso egiteagatik 

Udaltzainek atzo 49 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren delitua egiteagatik.

16:25ean, Adurtzako ostalaritza-establezimendu batetik abisua jaso zuten; izan ere, gizonezko bat bertako bezeroak molestatzen ari zen eta hartutakoa ordaintzeari uko egin zion. Bertaratutako udaltzainetako batek kolpe bat jaso zuen identifikatzen saiatu zenean (atxilotuak behin eta berriro uko egin zion identifikatzeari).

 

Share

Euskararen erabilera sustatzeko laguntza-deialdi bat kaleratu du Udalak, 96.000 eurokoa

Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuak 96.000 euro bideratuko ditu euskararen erabilera sustatzeko proiektuetara.

 

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du laguntza horien deialdia kaleratzea, zenbait alorretara bideratuko direnak. Plan horren helburua da euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukera bermatzeko hizkuntza politikaren alorrean behar diren neurriak hartu eta sustatzea da planaren helburu nagusia. Azken batean, euskararen aldeko ekintzak indartzea da gakoa, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean erabilera guztiz normalizatzeko. Batez ere aisialdia, kirola eta komunikazioaren esparruetan.

Deialdiak sei arlo hartzen ditu barne:

— A multzoa: HABEren erregistroan izena emanda dauden hiriko euskaltegiek antolatutako jarduerak, ikasleei zuzenduak.

— B multzoa: guraso-elkarteek edo guraso-elkarteen federazioek antolatuko ekintza edo jarduerak, ikasleei nahi gurasoei begira pentsatuak eta sentsibilizazioa edo euskara erabiltzeko ohitura sortzea helburu dutenak.

— C multzoa: aisialdian edo kirolean euskararen erabilera sustatzeko proiektu generikoak.

— D multzoa: Gasteizko euskarazko hedabide lokalen kalitatea eta irismena hobetzeko laguntzak.

— E multzoa: urteko azken lauhileko programazio bateratua, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan amaitzekoa.

— F multzoa: haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskoletarako laguntzak.

Laster argitaratuko dira ALHAOn deialdiaren oinarriak.

 

 

Euskharanekin hitzarmena

Gasteizko Udalak Euskharan kultur elkartearekiko beste lankidetza hitzarmen bat sinatzea onetsi du gaur goizean; zenbait proiektu eta jardueraren bitartez Arabako hiriburuan euskararen erabilera sustatzeko xedea du talde horrek, bereziki Aranbizkarra, Arantzabela eta Aranbide auzoetan. Urtaranen gobernuak hitzarmen horretarako 18.000 euro ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrean. Udalak Euskharan elkarteari laguntzen dio 1998tik aurrera, eta elkarteak sustatutako jarduerak Amaia zentroan burutzen dira batez ere.

Euskararen erabilera gizarte bizitzako hainbat esparrutan sustatzea, bereziki aisialdian eta kulturan, gobernuak etorkizunerako Gasteizerako dituen lehentasunezko helburuetako bat da.

 

Share

Gizarte Politikak milioi bat eurotik gora bideratu ditu haur eta nerabeekin lan egiten duen Kaleko Heziketarako programara

Iaz 761 gazteri eman zitzaien arreta, batez beste 14 urtekoak

 

Gasteizko haur eta nerabeekin lan egiten duen Kaleko Heziketarako programaren kontratua urtebetez luzatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 1.048.260 € bideratu ditu programa finantzatzeko eta IRSE Araba elkarteak 2021eko irailetik 2022ko abuztura bitartean programa garatzeko.

8 eta 19 urte bitarteko haur eta nerabeei eskaintzen zaie programa, bere garapen psiko-soziala arriskuan jarri edo zaildu egiten duten egoerak bizi badituzte.

Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuetako hezitzaileak gazte horiek ibiltzen diren tokietan jartzen dira beraiekin harremanetan. Hortik abiatuta, hurbileko harreman hezitzailea eta gizarteratze-prozesu bat ezartzen da, gizartean integratzen eta gazte horien gaitasunak indartzeko baliabide normalizatuak eskuratzen laguntzeko, hartara helduak izatean bizitza autonomoagoa izan dezaten.

Kaleko Heziketarako programak batez beste 14 urte dituzten 761 haur eta nerabe artatu zituen 2020an.  

 

GGKEen koordinakundearekiko hitzarmena  

Euskadiko GGKEen koordinakundearen Arabako ordezkaritzak 24.000 € euro jasoko ditu Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailetik, 2021ean jarduteko eta jarduerak garatzeko.

Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak lankidetza-hitzarmena bat onetsi du gaur, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak lankidetza defendatzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerak finantzatzeko.

Ildo horretan, ikastetxeetan lantegiak egingo ditu; baita lankidetzaren aldeko kanpaina bat eta lankidetzarekin inplikatutako herritar aktiboak sortzen lagunduko duten beste ekintza batzuk ere, hala nola “Gasteiz konexioan” programa.

Akordio horren bidez, Udalak  eutsi egiten dio 1996an Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bidez koordinakundearekin hasitako lankidetza estuari

Share

288.000 euroko inbertsioa egingo du udalak Iparralde gizarte-etxeko kirol eremuko estalkia hobetzeko

Iparralde gizarte-etxeko gimnasioko eta kirol kantxako estalkia hobetzeko obren kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Kontratuak 288.067,93 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta 90 egun naturaleko gauzatze-epea.

Esku hartzeak ur-filtrazio arazoak konpontzea du xede. “Lan hauen bitartez, Iparralde gizarte-etxearen egoera hobetuko da, eta gasteiztarrek baldintza egokietan jarraitu ahalko dute kirola egiten bertan”, adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

 

Informatika-aplikazioak mantentzea

Bestalde, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak 2.180.012 euroko (BEZ barne) inbertsioa egingo du udaleko sailei zerbitzu ematen dieten udal informazio-sistemetako informatika-aplikazioak mantentzeko. 

“Administrazio-digitala garatzeak erraztu egin du udalaren eta herritarren arteko harremana, tramiteak modu erraz eta arinean egiteko aukera eman baitu. Horretarako, hainbat informatika-aplikazio aktibatu behar dira, eta horiek modu eraginkorrean mantendu funtzionamendua bermatzeko”, adierazi du Rodriguezek.

INETUM ECNA GIS 2021 aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu lan horiek datozen hiru urteetan.

Share

Gasteizek CONAMAn proiektatuko du bere Green Deala hedabideen Klimaren aldeko Itun baten, zientzialarien eta ikertzaileen eskutik

Gorka Urtaran alkateak “Hirietan nahi dugun berroneratzea” topaketan parte hartuko du Madrilgo, Zaragozako eta Valladolideko alkateekin. 

Ingurumenari buruzko batzar nagusiko erreferentea izanik, besteak beste hondakinen kudeaketan, urbanismo taktikoan, industria-hondakinak berrerabiltzean eta ekodiseinuan egin dituen azken aurrerapenak azalduko ditu Gasteizek Madrilen.

 

Ingurumenaren Biltzar Nazionala (CONAMA) iraunkortasunari eta ingurumen-politikei buruzko topaketa nagusia da, eta bertan berezko argiz distiratzen du Gasteizek hainbat urtetik hona; aurten, 1.200 aditutik gora bilduko ditu Madrilen. “Gure hiria erreferentea da beste hiri eta erakunde askorentzat ingurumen-arloko politikak hartzeari dagokionez; hiru faktoreri esker da hori: Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko eta Udalaren beste atal batzuetako (hala nola Espazio Publikoa, Ingurumena, Hondakinak, Ekonomia-sustapena eta Hirigintza) teknikariek duten aintzatespena; enpresek, unibertsitateek eta erakundeek hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko duten engaiamendua, eta bi ekimenak (publikoa eta pribatua) herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan eta gure planeta zaintzearen kontzientziazio eta errespetu handiagoan elkar daitezen herritarrek duten konpromisoa”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Aurten, Udalak bere Green Deala zientzialarien eta ikertzaileen eskutik proiektatuko du saio dinamiko batean, eta tokiko hedabideen Klimaren aldeko Itun bat sinatzearekin, ekainaren 2an. Egun horretan, halaber, Gorka Urtaran alkateak hiri-eredua partekatuko du Madrilgo, Zaragozako eta Valladolideko alkateekin eta Bartzelonako Diputazioko Klima Ekintzako arduradun gorenarekin.

Orobat, ingurumen-adituen eta -profesionalen topagune garrantzitsu horretan, Gasteizek azalduko ditu hondakinen kudeaketan, urbanismo taktikoan, mugikortasunean, industria-hondakinen berrerabiltzean eta ekodiseinuan egin dituen azken aurrerapenak, Gasteiz ekonomia zirkularrari, hiriko azpiegitura berdeari, trantsizio energetikoari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari loturiko politiken abangoardian egonarazten duten beste hainbat ekimenen artean.

 

Egitaraua egunez egun

CONAMAko Gasteizko ordezkaritza maiatzaren 31n (astelehena) estreinatuko da, bolumen handiko hondakinen bilketa-proiektuagatik hondakin-kudeaketako udal-esperientziaren proiektu onena duten 5 hirien artean aukeratu baita Gasteiz. Gainera Birgurpil proiektuari buruz hitz egingo da. Saio horretan, Gasteizko Udalaren Hondakin Atalaren esperientziaz gain, hondakinen kudeaketaren gaur egungo eta etorkizuneko egoerari buruz toki-entitateetako hondakinen arduradunei egindako iritzi-azterketaren emaitzak aurkeztuko dira, eta hondakinen udal-kudeaketari loturiko zenbait gaitako esperientziak eta jardunbide egokiak aurkeztuko dira.

Ekainaren 1ean, lehengaien sarrerari, hondakinak sortzeari eta ekonomia zirkularreko ereduetarako trantsizioa antolatzeko dauden edo egon daitezkeen sinergiei heltzen dien azterlan diagnostikoa azalduko du Ekonomia Sustapenerako Saileko enpresa-zerbitzuak. Azterlanaren arabera, orain industrialdeetan aprobetxatzen ez diren hondakinen % 58 ekoizpen-prozesuetan berrerabil litezke. Txostenak, zeina arestian aurkeztu baitute alkateorde Maider Etxebarriak eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Garbiñe Ruizek (biak han egongo dira egun horretan), oinarriak ezartzen ditu isuriak murriztearen, lehengai-erosketan aurreztearen eta horrenbestez enpresetan kostuak murriztearen ondorioz ingurumen-etekinak lortzea ahalbidetuko duten industria-sinergiak gauzatzeko. Astearte arratsaldean izango da aurkezpen hori, “Industria-sinbiosiko eta 4.0 industriako erremintak” lantaldearen barruan.

Egun berean jakingo da zer enpresak irabazi duen CONAMAn antolatutako ekodiseinu-lehiaketa; horrekin saria ematen zaie iraunkortasun- eta ingurumen-helburuak dituzten diseinuaren arloko proiekturik nabarmenenei. Atal horretan ere gailentzen da Gasteiz. Gasteizko 4 enpresa daude lehiaketako 8 finalisten artean: A&B Laboratorios de Biotecnología SAU, Kliner Profesional SA, Recyycle eta Ecopaja bioconstrucción modular SL.

 

Alkateen topaketa

Ekainaren 2a da Gasteizen egun nagusia CONAMAn. Izan ere, egun horretan Gasteizko Green Deala izango da hiru ekitaldi lotuko dituen haria, zeinekin Gasteizek hiriaren aldeko eta hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldeko itunaren bere eredua eta planetaren aldeko itun bat ere proiektatuko baititu. “Gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzeko itun bat, akordio zabal eta plurala, zeinak jarraitu beharreko zeruertzari buruzko askotarikoak baina osagarriak diren ikuspegiak txertatu nahi baititu”, gogorarazi du Gorka Urtaran alkateak, zeinak egun horretan goizari hasiera emango baitio Madrilgo alkate José Luis Almeidarekin, Zaragozako alkate Jorge Azcónekin, Valladolideko alkate Oscar Puenterekin eta Bartzelonako Diputazioko Klima Ekintza Saileko lehendakari Xesco Gomarrekin egingo duen topaketaren bidez. “Hirietan nahi dugun berroneratzea” izeneko solasaldia egingo dute alkateek.

 

Hedabideen ituna

Alkate-topaketa hori amaitu ondoren, CONAMAko areto nagusian Klimaren aldeko Ituna sinatuko dute tokiko hedabideen zuzendariek. Akordioak, zeina Green Dealaren barruan baitago, honako hedabide hauen konpromisoa jasoko du: El Correo, Diario de Noticias de Álava, Gasteiz Hoy, EITB, RTVE, Cadena Ser, Radio Vitoria, Atresmedia Euskadi, Agencia EFE, Radio Gorbea, COPE, Onda Vasca, elDiario, Crónica Vasca eta Alea Aldizkaria.

 

Gasteizko lehenengo mailako ikerlariak

Gasteizko Green Deala, zeina ekonomia berdean, gizarte-kohesioan eta natura-ingurunea babestean oinarritua baita, hitzetatik egintzetara igarotzeko aukera ematen duten eta eragin nabarmena sortzen duten ekintzak egitearekin zehazten ari da, eta datorren eta beharrezkoa den eraldaketari heltzen dio. Arratsalde horretan bertan, hainbat arlotako itzal handiko ikertzaile eta zientzialariek hiri-itun handi horren inguruan Gasteizen dagoeneko egiten ari diren proiektuak azalduko dituzte CONAMAn.

Hala, CIC energiGUNEko Biltegiratze Termikoaren Ataleko zientzia-zuzendari Elena Palomok puntako bi proiekturen berri emango du “Bero-ponparen esparruko proiektu eta aukerak” eta “Energia-efizientzia industriaren esparruan” gaiei buruzko bere hitzaldiekin.

Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuak hitzaldi hauek izango ditu: José Aurelio Cordero epidemiologoaren “Osasuna eta klima-aldaketa” eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitate Funtzionaleko itzal handiko buru Carlos Egearen hitzaldia, zeinak Gasteizen egingo den “Sleep Smart City” proiektu berriaren aurrerapena egingo baitu.

EHUko Farmaziako irakasle Gorka Orivek eta Arabako Osasun Mentaleko sareko farmazia-ataleko buru Unax Lertxundik “Basque Sustainable Pharmacy. Gorabidean dauden kutsatzaileak analizatzeko proiektua, farmakoek ingurumenean duten eragina”.

BC3 Basque Centre for Climate Change-ko ikertzaile Julia Neidig-ek ezagutzera emango du “REVALUE: Relational Values in Urban Environments: A transdisciplinary approach” proiektua, zeinarekin lankidetzan jarduten baitu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak.

 

Share

Kulturak 197.000 euro inguruko dirulaguntza emango die hiriko 41 proiekturi

Estibaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Hezkuntza eta Kultura Sailak proposaturik, sendotutako ekitaldi eta jaialdietarako 196.954 euroko dirulaguntzak ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; orotara 41 proiektuk jasoko dute laguntza.

“Gure lehentasuna tokiko sektoreari laguntzea da, kultura berpiztea errealitatea izan dadin gure hirian. Eragileak ahalegin handia egiten ari dira jarduerak osasun agintariek ezarritako neurri guztiekin eskaintzeko, eta hori eskertzekoa da “ adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

42 proiektuetako 37 laguntzen lehen kontzeptuari dagozkio: “Kulturaren edozein esparru —arte eszenikoak, musika, ikus-entzunezkoak, letrak, folklorea, arte plastikoak edo beste— sustatzera zuzendutako programak. 177.130 euro”. Laguntza hauek eman dira ildo horren barruan:

  • Aitzina Folk (12.480 euro)
  • Vitoria-Gasteiz. Ciudad de cine (9.600 euro)
  • Danzálava (9.200 euro)
  • Euskal Herriko artista berrien 14. biltzarra (8.800 euro)
  • 150 gr (8.800 euro)
  • XVIII Bernaola Zikloa 2021 (8.400 euro)
  • Gazte Film Fest (7.200 euro)
  • Antzerki Pixkat Bat (7.200 euro)
  • Em Art 3.0 (6.800 euro)
  • Jornadas Monstrenkas (6.400 euro)
  • Zas (6.400 euro)
  • Dazz Jazz (6.400 euro)
  • Zurrunbilo Jaialdia VI (6.000 euro)
  • Gasteizko Antzinako Liburuen XXVI. Azoka (6.000 euro)
  • Al margen del deterioro (5.600 euro)
  • Jalgi! Voz Festival (5.200 euro)
  • Crash Cómic (5.200 euro)
  • Jaialdia / Gasteizko Nazioarteko musika ikastaroa (4.400 euro)
  • Larrialdi Irteerak (4.000 euro)
  • Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen programazioa (4.400 euro)
  • Mariturriko lehen aste kultural erromatarra (4.000 euro)
  • Gasteiz Hip Hop, II. edizioa (3.650 euro)
  • Udagora Fest (1.400 euro)
  • Komedialdia (3.650 euro)
  • La música va a la escuela en Vitoria-Gasteiz (3.300 euro)
  • ‘Kaleak hartu’ jardunaldia (3.300 euro)
  • Osteguna Rock Festival IX (2.950 euro)
  • Entrepianos (2.600 euro)
  • Aztarna Beltza Festival (2.600 euro)
  • Arabaclick (2.250 euro)
  • Arabako Errepublikar Ateneo Elkarte Kulturalaren programazioa (2.250 euro)
  • Zabaldantz app (1.900 euro)
  • Los palos de ciego de Horacio (1.550 euro)
  • Larrua Lab (1.550 euro)
  • Así creció Judimendi (1.200 euro)
  • Por si las moscas (500 euro)

 

Gainera, Udalak sei proiekturi emango die laguntza bigarren kontzeptuaren barruan: “Dinamizazio soziokulturalera, kulturartekotasuna sustatzera, bizitza kulturala bultzatzera, kultura integrazio eta gizarte-kohesiorako balio gisa garatzera, kulturaren alorrean garapen pertsonala garatzera (jakituria eta sormena sustatuz) eta abarretara zuzenduriko jarduera eta programak”.

Ildo horretan 19.824 euroko ekarpena egin da, honela banatuta:  ‘Desberdintasunak’- Kultura arteko XXXV astea (4.008 euro), XVII. Europar Jardunaldiak (4.008 euro), Camerfesti ekitaldia, Gasteizen Kamerundarren kultura sustatzea (3.876 euro), Bidariak (3.348 euro), Kulturaz hitz egiten (2.952 euro) eta Arabako Erromanikoaren Interpretazio Zentroa (1.632 euro).

“Gasteiztarrak euren interesekoak diren ekintzetan parte hartzera animatzen ditugu, baita berriak ezagutzera ere, harrigarri gertatu ahal zaizkie eta. Kultura-agendari heltzeko unea da, eta horrek pandemiaren amaieran lagun diezaguke” adierazi du zinegotziak.

Share

Kolonbiako egoerari buruzko adierazpena

Joan den apirilaren 28an, Kolonbiako herria kaleetara irten zen bidezko bizi-baldintzak exijitzeko, Iván Duqueren gobernuaren zerga-erreformaren kontra protestatzeko eta herrialdeak justizia soziala eta bakea izan ditzala aldarrikatzeko.

Harrezkeroztik, Lanuzte Nazional mugagabean dago, eta, harrezkeroztik, gobernuak errepresio basatiarekin erantzun die legitimoki protestatzeko euren eskubidea baliatzen ari diren eta bizitza duina eta giza eskubideak errespeta daitezen exijitzen ari diren pertsonei.

Sistema demokratikoetan, oinarrizko eskubideetakoa da gizarte-protestarena, eta Estatuak errespetatu eta bermatu egin behar du eskubide hori.

Bermatu egin behar du herritarrek bakean aldarrika ditzaten haien eskaerak, bai herritarren oinarrizko beharrak asetzeko bidea emango duen bidezko zerga-sistema progresibo baten aldekoak, bai Bake Akordioak benetan eta osoki betetzearen aldekoak, batik bat, bake egonkor eta iraunkorra lortzeko bidean aurrera egiteko.

Hainbat plataformak adierazi dutenez, Lanuzte Nazionala hasi zenetik, polizia-indarkeriaren kasu ugariren berri eman dira: herritarrak erailtzea, zauritzea eta bidegabe atxilotzea, Indar Publikoak sexu-indarkeria erabiltzea… Inolako zalantzarik uzten ez duten irudi ugari grabatu dira herrialdeko hainbat hiritan etxeko bideoetan: herritarren aurka suzko armak erabiltzen ageri da Indar Publikoa, errepresio bortitz eta indiskriminatuan.

Horren aurrean, ezin egon gaitezke isilik.

Kolonbiako herritarrak errepresioa jasaten ari dira, Polizia Indarrak erreprimitzen, jazartzen, zauritzen eta erailtzen ditu; horrenbestez, gobernuari gogorarazi behar diogu bere erantzukizuna dela Giza Eskubideak babestea eta bermatzea, bizitzeko eskubidea eta segurtasun pertsonala izatekoa barne, baita bakean biltzeko askatasuna izateko eskubidea baliatzeko bidea ematea ere.

 

Horregatik guztiagatik,

– Salatzen dugu legitimoki kaleetan protestan ari direnen aurkako errepresio basati eta bidegabea.

– Iván Duqueren gobernuari eskatzen diogu Kolonbiako herritar guztiei Giza Eskubideak baliatzea babes eta berma diezaiela.

– Exijitzen dugu Indar Publikoak egindako indarkeria-kasu guztiak argitu daitezela, eta dagozkien erantzukizunak defini daitezela, haren maila ofizialetan zein horretarako aginduak eman dituzten gobernuko mailetan.

– Elkartasuna agertzen diegu protesten kriminalizazioaren ondorioak sufritu dituzten eta sufritzen ari diren pertsona guztiei.

– Salatzen dugu mobilizazioetatik kanpoko zenbait taldek indarkeria areagotu den unea balia dezaten ondasun komunak arpilatzeko eta haiei erasotzeko, bai eta ekintza horiek gizarte-protestak kriminalizatzeko balia daitezen ere.

– Elkartasuna agertzen diegu Kolonbiako herriei, bizi-baldintzak benetan hobetzeko beren eskaera bidezkoetan eta herrialdeak justizia soziala eta bakea izan ditzalako exijentzietan.

 

Nazioarteko komunitateari eskatzen diogu elkartasuna ager diezaiola Kolonbiako herriari, eta behar diren ekintza diplomatiko eta politikoak egin ditzala Iván Duqueren gobernuaren aurrean errepresioa amai dezan eta Kolonbiako herriaren Eskubideak errespeta ditzan

Share