Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-10)

Prentsaurrekoa. ‘Baikortasunerantz’ kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Musika Bandaren zuzendari Luis Orduña; Joselu Ruiz de Gordoa, konpositorea; eta Annelien Van Wauwe, klarinete solista

Eguna. Astelehena, maiatzak 10

Ordua. 11:00

Tokia.  Udaletxeko prentsa aretoa

————————————

Etxe Berdeak 2021 programaren aurkezpen ofiziala

Parte hartzaileak. Alkateorde Ana Oregi; eta Vital Fundazioko  Axier Urresti

Eguna. Astelehena, maiatzak 10

Ordua. 18:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria auditorioa

Share

Ikasleentzako bide-segurtasunaren gaineko marrazki-lehiaketako sariak banatu ditu Udaltzaingoak

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ehunka ikaslek parte hartu dute “Seguru bizi” lehiaketan

Isabela Escobar —Hogar San José ikastetxekoa—, Naroa Fernández de Mendia —Korazonisten ikastetxekoa— eta Giorgi Kurasbediani —San Martin ikastetxekoa— izan dira Udaltzaingoak urtero antolatu ohi duen “Seguru bizi” marrazki-lehiaketako lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartzen dute lehiaketan, zeinen helburua baita bide-hezkuntza sustatzea eta bide-segurtasuna eta bide publikoko erabiltzaileen arteko bizikidetza ona bultzatzen duten arauak betetzeko beharraz kontzientziatzea ikasleak.

Bizikleta bat, diploma bat eta ziklista-kit bat —kaskoa, argiak eta txirrina— jaso dute saritzat irabazleek. Beste 25 ikasleren lana ere saritu da, eta horiek ere jaso dute diploma eta ziklista-kita. Goiuri jauregian izan da sari-banaketa, Gorka Urtaran alkatea eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrez bertan zirela.

Bide-hezkuntzako urteko egutegia argitaratuko du Udaltzaingoak saritutako 12 marrazki onenekin.

Lehen saria

Bigarren saria

 

Hirugarren saria

 

Share

Atxilotuak desobedientziagatik, autoritate-agenteen aurkako erresistentzia larriagatik eta autoetan kalteak eragiteagatik

 

Udaltzainek atzo 38 eta 20 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten hainbat delituren ustezko egileak zirelakoan: autoritate-agenteen aurkako atentatua, desobedientzia eta erresistentzia larria, eta ibilgailuei kalteak eragitea.

Guztia 19:30ean gertatu zen, 092ra egindako dei batek poliziaren presentzia eskatu zuen Andre Maria Zuriaren plazako ostalaritzako establezimendu batean. Izan ere, bi pertsona, mozkortuta, bezeroak molestatzen ari ziren eta musukoa jantzita izateari uko egiten ari ziren.

Udaltzainek bi gizonezkoak Agirrelandara eraman zituzten; 38 urtekoa atxilotuta, esku hartu zuten udaltzainen aurka egin zuelako, eta gazteena bere datuak emateari uko egin ziolako. Azken hark, identifikatu ondoren, eta polizia-etxetik ateratzen ari zela, Agirrelanda kalean aparkatuta zeuden bi ibilgailutan kalteak eragin zituen. Ondorioz, berriro ere polizia-egoitzara eraman zuten, baina, kasu hartan, atxilotuta.

Guardiako epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zituzten biak.

Esku-hartze haren baitan, Udaltzaingoak 48 urteko emakumezko bat ere ikertu du gertakariak jazo ziren ostalaritza-establezimenduan poliziaren lana oztopatu zuelako.

 Deskuiduen kontrol-kanpaina

Udaltzaingoak, maiatzaren 10etik 16ra bitartean, deskuiduak eta zirkulazioko arreta-falta eragiten dituzten tresnen eta gailuen erabilera kontrolatzera zuzendutako zirkulazio-kanpaina berezia egingo du.

Gidariek, gidatzen ari diren bitartean, telefono mugikorrak, musikako kaskoak edo GPS gailuak ez dituztela erabiltzen zaindu eta kontrolatuko dute udaltzainek eta, dagokionean, administrazioko salaketak izapidetuko dituzte.

Kanpaina hori Bide Segurtasunaren Udal Plan Estrategikoaren barnean (2018-2023) jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen barruan dago eta hori, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko Plan Estrategikoari atxikita dago. Horren oinarrizko helburua da bideko segurtasuna bermatzea Euskadiko bide publikoetan horri lotutako istripu-indizea eta kaltegarritasuna gutxituta.

 

 

 

 

 

Share

Udalak zurrumurruei kasurik ez egiteko dei egiten du “Zurrumurruen kontrako maiatza” egitarauaren bidez

 

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren Mundu Eguna izango da, eta, hori dela eta, Zurrumurruen kontrako Estrategiak zenbait jarduera antolatu ditu maiatzerako.

 

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren Mundu Eguna izango da; Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2002ko abenduan izendatu zuen eguna, 2001ean Kultura Aniztasunari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala onetsi ondoren.

Egun hori dela eta, Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiak jarduera-egitarau oso bat antolatu du maiatzean zehar egiteko:

Lehenik, maiatzaren 17tik 23ra bitartean, Poetak Maiatzean Nazioarteko IX. Poesia Jaialdiaren barruan, ekintza bat egingo da Gasteizko gizarte-etxeetako beirateetan: zurrumurruen kontrako poesia-bertsoak ilustratuko dituzte haietan. QR kode bana jarriko da ilustrazioen ondoan, eta, hala, “audio-ibilbidea” egin ahal izango da gizarte-etxez gizarte-etxe. Horretaz gain, “Gente de aquí, gente de allí” liburua eta “zurrumurruen kontrako kit” bat zozketatuko dira Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren sare sozialetan.

Bestalde, maiatzaren 19rako, online lantegi bat antolatu da: “Reconstrucción antirracista para personas blancas”, Madrileko SOS Racismoko kide Sarah Gottlieben eskutik.

Maiatzaren 21ean, Kultura Aniztasunaren Mundu Egunean, Zurrumurruen kontrako Giza Liburutegi bat egingo da, Afrikaren Astearen barruan. Lakuako Parkour Parken egingo da, eta 5 gaztek euren testigantzak partekatuko dituzte: bizipenak, ametsak eta abar. Helburua da topaketarako eta elkarrekintza positiborako gune bat sortzea, eta, horretaz gain, aurreiritziei eta estereotipoei buruzko debatea sortzea.

Azkenik, maiatzaren 31rako, zurrumurruen kontrako zineforuma antolatu da, “Descendents” dokumentalaren bidez, Aldabeko gizarte-etxean. Dokumentala jarri baino lehenago, aldez aurreko joko bat egingo da, “Nor da nor” jokoan oinarritua, eta dokumentala ikusi ostean, solasaldia egingo da haren zuzendariarekin, zeina bideo-deiaren bidez jardungo baitu.

Jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, antirumores@vitoria-gasteiz.org helbidera mezu elektronikoa bidaliz. Argibide gehiago nahi izanez gero, posta elektronikoz galde dezakezue edo Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren sare sozialei jarraitu (Facebook:  @Antirumoresvg, eta Instagram: antirumores_vg), haietan informazio gehiago jarriko baita.

 

 

 

 

Share

Herritarren eskari nagusiei erantzutea xede duen aparteko inbertsio-plana aurkeztu du udal gobernuak

  • 7,2 milioi euro baliatuko dira espazio publikoa eta udal instalazioak mantendu eta hobetzeko
  • 2,7 milioi euro hiriko galtzadetako asfaltoa hobetzeko izango dira; besteak beste, Mendizabaleko aparkalekuko zoladura osoa berrituko da
  • Beste 2 milioi euro inguru gizarte-etxeak, ikastetxeak, kiroldegiak eta udal eraikinak hobetzeko hainbat neurri bideratzeko izango dira

Gorka Urtaran audioa

Dagoeneko erabaki da zertarako baliatuko den 2020ko aurrekontuaren emaitzaren saldo positiboa. Hain zuzen ere, Urtaranen gobernuak herritarren eskari nagusiei erantzuteko taxutu duen aparteko inbertsio-planean erabiliko dira. Horretarako, bi lan-eremu nagusi finkatu dira, espazio publikoa eta udal instalazioak, eta hainbat mantentze- eta hobekuntza-lan egingo dira bertan. Horrez gain, atal berezi bat izango da, pandemiak eragindako sektoreei laguntzeko. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eman ditu aparteko funts ekonomiko horren inguruko xehetasunak, lehen alkateorde Maider Etxebarriarekin eta alkateorde eta Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubairekin batera.

“Ez diegu inbertsio berriei ekingo, baizik eta lehendik ditugunak hobetu, eta, horretarako, herritarrek hainbat bidetatik helarazten dizkiguten lehentasunetan oinarritu gara. Pertsonen eguneroko bizitzan eragiten duten kontuak jo ditugu begiz, horien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko. Hori da hiria egiteko gure modua, guztiongan pentsatuz, herritarrei entzunez, gero udal baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiltzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Orobat azaldu du zein diren plana posible egin duten hiru faktoreak: zorroztasuna, efikazia eta eraginkortasuna, baliabide publikoen kudeaketan. 2020ko aurrekontuetan izandako soberakina, nagusiki, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren bitartez Udalari egin zaion ekarpenari zor zaio batetik, eta bestetik, eta batez ere, pandemiak sortutako krisiaren hasieran udal gobernuak gastua kontrolatzeko abian jarri zituen neurri zorrotzei. “Hala jokatu izan ez bagenu, kontrako egoeran geundeke orain. 2020ko zorrak konpentsatzeko baliatu beharko genituzke 2021eko baliabideak”, gehitu du.

Aparteko inbertsio-planeko 7,2 milioi euroak zertarako baliatuko diren erabakitzeko, herritarrei modu aktiboan entzuteko udal ekosistema baliatu da, hau da, herritarren postontzia, webguneko “Alkateak entzuten dizu” atala, udal soziometroa eta herritarren partaidetza-organoen bitartez, hots, auzogune eta elkarguneen bitartez, jasotako ekarpenak. Jasotako eskaera guztiak gaika sailkatuz gero, hau da emaitza: % 67 bost multzotan biltzen dira, zein baitira udal eraikin eta instalazioetako inbertsioak, galtzadetako asfaltoaren konponketa —beharrezko den kaleetan—, zuhaitzak inausteko jarduketak, espazio publikoko argiteriako hobekuntzak eta pandemiak eragindako sektoreentzako laguntza.

Eraikin eta instalazioetako inbertsioak

Sozialisten esku dauden sailetatik udal ekipamenduak hobetzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurriak garatzeko, administrazio elektronikoan aurrera egiteko eta kulturari laguntzeko egingo den ahalegin handia nabarmendu du Maider Etxebarriak.

Horretan guztian, 2,8 milioi euro inguru inbertituko dira. Besteak beste, kamerinoak eraikiko dira Europa jauregian, “Principal antzokiaren alternatiba izan dadin, hura eraberritzen hasten garenerako. Ehundik gora urte dituen antzokiko kultur jarduera hartuko duten agertokiak behar ditugu, eta Europa jauregia, Iradier Arenarekin eta Udalaren antzoki-sarearekin batera, aukera bikaina izango da, antzerki-konpainiek Gasteiza etortzen jarri dezaten”. 130.000 euro erreserbatu dira kamerinoak egiteko.

Handiagoa izango da Mendizorrotzeko udal-igerilekuetako eraikin soziala eraberritzeko baliatuko den partida, 550.000 euro inbertituko baititu bertan Mantentze Zerbitzuak, gehien bat irisgarritasuna hobetzeko obrak egiten. Era berean, 500.000 euro baliatuko dira Gamarrako kirol esparruko eraikina berritzeko.

Beste 376.000 euro ikastetxeetan pintatze-lanak egiteko, argiteria hobetzeko eta ekipamendu berriak jartzeko izango dira. Sansomendi eta Txagorritxun, berriz, 60.000 euro inbertituko dira bi osasun-parke eraikitzen, “adinekoek aukera izan dezaten ariketa egiteko eta aktibo mantentzeko, beren ongizate pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzeko”, azaldu du Maider Etxebarriak.

Administrazio elektronikoaren hobekuntzan aurrera egiteko aukera emango duten neurrietan ere inbertsio nabarmena egingo da (250.000 euro), baita hirian jarduera ekonomikoa bultzatzeko ekintzetan ere (258.600 euro). Hezkuntza eta Kultura Sailak, berriz, 40.000 euro bideratuko ditu Kultura Bizia hitzarmenera, eta 73.000 euro baliatuko udal liburutegietarako bibliografia-funts berriak erosteko. Liburu-denda lokaletan gastatuko da kopuru hori, eta 2020ko aurrekontuetan jasotako 90.000 euroko partidari gehituko zaio.

Galtzadetako asfaltoa berritzea

Iñaki Gurtubai alkateordeak zehaztu ditu inbertsio-planeko gainerako atalak, espazio publikoari dagozkion kontuen ingurukoak. Nabarmentzeko da asfaltoa hobetzeko egingo diren inbertsioen blokea, guztira 2.724.000 euro. Gasteizko kaleetako zoladura konpontzeko azken agintaldietan egin den kanpainarik handienari ekiteko aukera emango du, autobus elektriko adimentsuaren ibilbide osoan lehendik egiten ari diren lanez gain. Aurreikusitako jardueren artean, nabarmentzekoa da Mendizabaleko aparkaleku osoan berrituko dela asfaltoa, guztira 25.000 m2tik gorako azalera.

Zuhaitz-inausketak

Hiriko zuhaitzak onik zaintzeko lanekin du zerikusia hirugarren blokeak. Hiriko inausketak hobetzeko 500.000 euroko inbertsioa aurreikusi da. 2021eko aurrekontuan auzoetako zuhaitzak kudeatzeko planerako lehendik zegoen 300.000 euroko kopuruari gehitu zaio hori, eta zuhaiztien gida-planeko 50.000 euroei.

Argiteria hobetzea

Laugarren multzoa, zenbatekoari dagokionez, argiteriaren hobekuntzari dagokio, 300.000 euro baliatuko baitira horretarako. Diru-kopuru hori ez da izango orain arteko luminarien ordez LED lanparak jartzeko, 150.000 euroko berariazko aurrekontu-partida baitago horretarako, ezpada argitasun gehiago emateko, beharrezko gertatzen den lekuetan.

Sektore ekonomikoei laguntzea

Herritarren eskari nagusiak aintzat hartzeaz gain, pandemiak eragindako krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntza ekonomikoa emateko erreserbatuko da funtsaren parte bat. Hain zuzen ere, 800.000 euro ostalaritzari eta jatetxeei emango zaizkien hobari fiskalak —mahaitxoen tasa eta zabor-tasa ordaintzetik salbuetsiz— berdintzeko izango dira. “Azken urtean egoera oso zailari aurre egiten ari diren mila bat negozio izango dira neurri horren onuradun”, adierazi du Iñaki Gurtubaik. Gorago aipatutako jarduera ekonomikoa sustatzeko 268.000 euroak gehitu behar zaizkio kopuru horri, eta kulturaren sektoreari laguntzeko 113.000 euroak.

 

 

Share

Beste bost etxebizitza prestatuko ditu Urtaranek gobernuak etxebizitzarik gabe dauden pertsonentzat

21 Zabalguneak Gizarte Politiken Sailarekin batera kudeatzen duen programa bereziaren parte dira; 9 etxebizitza prestatu ziren joan den urtean, eta aurten beste lau prestatzea aztertzen ari da.

 

21 Zabalguneari 125.000 euroko transferitzea egitea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, hiriko hainbat lekutan dauden bost etxebizitza eraberritu eta prestatzeko, sozietate horrek Gizarte Politiken Sailarekin batera etxebizitzarik ez duten familientzat kudeatzen duen programa berezira bil daitezen.

Joan de urtetik, dagoeneko bederatzi etxebizitza prestatu ditu Udalak halako familientzat. Gaur onetsi den transferentziari esker prestatuko diren bost etxebizitzak gehituko zaizkie bederatzi horiei, eta beste lau etxebizitza ere aztertzen ari da 21 Zabalgunea, halako familien eskura jartzeko aukerak ikusteko.

Programako 18 etxebizitza horiez gain, gazteentzako, Alokabiderentzako eta gizarte-zerbitzuentzako hainbat etxebizitza-multzo prestatzeari ekin zion Urtaranen gobernuak aurreko agintaldian.

 

Share

Eremu sozio-sanitarioko beste hiru hitzarmen onetsi dira

 

Minbiziak, esklerosi anizkoitzak, arreta-defizitak eta hiperaktibitateak eragindako pertsonei eskaintzen zaien arreta hobetzeko aukera emango duten beste hiru hitzarmen onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Horrenbestez, 18 dira, dagoeneko, 2021eko aurrekontua indarrean jarri zenez geroztik osasun publikoaren esparruan onetsitako hitzarmenak. Gaurko onetsitako hiruren bitartez, 25.000 euro inguruko laguntza ekonomikoa emango du Udalak, aurreikusitako programetarako.

Gasteiztarren artean minbizia prebenitzeko programak garatzeko AECC Minbiziaren kontrako Espainiako elkartearekin sinatuko dena da hitzarmenetako bat. 14.167,80 euroko dirulaguntza emango zaio, minbiziaren inguruko zabalkunde- eta prebentzio-kanpainak egiteko. Tabakismoaren kontrako berariazko ekintzak ere aurreikusten dira, eta beste hainbat programa osagarri.

ANADAHI arreta-defizita, hiperaktibitatea eta oldarkortasuna duten haur eta helduen elkartearekin sinatuko da bigarren hitzarmena, eta 3.825 euroko udal laguntza jasoko du. Eragindakoei eta familiei arreta eta laguntza emateko programa bat garatzeko aukera emango dio horrek, prestakuntzaren, aholkularitzaren eta jarduera-kudeaketaren arloko zerbitzuak tarteko.

 

Azkenik, AEMAR esklerosi anizkoitza dutenen elkartearekiko hitzarmena ere onetsi da, gaixotasun horrek eragindakoei laguntzeko programa bat garatzeko. Esklerosi anizkoitzaren sorospen terapeutikoa ahalbidetuko du ekimen horrek hainbat arlotan, hala nola logopedia, fisioterapia edo okupazio-terapia. 5.589,60 euroko ekarpenarekin lagunduko dio Udalak programa horri.

 

 

 

Share

Gasteizek 23.000 euroko laguntza emango dio teknologia birziklatzean oinarritzen den laneratze programa bati

 

Prestaturik elkartearekin sinatutako hitzarmenak ordenagailuak eta gailu mugikorrak konpontzeari buruzko prestakuntza eta enpresako praktikak uztartzen ditu

 

Ekonomia Sustapenerako Sailak eskatuta, Udal gobernuak lankidetza-hitzarmen bat onetsi du gaur Prestaturik elkartearekin, 2021ean enplegurako prestakuntza programa bat finantzatzeko. Programa hori immigranteei dago zuzenduta, haien gizarteratze prozesuaren barruan. Programaren helburua da pertsonei informazioa eta laguntza ematea, baita enpresetan praktikak egiteko aukera eskaintzea ere, gailu elektronikoak konpontzeko gai izan daitezen. Udalak 23.000 euro emango dizkio proiektu horri, eta EAJ-PSEren udal gobernuak eta Elkarrekin taldeak 2021erako egindako aurrekontu akordioaren emaitza da.

Programa 256 ordukoa izango da, eta hainbat ikasgai izango ditu, esaterako, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak eta gailu mugikorrak mantentzeko eta konpontzeko ikastaroak; modulu osagarriak ere eskainiko dira, hala nola, gizarteratzeari, ingurumenaren arloan sentsibilizatzeari, genero-berdintasunari eta ekintzailetza sustatzeari buruzkoak. Horretaz gain, proiektuak enpresetan praktikak egitea aurreikusten du.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, “langabezian dauden immigranteen potentziala sustatzea oso erronka garrantzitsua da. Hori lortzeko, prestakuntza oso tresna indartsua da, pertsona horiek eransten duten giza kapitala eta kapital soziala eta ekonomikoa aprobetxatzeko aukera emango digulako. Etorkinen enplegagarritasuna areagotzeari ateak irekitzen dizkiogu hirian”.

Bestalde, Garbiñe Ruiz zinegotziaren esanetan, “Elkarrekin taldetik hitzarmen hau bultzatzen jarraitzen dugu; izan ere, iaz oso emaitza onak eman zituen, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera. Ekonomia zirkularrean enpleguak sortzea, proiektu honen kasuan bezala, gure udalerriak erreferentziako Green Capital izaten jarraitzea ahalbidetzen duen lan-ildoa da”.

 

 

 

Share

Gasteizko Udalak 133.000 euro bideratuko ditu FesTVal jaialdiaren XIII. edizioa babestera

Telebista-jaialdia abuztuaren 30etik irailaren 5era bitartean izango da

Udal Gobernuak hasia du prozesua FesTValen XIII. edizioa babesteko; 2021ean, abuztuaren 30etik irailaren 5era bitartean egingo da. Gaur, Telebista Jaialdiaren aurtengo edizioari laguntzeko izapidea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; jaialdiak udalaren 133.000 euro jasoko du.

FesTVal telebistaren sektorerako erreferentziazko hitzordu bilakatu da estatu mailan, eta telebista-katerik garrantzitsuenak eta kazetari espezializatuak ekartzen ditu Gasteizera. Jaialdiaren barruan, PROFESTVAL atala ere badago: hitzaldiak, mahai inguruak eta lantegiak egiten diren jardunaldiak dira, ikus-entzunezko sektoreko profesional zein ikasleei zuzendurik.

Aurtengo edizioaren egitaraua zehaztu bitartean, aipatuko dugu 2020ko FesTVal nabarmendu zela Europa jauregian egin zelako (bai parte hartu zuten kateen aurkezpen eta estreinaldiak, bai amaiera-ekitaldia), pandemia zela-eta hartutako segurtasun-neurriengatik eta online formatuaren aldeko apustua egin zuelako.

 

 

 

Share

Estalki berria izango du Frai Zacarias kaleko udal eraikinak

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Frai Zacarias Martinez kaleko 3. eko udal eraikinaren estalkia berritzeko lanak kontratatzeko dosierra onetsi du gaur goizean, 213.852,30 euroan.

“Udal eraikinak hobetzea gure lehentasunetako bat izan da legegintzaldi hau hasi genuenetik. Ekipamenduen optimizazio energetikoaren alde egiten dugu, eta instalazio horietako langileen eta zerbitzu-hartzaileen ongizatea bermatzeko lan egiten dugu. Gainera, kasu honetan, eraikina gure hirigune historikoko eraikin berezia da” adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Orain dela urte batzuetatik hona, eraikin horretan daude udaleko hainbat zerbitzu: Herritarren partaidetza, Hezkuntza, Garapenerako lankidetza, Berdintasuna, Gazteria, eta  Bizikidetza eta Aniztasuna

Hobekuntzak

Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuak hainbat kalte hauteman zituen ekipamenduan, esaterako, azken solairuko hezetasunak eta teilatuaren beraren narriadura, adarrek kolpatzearen ondorioz (elurra egitean, batez ere).

Egungo estalkia kendu eta berria jarriko da, eta horri esker, isolamendu termikoa, estalkiaren iragazgaiztasuna, iraunkortasuna eta erretena mantentzeko lanak hobetuko dira.

Lanek hiru hilabete iraungo dute, gutxi gorabehera.

Share