Prentsa Oharren banner

Jabetze Feministarako Eskolak María Ruiz kantautorearen kontzertu batekin eman dio amaiera bere ikasturteari

María Ruiz kantautore feministaren kontzertu batek amaiera eman dio Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-2021 ikasturteari, Aldabeko gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan. Mariak, Eva Sierrarekin eta La Mare-rekin batera, Arte Muhé kolektiboa osatzen dute, eta arte eszenikoak erabiltzen dituzte lesbiana feministen beren aktibismorako.

Ekitaldiarako, aretoa bete da, eta bertan parte hartu dute Gorka Urtaran alkateak eta Miren Fernández de Landa Berdintasuneko zinegotziak. Alkateak azpimarratu du Berdintasun Zerbitzuak hamar aste hauetan izan duen konpromisoa, eta nabarmendu duenez, “horretan ez du bakarrik egin bidea. Kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboek, emakumeen elkarteek eta elkarte mistoek eta tokiko gobernu-taldeek izan ditu ondoan, eta Eskolaren proiektuaren iraunkortasuna ziurtatu, eta haren ikuspegi feminista bermatu dute. Ikasturtez ikasturte eskolan parte hartu dutenek —milaka pertsona, emakumeak gehienak— zentzua eman diote. Zuek guztiok egin duzue posible gaur egun Gasteizen dugun Jabetze Feministarako Eskola”.


Jabetze Feministarako Eskolaren oraingo edizioan, lehenengoz jarri da abian Ikerlan Feministen Lehiaketa. Hauek izan dira lehen lehiaketa horretako irabazleak: batetik, Andrea Perales Fernández de Gamboa eta María Gema Lasarte Leonet, “Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia” proposamenarekin, eta, bestetik, Irati García López de Aguileta “Nire gorputza gudu-zelai bat da. Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan” proposamenarekin.

Hamargarren urteurrena

2011ko azaroan, emakumeentzako lehenengo ikastaro eta lantegiak (Gizartean eragina izan zezaten) antolatu zituen Gasteizko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak. Horrekin hasiera eman zitzaion proiektuari, zeinak herritarrei interesatuz gero Euskal Herriko beste udalerri batzuetan zeudenen antzerako jabetze-eskola bihurtu nahi baitzuen.

Harrezkeroztik, jarduera ugari egin ditu: ikastaroak eta lantegiak, hitzaldiak, zineforumak, antzezlanak, kontzertuak, irakurketa-klubak eta #FeminismoMola (haur eta gazteentzako ekimen multzoa), besteak beste. Horiek guztiek Jabetze Feministarako Eskola taxutu dute, eta edukiz bete dute.

 

 

Share

Animaliak Babesteko Zentroa zabaltzeko eta hobetzeko proiektu berria aurkeztu dute

  • Txakurrentzako ostatu guneak ugaritu dituzte beste 32 txakurtegirekin
  • Aisialdiko guneetan 3.500 metro koadro gehituko dituzte
  • Administrazioko eraikineko instalazioak berriro banatu eta handituko dituzte

 

Animaliak Babesteko Zentroa erreformatzeko proiektua

Kirol eta Osasuneko zinegotziak, Livia Lópezek, Gasteizko Udalaren Animaliak Babesteko Zentroa erreformatzeko proiektua aurkeztu die Animalien Elkarbizitzarako, Defentsarako eta Babeserako elkargunean parte hartzen duten kolektiboei. Obrak 1.100.000 euroko lizitazio-aurrekontua du eta, horri esker, zentroak animaliei modu espezifikoan eskaintzen dien eremuan eta administrazioko eta albaitaritzako lanak egiten diren eraikinean zentroak instalazio berriak izango ditu. Bestalde, Animaliak Babesteko Zentroaren ondoko guneak egokitu egingo dira txakurrentzako aisialdi gune izan daitezen.

 

“Gasteizko Udalak animalien ongizatearekin lotuta bere gain hartu duen konpromisoak urrats berri bate ematea ahalbidetzen digu. Animaliak Babesteko Zentroaren erreforma bertako animalien arreta hobetzeko, lan-baldintzak hobetzeko eta instalazioetara joaten direnen arreta hobetzeko funtsezko proiektua da. Funtsezko erreforma egingo dugu Animaliak Babesteko Zentroa  behar berrietara egokitzeko. Horrek gainazala zabaltzea eta eremu ugarien banaketa hobetzea ahalbidetuko digu”, zehaztu du Livia Lópezek.

 

 

Esku-hartzeen bloke handia animalien eremuan

 

Zabalkuntza-lan nagusiaren bidez, txakurrei ostatu emateko 32 txakurtegi berri eraikiko dituzte. Nabe itxura duen eraikuntza da eta behar bezala garbitu eta desinfektatu ahal izateko uren kanalizazioko eta drainatzeko sistema eta material egokiak erabiliko dira horretarako. Txakurtegiek zoru bero-emaileko sistema izango dute beharrezkoa denean txakurrentzako guneak girotu ahal izateko. Eremu horretan itxituren bidez egokitu ahal izango da instalazioetan sartu berriak diren txakurrek koarentena egiteko gunea.

 

Txakurtegi bakoitzak elikagaiak hornitzeko eta sartzeko sistema modernoak izango ditu eta, horri esker, zaintzaileen segurtasuna erraztu eta animalien erosotasuna hobetuko dira garbiketa-prozesua egitean. “32 txakurtegi berri hauekin, batez ere, Animaliak Babesteko Zentroan dauden animalien egonaldiko baldintzak hobetuko ditugu; izan ere, bakoitzak bere gunea izango du.”, aipatu du Kirol eta Osasuneko zinegotziak.

 

Era berean, Animaliak Babesteko Zentroan sartu berriak diren katuentzako koarentenarako gune berria egokituko da haien osasun-egoera monitorizatu ahal izateko. Osasun-arazoren bat detektatuz gero, katu horiek bi gune berritara eramango lituzkete; haietako bat arnas-gaixotasunarekin lotutako kasu espezifikoetarako izango da, eta bestea gainerako patologietarako. Bestalde, koarentena behar bezala amaitu duten katuentzako eta infekziosoak ez diren gaixotasun edo prozesuak dituztenentzako hirugarren gune bat ere aurrez ikusi dute.

 

Amaitzeko, kanpoan ere gune bat izango dute katuek haien bizimodua erdi-askatasunean egin dezaten. Gune horretako animaliek adoptatu ahal izateko baldintzak beteko dituzte. Gune honek izan ezik, gainerako esparruek girotze-sistemak izango dituzte.

 

Animaliak Babesteko Zentroa berritzeko proiektuak animalientzako zonalde barruan beste gune osagarri batzuk ere jasotzen ditu.

 

  • Eriondo dauden, ebakuntza ondoren suspertzeko, txakurkumeen kumaldietarako edo zainketa berezietarako gune espezifikoa.
  • Txakurrak eta katuak ez diren beste espezie batzuetako animalientzako eremua (hegazti exotikoak, adibidez).
  • Hiru biltegi elikagaiak, laneko makina eta tresnak, garbiketa-produktuak, parasito-kontrakoak eta abarrak behar bezala kudeatzeko.
  • Garbigailu industriala duen gunea askak eta uraskak zein katuentzako hondar-erretiluak garbitu eta desinfektatzeko. Eremu honetan bertan egin ahal izango dituzte ile-apainketako lanak.

 

Zonalde ugariak lotzen dituzten korridoreak eta ibilbideak biosegurtasuna kontuan hartuta diseinatu dituzte. Hala, ahalik eta gehien mugatuko dira gune garbien eta zikinen arteko kutsadura gurutzatuak, instalazioetako erabiltzaileen eta langileen segurtasuna ere kontuan izanda.

 

 

Txakurrentzako aisialdirako gune berriak

 

Aldi berean, eraikinaren iparraldean txakurrak paseatzeko eta haien aisialdirako hiru gune berri egokituko dituzte. Haien gutxi gorabeherako azalera 3.500 metro koadrokoa da. Hesituta eta elkarri komunikatuta egongo dira.

 

Eremu horietan, kontrolatutako talde txikitan edo banaka paseoak egin ahal izango dituzte, eta “agility” eremua instalatu ahal izango da.

 

 

Administrazio-eraikina zabaltzea eta berriro banatzea

 

Gaur egungo eraikinaren azalera handitu eta banaketa hobetuko dute. Administraziorako eremu bat egongo da, bulegoekin eta arreta emateko guneekin. Hiritarrek instalazioetara sartzeko eta harrera jasotzeko gaur egun erabiltzen dutena da.

 

Gainera, Animaliak Babesteko Zentroak adopzio arduratsuarekin eta animalien ongizatearekin lotuta betetzen duen lana hedatzeko jarduerak egin ahal izateko, ikasleen taldeei harrera egin ahal izateko erabilera anitzeko areto bat ere gehitu dute. Horrez gain, Zentroko langileentzako eremua hobetuko da aldagela eta komun propioekin.

 

Bestalde, “albaitaritzako” eremua berrantolatu eta handitu egingo da sendaketen gela, ebakuntza-gela independente bat eta albaitaritzako langileentzako bulego bat sortuta.

 

Eraikineko sarbide ugariak diseinatzeko garaian, kontuan hartu da bertan egiten diren lanak modu bereizian egin behar direla, barneko langileen zein hiritarren joan-etorriak antolatuta. Eraikinerako sarbidea ere berritu egin da eta hemendik aurrera estalitako gunea izango du. Ibilgailuak aparkatzeko gunea berriro urbanizatuko da. Horren arabera, autobusek bertara sartzeko aukera izango dute eta edukiera handituko da.

 

Amaitzeko, animaliak jasotzeko ibilgailuentzako sarrera independente bat sortu da animalien estresa minimizatu eta biosegurtasuneko neurriak errespetatu ahal izateko.

 

Animaliak Babesteko Zentroko instalazioak 1983an ireki zituzten eta Udalak 1989an hartu zituen bere gain. Harrezkeroztik, orain arte, zentroa eraldatu eta garatu egin da, 30 urte pasatxo hauetan sortu diren beharrei erantzuteko, bai animaliak zaintzeko eta haiei arreta emateko moduagatik, bai zabalkunde- eta prestakuntza-jarduerengatik.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-05-28)

Prentsaurrekoa. ‘Nola egin zen “Leihoak” antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Teatro Paraisoko zuzendari eta aktore Rosa Angela Garcia; eta Irene Intxausti, familiekin bitartekaritza lana egingo duena

Eguna. Ostirala, maiatzak 28

Ordua. 12:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

24 ikastetxetako ikasleek 2.800 proposamen baino gehiago egin dituzte Garapen Jasangarriko Helburuen azterketarako

Eskolako Agenda 2030-en barruan dago (Eskolako Agenda 21-en jarraipena) ekimena, eta helburu du garapen iraunkorrari lotutako gaiak tokiko ikuspegiarekin lantzea.

 

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Gasteizko 24 ikastetxeetako ikasleek, guztira, 2.849 proposamen egin dituzte Garapen Jasangarriko Helburuen azterketarako. Ikasleen iritzia jakin ondoren, gaur Gorka Urtaran alkateari eta Ana Oregi alkateorde eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakariari aurkeztu zaizkien 24 proposamenak aukeratu dira.

Eskolako Agenda 2030-en barruan dago (Eskolako Agenda 21-en jarraipena) ekimena, eta helburu du garapen iraunkorrari lotutako gaiak tokiko ikuspegiarekin lantzea. Ikasturte honetan, aurreko ikasturtean landutako gai berari eutsi zaio: klima-aldaketa.

Pandemiaren eraginez, lan-metodologia egokitu behar izan da, eta plataforma digitalak erabiltzea sustatu da; website bat prestatu da, esaterako, baliabide didaktikoak ikastetxeekin partekatzeko. Halaber, ikasleen adinera eta jakite-mailara egokitutako material didaktikoa eskaini da.

Honako proposamen hauek egin dituzte ikasleek, besteak beste: Zabalganen eta Eharin parke naturalak sortzea, 0 kilometroko tokiko produktuak kontsumitzea, ibaietara isurtzen diren hondakinak kontrolatzea, ura aurrezteko kanpainak egitea, enpresei pizgarriak ematea kontsumo-ondasun birziklagarriak ekoizteko konpromisoa har dezaten, eta ekonomia-eredu iraunkorren inguruan heztea gazteak.

NBEk 2015ean onetsi zuen Garapen Jasangarrirako Agenda 2030: pertsonen, planetaren, oparotasunaren, bakearen eta Garapen Iraunkorreko 17 helburuak lortzeko aliantzen aldeko munduko konpromiso bat. Gasteizko Udalak bat egin du ekimenarekin, eta, gizarte-, kultura-, enpresa-, kirol-, eta hezkuntza-arloko Arabako ia 40 entitaterekin batera, Garapen Jasangarriaren Aldeko Arabako Aliantza 2030-i atxiki zaio.

Orain, Udala aktiboki ari da lanean Agenda 2030 udal-jardueraren eremu osoan txertatzeko, eta, gaur egun, Gasteiz Estatuko hirien artean buru doa Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari dagokionez.

Share

‘Campeones del mundo’  erakusketa aurkeztu du Gaspar Avilesek Montehermoso kulturunean

Maiatzaren 28tik ekainaren 27ra arte egongo da ikusgai

 

Gaspar Avilés artistak “Campeones del mundo” erakusketa aurkeztu du eta maiatzaren 29tik ekainaren 27ra arte egongo da ikusgai Montehermoson, Jovellanos aretoan; udalaren kultur zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko laugarrena da.

Montehermoso+UPV/EHU‘ programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, Montehermoso kulturunean, eta hauek oso positibotzat jotzen dute” azpimarratu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. “Sortzaile gazteek ekainaren 11ra arte aurkeztu ahalko dituzte proiektuak aurtengo deialdira, eta 2022an izango dugu horiekin atsegin hartzeko aukera” gogorarazi du.

Harekin batera Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekanorde Edurne González eta Cristina Arrázola komisarioa izan dira prentsaurrekoan.

 

Erakusketa

Gaspar Aviles artean graduatua da (EHU). 2018an, egonaldia egin zuen artistentzako lantegian, Tabacaleran.

Eskulturak – ‘Campeones del mundo’ erakusketan aurkezten duen pieza-multzoak– erronka bat planteatzen du: aldatutako objektu horiek eta horien arteko harremanak beste modu batera ulertzea. Objektuak gorputzaren neurrira eginda daude, funtzionalak dira, baina beste elementu batzuekin artikulatuz gero autonomia lortzen dute, eta beste zerbait bilakatzen.

Aplikatzen zaien energiaren emaitza dira, eta objektu horiek aprobetxatu egiten dute eragiteko duten gaitasun guztia hedatzeko  jendaurrean agertzean.

Gaspar Avilés artistak bere proiektuaren ezaugarrien berri emango du inaugurazio-egunean, hilaren 28an. Arratsaldeko zazpietan izango da.

Informazio gehiago

Share

Gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programak online jardunaldi bat egingo du profesionalekin eta artatutako familiekin

2017an jarri zuen abian Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak

Urtero familia askok jasotzen dute Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak orain dela 4 urte abian jarri zuen gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programaren laguntza.

Batez ere, indarkeria psikoemozionalari hasierako fasean aurre egiteko sortu zen. Horretarako, nerabeekin, gurasoekin eta familiarekin saioak egiten ditu, hezkuntza- eta psikologia-arloko esku-hartzearen bidez gatazka bideratu ahal izateko.

Maiatzaren 28an, hainbat arlotako profesionalek —psikologia, gizarte lana, hezkuntza, etab.—, udal sailetako teknikariek, eta artatutako familiek Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatutako online jardunaldian parte hartuko dute.

Topaketan programaren eraginkortasuna aztertuko da epe labur eta ertainera, eta esperientziei buruzko mahai bat egongo da, non programan parte hartzen duen familia batek bere lekukotasuna emango baitu.

“Gure esku-hartzeari esker, gurasoen kontrako indarkeria psikologikoa eta fisikoa jaitsi egiten dela egiaztatu dugu, eta familia-harremanen hobetze hori mantendu egiten dela programa amaitu eta hilabete batzuetara. Gurasoek egoera horietan dituzten erantzun agresiboek ere behera egiten dute eta familiako kideen arteko enpatia hobetu egiten da”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programak hiru mailatan jarduten du, hainbat helbururekin:

  • Nerabeekin, etxeko portaera arazoak gutxitu edo desagerrarazten saiatzen da, etorkizunean gurasoekiko indarkeria fisiko edo psiko-emozional larria eragoztek; horretarako, trebetasun eta baliabide psikologikoak sustatzen ditu, nerabeak eguneroko egoeretara hobeto egokitu daitezen.
  • Gurasoei begira, seme-alaba nerabeekin autoritatea berreskuratzen eta haien portaera agresiboak gobernatzen lagunduko dieten trebetasunak eskuratzea lantzen du.
  • Familian, harreman positiboak, eta errespetuan eta maitasunean oinarritutako familia-giroa sustatzen ditu, familia barruko kohesioa handiagoa izan dadin.

12 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek, gurasoen aurkako indarkeria-egoeran badaude, 647304752 telefonora deitu dezakete informazio gehiago eskatzeko (astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara).

Share

Udal Osoko Bilkura Europa jauregian egingo da (2021-05-28)

Ohiko osoko bilkura egingo da bihar, maiatzaren 28an, Europa jauregian, Green aretoan, zinegotzien arteko distantzia gordetze aldera.

Komunikabideei jakinarazten zaie gehienez ere bost pertsonak jarraitu ahal izango dutela osoko bilkura Goiuri jauregian bertan, kazetarientzako gunean, eta bai streaming bidez ere esteka hau sakatuz. Halaber, udaletxeko prentsa aretoan jarraitu ahal izango dute bilkura hori.

Share

Atxilotua errekisitoria judizialagatik

Udaltzaingoak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo errekisitoria judiziala zuelako. Frantzia kalean atxilotu zuten gizonezkoa bertan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek ezagutu ondoren.

 

Sutea

Suhiltzaileek atzo Lasarteko Atean dagoen lursail partikular batean piztu zen sua itzaltzeko lan egin behar izan zuten. Gainera, Antso Jakitunaren kaleko zabu batean harrapatuta geratu zen adingabe bat askatu behar izan zuten.

Share

(Audioaz eguneratua) Memoriaren plaza berriak aukera emango du oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-eremu bat edukitzeko Gasteizen erdi-erdian, 2,1 milioi inbertitu ondoren

Udalak kanpoko finantzaketako 1,1 milioi lortu ditu proiektua gauzatzeko; Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo da, eta jarraipena emango dio Arkupeen eremuaren arestiko eraberritzeari.

Esku hartzeak barne hartuko du Gasteizko bizikleta-aparkalekurik handiena eraikitzea, zeinak 200 plaza gehituko baitizkio VGBiziz sareari.

 

comDOSSIER PLAZA MEMORIA

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Memoriaren plaza berriak, zeina Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo baita, aukera emango du oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-eremu bat edukitzeko Gasteizen erdi-erdian. Udalak 2.103.826,50 euro inbertituko ditu lanetan; haietarako, 1,1 milioi euroko kanpoko finantzaketa lortu du (800.000 euro Espainiako Gobernuarenak, eta 300.000 Eusko Jaurlaritzarenak). Urtaranen gobernuak gaur goizean erabaki du lizitaziora ateratzea esku-hartze hori gauzatzeko kontratua, Tokiko Gobernu Batzar berezi batean. Obrak egin beharko dituen enpresak 8 hilabeteko egikaritze-epea izango du, adjudikatzen den egunetik.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua; horretan, koherentzia estetikoari eutsiko zaio San Frantzisko aldaparen eta Arkupeen eremuan egindako eraberritzearekiko (Oroimenezko Zentroaren inguruaren 1. fasea), eta ingurunea erabat birbanatu eta modernizatzea ekarriko du berekin. Plaza berri hori nabarmenduko da kalitatezko espazio publiko moderno gisa, eta oinezkoentzako eta herritarrak elkartzeko izaera nabaria izango du. Halaber, inguruneko zuhaitzak mantenduko dira, eta altzari guztiak aldatu. “Plaza berri eta ikusgarri bat izango dugu Gasteizen erdi-erdian: Memoria plaza”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Udalean erdigunea dinamizatzeko ekimenak bultzatzen ditugu, espazio publikoaren aldaketak sustatzen jarraitzen dugu, adeitsuagoa eta oinezkoen mugikortasunera bideratuagoa den eta, azken batean, Gasteiztarrek beren kale-plazak goza ditzaten helburua duen espazio publiko lortzeko”. Alkatearekin batera Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero izan da ekimenaren aurkezpenean.

 

BIRBANATZEA

Mateo Morazatik datorren trafikoa desbideratu izanari esker egin ahal izango da Memoriaren plaza berria, eraberritzearen lehenengo fasearen ondoren Oroimenezko Zentroaren atzean baitoa. Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen artean libre utzi den espazioan sortu da inguru berri horretan eraikitzeko aukera. Halaber, jarduketak aukera ematen du oinezkoentzako beste ardatz batzuk sortzeko: Posta kaletik Aizkora plazaraino (Plaza Berrian, Postetxean, Espainiako Bankuan eta Arkupeetan zehar), eta eskailera mekanikoen eta igogailuaren bidez San Vicente aldaparen hasieran amaitzen den pasealeku irisgarri berri bat.

 

PLAZA

Proiektua plaza berri bat eraikitzean datza: Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen arteko kota-aldea konpontzen duen plataforma moduko bat izango da. Plaza berri horren azpian egongo da bizikletetarako aparkaleku handia, 200 bat plazakoa.

 

Mendebaldeko alboan, Plaza Berriko mugaren ondoan, tarte txiki batean eskaileren bidez konponduko da plataforma horren eta oinezkoentzako ibilbidearen arteko desnibela. Bizikletak aparkatzeko eraikinaren parean, beste eskailera-maila batzuk jarriko dira, eta jendea eseri ahal izango da haietan (gaur egun San Frantzisko aldapa berrian bezala).

Hegoaldean, berriz, arrapala batek aparkalekura sartzeko bidea emango du.

Eta, ekialdeko alboan, Corten altzairuzko jardinera batek itxiko du plaza Olagibel aldera, eta trafikotik babestuko du.

 

BERDEGUNEAK

Ikuspegi arkitektonikotik, zuhaitzak elementu gako eta zentral bihurtuko dira, eta esparru berria antolatzeko aukera emango dute. Dauden platanoak kalitatekoak dira eta geriza ematen diote plazari, eta haien inguruan banku berriak jarriko dira, haietan jendeak atseden hartu ahal izateko.  Halaber, bizikleta-aparkalekuaren gainean parterre bat egingo da, kolorea emango duten zuhaixkekin, eta, hirugarren parterre bat egingo da heskaiekin, ekialdeko alboan, Olagibel kaletik isolatzeko.

 

KOHERENTZIA ESTETIKOA

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren diseinuak Andre Maria Zuriaren plazako eta azken urteotan egindako beste esku-hartze batzuetako hizkera berari eusten dio, eta granito horiko zoruak egongo dira zoladura gehienetan, eta beste batzuetan, grisa. Eskaileretako harmailak, aldiz, Aldapa aldekoen modukoak dira.

Jardinerak eta bankuak, Corten altzairuzkoak, Andre Maria Zuriaren plazan eta beste jarduketa batzuetan erabilitakoen tipologia bera izango dute.

 

BIZIKLETA-APARKALEKUA

Bizikleta-aparkalekua hiriko handiena izango da, eta aukera emango du 200 ibilgailu aparkatzeko bi alturako bizikleta-aparkalekuetan. Azpiegitura VGBiziz sarean txertatuko da, eta bertan sartzeko kudeaketa-sistema bera erabiliko da. Horrez gain, espazio bat gordeko da cargo-bikeetarako, eta beste bat, bizikleta elektrikoetarako, bi sistema haien aldeko apustua egiten baitu Udalak, bereziki. Lonja berriaren akaberak ageriko hormigoizkoak izango dira.

 

ALTXARIAK ETA INSTALAZIOAK

Horrelako esku-hartzeetan ohikoa den bezala, Udalak hainbat gauza berritzeko aprobetxatuko du: zoladura, instalazioak, drainatze-sarea, ureztaketa, argiteria…

Ildo horretan, led-teknologiadun argi-puntu berri batzuk, iturri apaingarri bat, Gasteiz estilo bankuak, banku luzeak, barandak eta sareta jarriko dira.

AMVISAk ere berrituko du eremuko saneamendu-sarea, 495.406,22 euroko inbertsioarekin (BEZa barne).

 

Share